EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-05-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2018091

71/2018 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita 2006ko apirilaren 24an Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko hainbat jarduketa agintzearekin lotuta.

Xedapenaren zenbakia: 201800071
Xedapenaren data: 2018-03-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201802536
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2006/06/08an argitaratutako 2006/05/15eko 200600011 EBAZPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, publikotasun egokia emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2006ko apirilaren 24an Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko hainbat jarduketa agintzearekin lotuta. Honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 9KO 71/2018 EBAZPENARENA
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA TRENBIDE-AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILEAREN (ADIF) ARTEAN 2006KO APIRILAREN 24AN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA ALDATZEA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN TRENBIDE-SARE BERRIA ERAIKITZEKO ZENBAIT JARDUKETA AGINTZEKO
Madril, 2017ko abenduaren 27a.
BILDU DIRA.
Iñigo Joaquín de la Serna Hernáiz jauna,
Arantxa Tapia Otaegi andrea,
eta Juan Bravo Rivera jauna.
PARTE-HARTZAILEAK
Lehendabizikoa, Sustapeneko ministro den aldetik, Gobernuko Ministroak izendatzen dituen Errege Dekretuaren bidez izendatua (azaroaren 3ko 417/2016 Errege Dekretua).
Bigarrena, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu den aldetik –27/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua izendatzeko dena– eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren presidente den aldetik –maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz–.
Eta hirugarrena, berriz, Sustapen Ministerioaren mendeko Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) eta ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoen presidente den aldetik –azaroaren 18ko 504/2016 Errege Dekretua– eta baliatuz ADIFen Estatutuen 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalak –abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartuak– eta ADIF-Alta Velocidaden Estatutuen 23.1 eta 2.a) artikuluek ematen dizkiotenak –abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuak onartuta–.
Aldeek, euren ordezkaritzan, behar besteko ahalmena aitortzen diote elkarri hitzarmen hau sinatzeko, eta, hari jarraikiz,
ADIERAZTEN DUTE:
– Espainiako Konstituzioren 149.1.21 eta 24. artikuluetan jasotakoarekin bat, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio interes orokorreko herri-lanak, trenbideak eta lurreko garraioak egiteko eskumena, baldin eta autonomia-erkidego batetik baino gehiagotatik igarotzen badira.
– Trenbide-sektoreari buruzko Legearen (irailaren 29ko 38/2015 Legea) 5.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Sustapen Ministerioari dagokio, Sustapeneko Aholku Kontseiluari eta inplikatutako autonomia-erkidegoei entzun ostean, Interes Orokorreko Trenbide Sarearen plangintza egitea eta sare horretako trenbide-lineak edo tarteak ezartzea zein aldatzea, baita bidaiariak garraiatzeko estazioak eta salgaiak garraiatzeko terminalak ere. Halaber, hark ezarriko ditu arauak Interes Orokorreko Trenbide Sarea osatzen duten bestelako elementuak ezartzeko eta aldatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa du erkidegoaren intereseko obren eta Euskal Autonomia Erkidegoa soilik hartzen duten trenbide eta lurreko garraioen gainean, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta plangintza egitekoak eta lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren gainekoak ere, hala xedatzen baitu Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak, 25, 31, 32 eta 33. zenbakietan (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartuta).
– Trenbide-sektoreari buruzko Legearen (irailaren 29ko 38/2015 Legea) 22. artikuluan xedatutakoarekin bat, trenbide-azpiegituren administrazioa eta eraikuntza, Estatuaren eskumen-esparruaren barruan, Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) eta ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoen ardura izango dira; biak ere Sustapen Ministerioaren barrukoak dira eta nortasun juridiko propioa, jarduteko gaitasun osoa eta ondare propioa dituzte, eta Trenbide-sektoreari buruzko Legeak eta Sektore publikoaren araubide juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legea) ezarritakoaren arabera arautuko dira, baita euren estatutuetan eta aplikagarri zaizkien gainerako arauetan jasotakoaren arabera ere.
Halaber, Trenbide-sektoreari buruzko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Trenbide Azpiegituren Administratzaileei dagokie euren titulartasuneko trenbide-azpiegituretako oinarrizko proiektuak eta eraikuntzakoak onartzea eta eraikitzea.
– Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (gaur ADIF eta ADIF-Alta Velocidad) lankidetza-hitzarmena sinatu zutela 2006ko apirilaren 24an, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko.
Era berean, esandako lankidetza-hitzarmen hori garatuz, 2006ko apirilaren 24an, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIFek (Trenbide Azpiegituren Administratzaileak, gaur ADIF eta ADIF-Alta Velocidad) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko jarduketa jakin batzuk agintzeko.
Ondoren, 2017ko abenduaren 27an, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIF eta ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoek 2006ko apirilaren 24ko lankidetza-hitzarmen haren aldaketa izenpetu dute.
Aldaketa horren bidez, eguneratu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenaren bosgarren klausula, eta barnean hartuko dira Bergara eta Irunen arteko zatia gauzatzeko kostuen gainean onartu eta aurreikusitako kontratu-gorabehera guztiak, horren barruan Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatia eta Donostiako Norteko geltokia barnean hartzen duen zatia sartuta. Horrez gain, Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua eraikitzeko jarduketa berriak ere gehitzen dira, bai eta Bergara-Lezo zatiko hainbat lan ere (besteak beste, zati horretako tuneletan larrialdietako irteera berriak gauzatzea, eta mendi-mazelak egonkortzeko zein dauden iturburuetan izandako eraginengatik egin beharreko lehengoratze-lanak). Hori horrela, kostu osoa handitu da, eta 2.343,36 milioi euro izango da (BEZa barne). Deskribatutako jarduketetarako orotara zenbatetsitako kostua lankidetza-hitzarmena aldatu beharrik gabe eguneratuko da, Segimendu eta Koordinazio Batzordearen eguneratze bidez, betiere eguneratzearen zenbateko metatuak ez badu gainditzen hitzarmenaren I. eranskinean aipatutako zenbatekoaren % 12. Esandako hitzarmena, hala badagokio, hitzarmenaren seigarren klausularen c) letran adierazitako moduan egokituko da, delako gertakariak aztertu eta onartu ostean.
Era berean, 2006ko apirilaren 24ko hitzarmenaren aldaketak, lehendabiziko klausularen 1.1 atalean, aurreikusten du jarduketa berrien exekuzioa Euskadiko Administrazio Orokorrari aginduko zaiola, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa bidez (hain zuzen ere, Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta ADIFen –Trenbide Azpiegituren Administratzaileak– artean sinatutako lankidetza hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide sare berria eraikitzeko zenbait jarduketa agintzekoa).
Bestetik, hitzarmenaren aldaketak aurreikusten du, bigarren klausularen 2.1 zenbakiaren azken paragrafoan, agintzeko lankidetza-hitzarmena aldatu egin beharko dela; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoari hasieran emandako agindua, Bergara eta Irun bitarteko Gipuzkoako tartearen plataformako proiektuak idaztea eta lanak egitea aurreikusten zuena, aurrerantzean mugatuko da autonomia-erkidegoak Bergara eta Lezo bitarteko plataformako proiektuak egitera eta lanak exekutatzera.
– Trenbide-sektoreari buruzko Legearen (irailaren 29ko 38/2015 Legea) 6.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Trenbide Azpiegituren Administratzaileek aukera dute, lankidetza-hitzarmen bidez, interes orokorreko trenbide-sareko obrak kontratatzeko ahalmenak beste administrazio publiko, zuzenbide publikoko entitate eta Administrazio horiekin lotutako edo mendeko duten sozietate batzuen esku uzteko. Agindu horretan ez da sartuko, inoiz ere, eraikuntza-proiektua onartzea, eta ez die eragingo obra gainbegiratzeko eta hartzeko funtzioei.
– Bestetik, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren 1. eta 2. zenbakietan aurreikusitakoarekin bat, administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumenekoak diren jarduera materialak edo teknikoak agindu ahal izango zaizkie administrazio publiko bereko edo beste bateko zuzenbide publikoko erakundeei, baldin eta haien eskumenen artean bilduta badaude jarduera horiek, efikazia-arrazoiak tarteko, edota hartarako bitarteko tekniko egokirik ez denean; agindutako jarduera horren barruan ez da egingo eskumenaren edota hura gauzatzeko elementu garrantzitsuen titulartasun-lagapenik, eta agintzen duen organo edo erakundearen erantzukizuna izango da beharrezko ebazpen juridikoak edo egintzak ematea, baita biltzen dituen agindutako jarduera materialak ere.
Halaber, esandako Legearen 11. artikuluaren 3. zenbakiko b) letran jasota dagoen moduan, administrazio desberdinetako zuzenbide publikoko organo eta erakundeen arteko kudeaketa-aginduak haien arteko hitzarmen bidez egingo dira; horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean eta delako autonomia-erkidegoaren edo probintziaren aldizkari ofizialean argitaratuko dira, segun eta erakunde agintzailea zer administraziori dagokion.
Hori dela eta, Sustapen Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIF eta ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoek honako hau adostu dute: aldatzea Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIFek (Trenbide Azpiegituren Administratzaileak, gaur ADIF eta ADIF-Alta Velocidad) 2006ko apirilaren 24an sinatu zuten hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko jarduketa jakin batzuk agintzeko.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Aginduaren xedea.
2006ko apirilaren 24ko agindu-hitzarmenaren aldaketa honen helburua zera da, zehaztea Sustapen Ministerioak, ADIFek (Trenbide Azpiegituren Administratzaileak) eta ADIF-Alta Velocidadek zer baldintzatan aginduko dizkioten Euskal Autonomia Erkidegoari eraikuntza-proiektuak idaztea, obren kontratazioa eta exekuzioa eta besterentze-espediente kudeaketa administratiboko lankidetza, honako jarduketa hauei dagokienez.
a) Ezkioko geltokia eraikitzea. Hasieran aurreikusitako kostua, 4,10 milioi euro (BEZa barne), Ezkioko geltokirako oinarrizko proiektua aintzat hartuta.
b) Astigarragako geralekua eraikitzea ADIFek kudeatutako zabalera iberiarreko sarean, hasiera batean 4,70 milioi euroko kostuarekin (BEZa barne).
c) Bergara-Lezo zatian jarduketa berriak gauzatzea.
– Tuneletako larrialdietarako irteerak, Europar Batasunaren 1303/2014 Zuzentaraua, 2014ko azaroaren 18ko batzordearena, oinarri hartuta, 14,18 milioi euroko hasierako gastuarekin (BEZa barne).
– Jarduketa osagarriak: mendi-mazelak egonkortzea eta lehendik diren sorburuetan erasanengatik gertatu diren lehengoratzeak, hasierako kostu zenbatetsia 1,72 milioi eurokoa (BEZa barne).
Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoari 2006ko apirilaren 24ko hitzarmenaren bigarren klausularen 1. zenbakiaren bidez egindako agindua aldatzen da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoari hasieran emandako agindua, Bergara eta Irun bitarteko Gipuzkoako tartearen plataformako proiektuak idazteko eta lanak egitekoa, aurrerantzean mugatuko da autonomia-erkidegoak Bergara eta Lezo bitarteko plataformako proiektuak egitera eta lanak exekutatzera.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoari agintzen zaizkion lanak gauzatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoari agintzeko lanak administrazio horrek hartu ahal izango ditu zuzenean bere gain, edota, Euskal Administrazio Orokorrean eskumena duen erakundeak adosten badu, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoak. Erakunde hori maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak sortua da, eta hark Hark Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren trenbide-azpiegituren proiektuak egin, horiek eraiki, kontserbatu eta mantendu, eta horien administrazioa eta kudeaketa gauzatu beharko ditu, Euskal Administrazio Orokorraren organo eskudunak hala erabakitzen badu.
Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eskumena duen erakundeak dagokion akordioa hartzen duenean, ulertuko da ETS izango dela arduradun tarte guztietan, haietako tarte batzuetan edota agindu honen esparruan adierazitako geltoki eta geralekuetan, hitzarmen honek esandako administrazioari eskuordetzen dion tokietan.
Hirugarrena.– Egin beharrekoak.
3.1.– Trenbide-sektoreari buruzko Legeak (irailaren 29ko 38/2015 Legea) ezartzen duen baldintzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari aginduko zaio egikaritzeko kontratazio administratiboari buruzko legediak ematen dizkion ahalak, hain zuzen ere, Sustapen Ministerioarenak, ADIFenak edo ADIF-Alta Velocidadenak izanik, ezinbesteko gertatzen direnak obrak egikaritzeko eta haien zuzendaritza egiteko.
3.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, 2006ko apirilaren 24ko jatorrizko aginduari loturik, Donostiako Norteko geltokiaren eraikuntza-proiektua eta Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartekoa idatziko ditu, eta, 2006ko hitzarmenaren aldaketa honen bidez, Ezkioko geltokiaren eta Astigarragako geralekuaren proiektuak ere bai; guztiak ere ADIF-Alta Velocidadek gainbegiratuko eta onartuko ditu, eta hark zehaztutako irizpide eta beharrizan funtzionalak bete beharko dira proiektua onartzeko. Astigarragako geralekuaren kasuan, gainera, sare konbentzionalean izanik, ADIFek zehaztuko du.
Bestalde, ADIF-Alta Velocidad arduratuko da Bergara-Lezo tarteko tunelen larrialdi-irteeretako eraikuntza-proiektuak idazteaz.
Esandako eraikuntza-proiektu horiek ADIF-Alta Velocidadek onartu beharko ditu (eta ADIFek, Astigarragako geralekuaren kasuan), eta azterlan informatiboek ezarritakoari jarraikiz idatziko dira; hala, garapenean ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenetan ezarritako preskripzioak ere kontuan izan beharko dituzte.
3.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egingo ditu aurreko 3.2 atalean deskribatutako eraikuntza-proiektuak gauzatzeko aholkularitza- eta laguntza-kontratuak eta jarduketa osagarrietakoak (mendi-mazelak egonkortzea eta iturburuetan gertatutako erasanak konpontzea), eta hark hartuko ditu bere gain besterentze-prozesuei dagozkien jarduerak, bai eta obrak exekutatzeari eta aurrekoekin lotutako bestelakoei dagozkienak ere. Bergara-Lezo tarteko tuneletako larrialdietako irteeren eraikuntza-proiektuak, berriz, ADIFek egingo ditu.
3.4.– Sustapen Ministerioak, ADIFek eta ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eskura ipiniko dituzte eskura dituzten proiektu eta azterlan guztiak, agindutako eraikuntza-proiektuak definitzeko.
3.5.– Eraikuntza-proiektuak ADIFek edo ADIF-Alta Velocidadek onartuko eta gainbegiratuko dituzte beti, Trenbide-sektoreari buruzko Legearen (38/2015 Legea) 6. artikuluko 1. eta 2. zenbakiei jarraikiz.
Gainbegiratze- eta onartze-egiteko horiek betetzeko, ADIFek eta ADIF-Alta Velocidadek behar besteko giza baliabideak bideratuko dituzte, kontratuaren egikaritze normalari ez erasateko, indarrean den araudiak ezartzen dituen mugen barruan betiere.
3.6.– Hitzarmenaren aldaketak, III. eranskinean, urteka banatutako programazio ekonomiko bat biltzen du; ekitaldi bakoitzean eguneratu beharko da, irailaren 1a baino lehen, eta eguneratze horrek aipatzen duen ekitaldiko urteko zenbatekoei bakarrik eragingo die.
Sustapen Ministerioak, ADIF-Alta Velocidadek eta ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin duten partaidetza kokatu behar da administrazio kontratatzailearen eta obraren esleipendunaren arteko kontratu-harremanaren barruan; hala, lehendabizikoek konpromisoa hartuko dute sektore publikoaren kontratazio-araudiak ezarritakoaren barruan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra jakitun izango da Sustapen Ministerioaren edo ADIFen txostenak kontratazio-organoak garaiz eta forman hartu behar dituen hitzarmenen aurreko izapide direla.
Laugarrena.– Jabetza kentzea.
Besterentzeen kudeaketa administratiboarekin laguntzeko xedez, Sustapen Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari agindu zion, 2006ko apirilaren 24ko jatorrizko aginduaren bidez, egin zitzala jarduera material guztiak Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteari eragiten dioten besterentze-espedienteak izapidetzeko eta Donostiako Norteko geltokia eraikitzeko. Halaber, hitzarmen honen bidez biltzen dira Ezkioko geltokia egiteko besterentzeen kudeaketa administrazioak egiten laguntzeko agindua eta Astigarragako geralekua eraikitzearekin lotutakoa, baita larrialdietako galerietakoak eta jarduketa osagarrienak ere (mendi-mazelak egonkortzea eta iturburuetan izandako erasanak), hala dagokionean, eta guztia ere Legeak, Nahitaezko Besterentze Erregelamenduak eta aplikagarri den gainerako legediak ezarritako moduan.
Sustapen Ministerioari dagokio beti, administrazio besterentzaile den aldetik, besterendutako espedienteak izapidetzeko beharrezkoak diren administrazio-egintzak ematea.
ADIF-Alta Velocidadi edota bestela ADIFi egokituko zaio besterentzeen balio justuak ordainduko dituzten besterentzeen onuradun izatea, eta haienak izango dira araudiak onuradun gisa ezartzen dizkien eskubideak eta betebeharrak.
Bosgarrena.– Batzorde teknikoa.
Batzordeko tekniko bat sortuko da eta honako kide hauek izango ditu: Sustapen Ministerioak izendatutako hiru ordezkari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren beste hiru ordezkari. Haien egitekoa egoki iritzitako alderdi teknikoak aztertzea izango da, eta haiei buruzko azken erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko lankidetza-hitzarmenaren (2006ko apirilaren 24an sinatua) 9. klausulan sortutako Segimendu eta Koordinazio Batzordeak izango du.
Sustapen Ministerioaren ordezkarietako bat izango da Batzorde Teknikoaren buru.
Batzordearen egitekoak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku utzitako eraikuntza-proiektuen prestaketa koordinatzea.
b) Proiektu horiek ingurumen eta paisaiaren ikuspuntutik egokiak izan daitezen koordinazio-lanak egitea.
c) Eraikuntza-fasea koordinatzea eta onartutako proiektuen obrak egokiak direla bermatzea, baita kontratuak egikaritzean sor litezkeen gertakarien jatorria aztertzea ere, haien aldaketa materiala eskatuko balute. Gertakari horiei buruz eskuratutako ondorioak Segimendu eta Koordinazio Batzordera eramango dira, dagokion proposamena egin dezaten, hitzarmen honetako laugarren eta bosgarren klausuletan xedatutakoarekin bat. Kontratisten erreklamazioak izanez gero, Batzorde Teknikoak kontratazio-organoari eskatu ahal izango dio peritu-txosten independente bat egitea, erreklamazio horien jatorria zein den aztertzeko eta hura konpontzeko babeste tekniko eta juridiko egokia emateko.
d) Jabetza kentzeko prozesuak koordinatzea.
e) Proiektuak eta obrak egokitzeko proposamenak prestatzea, Sustapen Ministerioak, ADIF-Alta Velocidadek edo ADIFek onar ditzan.
Batzordea aldeetako edozeinek eskatzen duenean elkartuko da, eta funtzionamendurako Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legea) ezarritako araubideari jarraituko dio.
Batzorde teknikoa gairen baten inguruan ados jartzen ez bada, auzigaia Jarraipen eta Koordinazio Batzordera igorriko da, hark erabaki dezan.
Seigarrena.– Eskumenak.
Kudeatzeko gomendioak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea (zeinak Sustapen Ministerioarenak, ADIFenak edo ADIF-Alta Velocidadenak baitira); horrelakoetan, kudeatzeko gomendioa eman duen organoaren edo erakundearen ardura izango da gomendioan emandako jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.
Zazpigarrena.– Indarrean jartzea eta iraupena.
2006ko apirilaren 24an sinatutako agintze-hitzarmenaren aldaketa hau sinatzen den unean jarriko da indarrean eta, eta haren indarraldia, 2006ko apirilaren 24ko lankidetza-hitzarmenaren aldaketaren zortzigarren klausularen arabera, 4 urtez luzatuko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 49.h) artikuluaren 1. zenbakiari jarraikiz. Nolanahi ere, aldeek konpromisoa hartzen dute indarraldi horren amaiera baino lehen, behar besteko denboraz, luzapena izapidetzea, Lege horren 49.h) artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitakoarekin bat. Luzapenerako ere baimenerako jarraitutako prozedura bera baliatuko da.
Zortzigarrena.– Iraungitzea eta aldaketak.
1.– Hitzarmena iraungi egingo da, bere indarraldia amaitzeaz gain, bestelako arrazoi hauengatik ere.
a) Hitzarmenaren sinatzaileek elkarrekin adostuta.
b) Jarduerak egitea edo jarraitzea ezinezkoa dela edo beharrezkoa ez dela iritziz gero.
c) Agintze-hitzarmen honetako betebeharrak edo oinarrizko baldintzak modu larrian edota behin eta berriz ez betetzeagatik. Agintze-hitzarmena, komunikazio fede-emaile bidez aldez aurretik jakinarazita, eta kalte egiten dion alderdiak gutxienez hilabete lehenagoko epearekin aditzera emanda.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, agindua lehenago iraungiz gero, abian diren jardunak amaitzeko obligazioa izango du.
2.– Aldeek aldatu ahal izango dituzte aginduaren baldintzak elkarrekin adostuta, betiere kausa justifikatuta badago.
Aldaketa horiek behar besteko aurrerapenez jakinarazi beharko dira, idatziz, abian diren jarduera edo jarduketa guztiak egin beharrari kalterik egin gabe, edota beste aldearen zein hirugarrenen aurrean konpromiso irmoa hartuta dagoen kasuetan ere bai.
Bederatzigarrena.– 2006ko apirilaren 24ko agindu emateko lankidetza-hitzarmena.
Hitzarmen honek aldatu ez duen beste ororen kasuan, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIFek (Trenbide Azpiegituren Administratzaileak, gaur ADIF eta ADIF-Alta Velocidad) 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmena hartuko da kontuan, hain justu, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko jarduketa jakin batzuk agintzekoa.
Hamargarrena.– Izaera eta jurisdikzioa.
2006ko apirilaren 24an sinatutako agintzeko lankidetza-hitzarmenaren aldaketa hau administratiboa da; hala, proiektuak idaztearekin eta obrak exekutatzearekin lotutako alderdietarako, Trenbide Sektoreari buruzko Legearen (irailaren 29ko 38/2015 Legea) 6.4 artikulua bete beharko du, eta, halabeharrezko besterentze-espedienteen kudeaketa administratiboari dagokionez, berriz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (40/2015 Legea) 11. artikulua.
Hitzarmena interpretatzerakoan eta betetzerakoan auzirik sortuz gero, Administrazioarekiko Auzitegiaren jurisdikzio-ordenaren ezagutzakoak eta eskumenekoak izango dira.
Hamaikagarrena.– Argitaratzea.
2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da osorik.
Eta aldeen arteko adostasuna adierazteko, hitzarmen hau izenpetzen dute parte-hartzaileek, lau aletan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.
Sustapen ministroa,
IÑIGO JOAQUÍN DE LA SERNA HERNÁIZ.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
ARANTXA TAPIA OTAEGI.
ADIF eta ADIF-Alta Velocidaden presidentea,
JUAN BRAVO RIVERA.