EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018119

AGINDUA, 2018ko ekainaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, Lantokiko Prestakuntzaren modulua 2017-2018 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa batean egin eta titulua lortu ez duten lanbide-heziketako ikasleek enpresako egonaldia luzatzeko bekak emateko deialdia egiteko dena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-06-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201803209
Maila: Agindua
Euskadin pertsonen enplegagarritasuna izaten ari den bilakaera gure produkzio-sarearen lehiakortasunaren testuinguruan kokatzen da, eta, beraz, funtsezko garrantzia du lanbide-heziketa egiten duten ikasleen gaitasun profesionala eta ezagutza hobetu eta giza kapitala sustatzen duen guztiak. Hori guztia, gero eta gehiago egokituz profil profesionalak eta prestakuntza produkzio-sektoreen benetako eskaerara hurbiltzeko. Izan ere, Euskadiko enpresa-sareak bere lehiakortasuna hobetu behar du, eta, horretarako, prestakuntza tekniko ona izateaz gain beste mota bateko konpetentziak egiaztatuko dituen giza kapitala behar du. Konpetentzia horiek zerikusia dute, besteak beste, ekimenarekin, erantzukizunarekin, konpromisoarekin, autonomiarekin eta talde-lanarekin.
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, 6. artikuluan, enpresen, eragile sozialen eta beste entitate batzuen arteko lankidetza-lerroak ezartzen ditu, eta adierazten du ikasleek enpresatan praktika profesionalak egitea ahalbidetuko duela prestakuntzak.
Eusko Jaurlaritzaren jarduera-esparru estrategikoak lanbide-heziketa funtsezko oinarritzat hartzen du pertsonekiko konpromisoaren barruan, eta, beraz, baita hazkunde iraunkorrarekiko eta giza garapenarekiko konpromisoaren barruan ere. Lanbide-heziketak hezkuntzan du abiapuntua, baina eragin handia du EAEko beste arlo batzuetan ere; adibidez, langileen enplegagarritasunean eta enpresen lehiakortasunean.
Horregatik, aintzat hartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Agindu honen xedea da heziketa-sistemako lanbide-heziketako ziklo batean Lantokiko Prestakuntzaren modulua 2017-2018 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa batean egin eta titulua lortu ez duten lanbide-heziketako ikasleek enpresako egonaldia luzatzeko bekak emateko deialdia egitea.
2.– Diruz lagun daitekeen enpresako egonaldiaren gehienezko denbora hiru hilabetez luzatzea, egonaldia hasten denetik aurrera, LOE prestakuntza-zikloaren «bigarren mailako azken ebaluazioa» edo LOGSE prestakuntza-zikloaren «zikloko amaierako aparteko ebaluazioa» egin ondoren. Dena den, ikasleak titulua lortzen badu diruz lagun daitekeen gehienezko epean, beka amaitu egingo da.
3.– Ikastetxeak eta enpresak izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzetan egingo da egonaldia (ikus aginduaren I. eranskina).
4.– Beka horiek diru-laguntza ez-itzulgarriak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege honek ezarritakoa aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua –bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak emandako laguntzen eta diru-laguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak– betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.
2. artikulua.– Beka-kopurua eta zenbatekoa.
1.– Guztira 750 beka emango dira, eta onuradun bakoitzak gehienez ere 1.800 euro jasoko ditu (600 euro hileko).
2.– Bekadunek urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritako kotizazio-erregimeneko baldintzak bete beharko dituzte (1493/2011 Errege Dekretua, urriaren 24koa, Gizarte Segurantza eguneratzeko, egokitzeko eta modernizatzeko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarria garatzeko, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituena). Kontzeptu horregatik, bekadun bakoitzeko 151,83 euro (50,61 euro hileko) ordaindu beharko dira guztira.
3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
1.– 750 beka horiek emateko guztizko zenbatekoa, gehienez ere, milioi bat, laurehun eta hirurogeita hiru mila, zortziehun eta hirurogeita hamabi euro eta 50 zentimo (1.463.872,50 euro) izango da, eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak 2018rako duen 18.0.1.07.31.0001.453.01.42223.001.L kontu-sailetik ordainduko da.
2.– Bekak lanbide-heziketako prestakuntza-mailaren arabera banatuko dira, honako proportzioan:
– beken % 20, hau da, 150 beka, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat.
– beken % 50, hau da, 375 beka, Erdi-mailako Lanbide Heziketako ikasleentzat.
– beken % 30, hau da, 225 beka, Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasleentzat.
3.– Prestakuntza-maila bati edo batzuei esleitutako beka guztiak ez badira ematen, esleitzeke geratzen direnak irizpide proportzional bati jarraituz emango dira, aurreko zenbakian adierazitako portzentajeen arabera.
4. artikulua.– Betekizunak.
1.– Beka hauen onuradun ahalko dira izan 2017-2018 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ziklo bateko bigarren mailan matrikulatuta egotearen eskakizuna betetzen duten ikasleak.
2.– 2017-2018 ikasturtean Heziketa-sistemako lanbide-heziketako ziklo baten Lantokiko Prestakuntzaren modulua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa batean egin duten Lanbide Heziketako ikasleek enpresako egonaldia luzatzeko beka lortzeko betekizun espezifiko hauek bete beharko dituzte:
a) 2017-2018 ikasturtean Lantokiko Prestakuntzaren modulua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa batean egin eta titulua lortu ez izana 2018ko ekainari dagokion LOE prestakuntza-zikloaren bigarren mailako azken ebaluazioan edo LOGSE prestakuntza-zikloaren zikloko amaierako aparteko ebaluazioan.
b) Lantokiko Prestakuntzaren modulua egin duen enpresaren interesa egonaldia hiru hilabetez luzatzeko.
c) 2018ko abenduaren 31n 30 urte baino gehiago ez izatea.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
a) Eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako egoeretako batean ez dagoela.
d) Eskabidearen berri ematea, eta, hala badagokio, jakinaraztea helburu bererako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso izana bestelako administrazio batzuetatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.
e) Enpresekin izenpetutako hitzarmenak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura jarri direla programak onartzeko erabilitako aplikazio elektronikoan.
5. artikulua.– Eskabideak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/lp_luzatzeko/y22-izapide/eu/) telematikoki eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez egin beharko da eskabidea. Ikusi II. eranskineko eredua.
2.– Oinarriak onartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari.
3.– Bekaren eskaera aurkezteak berekin dakar:
a) Deialdiaren oinarriak onartzea.
b) Onartzea eskabideari atxikita dagoen erantzukizunpeko adierazpena, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatzen dena, eta betetzea Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako eskakizunak, agiri bidez egiaztatu ezin direnak.
c) Interesdunaren baimena, eskabidean jasotako datuak Hezkuntza Saileko fitxategi informatizatuetan gordetzeko, baina betiere deialdi hau kudeatzeko soilik.
Dena den, instantzia kudeatzaileak automatikoki egiaztatu beharreko betekizun legalak kudeaketa-bulegoak egiaztatuko ditu zuzenean. Bereziki egiaztatuko du kasuan kasuko administrazioen aurrean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta zein den dagokion prestakuntza-zikloko titulua lortzearen inguruko egoera.
4.– Ikasle interesdunek egonaldia hiru hilabetez luzatzeko enpresaren onarpena erantsi beharko diote eskabideari.
5.– Ikasle interesdunek 2017-2018 ikasturtean matrikulatuta dauden ikastetxean aurkeztu beharko dute eskabidea, inprimatuta eta sinatuta.
6.– Zuzenean zerbitzuan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan ere aurkeztu ahal izango da, manu horretan ezarritako baldintzekin bat eta zein ikastetxeri zuzentzen zaion adierazita. Dokumentazioa postetxean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postetxeko langileek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskaera-orriari. Hala egin ezean, ikastetxean sartu den datan aurkeztu dela ulertuko da.
7.– Adingabekoen kasuan, aita-ama edo legezko tutoreak sinatuko du eskabidea.
8.– Beka hauek emateko prozeduran zehar argitaratzen den informazioa izateko, prozesuan parte hartzen duten ikasleak https://ikasgunea.hezkuntza.net/eu webgunean erregistratu beharko dira.
9.– Egindako adierazpenetan ordainketa-proposamena egin aurretik izandako aldaketak berehala jakinarazi beharko zaizkio, eskatutako beka-modalitatearen arabera, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabide akastuna edo osagabea aurkeztu duten eskatzaileen zerrenda https://ikasgunea.hezkuntza.net/eu webgunean argitaratuko da. Zerrenda horiek argitaratu ondoren hasiko da kontatzen eskabideetan egindako akatsak zuzentzeko hamar egun balioduneko epea, eta adieraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, dagokion ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura, balorazio-irizpideak eta bekak esleitzea.
1.– Deialdi honetako bekak emateko prozedura norgehiagoka izango da, hau da, aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira haien arteko hurrenkera ezartzeko, artikulu honen 2. zenbakian ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, eta, deialdi honen 3. artikuluan ezarritako kreditu erabilgarriaren arabera, irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenei laguntzak esleitzeko.
2.– Balorazio-irizpideak honako hauek dira:
a) Lanbide-heziketako zikloko lehen mailako batez besteko nota, balorazio honen arabera:
– (≥9) eta (≤10): 2,75 puntu.
– (≥7) eta (<9): 2,15 puntu.
– (≥6) eta (<7): 1,10 puntu.
– (≥5) eta (<6): 0,5 puntu.
– (<5): 0 puntu.
b) Ikasleak 2018ko abenduaren 31n duen adina, balorazio honen arabera:
– 26-30: 1,85 puntu.
– 21-25: 1,15 puntu.
– 18-20: 0,5 puntu.
3.– Aipatu irizpideen arabera eskabide batzuen artean berdinketa badago, berdinketa hautsiko da aurreko b) letran puntuazio handiagoa lortu duen eskatzailea lehenetsiz, eta halere berdinketa egoten jarraitzen badu, deialdi honen seigarren artikuluko 2. zenbakian aipatzen den informatika-aplikazioak esleitutako ausazko zenbaki txikienaren arabera egingo da.
4.– Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak hartuko du bere gain deialdi hau kudeatzeko ardura.
8. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Dirulaguntza-eskabideak horretarako sortutako ebaluazio-batzorde batek baloratuko ditu, eta honako hauek osatua izango da:
– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako bi teknikari; horietako bat lehendakaria izango da, eta bestea, idazkaria.
Lehendakaria: M.ª Eugenia Santos Urdiain, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.
Idazkaria: M.ª Carmen Fuerte Marin, Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
– Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat.
Araba: Jon Karla Landaluze.
Bizkaia: Juan Manuel Angulo Renes.
Gipuzkoa: Jon Joseba Azkuna Diez.
9. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdia Plangintza eta Antolaketako zuzendariak ebatziko du, Ebaluazio-batzordeak proposamen arrazoitua egin ondoren.
2.– Ebazpena https://ikasgunea.hezkuntza.net/eu webgunean argitaratuko da, eta jakinarazpena egiteko balioko du. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jende orok jakin dezan.
3.– Beka hauek emateko prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori iragan eta ebazpen espresurik eman ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahalko da.
4.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena https://ikasgunea.hezkuntza.net/eu webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
10. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
1.– Diru-laguntzen ordainketa zuzenean pertsona onuradunari egingo zaio; horretarako, hiru banku-transferentzia egingo zaizkio, amaitutako hil bakoitzeko bat, betiere egonaldia egiten ari den enpresak haren bertaratzea eta aprobetxamendua egiaztatu ondoren.
2.– Ikasleak baja hartu edo parte hartzeari uko egiten badio, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, enpresan egindako denboraren heinean.
11. artikulua.– Ebazpena aldatzea, berrikustea eta diru-laguntza itzultzea.
1.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, ebazpena aldatu ahal izango da diru-laguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan, betiere diru-laguntzen arauak ezarritako onuradun izateko gutxieneko eskakizunak betetzen badira.
2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
3.– Jasotako diru-laguntza gehi aplikatzekoak diren interesak itzuli beharko dira baldin eta araudi horretan aintzat hartzen diren honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada, eta bereziki:
a) Agindu honetan eta agindua garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa betetzen ez bada.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunei dagokien eginbeharren bat betetzen ez denean.
Betebehar hori bestela ezar daitezkeen zehapenetatik apartekoa izango da.
4.– Abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 17ko EHAA) araututakoaren arabera egingo da itzulketa.
12. artikulua.– Beken onuradun izan diren pertsonen betebeharrak.
Betebehar hauek dituzte laguntzen onuradunek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera-, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.
c) Gainerako legezko betebeharrak betetzea, bereziki azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezarritakoak.
13. artikulua.– Bateraezintasuna.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek zein erakunde publikoek edo pribatuek –estatuko zein nazioarteko– helburu bererako emandako laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere emandako diru-laguntzen zenbatekoek guztira ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueren kostua.
2.– Laguntza hauek bateraezinak izango dira lan-jardun ordainduarekin.
14. artikulua.– Arau-garapena.
Baimena ematen zaio Plangintza eta Antolaketako zuzendariari agindu hau betearazteko behar diren ebazpenak eta jarraibideak emateko.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 12a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.