EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017138

84/2017 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ekonomiari eta zergei buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzeko hezkuntza-programa garatzeko dena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lankidetzarako hitzarmen-markoa.

Xedapenaren zenbakia: 201700084
Xedapenaren data: 2017-07-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201703686
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ekonomiari eta zergei buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzeko hezkuntza-programa garatzeko dena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lankidetzarako hitzarmen-markoa; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 14KO 84/2017 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ARABAKO, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIEN ARTEKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXEETAN EKONOMIARI ETA ZERGEI BURUZKO UNITATE DIDAKTIKO KOMUN BAT EZARTZEKO HEZKUNTZA-PROGRAMA GARATZEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 7a.
BILDUTA
Batetik, Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Ogasun eta Ekonomia sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (hemendik aurrera EAEko Administrazioa) ordezkari gisa.
Bestetik, José Luis Cimiano Ruiz jauna, Ogasuna, Finantza eta Aurrekontu saileko Foru Diputatua, Arabako Foru Aldundiaren ordezkari gisa.
Bestetik, José María Iruarrizaga Artaraz jauna, Ogasuna eta Finantza saileko Foru Diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa.
Bestetik, Jabier Larrañaga Garmendia jauna Ogasuna eta Finantza saileko Foru Diputatua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa.
Alderdiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartu diote elkarri eta hori dela bide hauxe
AZALTZEN DUTE:
Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren 2013ko urriaren 14ko erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordea sortu zen, lau kide dituena: Eusko Jaurlaritzako bat, ogasun arloko eskumena duen Sailaren titularrak izendatua, eta foru-aldundietako bana. Batzordeak iruzurraren aurka ondoren eginiko plan bateratuek, lehentasunezko jarduketa-lerroen artean, heziketa zibiko-tributarioa sustatzea jaso dute. Zehazki, Iruzurraren kontrako Borrokarako 2016ko Plan Bateratuak honako hau jasotzen du: «Herritarren kontzientzia fiskal kolektiboa indartzea, gazte-gaztetatik zerga-kontzientzia handitzea xede duten hezkuntza-ekintzak bultzatzearen bitartez, gai fiskalei prestakuntza etikoaren eta herritarren ikuspegitik helduz». Halaber, Iruzurraren kontrako Borrokarako 2017ko Plan Bateratuaren prebentzio-ekintzen artean jasota dago Euskal Autonomia Osora zabaltzea hezkuntza-modulu bat, proiektuarekin bat egiten duten ikastetxe guztietan eman beharrekoa, era horretan EAEko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumean sartu ziren heziketa zibiko-tributarioko edukiak hezkuntza arautuan ematea bultzatzearren. Era berean, foru-aldundi bakoitzak aurreikusita dauka zerga-heziketa bultzatzea ikuskapen- eta egiaztatze-planetan.
Sinatzen duten administrazioen iritziz, EAEko ikastetxeetan, DBHko 4. mailatik aurrera, ekonomiari eta zergei buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzea lagungarria izan daiteke zerbitzu publikoari eusten parte hartzea eta iruzur fiskalen aurrean tolerantziarik ez izatea euskal gizartearen balio gisa sustatzeko helbururako.
Aipatutako unitate didaktikoa ezartzeko orduan eraginkortasuna eta arrazionalizazioa laguntzearren, egokia da, gure ustez, berau EAEko ikastetxe guztietan, DBHko 4. mailatik aurrera, ezartzeko zerbitzuak kontratatzeko prozesuan batera jarduteko oinarriak finkatzea.
Ogasun eta Ekonomia Sailak, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoko (EZKO) partaidetzaren bitartez –Harmonizazio, Koordinazio eta Lankidetza Fiskalerako maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen bidez sortu eta arautu zen–, besteak beste, eginkizun hau du: «foru-aldundien arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzea tributu-eskumenak erabiltzeko orduan, tributuen kudeaketan eraginkortasun handiagoa lortzearren»; hori dela eta, proiektu honetan, batetik, ogasunaren arloan sinatzen duten administrazioei dagozkien eskumenak daude eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari hezkuntzaren arloan ematen dion eskumena eta Lurralde Historikoei dagokien tributu-eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 41. artikuluan eta Kontzertu Ekonomikoaren 1. artikuluan ezarritakoa betez.
Horregatik, aldeek hitzarmen hau sinatzen dute eta honako hauek hitzartzen dituzte:
KLAUSULAK
LEHENENGOA.– Hitzarmenaren xedea.
1.– Hitzarmen honek honako hau du xedetzat: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, DBHko 4. mailatik aurrera, ekonomia eta zergei buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzeko heziketa-programa bat garatzeko jarduketak zehaztea, ikasleen artean kontzientziazio fiskal handiagoa sustatzearren; horren barruan sartzen dira alderdiek aipatutako unitate didaktikoa 2017/2018 ikasturtean ezartzeko zerbitzu-kontratu bat esleitu eta kudeatzeaz egin beharreko jarduketak, bai eta EAEko Administrazioak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aipatutako kontratua finantzatzeko irizpideak zehaztea ere.
2.– Hitzarmen honen xedea da, halaber, arautzea http://ekonomiaetazergak.gipuzkoa.eus plataforman bildutako ekonomia eta zergei buruzko unitate didaktikoa ustiatzeko eskubideak zein baldintzatan lagako dizkien Gipuzkoako Foru Aldundiak gainerako administrazio sinatzaileei.
3.– Unitate didaktiko komuna ezarriko da hitzarmen honen Jarraipen eta Baloraziorako Batzordeak zehaztutako jarraibideen arabera. Nolanahi ere, foru-aldundiek unitate didaktikoak beren berariazko tributu-araubidera egokitzeko eskubidea izango dute.
BIGARRENA.– Kontratazio-organoa.
EAEko Administrazioari agintzen zaio unitate didaktiko komuna 2017-2018 ikasturtean zehar ezartzeko zerbitzuak kontratatzea eta, ondorioz, hitzarmenaren xede den kontratuari dagokionez, kontratazio publikoaren arloan indarrean den araudiak kontratazio-organoari ematen dizkion ahalmenak beteko ditu.
Kontratazio Mahaiko bileretan parte hartuko du, aholkulari aditua del aldetik, bosgarren klausulan araututako Jarraipen eta Balorazio Batzordeak, uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzekoan) ezarritakoaren arabera.
HIRUGARRENA.– Ustiapen-eskubideen lagapena.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, ekonomia eta zergei buruzko unitate didaktikoaren jabetza intelektualeko eskubideen titularra den aldetik (plataforma honetan daude jasota: http://ekonomiaetazergak.gipuzkoa.eus), laga egiten dizkie gainerako administratzaileei aipatutako lana ustiatzeko eskubideak, 2017ko ekainaren 30ean eguneratutako bertsioan, eta honako baldintza hauekin:
a) Lagapenaren xedea: aipatutako webgunean jasotako unitate didaktikoaren edukiak erreproduzitzeko, jendaurrean jakinarazteko eta eraldatzeko eskubideak hartzen ditu barnean ustiatzeak.
b) Lagapenaren denbora-eremua: ustiapenaren iraupena mugagabea izango da.
c) Baldintza ekonomikoak: webgunean garatutako edukiaren izaera dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du zenbatekorik jasoko eskubideak lagatzearen ordain gisa. Lagapen-hartzaileek, berriz, ezin izango dute beste batzuen zenbatekorik jaso unitate didaktikoa ustiatzearen truke.
d) Lagapenaren izaera: eskubideen lagapenak izaera ez-esklusiboa du, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren 48. artikuluari jarraikiz.
2.– Administrazio sinatzaileek beretzat gordetzen dute unitate didaktikoaren edukia beren lurralde-esparruan askatasunez eta beren baliabideak erabiliz zabaltzeko eskubidea, bai eta heziketa-programa beren lurralde-eremuan ezartzeko prozesuaren emaitzak aztertzekoa ere.
3.– Foru-aldundiek unitate didaktikoa garatuko dute nork bere erakunde-webean. EAEko Administrazioak, berriz, unitate didaktikoen edukiak jasotzen dituzten hiru foru-aldundien webetarako estekak gehituko ditu Ogasun eta Ekonomia Sailaren webean, eta horien berri bestelako bide batzuetatik zabaltzen lagunduko du, orobat.
LAUGARRENA.– Kontratuaren finantzaketa.
1.– Unitate didaktikoa ezartzearen kostua honela banatzen da:
a) Unitate didaktikoa ezartzeko zerbitzuen ondoriozko kostu finkoak.
– Behin betiko diseinua, metodologia eta plangintza barne hartzen dituen memoria.
– Material didaktikoa egitea.
– Amaierako memoria.
– Programa ezartzen den ikastetxe kopuruak kostuan zuzenean eraginda ez dauden beste batzuk.
EAEko Administrazioa: % 50
Foru-aldundiak: gainerako % 50a, baliabideak banatzeko metodologiari eta Foru Aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenei buruzko araudian programaren hasieran, hau da, 2017-2018 ikasturterako, indarrean dauden koefiziente horizontalen arabera banatuta:
b) Programa ezartzeko kostuak, ikastetxe bakoitzeko unitate-zenbateko bat oinarri hartuta zehaztutakoak.
EAEko Administrazioa: Programa irakasten duten EAEko ikastetxe guztietan ezartzeko kostuaren % 50a.
Foru Aldundiak: Foru Aldundi bakoitzari dagokio bere lurralde historikoko ikastetxeetan ezartzeko kostuaren % 50a.
2.– 2017-2018 kontratazio-espedientean gehieneko kostua finkatzeko erreferentziako eszenatokiaren arabera, programa gehienez 150 ikastetxetan ezarriko da; Gipuzkoan % 65eko ezarpen-tasa egongo da (75 ikastetxe), eta % 35 ingurukoa Araba eta Bizkaian (15 eta 60 ikastetxe, hurrenez hurren).
Ondorioz, parte hartzen duten erakundeek gehienez beren gain hartutako konpromiso ekonomikoa honako hau da:
3.– Hitzarmena sinatzen duten administrazioek ordainduko dute aipatutako zenbatekoa, aurrekontuko honako programa eta partida hauen kargura:
4.– Administrazio kontratatzaileak hartuko du bere gain kontratazioak eragindako kostuak ordaintzea, ondoren foru-aldundiei jasanaraztea hargatik eragotzi gabe. Ondore horietarako, EAEko Administrazioak egiaztatzeko fakturen kopia bidaliko dio bakoitzari, zer zenbateko dagokien adierazita, eta, ondoren, zenbateko hori Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiaren kontura transferituko dute 2018ko ekainaren 30a baino lehen.
BOSGARRENA.– Jarraipen-batzordea.
1.– Jarraipen eta Baloraziorako Batzordearen bitartez gauzatuko da administrazio sinatzaileen arteko lankidetza.
2.– Lau (4) kide ditu Jarraipen eta Baloraziorako Batzorde horrek, bana administrazio bakoitzaren ordezkaritzan, edo horiek eskuordetutako pertsonak.
EAEko Administrazioaren ordezkaria, edo eskuordetzen duen pertsona, izango da batzordeburua. Batzordeko idazkaria, berriz, EAEko Administrazioaren zerbitzuko pertsona bat izango da; eginkizunak beteko ditu horrek baina ez du bozkatzeko eskubiderik izango.
3.– Jarraipen eta Baloraziorako Batzordeak zeregin hauek izango ditu:
a) Unitate didaktiko komuna ezartzeko jarraibideak finkatzea.
a) Egindako txosten teknikoak aztertzea.
b) Kontratazio-mahaiaren bileretan parte hartzea bigarren klausulan xedatutakoarekin bat etorriz.
c) Aurreikusitako helburuak eta ekintzak betetzen direla aldian-aldian jarraitu eta ebaluatzea.
d) Hitzarmena betetzen dela zaintzea.
e) Zortzigarren klausulan aipatzen den luzapena proposatzea, eta, luzapenaren eraginpean dauden aurrekontu-ekitaldietarako, kontratuaren kostuaren banaketa eguneratzea, laugarren klausulan ezarritako irizpideen arabera.
f) Hitzarmena garatu eta gauzatzeko orduan sor litezkeen interpretazio-auziak argitzea.
g) Hitzarmen honetan zehaztutako beste edozein.
4.– Idazkariak egingo ditu batzordearen deialdiak, batzordeburuaren aginduz, eta gutxienez 48 orduko aurrerapenaz. Deialdia, ahal bada, bide elektronikoz egin beharko da, eta eztabaidatzeko zein erabakiak hartzeko behar diren agiri guztiak izango ditu atxikita.
Batzordea era egokian eratzeko, kideen gehiengo absolutua eta idazkaria bertan egon beharko dira.
5.– Bertaratutako kideen gehiengo soil bidez hartuko ditu batzordeak erabakiak. Berdinketa dagoenean, presidentearen kalitate botoak erabakiko du.
Hala ere, Batzordeak aho batez hartuko ditu erabakiak, hitzarmena luzatzeko eta kontratuaren kostuaren banaketa eguneratzeko proposamenak mintzagai dituenean, bai eta berariaz hitzarmenean aurreikusita ez dauden eta hezkuntza-programa ezarriko duen ikastetxe-kopuruarekin zuzenean lotuta ez dauden bestelako kostu finkoak zehazteko proposamenak dituenean mintzagai ere.
Batzordekide guztiek hitza eta botoa izango dute. Idazkariak, batzordekidetzat hartu gabe, hitzarekin baina botorik gabe gauzatuko ditu eginkizunak.
SEIGARRENA.– Suntsiarazpena.
Sinatzaileetako batek beregain hartutako betebeharrak edo konpromisoak betetzen ez baditu, gainerako administrazioetako edozeinek dei egin ahalko dio urraketa egin duen aldeari, hilabeteko epean betebehar eta konpromiso horiek bete ditzan. Halaber, dei hori bera Jarraipen eta Balorazio Batzordera ere igorriko da. Emandako epea igaro eta eskaria erantzun ez bada, Jarraipen eta Balorazio Batzordea jakinaren gainean jarri ondoren, hitzarmena bertan behera geratuko da.
Nolanahi ere, automatikoki indargabetzeko kausa izango da kontratazio-prozedura 2017ko uztailaren 1ean has dadin ez onartzea.
Suntsiarazpenaren ondorioak ezartzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legearen) 52. artikuluan ezarritakoa beteko da. Gasturik sortu bada, hitzarmen honen laugarren klausulan ezarritako arauei jarraikiz ordainduko da.
ZAZPIGARRENA.– Araubide Juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, horrela xedatzen baita urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. kapituluan.
Urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 47. artikuluko 2 zenbakiko a) letran aurreikusitako tipologia du lankidetza-hitzarmen honek.
Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 4.1.c artikuluaren aurreikusitakoarekin bat, horren aplikazio-eremutik kanpo dago.
Hitzarmena garatu eta betearaztean alderdien artean auzirik sortzen bada eta bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen eta Balorazio Batzordearen baitan ebatzi ezin bada, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legean (uztailaren 13ko 29/1998 Legean) ezarritakoari jarraikiz.
ZORTZIGARRENA.– Indarraldia eta luzapenak.
Hitzarmen honek ondorioak izango ditu sinatzen denetik aurrera, eta indarrean izango da haren babesean egindako kontratua amaitu arte. 2018ko ekainaren 30rako dago aurreikusita.
Hala ere, administrazio sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, beste kontratu bat esleitu eta kudeatu dadin beste hiru ikasturtez, 2021. urtera arte, laugarren klausulan ezarritakoaren araberako eguneraketa eginda, baldin eta aurrekontu-gordailu nahikoa badago.
Eta ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, lau aletan eta ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako egunean eta lekuan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Arabako Foru Aldundia,
JOSÉ LUIS CIMIANO RUIZ.
Bizkaiko Foru Aldundia,
JOSÉ M.ª IRUARRIZAGA ARTARAZ.
Gipuzkoako Foru Aldundia,
JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.