EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2017041

EBAZPENA, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erregistratu, argitaratu eta gordailutu dadila Etra Norte, S.A.ren 2015-2017 aldirako hitzarmen kolektiboa (hitzarmenaren kode-zk.: 86100101012013).

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-01-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201701067
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Negoziazio-batzordeko ordezkariak aipatu hitzarmenari dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuen, 2017ko urtarrilaren 11n, REGCON erregistroan.
Bigarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek pertsona bat izendatu dute gordailua, erregistroa eta argitalpena izapidetzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskumena, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua (2015-10-24ko BOE), betiere bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin, zeinaren 16. artikuluan sortzen baita Lan eta Justizia Saila eta lehen xedapen iragankorrean ezartzen baitu erregelamendu organikoak indarrean direla. Aplikagarriak dira, halaber, apirilaren 9ko 191/2013 Dekretua, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari dagokionez, eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoa.
Bigarrena.– Sinatutako hitzarmenak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 30a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
ETRA NORTE ENPRESAREN 2015-2017RAKO HITZARMENA
1. artikulua.– Funtzio-eremua, lurralde-eremua eta langile-eremua.
1.– Enpresa-hitzarmen honek eraginpean hartzen ditu Etra Norte, S.A.ren Mungiako (Bizkaia) eta Gasteizko (Araba) lantegiei atxikitako langile guztiak.
2. artikulua.– Indarraldia, iraupena eta amaiera.
1.– Hitzarmen hau legitimatutako alderdiek sinatzen duten egunean jarriko da indarrean.
Hitzarmenaren indarraldia 2015eko urtarrilaren 1ean hasi, eta 2017ko abenduaren 31n bukatuko da (3 urte).
Ondorio ekonomikoek 2015eko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango dute.
2.– Hitzarmen hau 2017ko azaroaren 1ean emango da amaitutzat, berez.
Hitzarmenaren Negoziazio Batzordeak hitzarmen honen indarraldia amaitu baino 30 egun lehenago eratuta egon beharko du, beranduenez, eta balio osoz. Negoziazio-plataformak aurkezteko epea, berriz, 15 egun naturalekoa izango da, hitzarmen honen indarraldiaren amaiera-egunetik hasita. Negoziazioaren hasiera ezin da hitzarmenaren indarraldia bukatu eta hilabete baino gehiago atzeratu, inola ere.
3.– Indarraldia bukatu ondoren, hitzarmenaren eduki arauemaile osoak indarrean jarraituko du bi urteko epean, edo alderdiek hura ordeztuko duen beste akordio bat sinatu arte, betiere akordio hori onartzen bada aipatutako bi urteko aurreraeragin-epea amaitu baino lehen.
3. artikulua.– Soldatak.
Hitzarmena indarrean den bitartean, haren eraginpeko langileentzako soldata-taulak 2014. urtekoak izango dira, hau da, Etra Norte, S.A. enpresaren 2012-2014 aldirako Hitzarmena Kolektiboan 2014. urterako jasotakoak (hitzarmen-kodea: 86100101012013). Hitzarmen hori 2013ko urriaren 4ko EHAAn argitaratu zen.
Soldata horiek honela igoko dira:
● % 1, 2015. urtean: ekitaldi horretako urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
● % 1,5, 2016. urtean: ekitaldi horretako urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
● % 1,5, 2017. urtean.
Igoera hori soldata-kontzeptu guztiei aplikatuko zaie:
Oinarrizko soldata, hitzarmen-plusa, pizgarririk ezaren plusa eta gutxieneko soldata bermatuaren osagarria.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek, baldin eta hitzarmen honen Soldata Taulak oro har eta urteko zenbaketan gainditzen dituzten soldatak badituzte, urteko soldata-igoera izango dute lehenago adierazitako ehuneko berdinetan, baina erantsitako taulako soldata-kontzeptuei bakarrik aplikatuta. Hortaz, igoera hori ez zaie aplikatuko enpresak borondatez ordaintzen dituen osagarri pertsonalei.
2015, 2016 eta 2017ko soldata-taulak dokumentuaren amaieran ageri dira, erantsita.
2015 eta 2016ko atzerapenen ordainketa 2017ko lehenengo 6 hilabeteetan egingo da.
4. artikulua.– Lan toxiko, nekagarri eta arriskutsuengatiko plusa.
Hitzarmen hau indarrean den bitartean, toxikotasun-, neke- eta arrisku-egoeretan dauden langileei honako zenbateko hauek ordaindu beharko zaizkie, lanean emandako denboragatik.
Adierazitako zirkunstantzien arteko bakar bat gertatzen bada: 7,12 euro/egun edo 0,92 euro/ordu.
Zirkunstantzietakoi bakarrik gertatuz gero: 8,46 euro/egun edo 1,10 euro/ordu.
Hiru zirkunstantziak gertatzen badira: 9,88 euro/egun edo 1,27 euro/ordu.
5. artikulua.– Gaueko plusa.
1.– Gaueko hamarretatik goizeko seietara bitarte egindako lana jotzen da gaueko lantzat.
2.– Kontzeptu horrengatik, hitzarmen hau indarrean den bitartean, 7,12 euroko plusa ordainduko zaio langileari baldintza horretan lan egindako eguneko, edo 0,92 euro orduko.
6. artikulua.– Larunbat, igande, jaiegun eta zaintza-egunetako soldata osagarriak.
1.– Txandak lan eginez gero, eta txandak astean sei edo zazpi egunekoak badira, osagarri hauek ordainduko dira larunbat, igande eta jaiegunetan lan egiteagatik:
– Trafiko-zaintzailea (Bizkaia):
– 250 euro/egun, lan egindako larunbat bakoitzeko.
– 250 euro/egun, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
– 90 euro/egun, lanegun bakoitzeko.
– Argiteria-zaintzailea (Bizkaia):
– 40 euro/egun, lan egindako larunbat bakoitzeko.
– 40 euro/egun, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
– 60 euro/aste (astegunak, astelehenetik ostiralera).
– Trafiko-zaintzailea (Araba):
– 50 euro/egun, lan egindako larunbat bakoitzeko.
– 50 euro/egun, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
– 20 euro/egun, lanegun bakoitzeko.
– Garraio-zaintzailea (Bizkaia eta Araba):
– 40 euro/egun, lan egindako larunbat bakoitzeko.
– 40 euro/egun, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
– 60 euro/aste (astegunak, astelehenetik ostiralera).
● Txanda-aldaketa:
● Txanda-aldaketatzat hartzen da egunez lan egitetik arratsaldez edo gauez lan egitera igarotzea. Lanaldi arrunta 6 ordukoa izango da, txanda-aldaketa egiten den egunetan.
● Hilean: 230 euro. Urte osoan txandaka lan egiten duten langileek jasoko dute kontzeptu hori.
● Astean: 3, 4 edo 5 egun, astebetean: 100 euro.
● Lanaldi 1 edo 2: 75 euro.
● Gaueko lanaldia 03:00etan edo lehenago bukatuz gero, aparteko ordutzat hartuko dira ordu horiek, eta, biharamunean itzuli beharko da lanera, 11:00etatik 15:00etara.
● Etxetik kanpo lo egiteagatiko plusa:
● 28 euro/gau.
● Plus hau aplikatuko da, baldin eta, laneko premiengatik, beharrezkoa bada etxetik kanpo lo egitea. Otordu- eta ostatu-gastuak ordainduko dira, aparte.
● Garraio bereziak:
● 75 euroko plus finkoa.
● 22:00etatik aurrera lan egindako aparteko orduak ordainduko dira.
● Egunez lan eginez gero –22:00ak baino lehen–, hurrengo eguneko lanaldia normala izango da.
● Lana 03:00ak arte luzatuz gero, 9 orduko atsedenaldia hartuko da, eta hurrengo eguneko lanaldia 11:00etatik 15:00etara izango da.
● Lana 03:00ak baino geroago bukatuz gero, hurrengo egunean atseden hartuko da (eta horren berri emango arduradunari).
2.– Zenbait lanetan, beren ezaugarri bereziak direla-eta, zaintalde edo zaintza-sistema bat ezarri beharra dago bezeroen esku, enpresaren berezko beharrei edo haren bezeroen beharrei erantzuteko, eta, langileei deitu egiten zaie bilagailu baten edo telefono mugikor baten bitartez. Halakoetan, soldata-osagarri bat ezarriko da, «zaintza-osagarria» izenekoa, eta 90 euro ordainduko zaizkio langileari enpresaren eskura dagoen egun bakoitzeko, hargatik eragotzi gabe benetan lan egindako orduengatik dagokiona jasotzea, lanera deitzen badiote.
7. artikulua.– Antzinatasuna.
1.– Enpresako langileek aldian-aldian igoerak jasoko dituzte zerbitzuan emandako urte bakoitzeko. Zehazki, hitzarmen honetako soldata-taulan (Antzinatasuneko bosturtekoen balioa izeneko zutabean) ezarritako zenbatekoa jasoko dute.
2.– Bosturtekoa kontatzeko hasierako eguna enpresan lanean hasitako eguna izango da.
3.– Aldizkako igoeretarako antzinatasuna zenbatzeko, kontuan izango da enpresan zerbitzuan emandako denbora; horri dagokionez, langileak emandako zerbitzuen truke, edo zerbitzu-eginkizunetan, lizentzietan edo lan-istripuak edo gaixotasunak eragindako bajan izanda langileak soldata edo lansaria jaso duen hilabete eta egun guztiak hartuko dira egiaz lan egindako eguntzat.
Halaber, nahitaezko eszedentzian egoten den denbora zenbatu egingo da, baina ez da kontuan hartuko borondatezko eszedentzian egondako denbora.
4.– Antzinatasuna zenbatzerakoan, kontuan hartuko dira langileak enpresak lanean emandako urte guztiak, lanbide-taldea edozein izanda ere.
Kontuan hartuko da, halaber, probaldian emandako denbora, bai eta aldi baterako langileek egoera horretan emandakoa ere, betiere aldi baterako egoeratik jarraian igarotzen badira enpresako plantillako langile izatera.
5.– Bosturtekoak betetzen dituen langile orok bosturtekoa bete eta hurrengo hilabetetik aurrera kobratuko du dagokion osagarria.
8. artikulua.– Aparteko haborokinak.
1.– Hitzarmen honen eraginpeko langileek bi aparteko haborokin sorraraziko dituzte urtero, eta egun hauetan kobratuko dituzte:
– Uztailaren 15ean, 30 eguneko zenbatekoa.
– Abenduaren 22an, 30 eguneko zenbatekoa.
2.– Aparteko haborokinak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, batetik, oinarrizko soldata eta, bestetik, haborokin hori jasotzeko uneko antzinatasunari dagokion zenbatekoa.
3.– Lan egindako denboraren arabera emango dira haborokin horiek, sortzen diren urtearen seihileko naturalen arabera hainbanatuta bakoitza.
9. artikulua.– Oporrak.
1.– Hitzarmen honen eraginpeko langileek 30 egun naturaleko oporraldi ordaindua izango dute. Opor horiek noiz hartu, enpresaren eta langilearen artean adostuko da, eta, ahal dela, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean hartuko dira.
2.– Oporrak enpresa-itxialdiarekin bat datozenean, ordura arte hartu izan diren garai berean hartuko dira. Urteko oporraldi hau beti ordainduko da, oporrak zein egunetan hartu diren kontuan izan gabe, eta hitzarmen hau sinatzen den eguna alde batera utzita. Oporrak txandaka hartzen badira, txanda horiek txandakatu egingo dira, nahitaez.
3.– Honako formula honen arabera ordainduko dira oporrak:
Azken 90 egun naturaletako soldata erreala x 30 / 90.
4.– 90 egun horietan langilea gaixotasun edo istripuagatiko bajan egon bada, edo ordaindu gabeko baimena hartu badu, baja- edo baimen-egun horiek ordeztu egingo dira altan emandako beste hainbeste egunekin, 90 egunera iritsi arte; alta-egun horiek aintzat harturiko denboraldiaren aurrekoak izango dira, betiere indarreko urtearen barruan.
5.– Langile guztien oporraldiak finkatu ahal izango dituzte langileen legezko ordezkarien eta enpresaburuen artean, bai segidan antolatutako txandetan, bai lan-jarduera bertan behera utzita; salbuespen bakarra mantentze, konponketa eta antzeko zereginak izango dira.
10. artikulua.– Bidaiak eta dietak.
1.– Langileak, enpresaren premien eraginez, enpresa edo lantokia dagoen herritik kanpora bidaiak edo joan-etorriak egin behar baditu eta, hori dela-eta, otorduak egitera eta lotara ezin bada etxera joan, eskubidea izango du, hitzarmen hau indarrean den bitartean, soldataz gain dieta hauek jasotzeko:
Zazpi egun edo gutxiagoko irteerarako dieta osoa: 37.18 euro.
Zazpi egun baino gehiagoko irteerarako dieta osoa: 35,86 euro.
Bazkaria: 12,89 euro.
Afaria: 9,31 euro.
Gosaria: 1.88 euro.
2.– Enpresak langileak atzerrira bidali behar baditu, enpresa bera arduratuko da langileentzako bizilekua eta mantenua aurkitzeaz, eta enpresa bera arduratuko da, besteak beste, joan-etorriak, ostatuak, mantenuak eta bidaiek sorturiko gastuak ordaintzeaz. Era berean, langileak 15,74 euroko dieta-osagarria jasoko du Espainiatik kanpo emandako egun natural bakoitzeko.
3.?. Egoera bereziak direla-eta joan-etorriak eragindako gastuak dieten zenbatekoak baino altuagoak badira, enpresak ordaindu beharko du soberakina; aldez aurretik horren berri izan beharko du, eta ondoren, langileek justifikatu egin beharko dute. Ordainketa gehienez ere hilabeteko epean egingo da; bestela, egun horretatik aurrera diruaren legezko interesa ere ordaindu beharko da.
4.– Enpresaren beharrengatik, eta enpresak hala eskatuta, langileak bere ibilgailua erabili behar badu, kilometroko 0,32 euro ordainduko zaizkio.
11. artikulua.– Lanaldia.
1.– Hitzarmen honen indarraldian, honako hau izango da lanaldia:
– 1708 ordu urtean, lanaldi zatituan.
– 1.688 ordu urtean, lanaldi jarraituan.
2.– Urtero, enpresak lan-egutegia prestatuko du, langileen ordezkarien txostena jaso eta gero. Gainera, horren ale bat jarriko dute lantoki bakoitzean, erraz ikusteko moduan.
3.– Langile bakoitzak lanbide-kategoriaren arabera dagozkion udako ordutegiak izango ditu aurrerantzean ere, kontrako erabakirik izan ezean. Udako lanaldiak aurreko hitzarmenetako irizpideen arabera ordainduko dira.
4.– Orduak baliatzea. Produkzio-premiak edo ezinbesteko arrazoiak direla medio, Hitzarmen honen eraginpeko enpresak eguneko lanaldia aldatu ahal izango du (gehienez ere 100 ordu, hitzarmena indarrean egongo den urte bakoitzean). Eraginpeko alderdiak ados jartzen badira, muga hori handitu ahal izango da, baina horrek ez du inola ere ekarriko hitzarmen honetan itundutako urteko lanaldia edo enpresaren urteko lanaldia handitzea.
Urte bakoitzean moldatzeko moduko orduen muga handitzeak 10 langileri baino gehiagori eragiten badio ─100 langiletik beherako enpresetan─, edo langileen ehuneko 10ri ─100 langiletik gorako eta 300 langiletik beherako enpresetan─, edo 30 langileri ─300 langiletik gorako enpresetan─, enpresak eta langileen ordezkariek lortu beharko dute akordioa, edo halako ordezkaritzarik ezean, enpresak eta langileek zuzenean.
Artikulu honetan aipatutako aldaketa honako hau izan daiteke:
a) Lan-egutegian eguneko lanalditzat zehaztutako ordu kopurua baino ordu gutxiago egitea. Enpresak erabakiko du noiz berreskuratu behar diren ordu horiek ondoren lan eginez, betiere artikulu honetan ezarritako eguneko eta asteko gehieneko lanaldiaren mugak errespetatuz.
b) Aldez aurretik lan-egutegian eguneko lanalditzat zehaztuta dagoen ordu kopurua baino ordu gehiago lan egitea, betiere artikulu honetan ezarritako eguneko eta asteko gehieneko lanaldiaren mugak errespetatuz. Enpresak eta aldaketaren eraginpeko langileek adostuko dute konpentsazio-orduak hartzea, bai eta noiz eta nola hartu ere.
Enpresak ordu baliagarri horiek erabiltzen baditu, idatziz jakinarazi beharko die interesdunei eta langileen ordezkariei, gutxienez neurria aplikatu baino bost egun lehenago. Ezbehar edo fenomeno atmosferikoen larritasunak eta/edo indarrak lana egitea galarazten dutenean, behar-beharrezko denborarekin egingo da aurreabisua.
Aurreikusitako ordu baliagarri guztien artetik, larunbatetan gehienez ere 40 ordu erabili ahal izango dira, urtean lau larunbatetan gehienez ere; larunbat horiek ez dira zubietakoak, jaiegunak edo oporretakoak izango, eta lan-egutegian ez dira lanegun moduan aurreikusiko. Egun horietan goizez soilik lan egingo da, gehienez ere zortzi ordutan goiz bakoitzean. Horrelako egunetan lan egindako orduak atseden-egun osoen bidez konpentsatuko dira, lan-egutegian finkaturikoaren arabera langile bakoitzak urtean lan egin beharreko egun-kopurua handitu gabe.
Txandaka lan eginez gero, gehienez bost larunbatetan lan egin ahal izango dute ordu baliagarri horiek erabiliz, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.
Lanaldia egunean 10 ordu bete arte eta astean 50 bete arte luzatu ahal izango da gehienez. Lan-egutegian laneguntzat aurreikusi ez diren larunbatak (4 edo 5 gehienez) erabiltzen diren asteetan, gehienez 54 ordu lan egin ahal izango dira, enpresaren premien arabera banatuta, eta lehen ezarritako eguneko muga errespetatuz.
Ordu-erabilgarritasunaren aplikazioa dela-eta ordu-kopuruak murrizten direnean, asteko lanaldia gutxienez lanegun baten baliokidea izango dela bermatuko da, aldeek bestelakorik adosten ez badute.
Enpresak eta neurri horrek eragindako langileek adostasunez erabakiko dute konpentsazio-orduak hartzea, bai eta ordu horiek noiz eta nola hartu ere. Akordiorik ez bada lortzen, alderdi bakoitzak erabakiko du denboraren % 50 nola hartu, eta astebeteko aurrerapenarekin jakinarazi beharko dio beste alderdiari.
Printzipioz, ordu horiek ordu-erabilgarritasuna aplikatu eta hurrengo hilabetean konpentsatuko dira. Aldez aurretik lan egindako orduak direla-eta atseden hartu behar denean, atseden hori lanaldi osokoa edo lanaldi erdikoa izango da lehentasunez.
Langilea bere bizilekutik kanpo lekuz aldatzen dutenean, langilea ordu horiek bere bizilekuan hartzeko moduan dagoen egunetan konpentsatuko dira orduak. Lanaldia udako lanaldi murriztuko denbora-tartean luzatu bada, ordu horiek, ahal bada, denbora-tarte horretan hartuko dira.
Ordu horiek ezin izango dira inolaz ere dirutan konpentsatu, eta ordu arruntzat hartuko dira ondorio guztietarako.
Neurri horiek aplikatzen zaizkien txandakako langileei, berriz, neurriaren ondorioz eragindako joan-etorrietarako garraiobideak bermatuko dizkie enpresak.
Neurri hau ezin izango da ezein kasutan aplikatu langile batek bakarrik geratu behar badu lantokian.
Urte naturalaren barruan ezinezkoa bada aldez aurretik lan egindako orduak hartzea, edo lan egin gabe utzitako orduak egitea, hurrengo urteko lehen hiruhilekora luzatuko da ordu horiek hartzeko edo egiteko epea, non eta horretarako zehaztutako unean langilea aldi baterako ezintasunagatiko bajan ez dagoen. Kasu horretan, urte horretako abenduaren 31ra arte luzatuko da epea.
Aurreko paragrafoetan azaldutakoa gorabehera, enpresak eta langileek artikulu honetan aurreikusitakoen bestelako akordioak ezarri ahal izango dituzte.
5.– Bi aldeek adostu dute lanaldiaren urtean zeharreko banaketa irregularra ezartzea, enpresaren eta langileen ordezkarien artean erabakitzen duten moduan.
12. artikulua.– Ezintasuna.
1.– Lan-istripu edo lanbide-gaixotasunaren ondorioz minusbaliotasun-egoeran geratzen diren langileek, beren ahalmen fisikoak edo intelektualak murriztuta, lehentasuna izango dute enpresan beren baldintzetarako egokiagoak diren lanpostuak betetzeko, baldin eta lanpostu berria betetzeko gaitasuna badute.
Gaixotasunei eta istripuei dagokienez, indarreko araudian xedatutakoa hartuko da kontuan.
Gaixotasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasunen kasuan, enpresak urteko lehen bajaren lehen bi egunak ordainduko ditu, oinarrizko soldata eta soldata-osagarriak aintzat hartuta.
2.– Lan-istripuek edo lanbide-gaixotasunek eragindako AErako osagarria: lan-istripuek edo lanbide-gaixotasunek eragindako aldi baterako ezintasunen kasuan, kontzeptu horrengatiko prestazioa osatuko da oinarri arautzailearen % 100era arte, betiere gertaera eragilea hitzarmen hau sinatu ondoren gertatzen bada, eta baldintza hauek betez gero:
Benetan egiaztatzea istripua lantokian gertatu dela.
Langileak segurtasun-neurriak bete dituela egiaztatzea, baita agindutako lanerako ezarritako jarraibide zehatzak ere.
Aurreko paragrafoan adierazi den osagarria aplikagarri izango da «in itinere» gertatutako istripuetan.
13. artikulua.– Laneko arropa.
1.– Urtero bi buzo, edo bi jaka- eta galtza-joko emango dizkie langileei enpresak, edo bi alkandora- eta galtza-joko, edo bi txabusina, enpresak erabili ohi duen laneko arroparen arabera. Urte naturalaren seihileko bakoitzean emango dira arropa-sorta edo jantzi horiek.
2.– Segurtasuneko ekipo pertsonalak ere eman behar ditu enpresak.
14. artikulua.– Mugigarritasun funtzionala.
Hauxe ulertzen da mugigarritasun funtzionaltzat: antolamenduaren beharrizanek eskatuta, langileak, haien lanpostua edo ohiko zereginak edozein izanik ere, enpresaren barruko beste hainbat zeregin edo lanetan jartzeko aukera erreala. Mugigarritasun hori gauzatzeko, artikulu honek ezarritakoari jarraituko zaio.
Mugigarritasun horrek langilearen eskubide ekonomiko eta profesionalak errespetatu beharko ditu, eta ez dio kalterik sortuko lanpostura ezin egokitzeagatik, ez eta lanbide-prestakuntzan edo lanpostuz igotzeko orduan ere.
Langileak soldata-kontzeptu finkoei eutsiko die. Alabaina, eduki aldagarria daukaten soldata-kontzeptuak lotu gabe utziko direla adostu dute bai enpresak bai langileak.
Mugikortasuna denboran finkatu gabea bada, langileari prestakuntza eta trebakuntza eman beharko zaio mugitu aurretik, errendimendua eta kalitatea bermatzeko, bai eta lan-segurtasuna bermatzeko ere.
Beste zeregin batzuk egiten hasten diren langileek lehenengo egunetik jasoko dute lanpostu berrian lor dezaketen prima. Lanpostu berrira egokitzeko aldian, aurreko hilean lortutako batez besteko prima bermatuko zaio langileari, gutxienez, betiere enpresan ez bada beste prozedurarik hitzartzen lanpostu berrira egokitzea konpentsatzeko. Egokitze-aldia esaten zaio langileak lanpostu berriko gutxieneko jarduera-maila gauzatu ahal izateko behar duen denborari.
Goragoko kategoriako lanak egin behar badira, aldaketa horrek ezin izango du bi urtetan zortzi hilabete edo urte batean sei hilabete baino gehiago iraun, salbuespen hauetan izan ezik: gaixotasuna, lan-istripua, oporrak, lizentziak, eszedentziak, edo lanpostuaren erreserba dakarten bestelako arrazoiak. Kasu horietan guztietan, egoera eragin duten arrazoiek iraun bitartean luzatuko da prozesua. Epe hori igarota, aipatutako salbuespenak eta guzti, lehiaketa-oposaketarako deialdia egingo da, eta besteak beste, hauek hartuko dira kontuan: titulazioaren egokitasuna, balorazio akademikoa, lanpostuaren ezagutza, lanbide-eskarmentua, dagokion taldean lan egin izana, egitekoak diren probak, etab. Hori guztia gorabehera, langile batek lau urtean betetzen badu goragoko mailako lanpostu bat, lanpostu horren maila kontsolidatuko du.
Goragoko kategoriako lana betetzen den bitartean, kategoria horri dagokion lansaria jasoko da.
Beheragoko mailako lana egiten badu, egoera horrek ezin izango du iraun bi hilabete baino gehiago, etenik gabe; nolanahi ere, jatorrizko mailako ordainsaria jasoko du. Aldaketa horrek ezin izango dio inola ere giza duintasunari kalterik eragin. Alde horretatik, enpresek saihestu egingo dute langile berak behin eta berriz beheragoko kategoriako lanak egitea. Aldaketa langileak eskatuta gertatzen bada, soldata lanbide-maila berrira egokituko da. Kualifikazio txikiagoko eginkizunetara denbora-mugarik gabe aldatzeari dagokionez, aldaketaren eraginpeko langileak bere borondatez onartzen badu soilik aldatu ahal izango dute enpresek.
15. artikulua.– Aparteko orduak.
Aparteko orduak. 1999ko urtarrilaren 15ean izenpetutako Enpleguari buruzko EAEko Akordioan aparteko orduei buruz ezarritako irizpideei jarraikiz, hau ezartzen da:
1.– Ezin izango da aparteko ordurik egin, artikulu honen 2. puntuan arautzen diren salbuespenezko kasuetan izan ezik.
2.– Salbuespenez, ohiko lanaldia luzatu egin daiteke, honako kasuren batean:
Lehena: halabeharra; hau da, ezbeharrak edo ezohiko eta urgentziazko kalteak prebenitu edo konpontzeko denean.
Bigarrena.– aurretik behar adina denboraz aurreikusi ezin diren arrazoiak direla-eta, ohiko lanaldia luzatzea ezinbestekoa denean, enpresak ohiko moduan funtzionatu ahal izateko. Nolanahi ere, egiaztatu egin beharko da ohiz kanpoko lan hori egiteko langile berririk kontratatu ezin dela, arrazoi hauetakoren bat dela eta:
a) Lan-denbora oso laburra izanik, kontratazio berria egitea ez delako bideragarria.
b) Aditzera emandako eperako kontrataziorik egitea ezinezkoa delako.
c) Enplegu-zerbitzu publikoen lankidetza eskatu arren, zerbitzu horiek ez diotelako enpresari eman dagokion lanposturako trebakuntza egokia duen langilerik.
3.– Bigarren puntuan aurreikusitako salbuespenezko egoeren babesean lan aparteko orduak, atseden-denboraz konpentsatuko dira. Lanegunean egindako aparteko ordu bakoitza ordu bat eta 30 minuturekin konpentsatuko da. Larunbat, igande edo jaiegunetan egindako aparteko ordu bakoitza, berriz, ordu bat eta 45 minuturekin konpentsatuko da, besterik adostu ezean. Langileak zazpi egun lehenago jakinaraziko dio enpresari konpentsazio-atsedenaldia zein egunetan hartuko duen, eta hala hartuko du, enpresarentzat kalte larririk sortzen ez bada. Horrela bada, langileak modu berean jakinaraziko du konpentsazio-atsedenaldiaren behin betiko data.
Diruz konpentsatzea kasu hauetan soilik erabaki daiteke: ezinbesteko kasuetan, eta, 2. c) puntuan aurreikusten den kasua gertatzeagatik, atsedenez konpentsatzea ezinezkoa denean. Halakoetan, % 45eko errekarguarekin ordainduko dira ordu horiek, lanegunetan egin badira, eta % 75eko errekarguarekin, igande edo jaiegunetan egin badira, non eta ez den besterik adostu.
Hemen zehaztu diren aparteko orduak ezinbestean egin behar direla erreklamatu ahal izango du enpresak, arestian adierazitako beharrak direla-eta egokitzat jotzen badu.
4.– Artikulu honetan ezarritakoak ez du eraginik izango hitzarmen honetan «Ordu baliagarriei» buruz ezarritakoan.
5.– Hitzarmen hau indarrean hasi baino lehen aparteko orduengatik ordaindutako zenbatekoak ez dira berrikusiko.
16. artikulua.– Langileen ordezkarientzako eta enpresa-batzordeko kideentzako ordu-kreditua.
1.– Enpresa Batzordeko kide edo langileen ordezkari bakoitzak, aurretiaz jakinarazita, eta justifikatu ondoren, betetzen duen karguan jarduteko ordaindutako ordu hauek izango ditu hilean:
– 100 langile arteko enpresak: 15 + 5 = 20 ordu.
– 101 langiletik 250era bitarteko enpresak: 20 + 5 = 25 ordu.
– 250 langile baino gehiagoko enpresak: 40 ordu.
2.– Langileen ordezkari edo enpresa-batzordeko kide bakoitzak, sindikatuek eskaturiko prestakuntza-ikastaroetara edo biltzarretara joateko, eta urtean behin soilik, orduak gehitu ahal izango dizkiete hilabete horretako orduei, 30 ordura arte gehienez ere. Betiere, 15 egun lehenago deialdiaren berri eman beharko dio enpresaburuari. Gehitutako ordu horiek hurrengo hilabeteko edo hilabeteetako ordu-kredituarekin konpentsatuko ditu, horretarako soberako ordu-kreditu osoa erabiliz, Langileen Estatutuaren gainetik.
3.– Enpresaren batean plantilla-murrizketarik gertatuz gero hauteskunde sindikaletan aukeratu beharreko ordezkari-kopurua zehazteko zenbatu behar diren langileen zenbatekoan –% 20 baino gehiago, 31 eta 100 langile bitarteko enpresetan; % 15, 101 eta 250 langile bitarteko enpresetan, eta % 10, 251 eta 500 langile bitartekoetan–, 90 egun baino gehiagoko aldian gertatu ere, Hitzarmenaren Batzorde Mistora jo beharko da hauxe eskatzeko: langileen lege-ordezkarien kopurua murriztea aurrez aipaturiko langile zenbakarrien kopurura, edo, bestela, ordu-kreditua proportzioan murriztea langileen ordezkarien edo Enpresa Batzordeko kideen artean. Horretarako, Batzorde Mistoak kontuan hartuko du enpresan ordezkaritza duen sindikatu batek ere ez duela geratu behar ordezkaritzarik gabe. Kausa horren eraginpean dauden ordezkariek eta Enpresa Batzordeko kideek bere horretan mantenduko dituzte legez zegozkien bermeak, ordu-kredituaren eta informazioaren bermeak izan ezik. Hauteskunde-agintaldian zehar enpresaren errolda legeak aurreko egoerarako ezartzen duen langile-kopurura arte handitzen bada 30 egunez, hauteskunde sindikalen lehengo egoera erreala hartuko litzateke berriz. Hala ere, ez da nahitaezkoa izango hauteskunde-bulegoari egoera horren berri ematea erregistratu dezan.
17. artikulua.– Eskubide sindikalak.
Eskubide sindikalak. Sindikatu-atal bakoitzeko ordezkariak, bere sindikatu-eginkizunetan jarduteko gehienez honako ordu kopuru hauek hartu ahal izango ditu hilean: 10 ordu, sindikatuan afiliatuta dauden langileak gutxienez plantillaren % 20 badira, 50 langiletik 100era bitarte dituzten enpresetan, eta 15 ordu, sindikatuan afiliatuta daudenak gutxienez plantillaren % 15 badira, 101 langiletik 250era bitarte dituzten enpresetan.
Sindikatuko delegatuak, bere sindikatu-eginkizunetarako behar badu, hilero metatu ahal izango ditu bere sindikatuko kide diren beste delegatu edo enpresa-batzordeko kide batzuei dagozkien ordu batzuk, haiek ordu horiek lagatzeko prest badaude. Hain zuzen ere, hitzarmen honetako 28. artikuluan langileen delegatuentzat zein 50 langiletik 100era bitarte eta 101 langiletik 250era bitarte dituzten enpresetako enpresa-batzordeetako kideentzat Langileen Estatutuan ezarritakoaz gain emandako orduak metatu ahal izango ditu. Aipatutako kide horien sindikatuak onartzen badu bakarrik metatu ahal izango dira ordu horiek. Atal honetan espresuki aipatu ez diren gainerako berme eta eginkizunetan (enpresa hauei zein gainerakoei dagozkienetan), Langileen Estatutuan eta sindikatu-askatasunaren lege organikoan xedatutakoari jarraituko zaio.
18. artikulua.– Lan-istripuen aseguru kolektiboa.
1.– Hitzarmen honen eraginpeko enpresak laneko istripuen aseguru bat hitzartuko du bere langileen alde. Honako hauek estaliko ditu:
– 25.000 euro: lan-istripuak eragindako heriotzaren kasuan.
– 25.000 euro: lan-istripuak eragindako ezintasun iraunkor osoan geldituz gero.
– 25.000 euro: lan-istripuak eragindako ezintasun iraunkor osoan geldituz gero.
Estaldura horiek ezin dira metatu eta elkarrekin bateraezinak dira. Lehen aipatutako ezintasun iraunkor osoko, ezintasun iraunkor absolutuko eta baliaezintasun handiko egoeretan, lan-istripua gertatu den eguna hartuko da gertaera eragilearen datatzat, ondorio guztietarako.
2.– Enpresak hitzartutako polizari buruzko informazioa emango die langileen legezko ordezkariei, edo, bestela, enpresako langileei eurei.
19. artikulua.– Ordezko eskubideak.
Enpresa-hitzarmen honetan jasota ez dagoenari dagokionez, Bizkaiko Industria Siderometalurgikoaren 2008-2011ko Hitzarmenean ezarritakoa bete beharko da.
20. artikulua.– Hitzarmena ez aplikatzea.
Hitzarmen honen indarraldian, enpresak ezingo du bere kasa erabaki hemen hitzartutako lan-baldintzak ez betetzea, Langileen Estatutuak 82.3 artikuluan jasotzen duen prozeduraren bidez. Horretarako, aurretik langileen ordezkariei entzunaldia eskaini behar die, hain zuzen ere hitzarmenaren epea amaitu baino lehen hura birnegoziatzen ahalegintzeko, beste hitzarmen bat lotzeko edo dagoena berrikusteko, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak xedatzen duen moduan.
Enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batean ez aplikatzeko asmoa badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla eta), langileen ordezkariekin horretarako akordiorik lortzen ez badu, eta gatazkak ebazteko lanbide arteko akordio aplikagarrien prozeduretara jota ere desadostasuna konpontzen ez bada, bi alderdien (enpresaren ordezkarien eta langileen ordezkarien gehiengoaren) arteko akordioa beharko da, hitzarmena ez aplikatzeari buruzko erabakia ORPRICCEren esku jartzeko (hau da, estatutuaren araberako hitzarmen kolektiboak aplikatzen ez direnean prozedurak ebazteko organoaren esku jartzeko).
21. artikulua.– Gatazkak konpontzeko prozedura.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek bere egiten dute Laneko Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide arteko Akordioa, 2000ko apirilaren 4ko EHAAn argitaratua. Akordioa hitzarmen honen esparruan aplikatuko da, hitzarmenaren aplikaziotik eta interpretaziotik eratorriko diren gatazka kolektiboei dagokienez.
22. artikulua.– Absentismoa.
1.– Enpresaburuak Langileen Estatutuaren 52. artikuluko arrazoi objektiboak direla-eta kontratua amaitzeko aukera erabili ahal izateko, ezinbestekoa izango da lantokiko langile guztien absentismo-indizea % 2,5etik gorakoa izatea denboraldi berberetan (elkarren segidako bi hilabetean edo elkarren segidakoak ez diren lau hilabetetan).
23. artikulua.– Ordaindutako lizentziak.
1.– Langileak, aldez aurretik jakinarazita eta justifikatuta, ordaindutako honako lizentzia hauek baliatzeko eskubidea izango du, jarraian aipatzen diren arrazoietako batengatik eta zehazten den denborarako:
a) Heriotza:
– Ezkontidearena: 5 egun natural.
– Odol-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba eta anai-arrebena: 3 egun natural.
– Ezkontza-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba eta anai-arrebena: 2 egun natural.
– Odol- edo ezkontza-ahaidetasunezko iloba eta aitona-amonena: egun natural 1.
– Arrazoi hori dela-eta, 200 km-tik 300 km-ra bitarteko bidaia egin behar badu langileak: egun 1 gehiago.
– 300 km-tik gorako bidaia egin behar badu langileak: bi egun gehiago.
Langilea bere ohiko bizilekutik edo lantokitik kanpo bidali badute lanera, heriotzagatik baimena emateko, kontuan hartuko da zenbat distantzia dagoen lan hori egiten ari den lekutik hildakoaren bizilekuraino.
Izatezko bikoteei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honetako 5. puntuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
b) Gaixotasun edo istripu larriagatik edo ospitaleratzeagatik, erditze naturalen eta zesareen kasuan izan ezik (horiek ez baitute atal honetako lizentzia hartzeko aukera emango):
– Ezkontidearena: 3 egun natural.
– Odol-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba eta anai-arrebena eta aiton-amonena: 2 egun natural.
– Ezkontza-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba eta anai-arrebena: 2 egun natural.
– Arrazoi hori dela-eta langileak 300 km-tik gorako bidaia egin behar badu:
● Ezkontidearen kasuan: bi egun gehiago.
● Odol-ahaidetasunezko gurasoen eta seme-alaben kasuan: beste egun bat.
Izatezko bikoteei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honetako 5. puntuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
c) Ospitale edo kliniketako larrialdietara joatea:
– Ezkontidea eta odol-ahaidetasunezko seme-alaba edo gurasoak: egoera hori lanalditik kanpo gertatzen bada, eta bertako egonaldiak edo asistentzia medikoak lau ordu edo gehiago irauten badu, langileak hurrengo eguneko lanaldiaren hasieran lanaldi-erdia hartzeko eskubidea izango du, bi alderdiek bestelako akordioa lortu ezean. Egoera hori lanaldiaren barnean gertatzen bada, behar adina denbora hartuko du langileak.
– Aurreko paragrafoan aipatutako senitarteko horietakoren bati ebakuntza kirurgikorik egiten badiote eta hari lagundu behar badio langileak, ebakuntzak irauten duen bitarterako izango da ordaindutako baimena.
Izatezko bikoteei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honetako 5. puntuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
d) Ezkontza:
– Langilearena: 16 egun natural Oporrak eta ezkontzagatiko lizentzia aldi berean gertatzen badira, bi denbora-tarteak batuko dira, eta, urteko oporraldiak finkatu baino lehen, langileak enpresari jakinarazi beharko dio ezkontzekotan dela.
– Guraso, seme-alaba edo anai-arrebena, izan odol- zein ezkontza-ahaidetasunezkoak: egun natural 1.
Izatezko bikoteei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honetako 5. puntuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
e) Seme-alabak jaiotzeagatik: 2 lanegun. Erditzea zesarea bidez izan bada, lizentziak beste 2 lanegun iraungo du.
Izatezko bikoteei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honetako 5. puntuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
f) Nortasun-agiria: behar adina denbora emango da agiri publikoak eskuratzeko zentroen irekiera-orduak eta lan-ordutegia bat datozenean; betiere, ordutegiek bat egiten duten ordu-tarte horretan.
g) Espezialista baten kontsulta medikora joanez gero, betiere kontsulta-ordua eta lanaldia bat datozenean. Langileak kontsulta medikoaren egiaztagiria aurkeztu beharko dio enpresaburuari. Langileak baimen hau baliatu dezake, halaber, seme-alabak pediatrarengana eramateko, edo lehenengo graduko ahaidetasunezko senideei medikuarengana laguntzeko, betiere ahaideak euren kabuz moldatzeko gai ez badira adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik. Beharrezko denbora.
Izatezko bikoteei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honetako 5. puntuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
h) Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik: egun natural 1.
i) Ezinbesteko betebehar publiko eta pertsonal bat betetzea, botoa ematea barne: behar-beharrezkoa den denbora. Legezko edo hitzarmeneko arauren batean denbora zehatza aipatzen bada, lanera ez etortzearen denborari eta konpentsazio ekonomikoari buruz arauak zer dioen hartuko da kontuan.
Betebehar horrek hiru hileko epean lanorduen % 20 baino gehiago galtzea eragiten badu, enpresak aukeran dauka langilea nahitaezko eszedentzian jartzea.
Langileak betebeharra betetzeagatik edo bere karguan jarduteagatik kalte-ordainik jasotzen badu, ordain horren zenbatekoa murriztuko zaio enpresan zor zaion soldatatik.
j) Eginkizun sindikalak betetzeko edo langileen legezko ordezkaritzaz arduratzeko bada: hitzarmen honetako 16. eta 17. artikuluek xedatuaren arabera.
k) Laneko orduetan haurdunaldiko azterketak eta erditzea prestatzeko tekniken ikastaroak egiteko: Behar-beharrezkoa den denbora.
l) 9 hilabete arteko haurra edoskitzea: emakumezko langileak aukera izango du lanean ordubeteko absentzia hartzeko –bi zatitan banatzeko aukera izanik–, edo, bestela, lanaldia helburu bererako murrizteko. Aitak edo amak baliatu ahal izango du baimena, biek lan egiten badute. Langileak hala eskatuz gero, eguneko ordu-erdiko lanaldi-murrizketa meta daiteke.
2.– Artikulu honetako b) atalean (egutegiko egunak) ezarritako irizpideari jarraituz, gaixotasunagatiko edota ospitaleratzeagatiko ordaindutako lizentziarako eskubidea sortzen duten kasuetan, lizentzia-egunak zenbait senideren artean banatu ahal izango dira, gertaera eragileak irauten duen bitartean.
Heriotzagatik, gaixotasunagatik edo haurrak jaiotzeagatik ematen den ordaindutako lizentziaren kasuan, langileak lana uzten duen unean berean hasiko da lizentzia. Lanaldi osoa bete badu, hurrengo egunetik aurrera kontatuko da.
3.– Ordaindutako lizentziak oinarrizko soldata gehi ordainsari-osagarrien arabera ordainduko dira.
4.– Hitzarmen hau indarrean den bitartean, lehen aipatutako kausak edo gai ezberdinak kontuan hartzen dituzten beste lizentzia batzuk legez arautzen badira, artikulu honi erantsiko zaizkio.
5.– Artikulu honetako 1. ataleko A, B, C, D, E eta G egoeretan, odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba eta anai-arreben ezkontzen kasuan, izatezko bikoteei ere aintzat hartuko zaie ordainpeko lizentzia hartzeko eskubidea. Horrelakotzat hartuko dira, ezkontzeko aukera izanik ezkondu ez, eta lizentzia hartu aurretik gutxienez sei hilabeteko bizikidetza modu egokian frogatzen duten bikoteak, izatezko bat-egiteen erregistro ofizialik ez badago.
24. artikulua.– Batzorde Mistoa.
1.– Behartuta dauden alderdien artean sor daitekeen zalantza eta desadostasun oro, bai eta akordio honetan ezarritakoa interpretatzearen edo aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen kalte-egintzak ere, Batzorde Mistora eraman ahal izango dira lehendabizi. Enpresaburuaren ordezkariek eta akordio hau sinatzen duten langileen ordezkariek osatuko dute batzorde hori, modu paritarioan, eta alderdi bakoitzak bere aldetik emango du botoa eta akordio guztiak sinatuko ditu.
2.– Nolanahi ere, gaia aurkeztu eta gehienez 30 eguneko epean emango du Batzorde Mistoak dagokion erabakia edo bere irizpena.