EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017222

121/2017 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, informazioa trukatzeari buruzkoa.

Xedapenaren zenbakia: 201700121
Xedapenaren data: 2017-11-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201705599
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, informazioa trukatzeari buruzkoa; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 14KO 121/2017 EBAZPENARENA
Lankidetza-hitzarmena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artekoa, informazioa trukatzeari buruzkoa.
Madril, 2017ko urriaren 11.
BILDU DIRA:
Batetik, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, haren titular den Francisco Gómez Ferreiro zuzendari nagusia ordezkari dela, urtarrilaren 27ko 292/2012 Errege Dekretuaren bidez izendatua (2012ko urtarrilaren 28ko BOE).
Bestetik, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoa, haren titular den Julio Ángel Martínez Meroño zuzendari nagusia ordezkari dela, urtarrilaren 20ko 36/2017 Errege Dekretuaren bidez izendatua (2017ko urtarrilaren 21eko BOE).
Eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoa, Enplegu eta Gazteriako sailburuorde den Marcos Muro Nájera ordezkari dela, apirilaren 11ko 94/2017 Dekretuaren bidez izendatua (2017ko apirilaren 21eko EHAA), 2017ko urriaren 10eko Gobernu Kontseiluaren erabakiz gaitua egintza honetarako.
Alderdiek hitzarmen zehatz hau sinatzeko beharrezko gaitasun juridikoa aitortu diote elkarri, eta, ondorioz, honako hau
AZALDU DUTE:
Lehenengoa.– 1.– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra Gizarte Segurantzaren zerbitzu komun bat da, nortasun juridiko propioa duena, zeinetan, finantza-elkartasunaren eta kutxa bakarraren printzipioak aplikatuz, finantza-baliabide guztiak bateratzen baitira, aurrekontu-operazioen bidez zein aurrekontuz kanpokoen bidez; haren kargu daude funtsak, balioak eta kredituak zaintzea eta arreta orokorrak eta Gizarte Segurantzaren sistemaren betebeharren eskubide eta ordainketak biltzeko zerbitzuari dagozkionak.
Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren egitura eta eskumenak arautzen dituen ekainaren 20ko 1314/1984 Errege Dekretuak (aurrerantzean, GSDO), 1.a) artikuluan, enpresak inskribatzearen eta langileen afiliazio, alta eta bajen arloko eskumenak esleitzen ditu; arlo hori enpresak inskribatzeari eta Gizarte Segurantzan langileen afiliazio, alta eta bajei buruzko Araudi Orokorraren 3. artikuluan arautu zen gero, zeina urtarrilaren 26ko 84/96 Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen. Horretarako, aipatu araudiaren 52. artikuluan xedatuari jarraikiz, GSDOri dagokio langileen erregistro bat eramatea, Gizarte Segurantzaren Sistemaren erregimen bakoitzerako dagokion identifikazioarekin, baita onuradunak eta kotizatzeko betebeharra duten gainerako pertsonak ere. Halaber, aipatu errege-dekretuaren 1.b) artikuluaren arabera, arlo hauek kudeatu eta kontrolatzeko eskumenak ere badagozkio: kotizazioa eta Gizarte Segurantzaren finantzazio-sistemako kuoten eta gainerako baliabideen bilketa. Ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Dirubilketaren Araudi Orokorraren bidez arautu zen arlo hori gero.
2.– Bestalde, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (aurrerantzean, EEZP) egitura organikoa eta parte-hartze instituzionala onartzeko abuztuaren 1eko 1383/2008 Errege Dekretuaren 2. artikuluarekin bat (abuztuaren 20ko BOE, 201. zk.), Estatuaren Administrazio Orokorreko erakunde autonomo ere bada EEZP, eta zerbitzu horri ematen zaio gomendiotan enplegu-politikako programen eta neurrien antolamendua, garapena eta jarraipena, Enpleguari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren esparruan (urriaren 24ko BOE, 255. zk.), eta hauek dira haren eskumenak:
g) Enplegu Sistema Nazionalean barne hartutako informazio-sistemek sortutako datu-baseak mantentzea, eta enpleguaren, lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren eta langabeziagatiko estatu mailako babesaren arloko estatistikak egitea.
j) Langabeziagatiko prestazioen kudeaketa eta kontrola, hargatik eragotzi gabe Gizarte Segurantzaren sistemaren prestazioak eskuratu eta erabiltzeari buruzko lege-arauak eta arauzkoak betetzen direla zaindu eta exijitzeko betebeharra; Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 12. artikuluak Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko eta Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoko funtzionarioei esleitzen die betebehar hori.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten erakundeen eskumen-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan ezarrita dago. Bada, autonomia-estatutuaren 12.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak betearazi behar du lanaren arloko legediaren gaineko Estatuaren legeria. Halaber, autonomia-estatutu horren 16. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio irakaskuntza osoaren gaineko eskumena, hots, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian xedatua aplikatuz. Azkenik, estatutu horren 9.2c) artikuluak xedatzen duenez, euskal botere publikoek enplegua eta egonkortasun ekonomikoa sustatzen lagunduko duten neurriak hartu behar dituzte beti, haien eskumenen arloan.
Ondore horietarako, eta Transferentzien Bitariko Batzordearen erabakiaren bidez –azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren bidez onartua, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa– enpleguko politika aktiboen arloan Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako eskumenak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 8.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bigarrena.– Hau ezartzen du Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarriak:
«Aurrekontuen lege hau indarrean sartzen denetik hiru hileko epean, lankidetza-hitzarmen bat egingo da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, autonomia-erkidego honi ordaintzea dagozkion Gizarte Segurantzaren kontingentzia komunetako eta lanbide-heziketako kuoten hobarien finantzazioari dagokion informazio zehatza behar bezala helarazteko, 1441/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.
Hitzarmen honen xede diren datuek banakatutako informazioa gutxienez izango dute hobari-kolektibo bakoitzeko, langileen eta enpresen identifikazioarekin, horietako bakoitzari dagozkion kotizazio-oinarriekin eta enplegua sustatzeko programekin bat aplikatzen diren eta Euskal Autonomia Erkidegoak finantzatu behar dituen kenkariekin.
Halaber, hitzarmen honen xede diren datuek barne hartuko dute, lanbide-heziketako kuotei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lan-zentroetan enpresek aplikatzen dituzten hobari berak».
Hitzarmen hau sinatuz, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren B.2.b) eta B.3.c) ataletan jasotako egitekoen erabateko betearazpena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoari, bai enplegua sustatzeari dagokionez, bai enpresak, haren eskumenen esparruetan daudenak, enplegurako lanbide-prestakuntzarako kotizazio sozialetako hobariengatik kontrolatzeari dagokionez. Kotizazio sozialetako hobarien arloan Euskal Autonomia Erkidegoak finantzatutako zenbatekoak lehen aipatutako errege-dekretuaren G.3 atalean aipatutako egiaztagirien bidez gauzatzen dira.
Horri dagokionez, eta urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren testu bateginaren 77.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Gizarte Segurantzako Administrazioak, dituen diru-bilketa egitekoak baliatuz, aurretik eskuratutako datuak, txostenak edo aurrekariak erreserbatuak dira, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari gomendiotan emandako diru-bilketako helburuetarako soilik erabili ahal izango dira, eta ezingo zaizkie hirugarrenei utzi edo jakinarazi, salbu eta lagapen edo jakinarazpen horren helburua hauetako bat denean:
d) Beste administrazio publiko ororekiko lankidetza funts publikoen kargura –Europar Batasunekoak barne– diren laguntzak eskuratzeko edo lortzeko iruzurraren aurkako borrokan, baita Gizarte Segurantzaren sistemaren araubideetan prestazio bateraezinak eskuratzeko edo lortzeko iruzurraren aurkako borrokan ere.
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 9. artikuluaren arabera, datu pertsonalak babesteko fitxategiaren arduradunak eta, hala balegokio, baita tratamendu-eragileak ere, beharrezko diren neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartu behar dituzte datuen segurtasuna bermatzeko eta datu horiek aldatzea, galtzea, tratatzea eta baimenik gabe eskuratzea eragozteko; eta, teknologiaren unean uneko egoera, datuen izaera eta datu horiei eragin diezaieketen arriskuak –berdin gizakien ekintzetatik, natura-ingurunetik zein ingurune fisikotik etorri– kontuan izanez hartu behar dira neurri horiek. Horri dagokionez, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan daude –Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen erregelamendua onartzen duena– datu pertsonalak dituzten fitxategiek, informazioaren osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko, bete behar dituzten segurtasuneko oinarrizko arauak, herritarren ohore- eta intimitate-eskubidea babestuz, eta urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren bidez araututako Segurtasun Eskema Nazionalak zehazten du baliabide elektronikoak erabiltzean aplikatu behar den segurtasun-politika.
Hirugarrena.– 1.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen babespean den informazio-lagapena eta lankidetza da; lege horren 3.1.k) artikuluaren arabera, kooperazioa, lankidetza eta koordinazioa dira Administrazio Publikoen arteko harremanak gidatu behar dituzten printzipioak. Gainera, ez da alboratu behar, lege horren 3. artikuluarekin bat, Administrazio Publikoek objektibotasunez zerbitzatzen dituztela interes orokorrak, eta zerbitzu eraginkorra, sinpletasuna, argitasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna errespetatu beharko dituztela haien jardunean eta harremanetan, eta arrazionalizazio- eta arintasun-printzipioak administrazio-prozeduretan eta kudeaketako jarduera materialetan. Gainera, Administrazio Publikoek sistemen eta horietako bakoitzerako hartutako soluzioen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna bermatzen duten baliabide elektronikoen bidez izango dituzte harremanak haien artean, datu pertsonalak babestuko dituzte, eta, ahal dela, zerbitzuak batera emango dizkiete interesdunei.
2.– Halaber, eta 40/2015 Legearen 141. artikuluaren 1. zenbakiko C) letrarekin bat, Administrazio Publikoen lankidetza-egitekoa aplikatuz ondorioztatzen da gainerako administrazioei behar duten informazioa eman behar dietela haien eskumenak baliatuz egiten duten jarduerari buruz.
3.– Hitzarmen honen aplikazio-eremuan informazioa hornitzen denean, herritarren ohore-eskubidea eta norberaren eta familiaren intimitatea izateko eskubidea errespetatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluak xedatzen duenez, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.
Horren ondorioz, juridikoki zuzena denez, Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako manua betetzeko xedez, betiere alderdiek bermatuta informazioa zuzen erabiliko dela eta, nolanahi ere, sekretua eta herritarren intimitate-eskubidea bermatuko direla, hiru alderdiek erabaki dute lankidetza-hitzarmen hau egitea. Hona hemen:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017 Legearen azken xedapenetako hogeita hamazazpigarrenean aipatzen den informazioa ematea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eta Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoak Euskal Autonomia Erkidegoari.
Azaldutako ondorioetarako:
1.– Fitxategi multzo bat emango dio GSDOk Euskal Autonomia Erkidegoari hilero, telematikoki eman ere, hain zuzen ere, onura aplikatzen deneko kontingentzien gaineko kuoten likidazioetan hobari kontsignatuen guztizko zenbatekoaren langile-mailako informazioa biltzen duen fitxategi-multzo bat, berau bidali aurreko hilabeteari dagokiona. Lankidetza-hitzarmen honen eranskinean jasotakora doituko da fitxategien formatua eta edukia.
Hauek dira helarazi beharreko informazioaren ezaugarriak:
1) Fitxategi izendunak dira, eta, bertan, enpresa eta kotizazio-kontua adieraziko dira, langile-mailako xehetasunarekin.
2) Besteren konturako araubideak: langile-mailako informazioa barne hartzen du, hots, kontingentzia komunei eta profesionalei dagozkien kotizazio-oinarriak, hobari-zenbatekoa, kolektibo sustatua, lan-kontratu mota eta langilearen bestelako identifikazio-datu batzuk.
3) Norbere konturako araubideak eta etxea: langile-mailako informazioa barne hartzen du, hots, kotizazio-oinarriak, hobari-zenbatekoa, kolektibo sustatua eta langilearen bestelako identifikazioa-datu batzuk. Hobari horiek kotizazioen eta papereko buletinen –halakorik bada– likidazio-erreziboaren bidez egindako kobrantzei egiten diete erreferentzia.
4) Ez ditu barne hartzen: kuoten itzulketak, kontu-hartzaileen saldoak, zor-kobrantzak, atzerapen-kobrantzak, moratoriak...
5) Hobari gisa kontsignatutako kenkarien gakoen informazioa ere barne hartzen da.
2.– Hauen berri hilero emango dio EEZPk Euskal Autonomia Erkidegoari, haien lan-zentro guztiak autonomia-erkidego horretan dituzten enpresei dagokienez, eta haien datu-baseetan eta FUNDAEren datu-baseetan jasota dagoen informazioaren arabera:
a) Prestakuntzaren antolaketa: enpresak berak ala erakunde antolatzaile batek.
b) Ikastaroaren izena.
c) Ikastaroa zein lanbide-arlotakoa den.
d) Datak eta ordutegiak.
e) Izena eman duen parte-hartzaile kopurua eta amaitu dutenak.
f) Ordu-kopurua.
g) Prestakuntza eskaintzeko modalitatea: presentziala, teleprestakuntza, mistoa.
h) Nork eskainiko duen eta prestatzailea.
i) Lekua.
j) Kostua.
Lan-zentroak EAEn eta EAEtik kanpo dituzten enpresei dagokienez, lan-zentroa EAEn duten enpresetakoak diren parte-hartzaileei buruzko informazioa emango da, urtean bitan gutxienez eman ere: lehenengoa, ekitaldi bakoitzeko ekainaren 30ean (behin-behineko datua), eta, bigarrena, prestakuntza-gastua egin den hurrengo ekitaldiko lehenengo hiru hileetan (behin betiko datua).
Bigarrena.– Datuen babesa.
Ematen diren datuen kontrolerako eta segurtasunerako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen araudia onartzeko abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, eta GSDOk onartutako segurtasun-agiriak.
Agintariek, funtzionarioek eta hitzarmen honetan aurreikusten diren zerbitzuak ematearekin zuzeneko nahiz zeharkako harremana duten langile guztiek sekretu profesionala gordeko dute prestakuntzak dirauen artean eskura dituzten edo ezagutzen dituzten informazioei, agiriei eta gaiei dagokienez. Behartuta daude ezagutzen dituzten datuak publiko ez egitera edo besterentzera, baita hitzarmen honen indarraldia amaitu eta gero ere.
Betebehar hori urratzeak berarekin ekarriko du bidezko diren erantzukizun penal, administratibo eta zibilen pean erortzea, baita Datuak Babesteko Agentziak dagozkion eskumenak erabil ditzan onartzea ere.
Hirugarrena.– Lagapenaren mugak.
Lagapena justifikatzen duten egitekoak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko organoak soilik izango dira hitzarmen honetan aurreikusitakoa aplikatuz lagatako informazioaren hartzaile; egiteko horiek, indarreko legeria aplikatuz, hitzarmenean bertan jasota daude, baina ezingo dira inolaz ere hartzaile izan hitzarmen honen xede diren hobarien finantzazioa, zaintza eta kontrola ez diren bestelako egitekoak dituzten erakundeak, organoak edo entitateak.
Euskal Autonomia Erkidegoak onartzen du, eta agiri honen bidez bere gain hartzen, hitzarmen honetan zehazten diren xedeetarako lagatzen direla datuak, eta, beraz, datu horiekin egiten den bestelako erabilera oro hitzarmen hau ez betetzea izango da, eta horrek Diruzaintza ahalbidetuko du bidezko erantzukizunak eskatzeko.
Lagatako datuen erabiltzaileek egindako erabilera ez-egokien ondoriozko erreklamazioak gertatuz gero, erakunde lagapen-hartzailea izango da erantzulea Diruzaintzaren eta hirugarrenen aurrean. Diruzaintzak behin eta berriz jo ahal izango du erakunde lagapen-hartzailearen aurka ez-betetze horren ondorioz ordaindu behar duen kalte-ordainarengatik.
Hitzarmen hau dela bide ematen den informazioaren ondorio bakarrak beraren xedearen eta helburuaren ondoriozkoak izango dira. Beraz, informazioak ez du sortuko ez inolako eskubiderik ez eskubide igurikimenik interesdun edo eraginpekoen alde, eta ez du etengo beraren xede diren prozeduretako eskubideen eta betebeharren preskripzioa. Halaber, emandako informazioak ez du eraginik izango egiaztapen- eta ikerketa-jarduketen eta datuen aldaketen emaitzetan.
Euskal Autonomia Erkidegoak pertsona bat izendatuko du GSDOrekiko solaskide bakar, harreman eta komunikazioetarako. Beste pertsona bat izendatzea egoki irizten denean, GSDOri formalki jakinarazi beharko zaio.
Laugarrena.– Erregimen juridikoa.
Hitzarmen hau administrazioartekoa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluko 47. artikulutik eta 53.enera bitartean xedatutakoak arautzen du.
Bosgarrena.– Iraupena, aldaketa eta ebazpena.
40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren 1. puntuan xedatutakoaren arabera, hitzarmen hau perfekzionatzen da alderdi guztiek sinatzen dutenetik aurrera, eta 4 urteko indarraldia izango du Estatuko sektore publikoko organoen eta lankidetza-tresnen Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera; indarraldia amaitu baino lehen beste lau urterako luzatu ahal izango da sinatzaile guztiek hala adostuz gero.
Hitzarmen honen edukia uneoro eguneratu edo aldatu ahal izango da denak ados egonez gero; horretarako, hitzarmenari dagokion adenda sinatuko dute alderdiek, eguneratze edo aldaketa honek hitzarmenaren xedea, helburua edo edukia funtsean aldatzea badakar, betiere, eta Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen ahalari dagokion zazpigarren klausulan aurreikusian lekurik ez badu, betiere.
Hitzarmen hau ebazteko arrazoi izango da alderdi sinatzaileetakoren batek hitzarmenaren ondoriozko betebeharrak ez betetzea.
Hitzarmenaren ebazpena ez bada adostasunez egiten, era sinesgarrian eskatu beharko zaie beste alderdiei, bi hileko epean gutxienez.
Seigarrena.– Araubide ekonomikoa.
Hitzarmen honek ez du jasotzen bertan finantzazio-sistema bat ezartzea eskatzen duten gastuak egotea.
Horri dagokionez, administrazio esku-hartzaile bakoitzak bitarteko propioak erabiliz hartuko ditu bere gain hitzarmen hau betetzeko ekintzak.
Zazpigarrena.– Jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoak.
Hitzarmen hau betearazteko behar diren jarduerak koordinatzeko xedearekin, baita haren ikuskapena, jarraipena eta kontrola egiteko ere, Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzorde bat sortuko da: osaketa parekidea izango du, eta 6 kide izango ditu gutxienez (Eusko Jaurlaritzak izendatutako bi ordezkari, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoak izendatutako beste bi eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren zuzendari nagusiak izendatutako beste bi). Batzordearen erabakiek ordezkari guztien aldeko botoa eskatuko dute. Halaber, batzordean sartu ahal izango da, ahotsarekin, Administrazio Publikoaren zerbitzura diharduten langileak, beharrezko iritziz gero.
Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen eskumena izango da informazioa trukatzea ahalbidetzen duten prozedura egokienak ezartzea. Xede horretarako, berehalako trukea eta lankidetza oztopatzen duten eragozpen teknikoak kentzea sustatuko du batzorde horrek.
Zehazki, egiteko hauek ematen zaizkio gomendiotan Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordeari:
a) Hitzarmen hau zuzen betearazteko behar diren jarduerak koordinatzea, informazioa trukatzeko prozedura egokienak eta emandako datuak babestea bermatzen duten neurriak ezarriz, bereziki.
b) Kontrol-neurri egokiak hartzea, jasotako informazioa behar bezala zaintzen dela eta erabilera zuzena ematen zaiola ziurtatzeko.
c) Hitzarmen hau interpretatzean eta betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gatazkak argitzea.
d) Irizpide egokiak ezartzea hitzarmen honetan garatu gabeko alderdiak erregulatzeko.
Bitariko Batzordearen barnean, lan-talde espezifikoak eratu ahal izango dira Bitariko Batzordearen egitekoak gauzatzea errazteko.
Klausula honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen jarduna eta araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen II. atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean kide anitzeko organoen funtzionamendurako xedatutakoari lotuko zaizkio.
Alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordea, eztabaidatu beharreko gaiek edo egoerek hala eskatuz gero, betiere; urtean behi gutxienez bilduko da egindako lankidetzaren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko. Distantziatik egingo da Batzordearen funtzionamendu arrunta, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren arabera; dena den, lehendakariak, egoki iritziz gero edo Batzordeko beste kideren batek hala eskatuz gero, saio presentzialetara dei egitea erabaki lezake.
Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordeak ebatziko ditu hitzarmen honen interpretazioa eta betearazpena direla eta sortzen diren auziak. Subsidiarioki, eta hitzarmen honen administrazio-izaera aintzat hartuta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak izango du eskumena hitzarmen honen betearazpenean gerta litezkeen gatazkak ebazteko.
Halaber, bereizketa-maila handiagoko informazioa eta langilearen mailakoa izaten denean eskuartean, Bitariko Batzordeari horren berri emango zaio, informazio hori hileroko fitxategian sar dezan.
Zortzigarrena.– Eranskinen izaera juridikoa.
1.– Hitzarmen hau sinatzean, eranskin bat gehituko zaio, hitzarmenaren parte izango dena, eta, beraz, alderdi sinatzaileek nahitaez bete beharrekoa izango da.
2.– Eranskinean jasoko dira fitxategien diseinua eta formatua, transmisio-sistema eta eman beharreko datuen aldizkakotasuna eta detailea. Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordeak baloratuko ditu fitxategiek jasan litzaketen aldaketak eta trukeari buruzko gainerako parametroak, eta ez da beharrezko izango hitzarmena aldatzea edo adenda bat sinatzea.
Bederatzigarrena.– Transferentzien Bitariko Batzordeari jakinarazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan aurreikusitakoa (2. xedapen iragankorra).
Hitzarmen honen berri emango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren bigarren xedapen iragankorren aurreikusitako Transferentzien Bitariko Batzordeari, jakinaren gainean egon dadin, 1441/2010 Errege Dekretuan xedatu bezala (1441/2010 Errege Dekretua, azaroaren 5ekoa, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa).
Eta adostasuna adierazteko, hitzarmen hau izenpetzen dute parte-hartzaileek, bi aletan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren izenean,
FRANCISCO GÓMEZ FERREIRO.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren izenean,
JULIO ÁNGEL MARTÍNEZ MEROÑO.
Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean,
MARCOS MURO NÁJERA.