EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017245

AGINDUA, 2017ko abenduaren 18koa, Segurtasuneko sailburuarena, larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak edo plaka-diplomak emateko prozedura hasten duena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-12-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201706231
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/12/01ean argitaratutako 2017/11/21eko 201700253 DEKRETUA

Eusko Jaurlaritzaren larrialdien eta babes zibilaren arloko sariei buruzko azaroaren 21eko 253/2017 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denez, «domina edo plaka-diploma emateko espedienteari ofizioz emango zaio beti hasiera, urtero, segurtasun publikoaren arloan eskumena daukan sailburuak erabakia hartu ondoren eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den agindu baten bidez».
Xedapen gehigarrian ezartzen denaren arabera, 2018. urtean dominak jarri eta plaka-diplomak edo diplomak eskura emateko ekitaldia 1-1-2ren Europako Egunarekin batera izan dadin, edo egokitasun-arrazoien ondorioz egun horretatik gertu, domina edo plaka-diploma emateko espedientea hasteko aginduak hamar egunera laburtu ahal izango du dekretu honen 10.2 artikuluan ezarritako epea.
Hori dela eta, agindu honen bidez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzaren larrialdien eta babes zibilaren arloko sariei buruzko azaroaren 21eko 253/2017 Dekretuan araututako dominak edo plaka-diplomak emateko espedientea irekitzeko erabakia hartzea.
Bigarrena.– Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren oinarrizko zerbitzuak edo zerbitzu osagarriak beren mende dituzten administrazio publiko, erakunde, entitate, profesionalen edo boluntarioen organizazio edo elkarte, enpresa publiko nahiz pribatuek sari horiek emateko proposamen arrazoituak egin ahal izango dituzte, hamar eguneko epean Aldizkari Ofizialean prozeduraren hasiera argitaratzen denetik kontatzen hasita. Dena den, prozedura hasi aurretik jasotako proposamenak ere kontuan hartuko dira.
Hamar eguneko epe hori Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen.
Proposamenak eskura aurkez daitezke Zuzenean-Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Bizkaia: Kale Nagusia 85, 48001 Bilbao; Gipuzkoa: Andia 13, 20003 Donostia; Araba: Ramiro Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz), edo, baita ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako gainerako lekuetan.
Hirugarrena.– Proposamenetan datu hauek jaso behar dira, eta haiekin batera dokumentazio hau aurkeztu:
a) Proposamena egiten duen entitatearen identifikazioa.
b) Saria jasotzeko proposatzen den pertsona fisikoaren edo juridikoaren datuak (pertsona fisikoen kasuan, sexua adierazita).
c) Eskatzen den saria eta, domina bada, bereizgarri mota zehaztuta.
d) Proposamena egiten duenaren eta proposatzen den pertsonaren jakinarazpenetarako helbidea.
e) Proposatzen den saria merezi izatea justifikatzen duen memoria, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo jarduerak modu zehatzean jaso eta saria merezi izateko arrazoiak adierazten dituena.
f) Proposamena egiten duenak egokitzat jotzen duen beste edozein dokumentu.
Laugarrena.– Argitara bedi agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bosgarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 18a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.