EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017149

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 364/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2017-07-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201703982
Maila: Ediktua
JAKINARAZPEN-ZEDULA
Durangoko (Bizkaia) Lehen Auzialdiko 4 zenbakiko Epaitegian, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriei buruzko 364/2016 prozedura bideratu da, Jose Maria Blazquez Garcia-k eskatuta Sandra Maria Velazquez Valdespino-ren aurka. Prozedura horren gainean epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza:
96/2017 EPAIA
Epailea: Veronica Ponte Garcia.
Lekua: Durango (Bizkaia).
Eguna: bi mila eta hamazazpiko ekainaren hogeita bederatzia.
Alderdi demandatzailea: Jose Maria Blazquez Garcia.
Abokatua: Maria Dolores Aguirre Suarez.
Prokuradorea: Joseba Quintanal Elosegui.
Alderdi demandatua: Sandra Maria Velazquez Valdespino.
Abokatua.
Prokuradorea.
Judizioaren xedea: zaintza eta jagoletza, bisita-araubidea eta mantenu-pentsioa zehazteko jarritako demanda.
Veronica Ponte Garciak, Durangoko eta bere barruti judizialeko lehen auzialdiko eta instrukzioko 4 zenbakiko epaitegiko epailea den aldetik, ikusi eta entzun ditu guraso eta seme-alaben arteko neurriei buruzko auto hauek, zeinak epaitegi honetan bideratu baitira 364/2016 zenbakiarekin, Jose Maria Blazquez Garciak eskatuta, auzitegietako prokuradore Joseba Quintanal Eloseguik ordezkatuta eta Maria Dolores Aguirre letraduak lagunduta, Sandra Maria Velazquez Valdespino-ren aurka, zeina auzi-ihesean baitago. Horrenbestez, bidezkoa da ebazpen hau ematea:
EPAITZA
Baietsi egiten dut Jose Maria Blazquez Garcia-ren ordezkaritzak aurkeztutako demanda, Sandra Maria Velazquez Valdespino-ren aurkakoa. Ondorioz, adingabeei buruzko behin betiko neurri hauek erabakitzen ditut:
1.– Behin-behinean, Jose Maria Blazquez Garcia aitari esleitzen diot seme adingabearen zaintza; adingabearen gaineko guraso-ahala, berriz, baterakoa eta partekatua izango da.
2.– Gurasoen arteko akordiorik ez dagoenez, bisita-, egonaldi- eta komunikazio-araubide hau ezartzen da seme komunaren eta jagoletza ez duen gurasoaren artean: amak semea bisitatu ahal izango du bi arratsaldez aste barruan, eta bi astebururik behin, ostiralean eskolatik ateratzen denetik igandeko 20:00ak arte, betiere demandatuak gutxieneko osasungarritasun-, higiene- eta erosotasun-bermeak betetzen dituen etxebizitza bat badauka adingabearentzat.
Oporrak erdibana banatuko dira, eta, aldi horretan, adingabeak amarekin igaro ahal izango du gaua, betiere etxebizitzak gutxieneko osasungarritasun-, higiene- eta erosotasun-bermeak betetzen baditu adingabearentzat. Urte bikoitietan amak hautatuko du, eta, bakoitietan, aitak.
Udako oporrak hamabostaldietan banatuko dira; urte bikoitietan amak hautatuko du, eta, bakoitietan, aitak. Semeak amarekin igaro ahal izango du gaua, betiere amak gutxieneko osasungarritasun-, higiene- eta erosotasun-bermeak betetzen dituen etxebizitza bat badauka adingabearentzat.
3.– Jagoletza ez duen gurasoak, kasu honetan amak, seme komunarentzako mantenu-pentsioa dela-eta, hilean ehun eta berrogeita hamar (150) euro ordaindu beharko ditu. Urteko hamabi hilabeteetan egingo du ordainketa. Zenbateko hori aitak izendaturiko kontu korrontean edo aurrezki-libretan sartu beharko du, aurreratuta, hil bakoitzeko lehenengo bost egunen barruan.
Ordaindu beharreko diru-kopuru hori urtero eguneratuko da, eta urtarrileko lehenengo egunetik izango ditu ondorioak, Estatistikako Institutu Nazionalak edo hori ordezkatzen duen erakundeak argitaratutako kontsumoko prezioen indizearen aldaketen arabera.
4.- Aparteko gastuak: guraso bakoitzak semearen bizitzan gertatzen diren aparteko gastuen % 50 ordainduko ditu; alderdiek adostu beharko dute gastu horiek beharrezkoak eta egokiak direla, premiazko kasuetan izan ezik.
Kostuak ez zaizkio beren-beregi inori ezarriko. Beraz, alderdi bakoitzak berak sorrarazitako kostuak ordaindu beharko ditu, eta komunak, erdibana.
Jakinaraz bekie ebazpen hau Fiskaltzari eta alderdiei, eta ohartarazi honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daitekeela, Probintzia Auzitegiari zuzenduta. Errekurtsoa aurkezteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan bost eguneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.
Honela, epai honen bitartez, behin betiko epaituaz, eman, agindu eta sinatu egiten dut, Durangoko lehen auzialdiko eta instrukzioko 4 zenbakiko epaitegiko eta bere barruti judizialeko epaile Veronica Ponte Garciak.
Argitalpena: sinatzen duen epaileak irakurri eta argitaratu zuen aurreko epaia; eta nik, idazkaria naizen aldetik, horren fede ematen dut.
Eta Sandra Maria Velazquez Valdespino demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan, ematen eta sinatzen dut ediktu hau, Durangon (Bizkaia), bi mila eta hamazazpiko uztailaren hiruan.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.