EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017225

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 21ekoa, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez konpetentzia profesional batzuk ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurarako deialdia egiten baita. Konpetentzia profesional horiek dira, hain zuzen ere, UVESCO enpresako langileentzako lanbide-kualifikazio berezi batzuen barruan jasotako prestakuntzako bide ez-formalen bitartez edo lan-esperientziaren bitartez hartutakoak.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-11-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201705699
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/11/18an argitaratutako 2015/11/10reko 201500211 DEKRETUA

Lan-esperientziaren bidez hartutako konpetentzia profesionalak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko erabili behar den prozedura eta bete behar diren baldintzak ezartzen ditu, bai eta ebaluazio horren ondorioak eta konpetentzien egiaztapena ere. Errege-dekretu hori oinarrizko lege-esparrua da estatuko lurralde osoan, adierazi den prozedura betetzeko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak (haren bidez, lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan) prozeduraren antolaketa-egitura zehazten du 3. artikuluan, eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren funtzioak eta parte-hartzea 4. eta 5. artikuluetan.
Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 7. artikuluak dioenez, deialdi espezifikoak egin ahal izango dira, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak detektatzen dituen beharrizanen arabera.
Zehazki, deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta UVESCOk 2017ko azaroaren 21ean sinatutako lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren egiten da, eta enpresa horretako langileei zuzenduta dago, baldin eta azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 8. artikuluan ezartzen dituen prozeduran parte hartzeko baldintzak betetzen badituzte. Deialdiaren bidez, horretan interesa dutenei aukera eman nahi zaie profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko.
Beraz, honako hau
EBAZTEN DUGU:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen bidez, lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurarako deialdia egin nahi da, azaroaren 10eko 2011/2015 Dekretuari jarraikiz betiere, ebazpen honen I. eranskinean zerrendatuta dauden konpetentzia-atalei dagokielarik, batez ere UVESCOko langileei.
2. artikulua.– Deialdiko lanpostuak.
Deialdiko lanpostuak 20 dira, eta UVESCOko langileek bakarrik har dezakete parte prozeduran baldin eta azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte –lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen ditu dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan–.
3. artikulua.– Prozedurari buruzko informazioa eta orientabidea.
UVESCO izango da arlo horretako jardueren erantzulea, eta Donostiako Zubiri-Manteo BHIrekin lankidetzan arituko da, institutu hura arduratuko baita deialdi honetako prozedura kudeatu eta garatzeaz.
4. artikulua.– Hautagaien betekizunak.
1.– Konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdi espezifiko honetan parte hartu nahi dutenek UVESCOko langileak izan behar dute, eta, gainera, deialdi hau indarrean jartzen denean bete beharko dituzte azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuan jasotako baldintzak, hauexek:
a) Espainiar nazionalitatea izatea, Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela lortu izana, edo Espainian bizilekua izateko baimena edo bizilekua izateko eta lan egiteko baimena indarrean izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako terminoetan.
b) Izena emateko unean 20 urte beteak izatea.
c) Egiaztatu nahi dituzten konpetentzia profesionalen inguruko lan-esperientzia edo prestakuntza izatea:
1) Lan-esperientziaren kasuan: deialdia baino lehenagoko azken 10 urteetan, 3 urte behintzat justifikatzea, eta, gutxienez, lan egindako 2.000 ordu guztira.
2) Prestakuntzaren kasuan. Deialdi honen 2. artikuluan konpetentzia-atal bakoitzarentzat ezarritako ordu kopurua edo ordu gehiago egiaztatzea.
2.– Ezin dute deialdi honetan parte hartu baldintza hauetakoren bat betetzen duten pertsonek:
a) Deialdiaren barruko konpetentzia-atalen inguruko Lanbide Heziketako titulu edo profesionaltasun-ziurtagiri bat izatea.
b) Konpetentzia-atalak egiaztatuta dituztenek.
5. artikulua.– Aurreinskripzioak, aurkezteko lekuak eta dokumentuak.
1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsonek aurrez izena emateko eskabidea bete behar dute, deialdi honen II. eranskinean ageri den eredu ofizialean. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunetik deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).
2.– Hautagaiek ez badituzte betetzen eskakizun guztiak edo datu faltsuak ematen badituzte, galdu egingo dute deialdian parte hartzeko eskubidea.
3.– Aurrez izena emateko eskabidea behar bezala bete ondoren, Donostiako Zubiri-Manteo BHI institutuan aurkeztu beharko da. Gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan adierazten dituen lekuetan aurkez daiteke.
Posta-bulegoren batean aurkezten badute, irekita eramango dute gutun-azala, noiz aurkeztu duten adieraz dezan bulegoak.
4.– Aurrez izena emateko eskabidearekin batera, prozeduran parte hartzeko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, dokumentu hauek aurkeztuko dira:
1) NANaren edo AIZren fotokopia edo Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria (edo jaioterriko nortasun-agiria edo indarrean den pasaportea), edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela, edo Espainian bizitzeko edo lan egiteko indarrean den baimenaren titular izatea. Azken kasu horretan, jaioterriko nortasun-agiriaren kopia ere aurkeztuko da, edo pasaportearena, eskatzaileak ez badu baimentzen datuen kontsulta egitea Presidentzia Ministerioak nortasun-datuak egiaztatzeko duen sisteman –indarrean egon behar du pasaporteak–.
2) Hautagaiaren lanbide- eta prestakuntza-historia, Europako curriculum vitaearen ereduan, edo, horren ezean, ebazpen honen 5. artikuluan araututako baldintzaren bat betetzen dela egiaztatzeko agiriak. Hori horrela.
a) Prestakuntza ez-formala argudiatuz gero, egiaztatu nahi diren konpetentzia profesionalekin loturiko prestakuntza ez-formalaren zerrendaren bidez eta prestakuntza horren egiaztagirien fotokopia aurkeztuz, zeinak honako baldintza hauek bete beharko baititu:
– Egiaztagiriek honako hauek adierazi beharko dituzte: edukiak, iraun duen ordu-kopurua, noiz egin den eta gainditu duela, positiboki ebaluatua izan dela edo aprobetxamenduz egin duela dioen adierazpen formala.
– Prestakuntzaren iraupena kredituen bidez adierazita baldin badago, zenbat orduri dagozkion zehaztu behar da.
– Ez dira 10 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak baloratuko, ezta jardunaldietara, sinposioetara, ekitaldietara eta antzekoetara joan izana ere.
– Jasotako prestakuntzak lotura izan behar du egiaztatu nahi diren konpetentzia-atalekin.
b) Lan-eskarmentuaren bidea baliatu nahi baldin bada prozeduran aurrez izena emateko, UVESCOko langileek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte:
– Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatutako mutualitatearen ziurtagiria, enpresaren izena, lan-kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio-aldia ageri direna, eta
– Soldatapeko gisa lan egin duen denbora-tarteetarako: eta, era berean, lan-esperientzia zer enpresatan eskuratu duen, enpresa horren lan-kontratua edo ziurtagiria, kontratuaren iraupena, egindako jarduera eta jarduera hori egiten emandako denbora espezifikoki ageri direna. Ziurtagiri-eredu bat dago eskuragarri Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).
– Denbora-tarteren batean lan egin badu autonomo gisa edo bere kontura: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren edo Itsasoko Gizarte Institutuaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzan dagokion erregimen berezian alta egindako aldiena. Horrez gain, garatutako jardueraren deskribapena eta jarduera hori egin duen denbora-tartea. Ziurtagiri-eredu bat dago eskuragarri Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).
– Denbora-tarteren batean boluntario edo bekadun aritu bada: laguntzen jardun duen erakundearen ziurtagiri bat, guztira emandako orduen kopurua berariaz adierazten duena (baremazio-helburuetarako, orduen kopurua zati zortzi egingo da egun kopurua kalkulatzeko). Horrez gain, ziurtagirian aipatuko dira egindako jarduerak eta egin diren denbora-tartea, eta adierazi beharko da jarduera horiek zerikusirik ba ote duten eskatu nahi dituen konpetentzia-atalekin. Ziurtagiri-eredu bat dago eskuragarri Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).
5.– Lan-esperientzia edo prestakuntza direla-eta ebazpen honen bosgarren atalean adierazitako baldintzak betetzen dituzten 25 urtetik gorako pertsonek aurreko zenbakian aipatutako agirien bidez betekizunok justifikatu ezin badituzte ere, prozeduran eman ahal izango dute izena. Justifikazioa zinpeko deklarazio bidez edo Zuzenbidean onartutako frogaren bat erabiliz aurkeztuko dute. Deialdi honetarako eratutako hautaketa-batzordeak kasu horiek aztertuko ditu eta, aurkeztutako frogek behar beste justifikatzen badute, behin betiko inskribatuko dira. Dagokion ziurtagiri-eredua dago eskuragarri Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus).
6.– Hautagaiek aurkeztu beharko dituzte eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak eta haien kopiak. Fotokopiak soilik jasoko dira, eta ez zaizkio hautagaiari itzuliko, prozeduraren baitan geratuko baitira. Jatorrizko agiriak aurrez izena emateko unean itzuliko zaizkio eskatzaileari, eta pertsona horren erantzukizuna izango da agiriak jasotzea.
7.– Hautagaiek ez badituzte betetzen eskakizun guztiak edo datu faltsuak ematen badituzte, galdu egingo dute deialdian parte hartzeko eskubidea.
6. artikulua.– Aurrez izena emateko eskabideak aurkezteko epea.
Aurrez izena emateko eskabideak 2017ko azaroaren 27tik 29ra bitartean aurkez daitezke, bi egun horiek barne.
7. artikulua.– Prozeduran parte hartzeko onartzea edo baztertzea.
Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonak onartzeko edo baztertzeko, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak 9.2 artikuluan arautzen duena beteko da –lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen ditu dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan–.
8. artikulua.– Behin-behineko zerrendak onartzea eta argitaratzea.
1.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2.5 artikuluari jarraikiz, hautaketa-batzordeak prozeduran onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta 2017ko azaroaren 30ean argitaratuko du zerrenda, Zubiri-Manteo BHI institutuan.
2.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 8. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonen kopurua deialdi honetarako aurreikusitako plaza-kopurua baino handiagoa bada, honako lehentasun hauek ezarriko dira:
a) Azken 10 urteetan lanbide-prestakuntzaren esparru berariazkoan lan-eskarmentu handiagoa lortu izana egiaztatzea, lan egin den enpres(ar)en ziurtagiri bat eta lan-bizitzaren laburpen bat aurkeztuta. Puntu 1 emango da lan egindako egun bakoitzeko.
b) Berdinketa gertatuz gero, zaharrena den pertsona nagusituko da.
9. artikulua.– Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak aurkezteko epea.
1.– Hautagaiek, behin-behineko zerrendak argitaratu ondorengo egunetik aurrera, 5 egun baliodun izango dituzte egoki deritzoten erreklamazioak egiteko, eta, hala badagokio, behar diren ziurtagiriak aurkezteko.
2.– Erreklamazioak idatziz aurkeztu behar dira Zubiri-Manteo BHI institutuaren idazkaritzan, prozeduran aurrez izena emateko lekuan, eta hautaketa-batzordeari zuzenduko zaizkio.
10. artikulua.– Behin betiko zerrendak onartzea eta argitaratzea.
1.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2.6 artikuluari jarraikiz, erreklamatzeko epea bukatu eta biharamunetik aurrera hautaketa-batzordeak onartu eta argitaratuko du, Zubiri-Manteo BHI institutuan, prozeduran onartu diren pertsonen behin betiko zerrenda, baita erreserba-egoeran geratzen diren pertsonena eta baztertu diren pertsonen zerrenda ere (baztertuak izateko arrazoia adieraziko da baztertutakoen zerrendan).
2.– Behin betiko zerrendaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari. Hilabeteko epea izango da errekurtsoak jartzeko, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta elkarrekin emandako ebazpen baten bidez ebatziko dira aurkeztutako errekurtsoak.
11. artikulua.– Prozeduraren faseak:
Hiru fase hauetan egingo da konpetentzia profesionalak aitortzeko, ebaluatzeko egiaztatzeko eta erregistratzeko prozedura:
a) Aholkatzeko fasea.
b) Konpetentzia profesionala ebaluatzeko fasea.
c) Konpetentzia profesionala egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.
12. artikulua.– Aholkatzeko fasean izena ematea.
1.– Hautapen-prozesuan onartu dituzten eta aholkularitzarako 24,48 euroko tasa ordaindu duten pertsonek joko dute aholkularitza-fasera, artikulu honen 5. zenbakian aipatzen den epean.
2.– Ez baldin badira ezarritako epean ordaintzen deialdian agindutako tasak, prozeduran parte hartzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta prozeduran atzera egite hori Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariaren edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez deklaratu beharko da.
3.– Deialdi honen III. eranskineko eredua erabili behar da aholkatzeko fasean izena emateko. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunetik deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).
4.– Aholkularitzan izena emateko eskabideak Donostiako Zubiri-Manteo BHI institutuan aurkeztu beharko dira.
5.– Izena emateko epea 2017ko abenduaren 18tik 22ra bitartekoa izango da, bi egunak barne; 2018ko urtarrilaren 2a izango da lehenago aipatutako tasa ordaintzeko azken eguna.
6.– Tasa hori ordaintzetik salbuetsita egongo dira terrorismoaren biktima diren eskatzaileak, baldin eta frogatzen badute, organo eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, larritasun bereziko kalte pertsonal fisikoak edo psikofisikoak izan dituztela. Salbuetsita geratuko dira orobat beren ezkontideak edo, ezkontzaren antzeko harreman afektiboa izanik, haiekin modu iraunkorrean bizi direnak, eta haien seme-alabak.
13. artikulua.– Aholkatzeko fasea betetzeko modua.
1.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluak arautzen duen moduan egingo da –dekretu horrek lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan–.
2.– Aholkatzeko faseak nahitaezko izaera du; beraz, hautagaia ez baldin bada, justifikatutako arrazoirik gabe, deitua izan den aholku-saioetara aurkezten, galdu egingo du ebaluazio-fasean parte hartzeko eskubidea. Hautagaiak, bilera egiteko eguna igaro ondorengo hiru egunetan idatziz eta frogagiriak aurkeztuta, behar bezala justifikatzen baldin badu bilerara ez joateko arrazoia, beste bilera bat hitzar daiteke, aholkularitza emateko epeen barruan.
3.– Aholkatzeko faseko jarduerak 2018ko otsailaren 28an bukatuko dira.
14. artikulua.– Ebaluaziorako inskripzioa.
1.– Deialdi honen VI. eranskineko ereduaren bidez egingo da ebaluaziorako inskripzioa. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunetik deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).
2.– Aholkularitza-fasea amaitu ondoren egingo du hautagaiak ebaluaziorako inskripzioa, 2018ko otsailaren 1etik 28ra bitartean, biak barne.
3.– Ebaluazioa egiteko izena emateko, 12,24 euro ordaindu beharko dira izena emandako konpetentzia-atal bakoitzarengatik. 2018ko martxoaren 7a izango da tasa ordaintzeko azken eguna.
4.– Hautagai bat ebaluatzeko fasea dagokion tasa ordaintzen denean hasiko da.
5.– Ebaluazioa egiteko tasatik salbuetsita geratuko dira terrorismoaren biktimak diren eskatzaileak, betiere, larritasun bereziko kalte pertsonal fisikoak edo psikofisikoak izan dituztela egiaztatzen badute; salbuetsita egongo dira orobat haien ezkontideak, antzeko harreman afektiboa izanik haiekin modu iraunkorrean bizi direnak eta haien seme-alabak.
6.– Ez baldin badira ezarritako epean ordaintzen artikulu honetako 3. zenbakian adierazitako tasak, prozeduran parte hartzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta prozeduran atzera egite hori Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez deklaratu beharko da.
15. artikulua.– Ebaluazio-fasearen garapena:
1.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluak arautzen duen moduan egingo da –dekretu horrek lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan–.
2.– Hautagaia izena emandako konpetentzia-atal bakoitzean ebaluatua izango da, zernahi delarik ere aholkulariaren txostenaren emaitza.
3.– Konpetentzien ebaluatzeak izaera praktikoa izango du batik bat, eta probak lan-egoera simulatuetan edo proba teoriko-praktikoetan egingo dira.
Hautagaia justifikatu gabe azaltzen ez bada fase horretako edozein jarduera egiteko ebaluatzaile batekin edo ebaluazio-batzordearekin zuen hitzordu batera, ulertuko da uko egin diola prozeduran parte hartzen jarraitzeari, eta hori jasoko da bere espedientean.
4.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikulua betez horretarakoxe eratuko den ebaluazio-batzordeak egingo du ebaluazio-lana –dekretu horrek lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionala ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan–.
5.– Ebaluazio-batzordeak akta batean jasoko ditu ebaluazio-emaitzak, honela adierazita:
– «Frogatua», baldin eta, ebaluazioaren emaitza zehaztean, ebidentziek erakusten badute hautagaiak konpetentzia egiaztatu duela ebaluatutako konpetentzia-atalean.
– «Frogatu gabea», baldin eta, ebaluazioaren emaitza zehaztean, ebidentziek ez badute erakusten hautagaiak konpetentzia egiaztatu duenik ebaluatutako konpetentzia-atalean.
6.– Ebaluazio-faseko jarduerak 2018ko ekainaren 1ean bukatuko dira.
16. artikulua.– Behin-behineko aktak argitaratzea.
1.– Behin-behineko ebaluazio-aktak 2018ko ekainaren 4an argitaratuko dira, Zubiri-Manteo BHI institutuan.
2.– Behin-behineko emaitzaren aurka, interesdunak erreklamazioa aurkeztu ahal izango du, bost egun balioduneko epean, behin-behineko aktak argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.– Erreklamazio hori idatziz aurkeztu behar da Zubiri-Manteo BHI institutuko idazkaritzan. Ebaluazio-batzordeko batzordeburuari zuzenduko zaio erreklamazioa, eta hark ebatziko du.
17. artikulua.– Behin betiko aktak argitaratzea.
1.– Ebaluazio-batzordeak 2018ko ekainaren 13an argitaratuko ditu behin betiko ebaluazio-aktak, Zubiri-Manteo BHI institutuan.
2.– Ebaluatua izan den pertsonak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake behin betiko ebaluazioaren aurka. Hilabete bat izango du horretarako, argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.– Gora jotzeko errekurtsoa Zubiri-Manteo BHI institutuko idazkaritzan aurkeztu behar da, idatziz. Plangintza eta Antolaketako zuzendariari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari zuzendu behar zaio errekurtsoa, eta elkarrekin emandako ebazpen baten bidez ebatziko dute.
18. artikulua.– Konpentsazio ekonomikoak.
Prozedurako aholkulariei, ebaluatzaileei edo ebaluazio-batzordeko kideei azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren eranskinean ezarritako konpentsazio ekonomikoak emango zaizkie –dekretu horrek ezartzen ditu lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoan–. UVESCOk ordainduko ditu osorik konpentsazio horiek.
19. artikulua.– Konpetentzia profesionala egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.
1.– Egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak 13. artikuluan arautzen duen moduan egingo da konpetentzia profesionala egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea –dekretu horrek lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionala ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan–.
2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2018ko ekainaren 25etik aurrera egiaztatuko ditu aitortutako konpetentzia-atalak, eta egiaztapen horiek egiteko, ebaluazio-batzordeek egindako aktei erreparatuko die (Lan-eskarmentuaren bidez lortutako konpetentzia profesionalak aitortzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren III-A ereduaren arabera egingo dira akta horiek).
3.– Ebaluazio positiboa lortu duten pertsonek 30 egun izango dituzte ziurtagiriak eskuratzeko, Zubiri-Manteo BHI institutuan. Epe hori bukaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako edozein ikastetxe integratutan eskatu beharko da ziurtagiria.
20. artikulua.– Prestakuntza-plana:
Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesu osoa amaitzean, Ebaluazio Batzordeak idazki bat igorriko die deialdi honetan arautzen den prozeduran parte hartu duten guztiei, eta honako alderdi hauek adieraziko dira idazki horretan, pertsona bakoitzari dagokionaren arabera:
a) «Frogatu gabeko» konpetentzia-atalak hurrengo deialdietan egiaztatzeko prestakuntza-aukerak eta aukera horiei dagozkien orientabideak.
b) Prestakuntza osatu eta loturik dauden profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-heziketako tituluak eskuratzeko prestakuntza-aukerak eta horiei dagozkien orientabideak.
21. artikulua.– Dokumentuak kentzea.
Prozedurari buruzko espedientea, non prozeduran zehar sortutako erregistro eta emaitza guztiak jasota egongo diren, ikastetxe nagusiak gordeko du, bost urtez. Ondoren, suntsituak izango dira dokumentuak.
22. artikulua.– Kalitatea kudeatzeko sistemak.
Konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura honek kalitatea kudeatzeko sistemak izango ditu, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako helburuak lortu eta printzipioei eutsiko zaiela ziurtatzeko.
23. artikulua.– Pribatutasun-politika.
1.– Parte-hartzaileen datu pertsonalak deialdiaren oinarrietan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko ekainaren 15eko Aginduan adierazitako moduan eta xedearekin tratatuko dira. Horretarako, eskatzaileen berariazko baimena lortu beharko da.
2.– Konpetentzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura izapidetzen duten organoek beren aplikazioetan dituzten datu pertsonalak erabiliko dituzte, prestakuntza-eskaintza loturikoak antolatu eta prozedura kudeatzeko.
3.– Datuak prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako bakarrik erabiliko diren datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuta egongo dira. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua bat etorriko dira Izaera pertsonaleko datuak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin.
4.– Edozein unetan erabil daitezke 15/1999 Legeak arautzen dituen eskubideak eta, bereziki, datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak. Helbide honetara jo behar da, idatziz, eskubide horiek erabiltzeko: Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolamendu Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
24. artikulua.– Parte ez hartzea eta errefusatzea.
1.– Aholkulari edo ebaluatzaile izendatzen diren pertsonek ez diete aholkurik emango edo ebaluaziorik egin beharko hautagaiei, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. artikuluan arautzen dituen egoeraren batean baldin badaude.
2.– Egoera horietakoren batean gertatzen baldin badira, egoera horretan dauden aholkulariek eta ebaluatzaileek horren berri eman behar diote beren ebaluazio-batzordeko batzordeburuari, eta azken horrek Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari (EEI-IVAC).
3.– Era berean, hautagaiek errefusatu ahal izango dituzte aholkulari edo ebaluatzaile izendatutako pertsonak, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 24. artikuluan arautzen dituen egoeraren batean baldin badaude.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Sailburuorde horrek emango du ebazpena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari entzun ondoren.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 21a.
Lanbide Heziketako sailburuordea,
JORGE ARÉVALO TURRILLAS.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.