EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017144

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egin eta -zerbitzuak emateko laguntzen 2017ko deialdia argitaratzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201703842
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26an egin zuen batzarrean hartutako erabakiaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko laguntzen 2017ko deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatz-zatian araututakoaren arabera, erakunde autonomiadun horretako zuzendari nagusiari dagokio hura argitaratzea.
Azaldutakoa dela bide, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko laguntzen 2017ko deialdia argitaratzea, erakunde autonomiadun horren Administrazio Kontseiluak 2017ko uztailaren 26an egin zuen batzarrean onartua, eta ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.
Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Gasteizen, 2017ko uztailaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSÉ BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREKIN LANKIDETZAN DESABANTAILA-EGOERAN DAUDEN KOLEKTIBOETAKO PERTSONENTZAT ENPLEGURAKO ORIENTAZIO-EKINTZAK EGIN ETA ORIENTAZIO-ZERBITZUAK EMATEKO LAGUNTZEN 2017KO DEIALDIA.
Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea.
Gure ustez, banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko.
Gizarteak, oro har, eta enplegu bila ari diren pertsonek enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen dituzte, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zerbitzu horiek ematera behartuta dago.
Enplegurako orientazio-zerbitzuak definitzeko, esan genezake informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak direla. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.
Deialdi hau bat dator 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiako F.3 norabidean proposatutako orientazioekin (www.euskadi.eus). Norabide horrek helburutzat du lan-munduan txertatzeko laguntza-zerbitzu pertsonalizatua enplegu-politika aktiboen erdigunean kokatzea lortzea, jarduera-ildo hauen bidez:
–Laguntza pertsonalizatuak eta orientazioak eginkizun zentrala hartzea enplegu-politika aktiboen barruan.
–Orientazioaren espezializazioan aurrera egitea, pertsona eta kolektibo bakoitzaren errealitatearen eta beharren arabera pertsonalizatuz.
–Orientazioko eredu propioa diseinatzea eta martxan jartzea, zerbitzuaren kalitatean eta erabiltzaileen erantzukizunean oinarrituko dena.
–Aliantza publiko-pribatu eta pribatu-publikoak ezartzea, orientazio-ekintzak egiteko eta laguntza pertsonalizatua emateko.
Lanbide-orientazioko ekintzak batik bat kolektibo lehenetsi batzuentzat egongo dira bideratuak. Enpleguaren Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 30. artikuluan, esaten da pertsona batzuek lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztela, batik bat gazteek, eta arreta berezia ematen zaie prestakuntzarik ez dutenei, emakumeei, epe luzeko langabeei, 45 urtetik gorako pertsonei, familia-erantzukizunak dituzten pertsonei, desgaitasunen bat duten pertsonei eta gizarte-bazterkeriako egoeran daudenei eta etorkinei, atzerritarrei buruzko legeari dagokionez, eta beste pertsona batzuei, Enplegu Sistema Nazionalaren esparruan.
Horretaz gainera, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren artikulu horretako 2. paragrafoak dioenez, kolektibo horien inguruabar bereziak aintzat harturik, enplegu-zerbitzu publikoek banakako eta pertsonalizatutako enplegu-ibilbideak diseinatzea bermatuko dute, neurri eta politika guztiak konbinatzen dituztenak, behar bezala egokituak eta doituak bertako pertsonen lanbide-profilari eta beren premia bereziei. Beharra dagoenean, enplegu-zerbitzu publikoek balioetsi egingo dute gizarte-zerbitzuekin koordinatu beharrik ba ote dagoen, pertsona horiei arreta hobea emateko.
Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen xedea da Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema eratzea, eta sistema horren kudeaketan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak parte hartzen du, beste administrazio batzuekin lankidetzan. Lege horren 3. artikuluak Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren oinarrizko printzipioak ezartzen ditu, eta horien artean daude gizarte-arloko politikak aktibatzea eta enplegua errentagarri egitea, bai eta prestakuntza-, orientazio- eta laneko bitartekaritza-neurriak ere, formula jakin batzuk ezarriz lan-merkatuan sartzea aukera erakargarriagoa eta errentagarriagoa izan dadin diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoak jasotze hutsa baino. Artikulu horrek ezartzen dituen printzipioen artean, halaber, arreta pertsonalizatua dago, pertsonen premiei egokitua eta haien egoeraren diagnosi integralean oinarritua.
Testuinguru horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da lan bila dabilen pertsona bakoitzaren banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, prestatzea eta gauzatzea; horren barruan sar daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio- zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, interesduna laneratzea errazteko, alde batera utzi gabe eskatzaileen gaitasunak hobetzea eta enplegurako motibazioari buruzko alderdiak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzaileen enplegagarritasuna balioesteko eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko lehentasuna izango du.
Ibilbide pertsonalizatuak ezarri ondoren gauzatuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintza eta zerbitzu zehatzak, zuzenean edo erakunde laguntzaileen bitartez.
Ikusita gaur egungo langabezia-tasak, eta ikusita pertsona jakin batzuk egoera berezian daudela enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak jasotzeko garaian, premiazkoa da presazko prozedura bat mantentzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lan egingo duten erakundeen sare bat aukeratzeko. Enplegu-zerbitzuak erabili eta desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat ezartzen diren ibilbide pertsonalizatuen ondoriozko orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak ematen lagunduko dute sare horretako erakundeek.
Erabaki honen bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakunde espezializatuen laguntza behar duten kolektiboak adierazten dira, desabantaila-egoeran daudenak, haiei zuzendutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak zehazten dira, eta haiek finantzatzeko deialdia egiten da.
Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei zuzendutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko giza baliabideak eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomiadun honen Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26an egindako batzarrean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko laguntzen deialdia onartzen du, baldintza hauekin:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xede dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei zuzentzen diren enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko 2017 urtean eman ditzakeen laguntzak. Laguntza horien hartzaileak, berriz, jarduera hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan gauzatzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 2.802.790 eurokoak dira, horietatik 1.401.395 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 1.401.395 euro 2018ko konpromisozko kreditukoak.
2.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babesean diruz laguntzen diren orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGF Programa Operatiboaren esparruan edo Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.
3. artikulua.– Diru-laguntzen xede diren jarduerak: enplegurako orientazio-ekintzak eta –zerbitzuak.
1.– Aurrez aurreko orientazio-ekintzek eta -zerbitzuek jaso ditzakete deialdi honetako laguntzak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde laguntzaileen premia baldin badu haiek emateko. Laguntzak I. eranskinean adierazitako eran emango dira, han zehazten baita zenbat orientazio-ordu eman behar diren kolektibo eta lurralde historiko bakoitzeko.
2.– Jarduera hauek egingo ditu orientazio-zerbitzuak:
a) Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko informazioa ematea eta zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzari buruzko informazioa eskaintzea.
Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko datuak eta inguruabarrak jakinaraziko dira, erabiltzaileen enplegu-aukerak areagotzeko baliagarri izan daitezkeen neurrian. Banaka, taldeka edo modu orokorrean eman daiteke informazio hori, aurrez aurre.
b) Eskatzailearen banakako diagnostikoa eta profila egitea.
Erabiltzaileari emango zaion arreta espezifikoa jasoko da profilean, eta, diagnostikoan, haren trebetasunak, gaitasunak, prestakuntza eta eskarmentua, interesak, familia-egoera eta balizko aukera-profesionalak adieraziko dira. Horretaz gainera, orientazio-jarduerarako berariaz ezartzen den protokoloan adierazgarritzat jotzen diren gainerako ezaugarriak jasoko dira. Erabiltzailearen profila osatu eta haren enplegagarritasun-maila zehazteko erabiliko da informazio hori.
c) Enplegua lortzeko ibilbide pertsonalizatua egitea.
Erabiltzailearen profilari, beharrizanei eta aurreikuspenei erreparatu ondoren, erabiltzaile horrek enplegua eskura dezan egokien irizten den ibilbidea sortuko da, eta hari modu ziur batean jakinaraziko zaio. Ibilbide hori sortzeko, irizpide teknikoak eta estatistikoak erabiliko dira, eta, horretaz gainera, ekintza nagusi batzuk, haiek egiteko egutegia eta haiek egiaztatu eta jarraitzeko elementuak zehaztuko dira. Ibilbide hori sortzeko, enplegu-akordio pertsonal bat hitzartu eta izenpetu behar dute erabiltzaileak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Lanbideren enplegu-bulegoetan edo deialdi honetan sartzen diren erakunde laguntzaileen bidez egingo dira akordio horiek.
d) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea egiteko eta jarduera-konpromisoak betetzeko.
Tutore edo orientatzaile batek banaka eta modu pertsonalizatuan egingo du erabiltzaileen ibilbidearen jarraipena, eta haren egitekoak izango dira, era berean, ibilbidea berrikusi eta eguneratzea, betebeharrak, helmugak eta etapak finkatzea eta haiek betetzen direla ikuskatzea. Era berean, erabiltzaileek hartutako jarduera-konpromisoaren jarraipena egingo du, baldin eta erabiltzaileak prestazioen hartzaile baldin badira. Horretaz gainera, erabiltzaileak suspertzeko eta haien enplegagarritasuna hobetzeko aholkularitza, informazio eta laguntza emango du.
e) Informazio, aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria curriculuma osatu eta hartan lanbide-profilari dagozkion lanbide-gaitasunak adierazteko.
Erabiltzaileei informazioa eta aholkularitza emango zaie banaka, taldeka eta modu orokorrean, beren gaitasunak eta lanbide-profilak identifika ditzaten. Horretaz gainera, laguntza-tresnak eta -teknikak jarriko dira haien eskura, curriculum pertsonalizatuak egiteko.
f) Aholkularitza ematea eta enplegua aktiboki bilatzeko teknikak erabiltzea.
Atal honetan, informazioa emango da eta besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoen, tekniken eta tresnen oinarrizko erabilera erakutsiko da. Azken horietan sartuko da bitarteko telematikoak eta sare sozialak erabiltzeko aholkuak ematea. Hala behar denean, autoenplegurako eta ekintzailetzarako aholkularitza-zerbitzura joko da: lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen zerbitzuetara.
g) Lanbide-aukerak identifikatzeko informazioa eta aholkularitza.
Erabiltzaileei informazioa ematean eta haiek Espainian, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan eta nazioartean dituzten enplegu-aukeren azterketa arrazoitua egitean datza. Horretaz gainera, erabiltzaileen profilaren arabera, edo profil horren hasierako bilaketa-parametroak modu adostuan aldatu ondoren, eskura dituzten enplegu-politika aktiboen berri emango zaie erabiltzaileei, enpresa, erakunde eta entitate publiko eta pribatuekiko harremanak erraztuz.
h) Enpresek langileak kontratatzeko eta laneratzeko tresna eta laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza.
Enpresek langileak kontratatzeko eta haiek laneratzeko dituzten tresnei buruzko informazioa emateko laguntza kualifikatua izango da.
3.– Diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak hasteko epea hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, 8.6 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Egiteko epea, berriz, 12 hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, 8.6 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
4.– Enpresa edo erakunde onuradunak egin behar ditu diruz laguntzen diren orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta ezin dira horiek hirugarrenekin azpikontratatu. Enpresa- edo erakunde-elkarte edo -talde bat baldin bada onuraduna, ez da kontrataziotzat hartuko haien kideek osorik edo zati batean gauzatzea ekintzak edo zerbitzuak.
5.– Erakunde onuradunek, betiere, artatutako pertsonak laneratzeko helburu zehatzak (lan-kontratua izatea edo autonomo-jarduera bati ekitea) lortzeko gauzatuko dituzte orientazio-ekintza eta -zerbitzuak, deialdi honetako II. eranskinean ezarritako betetze-era eta -ehunekoei jarraituz.
4. artikulua.– Orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen hartzaileak.
1.– Honako pertsona hauek izan daitezke enplegurako orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen hartzaileak:
– Langabeak.
– Langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.
– Eta, oro har, lan egiteko adina duen eta, edozein egoeratan egonik ere, enplegua modu aktiboan bilatzeko interesa duen edonor.
Ezinbestekoa izango da baldintza hauetako bat betetzea gutxienez:
a) Espetxeratutako pertsona izatea, baina haren egoera penalak aukera ematea erakunde laguntzaileren baten orientazio-zerbitzura joateko. Edo zerbitzua abiarazi baino 18 hilabete lehenago espetxeratze-egoeran egondako pertsona izatea.
b) Ijitoa izatea.
c) Gutxienez % 33ko ezintasun-maila aitortua izatea.
d) Gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak, baztertuta geratzeko arriskuan edo bestelako desabantaila-egoeretan dauden pertsonak. Desabantaila-egoeratzat hartuko da:
– Gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak, baldin eta azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuak 5. artikuluko b) letratik h) letrara bitartean adierazitako kolektiboren bateko kide badira (182/2008 Dekretua, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautu eta horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen duena).
– Lanbideren iritziz kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak, honako arrazoi hauetako bat tarteko: egoera soziolaborala, langabezian emandako denbora, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun izatea eta/edo enplegagarritasun urrikoa.
– Lanbideren zerbitzuen eskatzaileak, laneko merkatu nazionalean sartzeko aukerarik ez dutenak eta laneratzeko eta lanaren aurreko laguntza jasotzeko egokiak izan daitezkeenak.
– Bestelako pertsonak, baldin eta gizarte-bazterketako egoeran edo baztertuta gertatzeko arriskuan daudela behar bezala egiaztatuta badago.
2.– Ibilbide pertsonalizatu bat egin nahi duten pertsonek ibilbide horretan modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute. Horretarako, 3.2. artikuluko c) idatz-zatian adierazten den enplegu-akordio pertsonala edo, hala badagokio, gizarteratze-hitzarmen pertsonala izenpetu beharko dute.
3.– Enplegurako orientazio-ekintza eta -zerbitzuen hartzaileek aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta, administrazio-egoerari dagokionez, altan edo etenduran egon behar dute, edo, bestela, Lanbideren zerbitzuen eskatzaileak izan beharko dute, laneko merkatu nazionalean sartzeko aukerarik ez badute. Erakunde onuradunek erabateko arreta-lehentasuna emango diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren tokiko enplegu-bulegoek edo zerbitzu zentralek bideratzen dizkieten pertsonei.
5. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren erakunde laguntzaileak.
1.– Pertsona fisiko edo juridiko publiko eta pribatuek egin eta eman ditzakete deialdi honen xede diren enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta horiek egin eta emateko arautzen diren diru-laguntzen onuradun izan daitezke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, betiere haien sozietate- edo fundazio-xedeen artean jarduera hauetako bat egitea sartzen bada:
a) Espetxeratuak edo espetxeratu ohiak –4.1 artikuluaren a) idatz-zatian deskribatuak– laneratzea, baldin eta enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta giza baliabideak eta baliabide materialak baditu, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.
b) Ijitoak –4.1 artikuluaren b) idatz-zatian deskribatuak– laneratzea, baldin eta enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta giza baliabideak eta baliabide materialak baditu, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.
c) Desgaitasuna duten pertsonak –4.1 artikuluaren c) idatz-zatian deskribatuak– laneratzea, baldin eta enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta giza baliabideak eta baliabide materialak baditu, artikulu honen 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera.
d) Gizarte-bazterketako egoeran edo egoera horretan izateko arriskuan edo gizarte- edo lan-arloko desabantaila-egoeran dauden pertsonak –4.1 artikuluaren d) idatz-zatian deskribatuak– laneratzea, baldin eta enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bitartekoak eta giza baliabideak eta baliabide materialak baditu, artikulu honen 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera.
2.– Halaber, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatu eta deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera izango dute artikulu honen 1. paragrafoan adierazten diren enpresen edo erakundeen elkarte eta taldeek, nortasun juridikorik duten ala ez kontuan hartu gabe, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Elkarte eta talde horietako kideek, baldin eta beren gain hartzen badute horien izenean egingo dituztela diruz laguntzekoak izango diren jarduera guztiak edo horietako batzuk, eskaeran adierazita agertuko beharko dute, eta onuradun-izaera izango dute.
b) Elkarte edo taldeei elkartutako kideek, beren gain hartzen badute jarduera guztiak edo haien zati bat elkarte edo talde horien izenean egiteko konpromisoa, artikulu honen 4. paragrafoan ezarritakoari jarraituz behar adinako esperientzia eta bitarteko materialak nahiz giza baliabideak izan behar dituzte enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko. Horretaz gainera, deialdi honek onuradun-izaera edukitzeko agintzen dituen gainerako eskakizunak bete behar dituzte.
Halaber, 4.1. a) artikuluan definitzen den espetxeratuen edo espetxeratu ohien kolektiboa eta 4.1.b) artikuluan definitzen den ijitoen kolektiboa artatzeko, elkarte eta taldeei elkartutako kide guztiek 5. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako aurretiko esperientziaren eskakizuna bete beharko dute.
c) Aurreko paragrafoetan arautzen dena betetzekoa izango da, eta, horretaz gainera, enpresa- edo erakunde-taldeak nortasun juridikorik ez badu, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da taldearentzat. Pertsona horrek eskumen askietsiak izan behar ditu taldeari, onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko.
d) Taldeko kideek diruz lagundutako orientazio-jarduerak betetzeko eginkizunarekiko duten konpromisoa adierazi behar da taldea eratzeko formalizatzen den agirian, baita diru-laguntza banatzeko modua ere. Banaketa hori 6. artikuluan arautzen den moduan egin behar da, kideetako bakoitzak diruz lagundutako jarduera egitean betetzen duen proportzioaren arabera. Halaber, agiri horretan, elkarteari dagokion diru-laguntza osoaren zenbatekoaren transferentzia ekonomikoa zehazki zer erakundek jaso eta elkarteko kideen artean banatuko duen adierazi beharko da. Alde horretatik, diru-laguntzaren xede den taldearen jarduerak egiteko konpromisoa hartzen duen kide bakoitzak gutxienez diruz lagundutako jarduera osoaren % 10 egiteko konpromisoa hartu beharko du.
3.– Deialdiaren 4.1. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan adierazten diren kolektiboei arreta emateko, erakundeek berariaz izan behar dute aurretiko esperientzia diru-laguntza eskatzen den kolektiboari enplegurako orientazioa emateko arloan eta lankidetzan jardunda enplegu-zerbitzu publikoekin edo estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko administrazio publikoren batekin. Esperientzia hori egiaztatzeko, berariazko ziurtagiriak eman behar dituzte zerbitzu edo administrazio horiek, eta ziurtagirietan adierazi behar da erakundeak haiekin lan egin duela kolektibo horientzat berariaz zuzendutako orientazio-ekintzak egiten (ekintzak zer epe edo epetan egin diren zehaztuko dute ziurtagiriek); edo, bestela, argitaratua izan den ebazpen bat aurkeztu beharko dute, diruz laguntzekoa den jarduera hori egiteko aukeratuak izan direla dioena.
4.– Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:
4.1.– Eskaera aurkezten den unean, lokalen eta ekipamenduen egitura egokia izatea, banaka edo taldean egin eta emateko enplegurako orientazio-ekintzak eta orientazio-zerbitzuak, eskatu den diru-laguntzari dagokion eremuko lurralde osoan edo lurralde historikoetan. Baldintza hau betetzeko, kolektibo eta lurralde historiko bakoitzerako III. eranskinean adierazten diren lantokien kopurua izan behar du han adierazten diren kokagune konkretuetan, eta behar bezala beti, aintzat hartuta IV. eranskinak deialdi honetarako ezartzen duen udalerrien eskualdekako banaketa.
Lantoki horietako bakoitzak baliabide hauek izan behar ditu gutxienez:
– Bulego bat, gainerako ataletatik bereizia, banakako arreta eskaintzeko, erakundeak bakarrik erabiliko duena horretarako eta ez beste ezein jardueratarako. Bulegoak gutxienez 6 metro koadroko azalera izango du.
– Gutxienez 10 lagunekin jarduteko moduko talde-arretarako gela bat, gainerako ataletatik bereizia, orientazioko beste entitateren batekin partekatzen ez dena eta lanerako mahaiak, apalategiak eta altzari lagungarriak dituena. Bulegoak gutxienez 18 metro koadroko azalera izango du.
– Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektatzeko.
4.2.– Eskaera aurkezten den unean, lokalak irisgarritasuna sustatzeko indarreko arauak bete beharko ditu: 20/1997 Legea eta hura garatzeko arau teknikoak, alderdi hauek jasotzen dituztenak:
a) Lokalera kanpotik sartzeko irisgarritasuna.
b) Barruko bideen irisgarritasuna, jarduera gauzatzera bideratutako espazioetaraino.
c) Komun egokigarriak eta egokituak izatea, zerbitzuen hartzaileek erabiltzeko.
4.3.– Eskaera aurkeztean aurreko baldintzak (4.1 eta 4.2 atalak) betetzen eta behar bezala egiaztatzen dituzten lokalak hartuko dira kontuan laguntzak ematerako orduan. Lokala aldatzeko eskaera behin betiko ebazpenaren ondoren soilik aurkeztu ahalko da, eta betiere deialdi honen 12. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
4.4.– Jarduerari hasiera ematen zaion momentuan, tableta grafikoko periferiko bat edukitzea, sinadura digitala jasotzeko euskarri modura. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektaturik egon behar du, haren zehaztapen teknikoak bete behar ditu, eta hark komunikatuko ditu.
4.5.– Jarduerari ekitean, giza baliabide propioak izatea: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena, urtebetetik gorako esperientzia eta enplegurako orientazio-lanen arloan curriculum vitae egiaztatua duena, bai eta bulegotikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko jakintza ere. Gainerako orientatzaileek gutxienez profil hori izan beharko dute, eta erakundeak erabiltzaile guztiei arreta EAEko bi hizkuntza ofizialetan emateko gai diren langileak izan beharko ditu.
Desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko diru-laguntza eskatzen duten erakundeek, berriz, orientazio-materialak ezintasun-mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta, zehazki entzumen-urritasuna duten pertsonei arreta emateko, zeinu-mintzaira dakiten orientazioko profesionalak izango dituzte.
4.6.– Enpresa- edo erakunde-elkarteen eta -taldeen kasuan, kide guztiek bete behar dituzte 4. paragrafo honetan arautzen diren baldintzak, haiei dagokien kokagunerako.
5.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
Diru-laguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Dena den, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, hori frogatzen duten agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
c) Diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.
d) Ez egotea Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. artikuluan diru-laguntzak eskuratzeari buruz xedatutako gainerako debeku-egoeretan.
6.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa orduko 34 eurokoa izango da; kopuru hori jarduerari lotutako gastu arrunt zuzenetarako eta zeharkakoetarako izango da, betiere, kontuan izanik deialdi honen bidez diruz laguntzen diren erakunde guztietarako jarraian ezartzen diren mugak:
Amaierako diru-laguntza jasotzeko, deialdiaren II. eranskinean ezarritako laneratze-ehunekoak (lan-kontratua izatea edo autonomo-jarduera bati ekitea) bete beharko dira.
– Artatutako pertsonen laneratze-helburuen betetze-maila (lan-kontratua izatea edo autonomo-jarduera bati ekitea) deialdiaren II. eranskinean adierazitakoaren berdina edo goragokoa baldin bada, ekintzak egiten eta zerbitzuak eskaintzen emandako orduei dagokien diru-laguntzaren % 100 ordainduko da, orduko 34 euroko prezioa oinarri hartuta.
– Artatutako pertsonen laneratze-helburuen betetze-maila (lan-kontratua izatea edo autonomo-jarduera bati ekitea) deialdiaren II. eranskinean adierazitakoa baino apalagoa baldin bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez % 10 gutxituko da, aintzat hartuta zenbateraino desbideratu den lortutako laneratze-emaitza deialdiaren II. eranskinean adierazitakotik. Diru-laguntza gutxitzeko ehuneko zehatza kalkulatzeko, desbideratze horren ehunekoa bider 0,10 egingo da, formula honen arabera:
Langileen zuzeneko gastuen % 140 lagunduko da diruz gehienez.
Diruz lagundutako orientazio-ekintzak egiten dituzten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak izango dira langileekin egiten diren gastu zuzenak; horretarako muga lanaldi osorako kontratatutako langile bat izango da, 1.500 orduko.
7. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan, lurralde-bulegoetan eta enplegu-bulegoetan aurkeztu beharko dira, www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskura egongo den eredu ofizialaren bidez. Horretaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Erakundeek eskaeretan adierazi behar dute zer lurralde historikotan jardun nahi duten enplegurako orientazio-zerbitzuak ematen eta zer kolektibo artatu nahi duten, aintzat hartuta, betiere, eskaerak I. eranskinean kolektibo eta lurralde bakoitzerako adierazten diren orientazio-ordu guztiak jaso behar dituela.
2.– Eskaera horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Erakundearen edo enpresaren IFKren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa baimendu ez bada, betiere–, eta eskaera sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.
b) Deialdi hau EHAAn argitaratzen den eguna baino lehenago erakundeak 5. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako sozietate- edo fundazio-xedea duela adierazten duen eraketako edo sorrerako eskrituren zatiaren kopia.
Enpresa- edo erakunde-elkarte eta -taldeen kasuan, haiek osatzen dituzten kide guztiek aurkeztu behar dute dokumentazio hori, elkartearen edo taldearen eratze-agiriaz gain, 5.2. d) idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
c) Elkarte eskatzaileak nortasun juridikorik ez badu: elkartearen eratze-agiria, 5.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Azken 2 urteetan orientazio-ekintza eta -zerbitzuetan egindako jarduera biltzen duen memoria. Hain zuzen ere, honako alderdi hauek deskribatu behar ditu zehazki: kolektibo onuradunak, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak. (20 orri gehienez).
e) 4.1 artikuluko a) eta b) idatz-zatietan deskribatutako kolektiboei arreta emateko 5.3 artikuluan aipatzen den nahitaezko esperientzia espefizikoari buruzko ziurtagiria edo jardueraren esleipen-ebazpenaren argitalpen ofiziala.
f) Hau aurkeztu behar da 9.1. 2 a) artikuluan aipatzen den esperientzia –hots, baloratzekoa den esperientzia– egiaztatzeko: dagokion enplegu-zerbitzu publikoak emandako ziurtagiria, xehetasunez eta berariaz azalduko duena zer ekintza egin diren eta zer kolektibo izan diren onuradun, edo jardueraren esleipen-ebazpenaren argitalpen ofiziala.
g) Egin beharreko ekintzetarako erabili beharreko metodologia eta teknikak eta eskura izango dituzten baliabideak deskribatzen dituen memoria. (10 orri gehienez).
h) Deialdiaren 5. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, eta gutxienez honako hauek bilduta:
– Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien curriculum vitaea barne.
– Kokaguneari buruz honako informazio hau eman behar da:
– Erakunde eskatzailearen kokagunearen ezaugarriei buruzko deskribapen-txostena. Txostenarekin batera, instalazioen argazkiak eta planoak aurkeztu beharko dira, eta, horietan, hau guztia zehaztu: espazioak eta dimentsioak, haietara sartzeko bideak eta komun egokituak, 5.4.1 eta 5.4.2 artikuluetan deskribatutako xehetasunetara doituak.
– Teknikari eskudun batek egindako txostena, kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia, lokala irisgarritasuna sustatzeko indarreko araudiarekin –hots, 20/1997 Legearekin eta hura garatzeko arau teknikoekin– bat datorrela adierazten duena, eta lokalaren gaur egungo egoerari dagokiona, 5.4.2 a), b) eta c) idatz-zatietan deskribatutakoaren arabera.
i) Deialdi honen 9.1.2.c) artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, erakunde eskatzaileak enplegu-zentro berezien titularrak direla edo haietan gehiengo partaidetza dutela egiaztatzeko, izaera hori adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
j) Deialdi honen 9.1.2 d) artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, erakunde eskatzaileak laneratzeko enpresak edo laneratzeko enpresen sustatzaileak direla egiaztatzeko, izaera hori adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2017ko irailaren 20an amaituko da.
4.– Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Lanbidek bere webgunean (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuko du zer eskaera ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeinek ez dituzten aurkeztu aurreko paragrafoan adierazitako dokumentuak. Eragindako erakundeek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izango dute, webgunean eskaera horien berri ematen den egunetik hasita. Hori egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, eta, halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariazko ebazpena eman beharko du eta haren berri jakinarazi.
8. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, berraztertze-errekurtsoa eta publizitatea.
1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko ardura, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Lehiaketa-sistemaren bidez esleituko dira diru-laguntzak; hala, hurrengo artikuluan adierazten diren ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskaerak. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, honako kide hauek izango dituena:
– Presidentea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria.
– Idazkaria: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lanbideratzeko Zerbitzuaren arduraduna.
– Bokalak: bi teknikari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lanbideratzeko Zerbitzuaren arduradunak izendatuak.
3.– Aurreko paragrafoan adierazten den kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat emango du, eta ematea proposatzen diren diru-laguntzak adieraziko ditu bertan. Proposamen horretan, arreta jasoko duten kolektiboak, lurralde historikoak eta diru-laguntzentzat proposatzen diren zenbatekoak adieraziko dira, baita ukatzea proposatzen direnak eta ukatze horien arrazoiak ere. Interesdunei jakinaraziko zaie behin-behineko ebazpen-proposamen hori, www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratuta.
Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren webgunean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die eskubiderik emango onuradun izateko proposatzen diren erakundeei.
4.– Epe hori igarota eta, halakorik izan bada, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.
5.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera baztertutzat jo ahal izango da.
6.– Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus.
7.– Ebazpenean adieraziko dira erakunde onuradunak, erakunde horiek artatu behar dituzten kolektiboak eta lurralde historikoak, diru-laguntzen zenbatekoa, haiek ordaintzeko modua eta epeak, eta diru-laguntzak justifikatzeko modua. Era berean, ukatuak izan diren eskaeren zerrenda jasoko da, horren arrazoia adierazita.
Ebazpenean, gainera, beren-beregi adieraziko da EGIFek finantziazioan parte hartzen duela, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren eta 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan.
8.– Prozeduraren ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
9.– Publizitate-printzipioa betetzearren, betiere, alde batera utzi gabe prozedurari buruzko ebazpena Lanbideren webgunean argitaratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, bakoitzari emandako zenbatekoak zehaztuta, eta han espresuki adieraziko da deialdia EGIFekin batera finantzatu dela EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan eta/edo 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan.
10.– Halaber, Europako Gizarte Funtsa arautzen duten erregelamendu komunitarioetan ezarritako informazio- eta komunikazio-baldintzak betetzeko, Enplegu eta Gizarte Ministerioaren Europako Gizarte Funtsaren Unitate Administratzaileak argitara ematen duen zerrendan jasoko da erakunde onuradunen zerrenda.
9. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntza esleitzeko irizpideak.
1.– Honela jokatuko da araututako baldintzak betetzen dituzten eskaerak ebaluatzeko eta orientazio-ekintzei eta -zerbitzuei dagozkien diru-laguntzak esleitzeko:
1.1.– Lurralde historiko eta kolektiboren baterako erakunde eskatzaile bakar bat baldin badago, erakunde horri esleituko zaio diru-laguntza, deialdian jasotako ordu guztietarako.
1.2.– Eskaera bat baino gehiago egiten baldin bada lurralde historiko eta kolektibo bakoitzerako, honela jokatuko da eskaerak ebaluatu eta diru-laguntzak esleitzeko:
a) 1,5 puntu emango dira erakunde eskatzaileak edo, hala badagokio, eskaera egin duen talde edo elkarteko kide guztiek 2010etik 2016ra bitartean orientazio-ekintza profesionalak egiten izandako eta frogatutako ibilbide-urte bakoitzeko, gehienez 7,5 puntu eman arte, betiere langabeei zuzendutako enplegurako orientazio-ekintzak zuzenean eta azpikontrataziorik gabe egin badira eta jarduera hauetako bat egin bada:
– Enplegua lortzeko orientazioa eta enplegurako eta/edo autoenplegurako motibazioa.
– Laneratzen laguntzeko prozesuak.
Jarduera horiek programa hauetakoren baten laguntzarekin eginak izan behar dute:
–. Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren I. kapitulua.
–. Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Agindua, 1994ko martxoaren 9koa, Enpleguko Institutu Nazionalak ematekoak diren laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena, irabazi-asmorik gabeko entitate eta erakunde laguntzaileek honako ekintza hauek egin ditzaten: profesionaltasuna egiaztatzeko ekintzak, eta lanbide-informazioari, lanbide-orientazioari eta enplegu-bilaketa aktiboari buruzkoak.
–. Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioraren Agindua, 1998ko urtarrilaren 20koa, enplegurako lanbide-orientazioko ekintzak eta autoenplegurako laguntza ematekoak gauzatzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
–. TAS/2643/2003 Agindua, irailaren 18koa, enplegu-arloko programa esperimentalak praktikan jartzeko diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena.
–. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko diru-laguntzen deialdia, erakunde autonomoko horretako Administrazio Kontseiluaren 2011ko martxoaren 31ko Erabakiz onartua (2011ko apirilaren 27ko EHAAn argitaratua).
–. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko diru-laguntzen deialdia, erakunde autonomoko horretako Administrazio Kontseiluaren 2013o urtarrilaren 21eko Erabakiz onartua (zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20ko Ebazpena, 2013ko martxoaren 27ko EHAAn argitaratua).
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzako enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko diru-laguntzen deialdia, erakunde autonomoko horretako Administrazio Kontseiluaren 2014ko irailaren 29ko Erabakiz onartua (zuzendari nagusiaren 2014ko urriaren 7ko Ebazpena, 2014ko urriaren 8ko EHAAn argitaratua).
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzako enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko diru-laguntzen deialdia, erakunde autonomoko horretako Administrazio Kontseiluaren 2015eko urriaren 22ko Erabakiz onartua (zuzendari nagusiaren 2015eko urriaren 22ko Ebazpena, 2015eko urriaren 23ko EHAAn argitaratua).
– Enplegu-orientazioko beste programa batzuk, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu eta finantzatuak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lanbideratzeko Zerbitzuak kudeatuak.
– Enplegurako orientazio-ekintzak, Enpleguaren Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 10.4 a) idatz-zatian (1. ardatza. Orientazioa) ezarritakoari jarraikiz, enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuak, eta zerbitzu horiek deialdi honen 7.2 e) artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatuta dituztenak.
b) 2,5 puntu emango zaizkio lurralde historiko bakoitzean III. eranskinean jasotako gutxieneko nahitaezko kapilaritatea betetzearren nahitaez arreta eman behar den eskualdeez gain beste eskualde batean arreta ematen duen lantoki bakoitzari, baldin eta 5.4 artikuluko 1. eta 2. ataletako baldintzak betetzen baditu. Gehienez 15 puntu emango dira.
c) Ebaluazioan, 5 puntu emango zaizkie ezintasunak dituzten pertsonei arreta emateko diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeei edo erakunde-taldeei, baldin eta enplegu-zentro bereziak baldin badira, enplegu-zentro berezien jabeak baldin badira edo enplegu-zentro berezien sozietate-kapitalaren gehiengoa baldin badute harpidetua, eta, gainera, diru-laguntza zein lurralde historikotarako eskatzen duten, lantokiak lurralde hartantxe baldin badituzte. Eskaera erakunde-elkarte edo -talderen batek egiten baldin badu, puntuazio hori emango zaio baldin eta, eskaeran adierazten diren datuen arabera, baldintza hori betetzen badute haren barruko erakundeen erdiek gutxienez. Horretaz gainera, diru-laguntzen xede diren jarduera guztiak edo haien zati bat egiteko konpromisoa hartu behar dute baldintza hori betetzen duten erakunde horiek.
d) Ebaluazioan, 5 puntu emango zaizkie bazterketa-egoeran dauden edo bazterketa-egoeran izateko arriskuan dauden pertsonei (deialdiko 4.1. d) artikuluan adierazten den kolektiboari) arreta emateko diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeei edo erakunde-elkarteei, baldin eta, diru-laguntza zein lurralde historikotarako eskatzen duten, lantokiak lurralde hartantxe dituzten laneratze-enpresak badira edo laneratze-enpresen sustatzaileak badira. Eskaera erakunde-elkarte edo -talderen batek egiten baldin badu, puntuazio hori emango zaio baldin eta, eskaeran adierazten diren datuen arabera, baldintza hori betetzen baldin badute haren barruko erakundeen erdiek gutxienez. Horretaz gainera, diru-laguntzen xede diren jarduera guztiak edo haien zati bat egiteko konpromisoa hartu behar dute baldintza hori betetzen duten erakunde horiek.
2.– Lurralde historiko eta kolektibo baterako diru-laguntzen esleipenean berdinketarik ematen baldin bada guztirako puntuazioetan, lehentasun-ordena honetan egingo da esleipena:
a) Lehentasuna izango dute puntuazio altuena lortu dutenak artikulu honetako 1.2.a) idatz-zatian.
b) Puntu-berdintasunak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, 1.2.b) idatz-zatian puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna.
c) Puntu-berdintasunak bere horretan badirau, eskaerak zer egunetan eta ordutan erregistratu ziren kontuan hartuta, eskaera lehenago aurkeztu duen erakundeak izango du lehentasuna.
10. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:
1.– Lehen ordainketa 2017ko ekitaldian egingo da, ebazpena argitaratu ondoren, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50,00 ordainduko da.
Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, erakundeek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu. 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko erakundeak edo haien mendeko erakunde edo organismoak badira.
2.– Bigarren ordainketa 2018ko ekitaldian egingo da, eta gainerako % 50,00a ordainduko da, edo egindako ekintzak eta erdietsitako laneratze-helburuak justifikatu eta egiaztatu ondoren (Gizarte Segurantzan alta eman izana ofizioz egiaztatuko da) ordaindu beharreko zenbatekoa. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu behar dira diruz lagundutako ekintzak amaitu ondorengo bi hiletan:
a) Emandako diru-laguntzarekin egin den jardueraren azalpen-memoria zehatza.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten baita egiazkoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-zerbitzu mekanizatuan ageri den informazioa, artatutako pertsonei eta egindako ekintzei buruzkoa (eman diren zerbitzu zehatzak, abiarazi diren enplegu-politiken iraupena eta ekintzak).
c) Diruz lagundutako ekintzak egin dituzten langileen nominen eta RED sistematik eskuratutako Gizarte Segurantzako kotizazio-agirien (RLC-kotizazioko likidazioaren ordainagiria eta RNT-langileen zerrenda nominala) kopiak eta ekintzetan egindako gastuen egiaztagiriak.
11. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea; gauza bera egin beharko dute erabiltzaileen ebaluazioari eta gogobetetzeari buruz bildutako informazioarekin. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliko dituzte.
b) 2024. urtera arte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen -Europako Gizarte Funtsekoak barne- eskura edukitzea egindako eta diruz lagundutako orientazio-jardunen dokumentuak.
c) Diru-laguntza zer kolektibo artatzeko den, erakunde onuradunek kolektibo horietako pertsonak soilik artatu beharko dituzte.
d) 4.1 a) artikuluan deskribatutako pertsonak artatzen dituzten erakunde onuradunek pertsona horiek kolektibo horretako kide direla egiaztatzen duen akreditazioa izan behar dute 2024ra arte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen -Europako Gizarte Funtsekoak barne- eskura.
e) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.
g) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.
h) Laguntza horiek aditzera emateko material eta ekintza guztietan, laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan eta 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan, Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla aipatzea eta «Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du» goiburua txertatzea.
Halaber, diru-laguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
i) Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahalordea duenak izaera pertsonaleko datuen tratamenduari buruzko konpromiso-adierazpen bat izenpetu beharko du. Adierazpen hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, honako hauetan ezarritakoari jarraituz: Izaera Pertsonaleko Datuak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; haren garapen-erregelamendua, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak onartua, eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, gastuaren kontularitza-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontularitza-sistema batean eta kontularitza-kode egoki batez identifikatua.
3.– Prestakuntzaren garapenean jardunaren jarraipena egiteaz gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditoria- eta ikuskapen-plan bat ezarri ahal izango du, alde batetik, deialdian xedatutako eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko eta, beste alde batetik, diruz lagundutako jarduerak nolako baldintzetan gauzatu diren egiaztatzeko.
12. artikulua.– Lokalaren kokapena aldatzea.
Deialdi honen behin betiko ebazpenaren ondoren onuradun gertatzen diren erakundeek diruz lagundutako jarduerak egiteko lokala aldatzeko baimena eskatu ahalko diote Lanbideren Lanbideratzeko Zerbitzuari. Horretarako, egiaztatu beharko dute badutela beste lokal bat, eskaeran aurkeztutako lokalaren –laguntzaren onuraduntzat hartzeko kontuan hartu zen lokal horrexen– baldintza berak betetzen dituena gutxienez.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldeko jakinarazpena egin beharko du.
13. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
14. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuk aldi berean jasotzea.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak administrazio honek edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatu batzuen eskutik helburu bererako lortutako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzekin. Helburu bera izateak zera esan nahi du: diruz lagundu daitekeen orientazio-jarduera mota bera egitea, pertsona fisiko berarentzat, jarduera zer erakundek egiten duen eta zer laguntza-deialdirekin lotuta dagoen gorabehera.
15 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen/duten gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.
3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Ebazpenak arauren bat urratu dela iritziz gero eta diru-laguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-zenbatekoak, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
5.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
16. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko aginduaren bidez araututa dago. Agindu horren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dira (2012/11/02ko EHAA).
Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).
17. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Halaber, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharra dago: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.
I. ERANSKINA
ORIENTAZIO-ORDUAK, JARDUERAKO LURRALDE-EREMUAREN ETA ARTATU BEHARREKO KOLEKTIBOAREN ARABERA
II. ERANSKINA
LANERATZEKO HELBURUAK (LAN-KONTRATUA IZATEA EDO AUTONOMO-JARDUERA BATI EKITEA)
III. ERANSKINA
LURRALDE HISTORIKO BAKOITZEAN BEHAR DIREN ZENTROEN KOPURUA ETA HAIEN KOKALEKUA, KOLEKTIBOAREN ARABERA.
IV. ERANSKINA
UDALERRIEN BANAKETA ESKUALDEKA, DEIALDI HONEN ONDORIOETARAKO, II.ERANSKINAREKIN LOTUTA