EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-06-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2017119

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 12koa, Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketako zuzendariarena. Honen bidez, 2016-2017 ikasturtean zehar zerbitzuak bete dituzten bitarteko funtzionarioei oporraldiaren ordainketa aintzatesten zaie.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-06-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201703172
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/07/16an argitaratutako 2010/07/06ko 201000185 DEKRETUA

Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza honek urtero, hain zuzen ere, uztailean, dituen eskumenetan oinarrituta, Hezkuntza Sailarentzat ikasturtean zehar zerbitzuak bete dituzten bitarteko irakasleen oporraldiaren likidazioa egiten du.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuarekin bat etorriz, ikasturte batean 165 egunetan edo gehiagotan lan egin duten bitarteko funtzionarioek uztail eta abuztuko lansariak jasoko dituzte. Halaber, aldi horiei dagozkien puntuak ere jasoko dituzte, irakaskuntzako ordezkogaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako. Eskubide horiek, 165 egun baino gutxiago lan egin duten langileei ere aintzatesten zaizkie, bete dituzten zerbitzuen proportzioan, kidegoa, maila eta jarduna kontuan hartuz, Oporraldien Ordainketa Instrukzioak esaten duenaren arabera.
Ebazpen honen helburua hurrengoa da: bitarteko funtzionarioek 2016-2017 ikasturtean zehar sinatu dituzten izendapen desberdinen ondorioz sortu diren eskubideen berri horiei ematea. Era berean, jakinaren gainean jarri nahi da, aintzatespen horiek, langile batzuen kasuan, eginbeharren betetzea ekar dezakeela.
Aurrez esandakoa aintzat hartuz eta eman zaizkidan eskumenen arabera,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Aintzatestea, 2016-2017 ikasturtean 165 egun edo gehiago lan egin duten bitarteko funtzionarioei, uztaileko eta abuztuko lansarien ordainketen eskubidea.
Bigarrena.– Aintzatestea, 2016-2017 ikasturtean 165 egun baino gutxiago lan egin duten bitarteko funtzionarioei dagozkien lansarien ordainketen eskubidea, bete dituzten zerbitzuen proportzioan, kidegoa, maila eta jarduna kontuan hartuz, Oporraldien Ordainketa Instrukzio Arautzaileak esaten duenaren arabera.
Hirugarrena.– Aintzatestea aurreko bi kasuetan, irakaskuntzako ordezkapenetarako izangaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako, epe horiei dagozkien puntuak.
Laugarrena.– Kasu guztietan, oporraldiak izendapen eta kargu-uzte berri baterako eskubidea sortzen du.
Bosgarrena.– Interesdunei jakinaraztea, oporraldiko izendapenak Gizarte Segurantzan alta eragiten duela, oporraldi horrek betiere izendapen eta kargu-uzte berri bat sortzen baitu, eta, horregatik, langabeziaren prestazioak jasotzen ari direnek, dagokion erakundera joan beharko dutela, Gizarte Segurantzan altan dagoen bitartean, prestazioaren ordainketa mozteko.
Seigarrena.– Interesdunei jakinaraztea, era berean, ekainaren 30a baino lehen izendapena amaitu bazaie eta udako ordainketa hasten denean, izendapena eta Gizarte Segurantzan altan ematea eragozten dituen aldi baterako ezintasun-, amatasun-, harrera-, adopzio- edo aitatasun-egoeran badaude, uztailaren 1a baino lehen egoera hori dagokion Lurralde Ordezkaritzan justifikatzeko agiriak aurkeztu behar dituztela.
Era berean, oporraldiko ordainketa hasten den egunean indarrean dagoen lan-kontratua dutenei ezin izango zaie izendapenik egin, baldin eta bi lanen bateragarritasuna onartuta ez badute.
Kasu horietan ofizioz egingo da dagokion oporretako likidazioa, izendapena, Gizarte Segurantzako altarekin, formalizatu ezin dela kontuan hartuta, betiere, uztailaren 1a baino lehen ez badu eskatu lehen aipatutako izendapena eragozten zuen egoera bukatu ondoren udako izendapena izan nahi duela.
Azkenengo aukera hori hautatu ahal izateko, interesdunak konpromisoa hartu beharko du dagokion Lurralde Ordezkaritzan jakinarazteko, modu justifikatuan, izendapena eragotzi zuen egoera bukatu egin dela. Jakinarazpena komunikatzen den egunetik aurrera eguneratuko zaio dagokion udako ordainketa.
Zazpigarrena.– Uztail eta abuzturako, edo kasu bakoitzean behar den aldirako, izendatuak izateko eskubidea duten pertsonek izango dute eskubide horri uko egiteko aukera. Uko egite hori idatziz, eta uztailaren 1a baino lehenago, eskatu beharko da eta data horren ondoren ez dira uko egiteak onartuko. Kasu horietan lanean emandako egunen arabera dagozkion oporren likidazioa egingo da.
Zortzigarrena.– Sartu EHAAn ebazpen hau eta, era berean, argitaratu Saileko web orrian.
Errekurtsoak: interesdunak ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 12a.
Langileriaren Kudeaketako zuzendaria,
KONRADO MUGERTZA URKIDI.