EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018089

70/2018 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Bilbao Hegoaldeko Tren Saihesbidea eraikitzeko Sustapen Ministerioarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea erakundearekin sinatutako Hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201800070
Xedapenaren data: 2018-03-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201802494
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu duenez, publikotasun egokia emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilbao Hegoaldeko Tren Saihesbidea eraikitzeko Sustapen Ministerioarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea erakundearekin sinatutako Hitzarmena, ebazpen honen eranskin modura doana.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, MARTXOAREN 9KO 70/2018 EBAZPENARENA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, SUSTAPEN MINISTERIOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA TRENBIDE AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILEA ERAKUNDEAREN ARTEKOA, BILBAO HEGOALDEKO TREN SAIHESBIDEA ERAIKITZEKO
Madrilen, 2017ko uztailaren 12an.
BILDU DIRA:
Íñigo Joaquín de la Serna Hernáiz jauna,
Cristóbal Montoro Romero jauna,
Arantxa Tapia Otaegi andrea,
Pedro María Azpiazu Uriarte jauna,
eta Juan Bravo Rivera jauna.
PARTE HARTZEN DUTE:
Lehenengoak, Sustapen Ministroa den heinean, 417/2016 Errege Dekretuak, azaroaren 3koak, Gobernuko Ministroak izendatzen dituenak, izendatuta.
Bigarrenak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministroa den heinean, 417/2016 Errege Dekretuak, azaroaren 3koak, Gobernuko Ministroak izendatzen dituenak, izendatuta.
Hirugarrenak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua den heinean, 27/2016 Dekretuak, azaroaren 26koak, Lehendakariarenak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua izendatzen duenak, izendatuta, eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko entitate publikoaren presidente den heinean, 6/2004 Legeak, maiatzaren 21ekoak, 11. artikuluan ebazten duenaren arabera.
Laugarrenak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomiako sailburua den heinean, 30/2016 Dekretuak, azaroaren 26koak, Lehendakariarenak, Ogasun eta Ekonomiako sailburua izendatzen duenak, izendatuta.
Eta bosgarrenak ADIF-Trenbide Azpiegituren Administratzailea enpresa-erakunde publikoko presidentea den heinean, 504/2016 Errege Dekretuaren, azaroaren 18aren arabera, ADIFen izenean eta ordezkaritzan ari delarik, 1044/2013 Errege Dekretuaren, abenduaren 27koaren, bidez onetsitako haren Estatutuaren 23.1 eta 2.a) artikuluen arabera aitortzen zaizkion eskumenez baliatuz.
Parte-hartzaileek, nork berea duen ordezkaritzan, elkarri aintzatesten diote Hitzarmen hau egiteko gaitasun nahikoa eta horregatik,
ADIERAZTEN DUTE:
I.– Estatuko Administrazio Orokorrari dagokiola autonomia-erkidego bat baino gehiagoren lurraldeak hartzen dituzten interes orokorreko herri-lanen eta trenbideen eta lurreko garraioen gaineko eskumen esklusiboa, hala xedatzen baitute Espainiako Konstituzioaren 149.1.21 eta 149.1.24 artikuluek.
II.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (aurrerantzean, EAE) eskumen esklusiboa duela erkidegoaren intereseko obren eta Euskal Autonomia Erkidegoa soilik hartzen duten trenbide eta garraioen gainean, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta plangintza egiteko eta lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren gaineko eskumenak dituela, hala xedatzen baitute 3/1979 Lege Organikoak, abenduaren 18koak, onetsi zuen Autonomia Estatutuaren 10. artikuluaren 25, 31, 32 eta 33 atalek.
III.– 2017ko martxoaren 15ean Jarduketa Protokolo Orokorra sinatu dela Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean Bilbao Hegoaldeko Tren Saihesbidearen proiektuak eta lanak egiteko; trenbide azpiegitura horrek lotuko du Bilboko Portua lehendanik badiren zabalera desberdineko trenbideekin, eta haren xedea da Bilboko Portuko merkantzien joan-etorria erraztea, hain zuzen ere hark izan duen hedapenen ondoren eta eskakizunen gehikuntzarekin, «Euskal Y»-a eraikitzeak erakar dezakeen merkantzien ugaritzearekin batera, deliberatzen baita beharrezkoa dela merkantzientzako saihesbide bat Aldiriko lineen trafikoa arinduko duena, eta horrek hobetuko du Portuaren, eta bide batez Euskadiren, lehiakortasuna, eta aldi berean hobetuko du trenbideen igarobidean dauden udalerrien bizi-kalitatea, gutxitu egingo baita haietako bizilagunek jasan ditzaketen igorpen akustikoak, egungo bazterbideak eta trenbide-hondartzak ez direlako aski merkantzia-trenen maiztasunari eusteko bidaiarien Aldiriko lineetako trenak joan-etorrian dabiltzan artean.
IV.– Parte-hartzaileek uste dute azpiegitura estrategiko hori egikaritzeko beharrezkoa dela finkatzea hitzarmena sinatzen duten administrazioen eta entitateen arteko lankidetzaren oinarriak, portu-trenbide saihesbide horren 1. fasea eta 2. fasea egikaritzeko landu behar diren jarduketak burutu ahal izateko, dagokion mandatuaren bitartez.
V.– Bestalde, lehen aipatu den 2017ko martxoaren 15eko Protokolo Orokorraren hirugarren puntuan aurreikusten da Lankidetza Hitzarmen bat formalizatuko dela Estatuko Administrazio Orokorraren, Trenbide Azpiegituraren Administratzailearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean, azken honen esku ipintzeko Bilbao Hegoaldeko Tren Saihesbideko proiektuak eta lanak egitea.
VI.– 38/2015 Legeak, irailaren 29koak, Trenbide Sektoreari buruzkoak, 6.4 artikuluan adierazten duenaren arabera, tren-azpiegituren administratzaileek, lankidetza-hitzarmen bidez, Interes Orokorreko Trenbide Sarean trenbide-lanak kontratatzeko berari dagozkion ahalmenak beste administrazio publiko, zuzenbide publikoko erakunde edo horiei atxikitako edo horien menpeko beste erakunde batzuen esku utzi ditzakete. Mandatu horrek ez du, inola ere, eraikuntza-proiektuaren onespena barnebilduko, eta ez die ikuskapen-eta obraren harrera-funtzioei eragingo.
VII.– 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoak, 47.2.a) artikuluan ebazten denaren arabera, Lankidetza-hitzarmenak dira Administrazio Publiko biren edo gehiagoren artean sinatutako administrazio arteko hitzarmenak, edo Administrazio Publiko desberdinetako erakunde publiko eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitate biren edo gehiagoren artean sinatutakoak; hitzarmen horien barnean bildu ahalko da beste Administrazio Publiko, erakunde publiko edo lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitate baten bitartekoak, zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea, eskumen propioak edo eskuordetzan emandakoak baliatzeko.
Horregatik, Sustapen Ministerioak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIF enpresa-entitate publikoak, ebatzi dute honako Lankidetza Hitzarmen hau formalizatzea, arautzat hartuz ondorengo
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
1.1.– Hitzarmen honen xedea da zehaztea Sustapen Ministerioak eta ADIFek zer-nola uzten duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskuetan Bilbao Hegoaldeko Tren Saihesbideko obrak egikaritzeko beharrezkoak diren informazio-azterlanen idazketarako, trenbide bikoitzarentzako plataforma eraikitzeko proiektuaren idazketarako, lanak kontratatzeko eta egikaritzeko, desjabetze-espedienteen kudeaketa administratiborako lankidetzarako, hala nola obra-zuzendaritzarako eta bestelako ezein zerbitzutarako, haien bi faseen ezeinetarako, ondoren azalduko diren zehaztapenen arabera.
Bilbao Hegoaldeko Tren Saihesbidea eraikitzeko lan horiei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ekingo die, honako bi fase hauetan:
– Lehen fasea Serantesko Tunelaren eta Olabeagaren arteko tarteari dagokio, hau da, gutxi gorabehera, 0+000 eta 12+200 KP artean dagoenari.
– Bigarren fasea Barakaldo-Basauri tarteari dagokio, 9+750 eta 19+500 KP artekoari, gutxi gorabehera.
1.2.– Era berean, eta hitzarmenak aurreikusten duen moduan, Sustapen Ministerioak eta ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kargu utzi dituen lanak Administrazio horrek zuzenean edo Red Ferroviaria Vasca - Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren bitartez gauzatu ahal izango ditu. 6/2004 Legeak, maiatzaren 21ekoak, sortutako erakundea da ETS, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren trenbide-azpiegituren proiektuak egin, haiek eraiki, kontserbatu eta mantendu, eta haien administrazioa eta kudeaketa gauzatu beharko ditu, Euskal Administrazio Orokorraren organo eskudunak hala erabakitzen badu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren organo eskudunak dagokion akordioa hartzen duenetik aurrera, ebatziko da Hitzarmen honek Administrazio hori aipatzen duenetan, ETSri buruz ari dela.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lankidetza 1. fasea: Serantesko Tunela-Olabeagari dagozkion alegazioei erantzuterakoan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra elkarlanen arituko da Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin, lehen zati horren Informazio Azterlana dela eta ager daitezkeen alegazioei eman behar zaien erantzuna prestatzen, jendaurreko informazioaren izapidea abiarazita baitago 2015eko azaroaren 28ko BOE-Estatuko Aldizkari Ofizialean «Iragarkia, Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Nagusiarena, Bilbo Hegoaldeko Tren Saihesbidearen Informazio Azterlana. Lehen fasea jendaurreko informaziorako argitaratzen duena» argitaratu zenetik.
1. fasea: Serantesko Tunela-Olabeaga zatiaren Informazio Azterlanaren moldakuntza idaztea beharrezkoa izango balitz, Sustapen Ministerioak hura idazteko manua ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, eta Sustapen Ministerioaren egitekoa izango da nolanahi ere, 38/2015 Legeak, irailaren 29koak, trenbide-sektoreari buruzkoak, 5. artikuluan ebazten denaren arabera, haren izapidetze administratiboa, dagokion Ingurumen Inpaktu Adierazpena lortzea eskuduna den ingurumen-organorik, eta informazio-azterlana formalki onestea, 2018ko lehen seihilekoan.
Informazio Azterlanaren moldakuntzaren idazketaren kostu zenbatetsia 800.000 eurokoa litzateke (BEZik gabe).
Hirugarrena.– Informazio-azterlanen eta proiektuen idazketa.
3.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra arduratuko da aurrerago zehaztuko diren trenbide bikoitzeko plataformaren informazio-azterlanak eta eraikuntza-proiektuak idazteaz, bai zuzenean edo bai zeharbidez, hirugarrenen bitartez, eta kasu honetan Administrazio horrek beretuko ditu, Sustapen Ministerioaren edo ADIFen eskumenekoak izanik, sektore publikoko kontratuen legerian kontratazio-organoari esleitzen zaizkion azterlanak eta proiektuak idazteko beharrezkoak diren eskumen guztiak:
– 1. fasea: Serantesko Tunela-Olabeaga: Eraikuntza Proiektua idaztea.
– 2. fasea: Barakaldo-Basauri: Informazio Azterlana idaztea.
1. faseko trenbide bikoitzerako plataformaren eraikuntza-proiektuaren idazketa, eta 2. faseko Informazio Azterlanaren idazketa 2018 eta 2019 ekitaldietan egin beharko dira, eta 1. faseko trenbide bikoitzerako plataformaren eraikuntza-proiektuaren idazketarako, eta 2. faseko Informazio Azterlanaren idazketarako 7,26 milioi euro (BEZa barne) eta 3,02 milioi euro (BEZa barne) zenbatetsi da hurrenez hurren, Hitzarmen honen I. Eranskinean aurreikusten den urteroko zenbatekoen arabera.
3.2.– 1. faseko trenbide bikoitzerako plataformaren eraikuntza-proiektuaren idazketa hasi ahal izateko, aurretiaz, beharrezkoa da Informazio Azterlanaren jendaurreko informazioan aurkeztu diren alegazioei erantzuna ematea, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena lortzea, eta Informazio Azterlana behin betiko onestea akordio honen bigarren atalean zehazten diren baldintzetan, 2018ko lehen seihilekoan hari ekin ahal izateko.
Formalki onesten den Informazio Azterlanean jasotzen denera egokitu beharko du mandatu-hitzarmen honen egikaritzapenez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak idazten duen 1. faseko eraikuntza-proiektuak.
3.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Nagusiarekin lankidetzan, 2. faseko Informazio Azterlana idatzi duenean, Sustapen Ministerioak, 38/2015 Legeak, irailaren 29koak, trenbide-sektoreari buruzkoak, 5. artikuluan ebazten duenaren arabera, dagokion izapidetze administratiboa emango dio, behar den Ingurumen Inpaktu Adierazpena lortu ahal izateko eskuduna den ingurumen-organotik, eta informazio-azterlanaren onespen formala erdiesteko.
3.4.– Sustapen Ministerioak eta ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eskura ipiniko ditu berak dituen proiektu eta azterlan guztiak, Bilbo Hegoaldeko Tren Saihesbidearekin harremana edo zerikusia dutenak.
3.5.– Edonola ere, trenbide bikoitzeko plataformaren eraikuntza-proiektuaren gainbegiratze eta onespen-funtzioak ADIFeko organo eskudunenak izango dira trenbide-sektoreko legerian aurreikusita dagoen moduan.
3.6.– Trenbide bikoitzeko plataformaren eraikuntza-proiektuaren gainbegiratze eta onespen-funtzioak betetzeko, Sustapen Ministerioak eta ADIFek behar beste giza baliabide esleituko dituzte, egiteko horiek ez dezaten kaltetu kontratuaren egikaritzapen normala, indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen mugen barnean.
Sustapen Ministerioak eta ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin duten partaidetza, administrazio kontratatzailearen eta obraren esleipendunaren artean dagoen kontratu-harremanaren esparruan kokatzen, eta lehenek konpromisoa hartzen dute sektore publikoko kontratazioaren araudiak ezartzen dituen mugen baitan esku hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra jakitun da Sustapen Ministerioaren eta ADIFen txostenak aurretiazko izapideak direla kontratazio-organoak garaiz eta moldez hartu behar dituen akordioetarako, eta sektore publikoko kontratazio-araudia betetzera behartuta egongo dela.
Laugarrena.– Ingurumen-eskakizunak.
1. faseko proiektuaren zatiki izan daitezkeen eraikuntza-proiektuek, dagozkien Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren eta Informazio Azterlanaren kasuan kasuko baldintzak bete beharko dituzte, baita ADIFen ingurumen arloko berrikuspen-txostena, behaketak eta barne-araudia ere.
Bosgarrena.– Desjabetzeak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lagunduko du Hegoaldeko Tren Saihesbidearen 1. fasea egikaritzeko behar diren lursailak lortze aldera ezinbestekoak diren desjabetze-espedienteen kudeaketa administratiboa egiten, Nahitaezko Desjabetzeen Legean eta Erregelamenduan, eta Trenbide Sektoreko Legean eta haren Erregelamenduan ebatzita dagoen eran.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra arduratuko da desjabetze-espedienteak izapidetu ahal izateko beharrezkoak diren jarduketa material soilak direnak egiteaz, eta Sustapen Ministerioari dagokionez, desjabetzea egiten duen Administrazioa denez, espedienteak izapidetu ahal izateko beharrezkoak diren ekintza administratiboak egiteaz.
Desjabetzearen onuraduna ADIF izango da, eta berak ordainduko ditu desjabetzeen balio justuak, eta berari dagozkio araudiak onuradunarentzat ezartzen dituen eskubideak eta betebeharrak.
Seigarrena.– 1. fasea: Serantesko Tunela-Olabeaga obren egikaritzapena.
6.1.– 38/2015 Legeak, irailaren 29koak, Trenbide Sektoreari buruzkoak, 6.4 artikuluan adierazten duenaren arabera, ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku ipintzen du 1. fasea: Serantesko Tunela-Olabeaga trenbide bikoitzeko plataformaren trenbide lanen kontratazioari dagozkion eskumenen erabilpena, eta Administrazio Autonomoak beretzen ditu, Sustapen Ministerioarenak edo ADIFenak izanik, kontratazio publikoko legeriak obrak egikaritzeko eta eskumen-zuzendaritzaz arduratzeko kontratazio-organoaren esku ipintzen dituen eskumenak.
Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kontratatuko du Serantesko Tunela-Olabeaga zatian datzan lehen fase horretako azpiegituraren obren egikaritzapena.
6.2.– Obraren eskumen-zuzendaritza, segurtasun- eta osasun-zerbitzuak, eta obrak egikaritzeko beharrezkoa izan daitekeen beste ezein zerbitzu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bideratuko ditu zuzenean edo zeharbidez, sektore publikoko kontratuei buruzko legeriak agintzen duen eran.
6.3.– Aipatu trenbide bikoitzarentzako plataformaren obren eta haien egikaritzapenak beharrezkoak dituen zerbitzu lagungarrien eta kaltetuko diren zerbitzuen berrezarpenaren kostua zenbatesten da, hasiera batean 453.750.000 milioi eurotan (BEZa barne), gutxi gora behera, eta haien egikaritzapena Hitzarmen honen I. eranskinean aurreikusten diren urteroko zenbatekoan arabera banatuko dela aurreikusten da.
Gainegiturari dagozkion lanak, bai 1. fasekoak eta bai 2. fasekoak, egikaritzea Sustapen Ministerioaren edo ADIFen egitekoak izango dira, eta haien egikaritzapenaren kostua zenbatetsi da, hasiera batean, Hitzarmen honen II. eranskinean azaltzen den eran.
Gainegiturako jarduketa horien egikaritzapena lotu beharko zaio arestian aipatu diren plataforma-lan horiei, eta Lankidetza Hitzarmen honen xede diren jarduketak burutzeko beharrezkoak diren gainerakoei, eta kasuan kasuko moldakuntza-tresnen bitartez gauzatuko dira, Hitzarmen honen Hamaikagarren Klausulan aurreikusten den moduan. Hori dela eta, esan behar da plataforma-proiektuak gaur egun duen heldugabetasunak eragozten duela zehaztasun gehiagorekin aritzea hitzarmen hau sinatzeko unean, bai gainegitura-obren kostuari dagokionez eta bai haiek urteroko zenbatekoetan banatzeaz, eta horregatik zehaztapen hori egingo da, lehen adierazi den moduan, Hitzarmen hau moldatuz eta behar beste luzatuz.
6.3 puntu honetako lehen paragrafoan aipatu den kostu zenbatetsiak ez du barnebiltzen desjabetzeen kostua, ez behin betikoena eta ez aldi batekoena. Kostu horiek ADIFen kontura izango dira.
6.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beretuko ditu obren zuzendaritza-, ikuskaritza- eta zaintza-lanak haien harrera egin arte, eta kontratazio-organoak berariazkoak dituen eskumenak izango ditu. Egiteko horien artean sartuko dira:
– Proiektuan zehar gertatutako kontratu-gorabeherentzako kontratatutako aseguru-polizak moldatu direla kontrolatzea, eta estaldurak mantendu eta berritzea, formalizatutako kontratuak indarrean dauden bitartean.
– Azterlan eta txosten gehigarriak idaztea.
– Eraikuntzaren kudeaketa: obra zibilen zuzendaritza, aholkularitza espezializatuen identifikazioa eta zuzendaritza, obrengatiko afekzioen eta zerbitzuetan eragindako afekzioen kudeaketa, eta obrek irauten duten bitartean sortzen diren gainontzeko gorabeherak.
– Beste erakundeekiko zuzemenak eta koordinazioa; herritarrentzako etengabeko arreta eta informazioa emateko zerbitzua, kalteak jasan dituztenen erreklamazioen konponketa eta akats ezkutuak eskatzea; horiek hitzarmena sinatzen duten Administrazioei helaraziko zaizkie, aurre egiteko hartutako neurriekin batera, baita hitzarmen hau amaitu eta gero ere.
– Kontratistek egin ditzaketen erreklamazioen konponketa, halakorik balitz, Hitzarmen hau sinatzen duten Administrazioei haien berri emanez eta ebazpena jakinaraziz.
6.5.– Trenbide Sektoreko Legearen 6.4 artikuluak agintzen duenari men eginez, mandatu honek ez du, inola ere, eraikuntza-proiektuaren onespena barnebilduko, eta ez die ikuskapen-eta obraren harrera-funtzioei eragingo.
Zazpigarrena.– Finantzaketa.
7.1.– 12/2002 Legeak, maiatzaren 23koak, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duenak, laugarren xedapen gehigarrian esaten duenari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak kupoa gutxituko du 1. faseko obretarako gastuei dagozkien zenbatekoen ordainetan, baita Hitzarmen honen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak bai 1. fasean eta 2. fasean beretuko dituen zerbitzuen kostuen zenbatekoan ere, obra edo zerbitzuen kasuan kasuko ziurtagiriak aurkeztu ostean. Ekonomia Itunari jarraikiz, hurrengo ekitaldiko kupoa ordaintzeko epean zertuko dira murrizketa horiek.
7.2.– Hitzarmen honen Lehenengo klausulan azaltzen diren eta Autonomia Erkidegoaren eskuetan ipintzen diren lanetatik eratortzen diren gastuak Estatuko Administrazio Orokorrari egotziko zaizkio eta ez Autonomia Erkidegoari. Beraz, gastu horiek ez dira Euskal Autonomia Erkidegoko defizitean barnebilduko, aurrekontu-egonkortasuneko helburuak betetzeari dagokionez.
Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak konpromisoa hartzen du bere eskumenen esparruan egingo dituela beharrezko zuzemen guztiak Ministro Kontseiluak onetsi ahal ditzan Hitzarmen honetatik eratortzen diren eginbeharrak burutu ahal izateko finantzaketa erdiesteko Euskal Autonomia Erkidegoak egin beharko dituen eta Estatuaren baimena behar duten zorpetze-operazio guztiak.
Zortzigarrena.– Proiektuen Jarraipenerako eta Koordinazioko Batzordea, eta Batzorde Teknikoa.
8.1.– Hitzarmen honen bidez hartzen diren betebeharren betetzea zaintzeko eta haren edukiaren egikaritzapena sustatzeko, hala nola haren egikaritzapenak sorraraz ditzakeen zalantzak argitzeko, Proiektuen Jarraipenerako eta Koordinazioko Batzordea eratuko da, Sustapen Ministerioko 2 ordezkarik, ADIFen 2 ordezkarik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 4 ordezkarik osatuta.
Batzorde horrek, Administrazio bakoitzari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe, ondorengo funtzio hauek izango ditu:
a) Proiektua bere osotasunean planifikatu eta kontrolatzea.
b) Hitzarmen honetatik eratortzen diren eginbeharren betetzeaz arduratzea.
c) Hitzarmena interpretatzean eta betetzean sortzen diren zalantzak eta desadostasunak erabakitzea.
d) Lanen jarraipen-programa bat abiaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izapidetu behar dituen kontratazio-espedienteen izapidetze administratiboan eragin gabe.
e) Prozesuan esku hartzen duten beste Administrazio eta Eragileekin eduki behar den koordinazioa sustatzea, Hitzarmenaren helburuak erdiesteko beharrezkoak eta egokiak diren jarduketa guztiak landuz.
f) Hitzarmen honen xede diren lan guztiak egikaritzeko aurreikusitako epeak bete daitezen arduratzea.
Jarraipen Batzorde hori bilduko da Hitzarmena sinatu duen alderdietako ezeinek eskatzen duenean, bilkurarako deialdia idatziz gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eginda, aztertu behar diren gaien zerrendarekin eta haiei dagokien dokumentazioarekin batera, batzorde-kideen interesekoa izan daitekeen beste edozein gai ere aztertzeko aukera bazterretsi gabe.
Batzorde horretara etor daitezke unean-unean bertan ordezkatuta dauden Administrazioetako teknikariak, eta behar izanez gero, beste erakunde edo entitate batzuen ordezkariak haien presentzia komenigarria irizten bada Hitzarmen honetan esleitzen zaizkion funtzioak burutzeko.
Batzordea behar bezala eratzeko, ezinbestekoa izango da Presidente kargua duena, Batzordearen idazkaritzaz arduratzen dena eta Administrazio Autonomikoaren ordezkari bat bederen bertan izatea.
Batzordearen Presidentzia Sustapen Ministerioko Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitzako Estatu Idazkariari dagokio.
Aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez, Batzorde horrek 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikokoak, diona beteko du.
8.2.– Halaber, Batzorde Tekniko bat eratzen da, Sustapen Ministerioak izendatutako 3 ordezkarik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izendatutako 3 ordezkarik osatuta.
Batzorde Teknikoaren egitekoak izango dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari idatz ditzan mandatua ematen zaion eraikuntza-proiektuak elaborazio-aldian dauden bitartean koordinatzea.
b) Ingurumenaren eta paisaiaren ikuspuntutik proiektu guztien lanketa eta egokitasun koordinatzea.
c) Eraikuntza-fasea koordinatzea, eta onetsi diren proiektuekin bat datozela obrak bermatzea.
d) Desjabetze-prozesuak koordinatzea.
e) Proiektuak eta obrak egokitzeko proposamenak prestatzea, Sustapen Ministerioak edo ADIFek onar ditzaten.
Alderdietako ezeinek proposatzen duenean bilduko da Batzordea, eta bere funtzionamendua 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoko Araubide Juridikokoak, 15. artikuluan eta ondorengoetan kide anitzeko organoen araubideaz dioenari lotuko zaio.
Bederatzigarrena.– Jarraipen eta Koordinazio Tresnak.
Estatuko Administrazio Orokorrak, Bilbao Hegoaldeko Tren Saihesbideari dagokion eskumenaren titularra denez, on deritzo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin hitzarmen bat egiteari, non zehazten baita lankidetza-hitzarmenaren baitan trenbide-azpiegitura horren egikaritzapenean sortzen den lankidetza-maila. Eraikuntza-proiektuaren gainbegiratze- eta onespen-funtzioei, eta Ministerioaren izenean edo ADIFenean obren harrera egiteari buruzko legezko erresalbua egiteaz gain, bi Batzorde sortu dira alderdiek hartzen dituzten konpromisoen betetzearen jarraipena egiteko.
Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak, eta Batzorde Teknikoak, alderdiek hartu dituzten konpromisoen jarraipena eta koordinazioa egin behar dute, eta hartarako erabili ahalko dituzte alderdiek, Jarraipen eta Koordinazio Batzordean bildutakoan, zehazten eta onesten dituzten baliabideak.
Ezarri behar diren prozedurak onetsi ahal izateko, beharrezkoa izango da alderdien onarpena. Prozedura-modura zehazten diren tresnak, bizkorrak izan beharko dute, espedienteari dagokion izapidetzeari baldintzarik ez eragin negatiborik erakarri gabe. Izapidetzearen atzerapenak eragin negatiboa erakar baleza kontratazio-espedientera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aburuz, kontratazio-organoak jakinaraziko dio inguruabar hori Sustapen Ministerioari edo ADIFi, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aurrera jarraituko du espedientea izapidetzen, onetsitzat emanez dagokion izapidea, baldin eta ez bada eraikuntza-proiektuaren eta haren moldakuntzen onespena, edo obren harrera.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta amaiera.
Lankidetza Hitzarmen honek, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoko Araubide Juridikokoak, 49.h) artikuluaren 1. atalean ebazten denaren arabera, 4 urteko iraunaldia izango du, nahiz eta, haren baitan jasotzen diren jarduketek denbora-aldi luzeagoa barnebiltzen dutenez, hitzarmen-kideek konpromisoa hartzen duten izapidetzeko, haren indarraldia amaitu baino lehen behar besteko aurrerapenez, hark beharko duen luzapena, aipatu Legearen 49.h) artikuluaren 2. atalean aurreikusten den moduan, hartarako jarraituz berau baimentzeko erabili den prozedura berbera.
Gainerakoan, Hitzarmen hau honako arrazoi hauengatik azkendu ahal izango da:
– Haren baitako jarduketa guztiak burutu edo amaitu direlako.
– Aldeek adostasunez hala erabaki dutelako, hartarako egindako dokumentu batean jasota geratu beharko duen eran.
– Sinatzaileetako ezeinek larriki ez dituelako bete Hitzarmen honetan jasota dauden betebehar zehatzak, kaltea jasaten duen aldeak idatziz eta, gutxienez, hilabeteko aurrerapenarekin, adierazpen fede-emaile batean aurretiaz jakinarazi ondoren. Hartarako, balizko kalte-ordainak zehazteko irizpidetzat hartuko da kaltea jasan duen alderdiak, balizko ez betetzea jazotzen den unean, pairatu dituen kostuena.
Aurreko atal horietan zehaztutako zioengatik ez beste zerbaitengatik azkenduko balitz, haren amaiera proposatzen duen alderdiak jakinarazi beharko die idatziz gainerako alderdiei Hitzarmena ez burutzea erabaki duela, erabaki hori hartzeko dituen arrazoiak azalduz.
Hitzarmenaren xede diren jarduketak burutu izana ez beste zioren batengatik azkenduko balitz, Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak proposatuko ditu Hitzarmen honetatik eratortzen diren eta eginbidean dauden jarduketak amaitzeko baldintzak.
Hamaikagarrena.– Hitzarmena aldatzeko araubidea.
Inguruabarrek hala behartzen dutenean, Hitzarmen hau aldatzeari ekingo zaio, sinatzen duten administrazio eta entitateen aurretiazko adostasunez, dagokion moldakuntza-dokumentua izapidetuz eta sinatuz.
Hamabigarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzioa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta 38/2015 Legeak, irailaren 29koak, Trenbide Sektorekoak, ebazten duenari men egingo dio, eta han aurreikusten ez den guztian, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoko Araubide Juridikokoak, edo etorkizunean haren ordezkoa denak, dionari.
Hitzarmen-kideek adosten dute Hitzarmen honen interpretazioan eta/edo betetzean ager daitezkeen gorabeherak Jarraipen eta Koordinazio Batzordean erabakiko direla.
Hitzarmen honen interpretazioan eta/edo betetzean ager daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikziora bideratuko dira.
Eta ados daudela frogatzeko, dokumentu honen bost kopia sinatu dituzte goiburuan ageri den egunean eta tokian.
Sustapen ministroa,
IÑIGO JOAQUÍN DE LA SERNA HERNÁIZ.
Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroa,
CRISTÓBAL MONTORO ROMERO.
EAEAOko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
ARANTXA TAPIA OTAEGUI.
EAEAOko Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
ADIFeko presidentea,
JUAN BRAVO RIVERA.
HITZARMENAREN I. ERANSKINA
Eranskin honen aurretik datorren mandatu-akordioarekin bat, zati bakoitzean haren edukia garatzeko, zehazten dira ondorengo kontzeptuak eta urteroko zenbatekoak:
1.– 1. FASEA (Serantesko tunela-Olabeaga).
2.– 2. FASEA (Barakaldo-Basauri).
HITZARMENAREN II. ERANSKINA
Gainegitura-obrak egitearen kostuen zenbatespena:
1.– 1. FASEA (Serantesko Tunela-Olabeaga) 12,2 Km.
(1) Proiektuen idazketa eta laguntza teknikoak barne.
2.– 2. FASEA (Barakaldo-Basauri) 9,750 km.
(2) Proiektuen idazketa eta laguntza teknikoak barne.