EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017172

204/2017 DEKRETUA, irailaren 5ekoa, «Talleres Protegidos Gureak, S.A.» sozietatea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700204
Xedapenaren data: 2017-09-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201704365
Maila: Dekretua
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat deklaratu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz xedatzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere, EAEko Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko gizarte-zerbitzuen garapenaren aldeko euren ibilbidea eta laguntza aitortzeko xedez.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, «Talleres Protegidos Gureak, S.A.» sozietateak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak egindako txostenean esaten denez, «Talleres Protegidos Gureak» sozietatea irabazi-asmorik gabeko merkataritza-sozietatea da, 1975ean eratua, eta haren helburu nagusia hauxe da: legez aitortutako desgaitasuna duten pertsonak sustatu, hezi eta errehabilitatzea, horien laneratzea eta gizarteratzea lortzeko.
Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 1975etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidego osoan. Batik bat Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan gauzatzen ditu bere jarduerak.
Aipatutako 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluan erabakitako dekretu baten bidez aitortuko da gizarte-intereseko erakunde hau, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.
Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko irailaren 5ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deklaratzea «Talleres Protegidos Gureak, S.A.» sozietatea gizarte-interesekoa dela, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.
2. artikulua.– Aitortzea «Talleres Protegidos Gureak, S.A.» sozietateari aitorpen honen berezko eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko irailaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.