EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

267/2017 DEKRETUA, abenduaren 5ekoa, Ertzaintzan jasotzen diren ordainsarien eta konpentsazioen araubidea zati batean aldatzen duena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700267
Xedapenaren data: 2017-12-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201706292
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 1997/12/24an argitaratutako 1997/12/16ko 199700298 DEKRETUA aldatzen du
  • 2012/01/20an argitaratutako 2012/01/17ko 201200005 DEKRETUA aldatzen du

Euskadiko Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legeak Ertzaintzako langileen zerbitzu-ondoriozko kalte-ordainak eta ordainsari osagarriak egokitzeko aukera aurreikusten du hamabosgarren xedapen gehigarrian.
Xedapen horretan ezarritakoaren arabera, «Salbuespen gisa, 2017ko ekitaldian zehar, Segurtasun Sailaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bidez egokitu ahal izango ditu Ertzaintzako langileen zerbitzu-ondoriozko kalte-ordainak eta ordainsari osagarriak, lanpostu bakoitzari esleitzen zaizkionak lanpostuaren edukiari dagozkionak direla ziurtatzeko, betiere finantzaketa egokia badago eta 2223 programako kredituen gehikuntza eragiten ez bada («Ertzaintza Zerbitzuan»)».
Hartara, xedapen bereko bigarren zenbakian zehazten denez, «Ertzaintzako funtzionarioen ordainsarien arloko arautegiak aurreikusi ahal izango du berariazko osagarriak buruzagitza-eginkizun bereziei lotutako alderdi bat ere izango duela. Eginkizun horiek eskala gorenerako eta betearazpen-eskalarako erreserbatutako zuzendaritza-izaerako lanpostuei daude atxikita».
Beraz, beharrezkoa da Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuaren arauketa egokitzea, bai eta Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretuarena ere; izan ere, xedapen horietan jasotako zenbait alderdi konpentsatzaile aplikatuta izan den esperientziak erakutsi du komeni dela aldaketa batzuk egitea, betiere, funtzionario-prestazioaren eta haren kontraprestazioaren artean aurreikusita dagoen gaur egungo baliokidetasunari eutsita. Hala, aldaketa horien bidez, egin berri diren zenbait auditoretza-txostenetan bildutako gomendioak jaso nahi dira, zenbait kontraprestazioren izaeraren karakterizazio zehatzagoa bultzatu, zeinak gehiago diren ordainsari kalte-ordain baino, eta, aldi berean, arauketa sinplifikatu, errazagoa izan dadin espedienteak modu ordenatuan kudeatzea.
Gomendio horiek aintzat hartzeko, beraz, ezinbestekoa da 5/2012 Dekretua aldatzea (2012ko urtarrilaren 17koa da, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa), baita Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretua ere.
Horregatik, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2017ko abenduaren 5ean egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Aldatzea Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretua, eta, zehazki, aldaketa hauek sartzea:
1.– Gehitzea e) letra 14. artikuluaren 1. zenbakiari; honela geratzen da idatzita:
«e) Ordutegi malgua duten ikerketa arloko langileak, herritarren babeserako zereginetan aritzen badira eremu horretako operatibo batean, edo berezko zereginak egiten badituzte herritarren babeserako langileekin batera jarduten duten operatibo espezifiko batean, betiere, egoera horiek atsedenegun programatu batean izan badira. Ertzaintzako zuzendariaren txosten baten bidez egiaztatuko da aipatutako egoera horietan zerbitzua eman dela».
2.– Aldatzea 17. artikuluko 1. zenbakia; honela geratzen da idatzita:
«1.– Sailak eta unitate-burutzek deitutako bileretara eta jardueretara joateko funtzionarioak bizi den herritik edo lantokitik kanpo joan behar badu, eskubidea izango du:
a) Bidaia-gastuengatik kalte-ordaina jasotzeko, egun horretako plangintzaren arabera lantokira joateko baino joan-etorri luzeagoa egiteagatik dagoen kilometroen diferentziari dagokiona, baldin eta Sailaren lokomozio-biderik erabili ez badu.
b) Otordu-gastuengatik kalte-ordaina jasotzeko; baldin eta bilera edo jarduera luzatu delako otordua bizi den herritik edo lantokitik kanpo egin behar badu.
Dagozkion kalte-ordainak jasotzeko, egiaztatu egin behar dira bai bilera-deia egin zaiola edo hierarkian goragoko mailan dagoenak aldez aurretiko baimena eman diola, bai bileraren edo jardueraren arrazoia ere».
3.– Ezabatzea 19. artikuluko 3. paragrafoa.
4.– Ezabatzea 27. artikuluko 3. paragrafoa.
5.– Ezabatzea 29. artikuluko 3. paragrafoa.
6.– Azken xedapenetatik bigarrena honela geratzen da:
«1.– Dekretu honetako III., IV. eta VIII. kapituluetan aipatutako zerbitzu-gastuen ordainketei eta, hala badagokio, aurrerakinei ohiko funts aurreratuen erregimenari dagokion araudia eta erregimen hori garatzen duten ebazpenak aplikatuko zaizkie.
2.– Dekretu honekin bat etorriz jasotzen diren eta zergak ordaindu behar dituzten edo kotizatu behar duten kalte-ordainak edo konpentsazioak nomina-kontzeptu baten edo batzuen bidez ordainduko dira. Kasu horretan, dagozkion zerga-atxikipenak aplikatuko zaizkie, bai eta enplegatua kotizazio-oinarrian sartzeagatik enplegatuak berak egin beharreko kuota-portzentajearen ekarpenean dagokion kenkaria ere».
7.– Ezabatzea eranskineko 4. zenbakian 27. artikuluko 3. paragrafoari eginiko aipamena.
Bigarren artikulua.– Aldatzea Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretua, eta, zehazki, aldaketa hauek sartzea:
1.– Aldatzea 4. artikuluko 1. zenbakiko goialdea; honela geratzen da idatzita:
«1.– Berariazko osagarria lanpostuen zerrendetan agertuko da, eta osagarri horrekin Ertzaintzako lanpostuen baldintza bereziak ordainduko dira. Berariazko osagarria elkarrekin bateragarriak diren osagai hauek osatuko dute:»
2.– Gehitzea c) letra 4. artikuluko 1. zenbakiari:
«c) Burutza-osagaia; superintendente, intendente, komisario eta komisariondoko kategoriei gordetako zuzendaritzetako lanpostuek izango dute».
3.– Hirugarren paragrafo berri bat gehitzea 4. artikuluari:
«3.– Burutza-osagaiaren zenbatekoa Gobernu Kontseiluaren erabakiz ezarriko da. Hala ere, zenbateko hori osagai bereziari batuta ezin izango da aurreko paragrafoan aurreikusten den portzentajea baino handiagoa izan».
XEDAPEN IRAGANKORRA
Nomina-kontzeptu bidez ordaindu behar diren kalte-ordainak edo konpentsazioak nomina-kontzeptu bidez ordaindu ahal izateko, egokitzapenak egin beharko dira informatika arloan. Bien bitartean, funts aurreratuen sistemaren bidez ordainduko dira, orain arte bezala. Hala dagokionean, kotizatu eta atxikipena aplikatu ahal izango zaie.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Berariazko osagarriaren burutza-osagaiaren urteko zenbatekoa, dekretu honen eranskinean zehaztu da, hasiera batean.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Segurtasun Sailak modu iraunkorrean edo aldizka esleitu ahal izango dizkie Ertzaintzako langileei Ertzaintzaren ibilgailuak, zerbitzua hobeto eman dezaten. Esleipen hori hierarkian gorago daudenen bidez egingo da eta indarrean dauden zerbitzu-jarraibideak betez. Berariazko araudirik onartu ezean, Administrazioaren Parke Higikorra arautzen duen uztailaren 27ko 300/1999 Dekretuaren 5., 13. eta 17 artikuluei jarraikiz arautuko da ibilgailu horien erabilera.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Nolanahi ere, burutza-osagaiari dagokiona 2017ko irailaren 15etik aurrera izango da aplikagarri. Arau honek indargabetzen dituen arauak aplikatuz ez dago bidegabe aberasterik.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
ABENDUAREN 5EKO 267/2017 DEKRETUAREN ERANSKINA
BURUTZA-OSAGAIAREN ZENBATEKOA
Berariazko osagarriaren burutza-osagaiaren urteko zenbatekoa 3.336 euro da, hamabi hilekotan banatuta.