EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017213

AGINDUA, 2017ko urriaren 19koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako sailburuarena. Haren bitartez, laketontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea arautzen dira.

Xedapenaren data: 2017-10-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201705330
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2004/05/28an argitaratutako 2004/04/20ko AGINDUA indargabetzen du [200402814]
  • Ikus 2017/06/30rean argitaratutako 2017/06/13ko EBAZPENA [201703328]

Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du portuen arloan, baldin eta interes orokorrekotzat sailkatu ez badira.
Horretan oinarrituta, duela hiru urte honako agindu hau eman zen: Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan profesional ez diren laketontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura arautzen duena. Agindua arauz kanpoko egoera bat erregularizatzeko xedez egin zen. Hala ere, aipatutako agindua aplikatu zenetik hamarkada bat igarota, zenbait alderdi direla medio, araua eguneratu behar da, kirol-portuetako egoera berrietara molda dadin. Horregatik, beste xedapen arauemaile bat eman behar da amarralekuak emateko prozedura arautzeko.
Gaur egun, portuen gaineko eskumen-eremua Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak du esleitua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretuak (Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua) 7.1 artikuluko v) atalean ezartzen duenaren bidez.
Aurreko manuarekin lotuta, urriaren 21eko 236/1986 Dekretuak onartutako Portuetako Jardueren Erregelamenduko 3. artikuluarekin bat eginez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila da eskumena duen portu-administrazioa, autonomia-erkidegoaren titulartasuneko portuei dagokienez. Sail horrek, besteak beste, kirol-portuak sustatzea eta kirol-nabigazioa biziberritzea du helburu.
Hori dela eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak emandako ahalmenak baliatuz, eta urriaren 21eko 236/1986 Dekretuak onartutako Portuetako Jardueren Erregelamenduaren azken xedapenetik lehenengoan jasotako gaikuntza betetzeko,
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea laketontzien titularrei Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasuneko portuetan eta instalazioetan amarralekuak erabiltzeko baimena emateko prozedura arautzea da, bai eta emakida horien araubide juridikoa arautzea ere.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Administrazioak eta haren organismo eta erakunde publikoek zuzenean kudeatzen dituzten portuetako eta portu-instalazioetako laketerabilera nautikoko eremuetan aplikatuko da agindu hau.
3. artikulua.– Kontzeptuak.
Agindu honen ondoreetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:
a) Aisia-erabilera nautikoko portu-eremua: Portuko Espazioen eta Erabileren Mugapenaren arabera, esklusiboki edo lehentasunez, portuan laketontziei zerbitzuak emateko erabiltzen den barrutia.
b) Amarralekua: Euskal Autonomia Erkidegoak zuzenean kudeatzen duen portuko jabari publikoko espazioa, laketontzietarako erabiltzen dena. Jabari publikoko emakida bidez esleitzen da.
c) Laketontziak: aplikatzekoa den araudiaren arabera, behar bezala erregistratuta dauden kirol- eta aisia-erabilerako ontziak, zazpigarren edo seigarren zerrendan sailkatuta daudenak, edo, beste herrialdetako ontziak direnean, kategoria baliokide batean sailkatuta daudenak.
II. KAPITULUA
AMARRALEKUAK ERABILTZEKO EMAKIDAK EMATEKO PROZEDURA
4. artikulua.– Amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura.
Amarralekuak esleitzeko, lehia askeko prozedura egingo da, eta aintzat hartuko dira 14. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak.
5. artikulua.– Deialdia.
1.– Administrazioak deialdi bakoitzean ezartzen den maiztasunarekin zabalduko du amarraleku-eskaerak aurkezteko epea. Amarraleku-emakida, gehienez, hamabost urtekoa izango da. Bestalde, epeek ondoz ondoko irekiera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko portuei eta portu-instalazioei dagokienez.
2.– Deialdia berariazkoa izan daiteke 7. eta 6. zerrendetako ontzietarako, edo mistoa, zerrenda bietan dauden ontzietarako.
3.– Edonola ere, deialdian eskaintzen diren amarralekuen kopurua eta kokapena adieraziko dira.
4.– Administrazioak aukera izango du, behar bezala arrazoituz, eskuragarri dauden amarralekuen kopurua eta haien ezaugarriak aldatu, murriztu edo handitzeko.
5.– Deialdian eskaera aurkezteko epea ezarriko da. Epe hori, gutxienez, hamabost egunekoa izango da. Horrez gain, nahitaezko dokumentazioa ezarriko da.
6. artikulua.– Hautatze-prozesuaren publikotasuna.
Deialdiaren berri emateko, portuen arloan eskumena duen zuzendariak ebazpena egingo du, eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietatik bitan argitaratuko da.
7. artikulua.– Eskabidea.
1.– Laketontzietako jabeek edo errentamendu finantzarioko kontratu baten titularrek aurkeztu ahal izango dute amarralekuak esleitzeko eskabidea.
2.– Halaber, amarralekuak eskatzeko aukera izango dute deialdiari dagokion zerrendan (7. edo 6. zerrendak) erregistratutako laketontzi bat erosten ari diren pertsonek, edo deialdiari dagokion zerrendan (7. edo 6. zerrendak) erregistratu beharreko laketontzi bat erosteko asmoa dutenek, baldin eta amarraleku-esleipen baten titularrak badira.
3.– Ontziaren salerosketa amaitzean, ontziaren titularra ez bada eskaera egin zuena, ez du eskubiderik izango amarraleku bat edukitzeko, eta esleipena automatikoki galduko du.
4.– Beste baten izenean eskaera egin ahalko du bere ordezkaritasuna egiaztatzen duenak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Gainera, hirugarren batek aurkeztu ahalko du eskaera, itsasoan dagoenaren ordezkaritzan, horretarako gaitua denean ontziko kapitainaren aurrean emandako dokumentu bidez, eta itsasoan dagoela egiaztatzen duen enpresak emandako ziurtagiria erantsiz. Ordezkatua lehorreratzean, dokumentu hori berretsi egin beharko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
8. artikulua.– Laketontzietarako amarraleku-eskaera bat aurkezteko baldintzak.
1.– 7. zerrendako ontzietarako amarralekuen deialdirako eskaera egiten duenak, edo benetan ontzia maneiatzen duenak, amarralekua eskatzen ari den ontzia maneiatzeko ahalmena ematen dion titulazio bat eduki behar du.
2.– 6. zerrendako ontzietarako amarralekuen deialdirako, deialdian parte hartzeko eskaera aurkezten duenak ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egon behar du; zehazki, laketontziak alokatzeko atalean.
3.– Ez dira onartuko deialdia EHAAn argitaratzen den egunean portuko administrazioarekin zorren bat dutenek aurkeztutako eskaerak.
4.– Eskaera aurkezten duenak bankuko kontu baten titularra izan behar du. Kontu hori eskabidean agertu behar da. Horrez gain, ontziaren aseguru-polizaren hartzaile izan behar du eskatzaileak. 7.2 artikuluan aurreikusitako eskaeretan, agindu honetako 16.2 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
9. artikulua.– 7. zerrendako ontzietarako nahitaezko dokumentazioa.
7. zerrendan erregistratutako ontzietarako amarralekuen eskaeren kasuan, eskaerarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
1.– Behar bezala betetako eskabidea, portuen arloan eskumena duen sailaren orrialde elektronikoan argitaratutako ereduaren arabera.
2.– Eskatzailearen dokumentazioa (ontziaren titularra, errentari finantzarioa edo izango dena).
a) Pertsona fisikoa bada, Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen, identifikazio fiskaleko zenbakiaren edo atzerritarren identifikazio-zenbakiaren bidez, eskaera egiten duen pertsonaren arabera.
Ontziak zenbait titularkide baditu edo izango baditu, eskaera guztiek sinatu beharko dute, eta ontziaren titulartasunaren partaidetza-ehunekorik handiena duen pertsonak aurkeztuko du. Partaidetza berdina badute, eskaeran adierazi behar da nork aurkezten duen.
Nolanahi ere, eskaera aurkezten duenak ontziaren titulartasuna eduki behar du ontziaren idazpen-orriaren arabera, eta ontzia maneiatzeko ahalmena duena izan behar du, salbu eta ahalmen hori duena nabigazio-rol edo -lizentzian jasota badago edo ontziaren titularrak egindako idazkiaren bitartez behar bezala baimenduta badago.
7.4 artikuluan aurreikusitako ondoreetarako, ordezkariari faxez bidalitako dokumentuen kopia onartuko da
b) Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren kopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana ere bai, dagokien erregistroan zigilatuta.
c) Finantza-errentamenduaren kasuan: Errentamendu-kontratuaren kopia. Eskaera errentamendu-kontratuaren titulartasuna duen pertsonak egin beharko du.
d) Beste herrialde batzuetako eskatzaileen kasuan, Estatuko lurraldean egoitza duen ordezkari bat izendatu behar da, Ogasun Publikoarekiko zerga-harremanen eta emakidak dakartzan betekizunen ondoreetarako.
e) Portuko tasak kobratzeko adierazitako kontu-zenbakiaren titulartasunari buruzko egiaztagiria edo bankuko agiria.
f) Pentsioduna izanez gero, horren ziurtagiria aurkeztuko da, kasuan kasuko erakunde ofizialak emandakoa.
3.– Ontziaren inguruko dokumentazioa:
a) Eskabidea aurkezterakoan ontzi baten titularra ez izatekotan, eskabidearekin batera honako hau aurkeztu beharko da:
– Ontzia erosteko fasean egoteari buruzko zinpeko adierazpena, eta, amarralekua esleituz gero, titulartasuna formalizatzeko eta amarralekua esleipena jakinarazi eta hiru hileko epean okupatzeko konpromisoa.
– Zinpeko adierazpenean, amarralekua eskatzen den ontziaren ezaugarri fisikoak eta teknikoak adieraziko dira. Haren ezaugarriak eta neurri zehatzak adierazi behar dira.
b) Eskabidea aurkeztean ontzi baten titularra izatekotan, eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Rola, nabigazio-lizentzia edo inskripzio-ziurtagiria, nahitaezkoa dena.
– Nabigagarritasun-ziurtagiria.
– Dagokion Itsas Kapitaintzako Erregistroko idazpen-orria, eskaera egin aurreko sei hiletan eguneratuta.
– Ontziaren argazkia, 10 x 15 cm-koa. Bertan, matrikula- edo inskripzio-adierazleak ikusi behar dira, eta, hala badagokio, izena.
– Ontziaren guztizko neurriak jasotzen dituen zinpeko adierazpena, baldin eta ontziaren guztizko neurriek ez badute bat egiten aurrez aipatutako dokumentazioan jasotakoekin. Horren harira, «guztizko luzeratzat» joko da erreferentziazko ur-marrarekiko eta ontziaren ardatzarekiko distantzia paraleloa, ontziaren plano zentralarekiko bi plano perpendikularren artean, bata ontziaren aurrealdean eta bestea atzealdean kokatuta, ontziaren benetako neurriak adieraztearren. Horren harira, ontziaren egitura-zati guztiak barne hartuko dira, bai eta ontzia osatzen dutenak ere, hala nola egurrezko, metalezko edo plastikozko bularrak edo popak, krosko/bizkar ontziaren barruko hegalak eta junturak, ontzia geldi edo nabigatzen ari denean euskarri hidrostatiko edo hidrodinamiko gisa jarduten duten kroskoko zati desmuntagarri guztiak, ontziaren edozein muturretik irteten diren plataformak, brankako garnizioak, lemak, motorretarako euskarriak, propultsiorako laguntzak, murgiltzeko eta ontziratzeko plataformak eta babesak eta defentsak.
Neurri horiek aintzat hartuko dira amarralekuak esleitzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta haren Erakunde Autonomoetako tasen eta prezio publikoen kudeaketako zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 29ko 248/1998 Dekretuan aurreikusitako ondoreetarako, urriaren 6ko 186/2015 Dekretuan emandako idazketa kontuan hartuta.
– Eskaeraren unean indarrean dagoen ontziaren aseguru-poliza eta azken ordainagiria, indarrean dauden legezko xedapenek eskatutako estaldurekin (erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua, hondoratzea eta ontzi-hondarrak portutik kentzeko estaldura kontuan hartzen dituena).
10. artikulua.– 6. zerrendako ontzietarako nahitaezko dokumentazioa.
6. zerrendan erregistratutako ontzietarako amarralekuen eskabideen kasuan, eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztuko dira, aurreko artikuluko 1. eta 2. ataletan esandakoez gain [f) atalekoa izan ezik]:
a) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren alta eta indarreko azkeneko ordainagiria (edo, hala badagokio, salbuespen-ziurtagiria).
b) Sustapen Ministerioak emandako laketontzietarako nabigagarritasun-ziurtagiria eta erantsitako inbentarioa.
c) Sustapen Ministerioak emandako segurtasun-ziurtagiria, nahitaezkoa bada.
d) Merkataritzako Ontzidien Zuzendaritza Nagusiak emandako irrati-elektronikako gailuak aitortzeko ziurtagiria.
e) Bidaiarien aseguru-poliza. Bederatzi pertsonarentzako edo gehiagorentzako lekua duten ontzietarako nahitaezkoa da poliza hori, eta ontziratutako pertsonentzako estaldura izan behar du. Bestalde, indarreko azken ordainagiria aurkeztu behar da.
f) Eskaeraren unean indarrean dagoen ontziaren aseguru-poliza eta azken ordainagiria, indarrean dauden legezko xedapenek eskatutako estaldurekin (erantzukizun zibileko aseguru derrigorrezkoa, hondoratzea eta ontzi-hondarrak portutik kentzeko estaldura kontuan hartzen dituena).
g) Ontziaren idazpen-orria, ontziaren titular gisa amarralekua nork eskatzen duen adieraziko duena. Idazpen-orri hori eskaera egin aurreko sei hilabeteen barruan eguneratua egon beharko da. Ontzi baten titularra izanez gero eta ontziak zein bere propultsio-ekipoak CE marka badute, inskripzio-egiaztagiriaren kopia konpultsatua aurkeztuko da.
h) Ontziaren argazkia, 10 x 15 cm-koa. Bertan, matrikula- edo inskripzio-adierazleak ikusi behar dira, eta, hala badagokio, izena.
11. artikulua.– Agiriak aurkeztea.
1.– Deialdian edozein administraziok egin dituen baina nahitaez eman behar ez diren dokumentuak zehaztuko dira. Dokumentu horiek portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak kontsultatu edo bilduko ditu, eskabidean aukera horri kontra egiten ez bazaio.
2.– Horretarako, eskabidea egiten duenak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela adierazteko.
12. artikulua.– Eskabidearen eredua.
1.– Eskabidea eredu normalizatu baten bidez aurkeztuko da. Eredu hori deialdiaren ebazpenari erantsita egongo da, eta ebazpenean adierazten diren bulegoetan dohainik emango da.
2.– Halaber, Eusko Jaurlaritzaren atari elektronikoan deskargatzeko aukera dago: www.euskadi.eus
13. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke deialdian adierazitako bulegoetan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan.
2.– Eskabide bat baino gehiago aurkez daitezke, portu edo portu-instalazio baterako baino gehiagotarako, agindu honetako 15.4 artikuluan xedatutakoaren kaltetan ez bada.
3.– Nolanahi ere, portu edo portu-instalazio bakoitzerako eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du eskatzaileak ontzi bakoitzeko, eta eskainitako amarralekuak baino ezin izango dira eskatu.
14. artikuluak.– Amarralekua esleitzeko irizpideak.
1.– Amarralekuak esleitzeko, aintzat hartuko dira ontziaren neurri zehatzak (luzera, zabalera eta sakonera), eskainitako amarralekuekin alderatzeko. Lehentasuna emango zaie amarralekua eskatzeko unean ontzia baduten eskatzaileei eta amarralekuko neurrietara hobekien egokitzen diren ontziei, betiere ontziaren luzerak eta zabalerak aukera ematen badute atrakatzean maniobra egokiak egiteko. Hala:
● Gehienez, ontziaren luzera esleitu beharreko amarralekuko fingeraren luzeraren 3/2 izango da gutxi gorabehera.
● Ontzien errun guztien batura gutxi gorabehera esleitu beharreko amarralekua dagoen bi finger jarraituen arteko zabaleraren % 90 izango da, gutxi gorabehera.
Berdinketa egonez gero, notario aurrean zozketa egingo da, deialdian ezarritako lekuan. Zozketa honetan ez dira sartuko dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren titulartasuneko beste portu edo portu-instalazio batean ontzi berarentzako amarraleku bat erabiltzeko titulu gaitzailea zeukatenak.
2.– 6. zerrendako ontzietarako amarralekuak esleitzeko, aurkeztutako negozio- edo jarduera-proiektua baloratuko da, deialdi bakoitzean ezarritako irizpideei jarraikiz.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Portuen arloan eskumena duen Zuzendaritzaren titularrak erabilera-emakidak emateko ebazpena emango du. Bertan, ukatutako eskabideak ere adieraziko dira, eta itxarote-zerrenda prestatuko da.
2.– Eskabide batek eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, eta horiek konpontzen ez badira, ukatutako eskabideen zerrendan sartuko da.
3.– Eskabide batek eskatutako baldintzak betetzen baditu, eta, hala ere, amarraleku bat lortu ez badu, eskatutako kategoriako itxarote-zerrendan gehituko da.
4.– Ebazpenean hamar eguneko epea emango zaie amarraleku bat erabiltzeko emakida jaso eta dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren titulartasuneko beste portu edo portu-instalazio batean ontzi berarentzako amarraleku bat erabiltzeko titulu gaitzailea zeukatenei, amarraleku bat erabiltzeko zein tituluri uko egiten dioten jakinaraz dezaten.
5.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
16. artikulua.– Baimendutako amarralekua okupatzeko epea.
1.– Amarralekua erabiltzeko emakida eman duen ebazpena argitaratu edo jakinarazi denetik zenbatzen hasita, hileko epean, amarralekuaren titularrak esleitu zaion amarralekua okupatu beharko du baimendutako ontziarekin.
2.– Eskabidea egiteko unean amarralekuaren eskatzaileak ontzirik ez badu, emakida-ebazpena jakinarazten denetik hasita, baimendutako ontziaren ezaugarri antzekoak dituen ontzi bat erosi duela egiaztatzen duen dokumentazioa eman beharko du hileko epean, bai eta agindu honetako 9.3.b) artikuluan ezarritako dokumentazioa ere. Bestalde, hiru hileko epean, amarralekua erabiltzeko baimena eman duen ebazpena jakinarazten denetik hasita, amarralekua okupatu beharko du baimendutako ontziarekin.
3.– Aipatutako epeak handitu ahal izango dira, aldeak eskatuta, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak baimendu eta gero, baldin eta handitzea justifikatuta badago eta hirugarrenen eskubideei kalterik eragiten ez badie.
4.– Amarralekua aurrez aipatutako epeetan okupatzen ez bada, emakidari uko egiten zaiola uste izango da, eta amaiera emango zaio prozedurari, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpen bidez.
5.– Amarralekua portuko langileak aurrean direla okupatuko da, eta langileek dagokion neurketa egingo dute.
III. KAPITULUA
LAKETONTZIEN TITULARREK AMARRALEKUAK ERABILTZEKO EMAKIDEN ARAUBIDEA
17. artikulua.– Esleitutako amarralekua erabiltzea.
1.– Esleitutako amarralekua erabiltzen dela zainduko dute portuko langileek.
2.– Dagokion portua kudeatzen duen organoak eskatzaileak eskatutako neurri guztiak egiaztatu ahal izango ditu, honako prozedura honi jarraikiz:
a) Ontzia uretan neurtuko da, UNE EN ISO 8666:2002 arauaren bidez ezarritako eran. Neurketaren emaitza eskatzaileari jakinaraziko zaio, onar dezan edo organo kudeatzaileari berriz neurtzeko eska diezaion. Neurketa berria uretan egingo da, eskatzaileari jakinarazi eta gero. Horrela, eskatzaileak bertan egoteko aukera izango du eta egokitzat jotzen duena alegatu ahal izango du. Bestalde, neurketa UNE EN ISO 8666:2002 arauan ezarritako eran egingo da.
b) Hala ere, eskatzaileak neurketa berria lurrean egin nahi badu, hark lehorreratu beharko du ontzia eta hark ordaindu beharko ditu neurketa horrek eragiten dituen gastuak, baldin eta lurrean egindako neurketa -% 1 tolerantzia-mugatik ateratzen bada, uretan egindako eta organo kudeatzaileak jakinarazitako neurketarekin alderatuta.
18. artikulua.– Ontzia aldatzea.
1.– Amarraleku bat erabiltzeko emakida duenak emakida indarrean egon bitartean edozein unetan eskatu ahal izango du ontzia aldatzea, horretarako dagoen eredu normalizatuaren bidez, emakida eman diezaioten.
2.– Portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak ontzia aldatzeko baimena eman ahal izango du, baldin eta erosi beharreko ontziaren ezaugarriek aukera ematen badute amarralekuko neurrietara moldatzeko eta egoki maniobratzeko.
Ezinezkoa bada, eskatzailea ontzi berriaren kategoriako itxarote-zerrendan sartuko da, ordena kronologikoari jarraituz.
3.– 6. zerrendako ontziak aldatzeko, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak aldeko ebazpena eman beharko du, eta ontzi berriak 6. zerrendan inskribatuta egon beharko du eta agindu honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko ditu. Halaber, ontziaren ezaugarriek esleitutako amarralekuko neurriekin bat egin behar dute eta egoki maniobratzeko aukera eman behar dute. Horrez gain, aldaketaren bidez amarralekua esleitzeko irizpideak ez dira aldatu behar.
Horrela ez bada, eskatzailea itxaron-zerrendako azken tokira igaroko da.
4.– Eskabideekin batera, nabigazio-rol edo -lizentzia berria aurkeztu beharko da, edo, hala badagokio, izapidetzen ari direnei dagokien Itsas Kapitaintzako ziurtagiria.
5.– Emakidaren titularrak ontzia aldatzen badu dagokion baimenik gabe, emakida baliogabetuko da.
19. artikulua.– Amarralekuak aldatzea eta trukatzea.
1.– Amarraleku baten esleipendunak, emakida indarrean egon bitartean, edozein unetan eskatu ahal izango du esleitutako amarralekua aldatzea. Halaber, titularrek zenbait ontziren amarralekuak trukatzeko eskaera egin ahal izango dute.
2.– Zuzendaritzak aldaketak nahiz trukeak baimendu ahal izango ditu, baldin eta amarraleku-kategoria berean egiten badira eta eskatzaileei edo hirugarrenei maniobrak egiteko enbarazurik egiten ez badiete.
3.– Portua kudeatzen duen organoak, emakidak indarrean egon bitartean, edozein unetan proposatu ahal izango du amarralekua aldatzea, ontziak berrantolatzeko, arrazoi teknikoak eta segurtasunekoak direla medio nahiz ontzien maniobrak errazteko arrazoiengatik. Aldaketa horiek portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak baimenduko ditu.
20. artikulua.– Amarralekua erabiltzeko emakidaren titulartasuna aldatzea.
1.– Amarralekua erabiltzeko emakida (titularrari eta ontziari dagokienez) pertsonala da eta ezin da transferitu, eta espresuki debekatuta dago hirugarrenei saltzea edo lagatzea.
2.– Hala ere, emakidaren titulartasuna aldatu ahal izango da, baldin eta ontzia dohaintzan ematen bada edo bigarren mailako odolkidetasuna duten familiako kideei mortis causa eskualdatzen bazaie.
21. artikulua.– Itxarote-zerrendak.
1.– Itxarote-zerrendak horrela eratuko dira: amarraleku-kategoriaren arabera eta eskatutako baldintzak bete arren deialdiko esleipen-prozeduran amarralekurik lortu ez duten eskabideek osaturik.
2.– Amarralekuak pantalanetan eta buian ematen dituzten deialdien kasuan, itxarote-zerrendak amarraleku-kategorien arabera eratuko dira, ordena honetan:
1) Eskatutako baldintzak bete arren deialdiko esleipen-prozeduran pantalanen amarralekurik lortu ez duten eta, ondorioz, amarralekua buian lortu duten eskabideen arabera, eta
2) Eskatutako baldintzak bete arren deialdiko esleipen-prozeduran amarralekurik lortu ez duten eskabideen arabera.
3.– Itxarote-zerrendak eratzeko, aintzat hartuko dira ontziaren neurri zehatzak (luzera, zabalera eta sakonera), eskainitako amarralekuekin alderatzeko. Lehentasuna emango zaie amarralekua eskatzeko unean ontzia baduten eskatzaileei eta amarralekuaren neurriei hobekien egokitzen zaizkien ontziei, baldin eta ontziaren luzerak eta zabalerak aukera ematen badute atrakatzean maniobra egokiak egiteko. Hala:
● Gehienez, ontziaren luzera esleitu beharreko amarralekuko fingeraren luzeraren 3/2 izango da gutxi gorabehera.
● Ontzien errun guztien batura gutxi gorabehera esleitu beharreko amarralekua dagoen bi finger jarraituen arteko zabaleraren % 90 izango da.
Berdinketa egonez gero, notario aurrean zozketa egingo da, deialdian ezarritako lekuan. Zozketa honetan ez dira sartuko dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren titulartasuneko beste portu edo portu-instalazio batean ontzi berarentzako amarraleku bat erabiltzeko titulu gaitzailea zeukatenak.
4.– Halaber, itxarote-zerrendak irekita iraungo du beste deialdi bat egin arte. Deialdi berriaren ondorioz, portu edo portu-instalazio horretako itxarote-zerrenda iraungiko da.
Hala, beste deialdi bat egin bitartean, eskabide berriak onartuko dira, dagokien erregistroan sartu diren ordenari jarraikiz. Eskabideekin batera dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nortasun Agiri Nazionala.
b) Nabigazio-rola edo -ziurtagiria edo inskripzio-ziurtagiria nahitaezkoa bada, amarralekua eskatzean ontzirik edukiz gero.
c) Benetako neurrien zinpeko adierazpena, amarralekua eskatzean ontzirik edukiz gero.
d) Amarralekua eskatzean eskatzaileak ontzirik ez badu, ontzia erosteko fasean dagoelako zinpeko adierazpena, eta, amarralekua esleituz gero, titulartasuna formalizatzeko eta amarralekua esleipena jakinarazi eta hiru hileko epean okupatzeko konpromisoa.
Zinpeko adierazpenean, amarralekua eskatzen den ontziaren ezaugarri fisikoak eta teknikoak adieraziko dira. Haren ezaugarriak eta neurri zehatzak adierazi behar dira.
Eskabide berri horiei agindu honetan ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuko zaizkie, eta, eskabidea egin ondoren, baimendutako pertsonak agindu honetan beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa aurkeztu beharko du aginduko 16. artikuluan ezarritako epean.
5.– Hiru hilean behin, kudeaketa zentralizatuko portuetako eta portu-instalazioetako itxarote-zerrendak eguneratu egingo dira, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak egindako ebazpenaren bitartez.
22. artikulua.– Itxarote-zerrenden funtzionamendua.
1.– Amarraleku bat hutsik geratzen denean, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak haren berri emango dio amarralekua okupatzea dagokion pertsonari, agindu honetan ezarritako amarralekuak emateko irizpideei eta itxarote-zerrendan egokitutako ordenari jarraikiz.
2.– Irizpide horiek honako egoera hauetan bakarrik aldatu ahal izango dira:
a) Portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak amarraleku bat aldatzearen aldeko ebazpena egin badu eta aldaketa hori ezin izan bada egin ebazpenaren egunean amarralekua aldatzeko baimendutako ontziaren neurrietara eta ezaugarrietara egokitzen den amarraleku erabilgarririk ez edukitzegatik.
b) Itxarote-zerrendako ontziaren neurriek ontziei traba egiten badiete maniobrak egiteko orduan, amarralekuaren kokapenari eta neurriei dagokienez.
3.– Amarralekua okupatzeko emakida portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak egindako ebazpen baten bidez emango da.
4.– Amarraleku hutsa betetzeko izapideak hasi aurretik, ontzia ordezkatzea edo aldatzea onartuko da, baldin eta ontzi berriak amarralekua eskatu zen ontziak baino neurri handiagoak baditu eta hasieran eskatutako amarraleku-kategorian badago. Ontzi berriaren neurriak direla-eta beste amarraleku-kategoria batean sartzen bada, dagokion amarraleku-kategoriako itxarote-zerrendako azken postura igaroko da.
23. artikulua.– Amarralekua erabiltzeko emakidaren baldintzak.
1.– Esleitutako amarralekua baimendutako ontzia soilik amarratzeko erabiliko du emakidaren titularrak. Esleitutako amarralekua ezin izango da ohiko bizileku gisa erabili.
2.– Esleipenaren titularrak ezin izango du obrarik, aldaketarik edo konponketarik egin esleitutako amarralekuan.
3.– Esleipenaren titularrak egoera bikainean mantendu beharko du baimendutako ontzia, flotagarritasunari zein garbitasunari dagokienez.
4.– Esleipenaren titularra baimendutako ontziaren mantentze-lanez arduratu behar da. Hala egiten ez badu, horrek portuko instalazioetan eragindako kalteen zein hirugarrenei eragindakoen erantzule izango da.
5.– Baimendutako ontziak esleitutako amarralekuko lokailuetara ondo lotuta egon beharko du beti. Esleipenaren titularraren ardura da hori.
6.– Organo kudeatzailea ez da lotuta dauden ontzien gordailuzaina, eta ez ditu zaintzen ontziak eta portuko barrutian dauden ondasun partikularrak. Portuaren eta portuko zerbitzu-guneen barruan ontziak, ibilgailuak eta mota guztietako objektuak jabeen kontura utziko dira eta haiek hartuko dute arriskua.
7.– Portua kudeatzen duen organoa baimendutako ontzietara igo ahal izango da, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak ebazpena egin eta gero, ontzi bat portuko beste toki batera mugitu edo lehorreratu behar dela erabaki denean. Ebazpen hori ez da nahitaezkoa izango, baldin eta mugitzeko beharra larrialdi- eta arrisku-egoeretatik eratortzen bada ontzietarako nahiz portuko instalazioetarako.
8.– Baimendutako ontzia ezin izango da portutik kanpo egon hilabete jarraian edo aldizkako bi hilabete (urte bateko aldian) baino epe handiagoan, organo kudeatzaileari jakinarazi ez bazaio. Aipatutako epea baino denbora gehiagoz portutik kanpo egonez gero, amarralekua gal liteke, kausa aztertu ondoren, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak justifikatuta dagoela uste ez badu. Justifikatuta dagoela uste izatekotan, ebazpen bidez onartuko du.
9.– Portua kudeatzen duen organoak amarralekua erabili ahal izango du dagokion ontzi baimendua bertan ez dagoenean, igarotzen ari diren ontzien eskaerei erantzuna emateko. Erabilera horren ondorioz, tasen legean ezarritako hobaria aplikatu behar da.
10.– Ontzian inor ez dagoenean, ontzia ez da konektatuta egongo sare elektrikora edo uraren hornidura-sarera. Baldintza hori betetzen ez bada, portuko zerbitzuen organo kudeatzaileak ontzia deskonektatu ahal izango du.
11.– 6. zerrendako ontziei dagokienez, 24 orduz edo gehiagoz kanpoan egongo badira, portua kudeatzen duen organoari jakinarazi beharko zaio irteera-eguneko 12:00ak baino lehen.
24. artikulua.– Dokumentuak eguneratzea.
1.– Urtero, amarralekua esleitzeko ebazpenaren egunetik zenbatuta, esleipenaren titularrak dagokion portuko organo kudeatzaileari idazpen-orria entregatu beharko dio, gehienez hilabeteko antzinatasunarekin eguneratua.
2.– Amarralekuaren eskaerarekin batera entregatutako iraungitze-data duten dokumentu eta baldintzak eguneratu beharko ditu esleipenaren titularrak, eta, horretarako, hilabeteko epea izango du iraungitze-datatik.
3.– Eskabideak egoki izapidetzeko, eskatzaileek organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dizkiote egiten dituzten aldaketak, helbideari, telefono-zenbakiari eta helbide elektronikoari dagokienez, bai eta adierazitako ontziaren ezaugarriei eta kontu korronteko zenbakiari dagokienez ere.
25. artikulua.– Emakida azkentzea.
1.– Hona hemen amarralekua erabiltzeko esleipena azkentzeko kausak:
a) Emakidaren epea amaitzea.
b) Emakidaduna hiltzea, agindu honetako 20.2 artikuluan aurreikusitako egoeran edo nortasun juridikoa azkentzen denean izan ezik.
c) Ofiziozko berrikuspena, administrazio-prozedurari buruzko legerian ezarritako egoeretan.
d) Titularrak uko egitea. Edozein unetan egin ahal izango dio uko, eta Administrazioak onartu beharko du, uko egiteak jabari publikoaren kalterako ez bada edo hirugarrenei kalterik eragiten ez badie.
e) Administrazioak emakida baliogabetzea.
f) Emakida iraungitzea.
2.– Emakida azkenduta, titularrak amarralekua utzi beharko du hamar eguneko epean, organo kudeatzaileak eskatzen dionetik hasita.
3.– Adierazitako denbora-tartea amaitzean ontzia ez bada kendu, Administrazioak ahalmena izango du ontzia bere baliabideekin kentzeko, eta neurri horrek sortzen dituen kostuak titularrak ordaindu beharko ditu. Gainera, etorkizunean instalazio horiek erabiltzea ukatuko zaio.
26. artikulua.– Emakida baliogabetzea.
1.– Administrazioak edozein unetan ezeztatu ahal izango du emakida arrazoietan oinarritutako ebazpen baten bidez eta titularrari entzun ondoren, ordainsariak ordaindu beharrik gabe, baldin eta baimena ondoren onartutako araudiarekin bat ez badator, jabari publikoan kalteak sortzen baditu, jabari publiko hori interes publiko handiagoko beste jarduera batzuetarako erabiltzea galarazten badu edo erabilera publikoari kalte egiten badio.
2.– Halaber, emakida baliogabetu ahal izango da baldin eta Administrazioak, ustiapen eraginkorragoa lortzeko, onar ditzakeen amarralekuen antolaketa-, kopuru- eta neurri-aldaketekin bat egiten ez badu.
3.– Egoera horietan, baliogabetutako emakida baten titularrak beste emakida bat eskatu ahal izango du sei hileko epean, eta hori itxarote-zerrendan gehituko da lehentasunez. Eskabide berria agindu honetan ezarritako baldintzen arabera egingo da.
27. artikulua.– Emakida iraungitzea.
1.– Hona hemen amarralekua erabiltzeko esleipena iraungitzeko kausak:
a) Emakida eman eta hilabeteko epean esleitutako amarralekua baimendutako ontziarekin ez okupatzea, justifikatutako arrazoiengatik izan ezik, zeinak portuen arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkion.
b) Hirugarren baten modulu bat edo amarralekua okupatzea zuzendaritzaren baimenik gabe.
c) Amarralekua hirugarren bati utzi edo alokatzea.
d) Emakidadunak amarralekurako baimena galdu ahal izango du amarralekua hilabete batez baino gehiagoz jarraian edo bi hilabetez txandaka urtebeteko aldian okupatzen ez badu, eta justifikatutako kausarik ez badago; portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak aztertu eta onartuko du hori.
e) Ontzia 24 orduz edo gehiagoz amarralekuan ez egotea, eta portua kudeatzen duen organoari irteera-eguneko 12:00 baino lehen ez jakinaraztea, kausa justifikaturik ez badago; hori portuen arloan eskumena duen zuzendaritzak aztertuko du, eta, egokia bada, onartuko du.
f) Titularraren edo ontziaren datuak aldatzea eta emakidarako baliagarriak izan ziren eta eskaeran eman ziren dokumentuak aldatzea Administrazioari behar bezala jakinarazi gabe.
g) Benetako neurriek eta eskabidean adierazitakoek bat ez egitea edo adierazitakoak gezurrezkoak izatea, baldin eta benetako guztizko neurrien eta eskabidean adierazitakoen arteko aldeak ontzia dagokion amarralekuan kokatzeko eta maniobra egokiak egiteko aukera ematen ez badu edo benetako neurriak amarralekura ondo egokitzen ez badira eta ondorioz esleipen-ordena aldatzen bada.
h) Dagokion jarduerarako indarreko legeriak eskatzen dituen baldintzak ez betetzea.
2.– Administrazioak adieraziko du iraungitzea, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzaren arrazoietan oinarritutako ebazpenaren bidez eta titularrari entzun eta gero. Amarralekua zuzendaritzaren esku geratuko da, berriz esleitzeko.
28. artikulua.– Datuak babestea.
1.– Abenduaren 13ko 15/1999 Legean xedatutakoarekin bat eginez, Euskal Autonomia Erkidegoko portuetako amarralekuen emakiden titularrek emandako datu pertsonalak «erabiltzaileak» izeneko fitxategi batean bilduko dira, eta portua kudeatzen duen organoa izango da fitxategiaren erantzulea.
2.– Fitxategi horrek erabiltzaileen informazioa kudeatzea du helburu, tasak kobratzeari eta portuaren kudeaketari dagokienez. Fitxategi horren berri emango zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eta datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurri guztiak izango ditu.
3.– Emakidaren titularrak emandako datuak eskuratu ahal izango ditu. Hala badagokio, horiek zuzentzeko, aurka egiteko edota ezerezteko aukera izango du, legeak adierazitakoari jarraikiz.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Indarreko aldi baterako baimenak.
Agindu hau indarrean jartzean amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenek zein Euskadiko Kirol Portuak SA erakundeak sinatutako errentamendu-kontratuek indarrean jarraituko dute portuan beste deialdi bat egin bitartean. Nolanahi ere, agindu honetako III. kapituluan ezarritakoaren eraginpean egongo dira.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Itxarote-zerrendak.
Agindu hau indarrean jarri aurretik dauden itxarote-zerrendek indarrean jarraituko dute portuan beste deialdi bat egin arte. Bitartean, eskabide berriak onartuko dira, eta horiei agindu honetako 21. artikuluan ezarritako araubidea aplikatuko zaie.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Agindua baliogabetu da, Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan eta portu-instalazioetan profesionalak ez diren laketontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako emakidak emateko prozedura arautzen duena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Garapena.
Portu eta portuen arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrari ahalmena eman zaio agindu hau aplikatzeko behar diren jarraibideak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 19a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.