EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018131

92/2018 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat. Hitzarmen horren bidez, Lasarte-Oriako Donostia etorbideko 5 zenbakiko eraikinaren okupazioak eta erabilera partekatuak sortzen dituzten gastuak banatzen dira.

Xedapenaren zenbakia: 201800092
Xedapenaren data: 2018-05-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201803551
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen horren bidez, Lasarte-Oriako Donostia etorbideko 5 zenbakiko eraikinaren okupazioak eta erabilera partekatuak sortzen dituzten gastuak banatzen dira. Hitzarmena ebazpen honen eranskin gisa doa.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 9KO 92/2018 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILAREN ETA LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ARTEKOA, LASARTE-ORIAKO (GIPUZKOA) DONOSTIA ETORBIDEKO 5 ZENBAKIAN DAGOEN HIGIEZINAREN OKUPAZIOTIK ETA ERABILERA PARTEKATUTIK DATOZEN GASTUAK BANATZEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 8a.
BILDURIK:
Batetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Hezkuntzako sailburua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak ematen dizkion eskumenak erabiliz esku hartzen du.
Bestetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko lehendakari gisa, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 9 c) artikuluan ezarritakoaren arabera esleitutako eskumenak baliatuz.
Bi alderdiek, duten ordezkaritza dela bide, elkarri aitortzen diote behar besteko legitimitatea eta gaitasuna badutela agiri hau formalizatzeko, agirian jasotako baldintzetan. Horretarako,
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Politika aktiboen arloko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu ostean, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonal eta materialetarako atxikimendurako baldintzak arautzen dituen abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxiki zitzaion Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Donostia etorbideko 5 zenbakian dagoen higiezina.
Finka hemen inskribatuta dago: Donostiako 5 zenbakiko jabetza-erregistroa, 194 folioaren atzealdea, 1.823 liburukia, 22 liburua, Lasarte-Oriako Udalarena, 1.032 finka, 3. inskripzioa.
Bigarrena.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariaren 2015eko ekainaren 18ko 59/2015 Ebazpenaren bidez –2016ko ekainaren 24ko 37/2016 Ebazpenaren bidez aldatua–, aipatutako finkaren zenbait eremuri dagokionez, jabari publikoaren mutazioa eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren desatxikitzea erabakitzen da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren alde (gaur egun, Hezkuntza Saila), Eraikin Adimendunen Garapen Iraunkorrerako Ikastetxe Integratua sortzeko xedearekin. Hauek dira azalerak:
– Beheko solairua: 1.419,55 m
– Lehenengo solairua: 713,85 m
Higiezinaren gastu guztien % 66,60ko partaidetza-kuota dagokie eremu horiei.
Halaber, Hezkuntza Sailari atxikitzen zaio eremu komun hauen erabilera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin erabilera partekatua egiteko:
– Barneko eremu komunak: galdara-gela eta elektrizitate-gela, 82,40 m
– Kanpoko eremu komunak, 4.790,83 m
Hirugarrena.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmen hau lege horren esparrutik kanpo geratzen da. Halere, analogiaz, aipatutako lege-testuaren 116.5 eta 323.5 artikuluak aplikatuko dira, kontratuak kontratazio-organo bakarrak egin behar baditu hitzarmen honetan jasotako baldintzetan; horri dagokionez, artikulu horiek hau xedatzen dute:
116.5 artikuluak honela dio:
«Kontratua hainbat jatorritako ekarpenekin finantzatu behar denean, ekarpen horiek egin dituztenak herri-administrazio bereko organoak izanda ere, kontratua esleitu behar duen kontratazio-organoak espediente bakar batean izapidetuko du dena delako kontratua; espedientean, ekarpen guztiak osorik erabiltzeko moduan daudela egiaztatu beharko da, eta ordaintzeko hurrenkera ezarri, eta ekarpenak egiaz gauzatzen direla ziurtatzeko bermea ere sartu beharko da.»
Eta 323.5 artikuluak, berriz, honela dio:
Ministerio departamentu edo erakunde batek baino gehiagok kontratua egiteko interesa baldin badu, baina kontratazio-organo bakar batek izapidetu behar badu espedientea, gainerako erakunde edo departamentu interesdunek kontratua finantzatzen lagundu ahal izango dute, erregelamenduz ezarritako eran eta aurrekontu-araurik urratu gabe, eta jarduera-hitzarmen edo -protokoloetan ezarritako eran.
Halaber, hitzarmen hau arautuko dute Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak eta aplikatu beharreko aurrekontu-arauek.
Laugarrena.– Alderdi sinatzaileetako bakoitzak esleituta du, erabilera esklusiborako, eremu zehatz bat, eta, horrez gain, higiezinaren eremu komunak, ondasunak eta instalazioak erabiltzen dituzte; horiek, behar bezala funtziona dezaten, zenbait gastu komun behar dituzte, zerbitzuetan, horniduretan, kontserbazio-lanetan, konponketan, mantentze-lanetan eta tributuetan.
Gastu erkideak edo erabilera komunekoak edo zatiezinak direnak higiezina partekatzen duten alderdiek hartu behar dituzte euren gain; horretarako, hitzarmen bat formalizatu behar da. Hitzarmen horretan jasoko da, besteak beste, alderdiek onartzen dutela euren gain hartzea bakoitzari dagokion zati proportzionala; gainera, banaketa-irizpideak ere ezarriko dira.
Higiezina hobeto kudeatzeko, agiri hau sinatuta, alderdiek euren borondatea adierazten dute, egungo eta etorkizuneko gastuetan duten zatiaren administrazioan eta partaidetzan laguntzeko. Higiezinaren kontserbazioaren, hobekuntzaren, obren, zerbitzuen, horniduren eta beharrezko beste gastu batzuen ondorio dira gastu horiek, bai eta higiezinak dituen tributu-kargen ondorio ere. Hori dela-eta, beharrezkotzat jotzen dute harreman-esparru bat ezartzea, estipulazio hauen arabera:
ESTIPULAZIOAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da bereizi ezin diren gastu komunen finantzaketa kudeatzeko, administratzeko eta horretan parte hartzeko irizpideak ezartzea. Gastu horien jatorria hau da: obra-kontratuak, zerbitzuak, hornidurak eta hitzarmen honen alderdiek erabiltzen dituzten bulegoen eta higiezinaren funtzionamenduan beharrezkoak diren beste gastu batzuk, bai eta tributu-kargak eta eranskinean jasotzen direnak ere.
Berariaz hitzarmen honetatik kanpo geratzen dira erakunde bakoitzari atxikitako eremu eta elementu pribatiboen kudeaketa eta administrazioa, horien gastuak bereizi edo banakotu badaitezke.
Bigarrena.– Higiezinaren administrazioa.
Higiezinaren administrazioa Hezkuntza Sailari dagokio, higiezinaren azalera atxiki handiena duelako. Administrazio-lan hori zentroko zuzendariak egingo du.
Administratzaileari dagokio higiezinaren, instalazioen eta zerbitzuen funtzionamendua egokia dela zaintzea. Horretarako, kontserbazio- eta mantentze-lanek behar dituzten ohartarazpenak egingo ditu. Halaber, administratzailearen ardura izango da higiezinaren administrazioak behar dituen kontratazio-espedienteak sustatzea, eta, haren eskumenekoa izanez gero, izapidetzea.
Higiezinaren administratzaileak zentroaren funtzionamendurako sustatuko dituen kontratuen berri eman behar dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Lanbidek esanbidezko adostasuna eman behar dio kontratu horien egokitasunari. Lanbideren ustez zerbitzu, hornidura edo obraren bat egin behar bada, horren berri emango dio administratzaileari, dagokion kontratazio-espedienteari hasiera eman diezaion.
Proposatutako kontratuari dagokionez alderdietakoren bat ados ez badago, jarraipen-batzordea bilduko da, gai hori ebazteko.
Hirugarrena.– Gastuak banatzeko irizpideak.
Gastu komunak banatzeko irizpide orokorrak hau hartuko du kontuan: erakunde bakoitzak erabilitako metro koadroen kopurua, gehi erabilera komuneko eremuetatik dagokion zati proportzionala. Ondoriozko ehunekoak eta esleitutako metroak eranskinean daude jasota. Horrela, Hezkuntza Sailari % 66,60ko partaidetza-kuota dagokio higiezinaren gastuen multzoan, eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, berriz, % 33,40koa.
Halere, higiezinaren berezitasunak, ezaugarriak eta banaketa direla-eta, ez zaie aplikatuko banaketa-irizpide orokor hori eranskinean jasota dauden elementu, eremu, zerbitzu eta hornidurei; aitzitik, eranskinean adierazitako arau espezifikoek arautuko dituzte.
Baterako kontratuen finantzaketa burutzeko, kontratazio-organoaren eskura jarriko dira gastu-espedienteen egiaztagiriak. Agiri batean jaso beharko da erakunde bien konpromisoa gastu horietan parte hartzeko, bakoitzak dagokion zatian.
Laugarrena.– Kontratazio-espedienteak izapidetzea.
1.– Gastu partekatuetarako kontratazio-organoa izango da Hezkuntza Saileko organo eskuduna, sail horren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen dekretuaren arabera.
2.– Bigarren estipulazioan jasotako esanbidezko adostasuna eman ostean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontratazio-organoari bidali beharko dio, kontratazio-espedientea hasi baino lehen, dagokion kontabilitate-agiria, gastua onartzeko ebazpenarekin batera.
3.– Kontratuaren lizitazioa arautuko duten pleguek adierazi beharko dute gastua batera finantzatzen dutela hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek, eta, horrez gain, bakoitzari dagokion gastuaren zenbatekoa edo ehunekoa zehaztu beharko dute. Halaber, adierazi beharko dute kontratistak faktura bereizietan aurkeztu behar duela zerbitzua emateak, hornidura entregatzeak edo dagokion obra egiteak sortzen dituzten gastuen zenbatekoa, aipatutako kofinantzaketa-ehunekoaren arabera.
4.– Kontratua esleitu aurretik, kontratazio-organoak Lanbideri bidaliko dio kontratua esleitzeko ebazpen-proposamena, gastu-konpromisoa onartu eta kontabiliza dezan, aurretiazko fiskalizazioa behar duten kontratazio-espedienteak badira, eta informazio-ondorioetarako, gainerako kontratazio-espedienteetan.
5.– Kontratua esleitu eta formalizatu ostean, kontratazio-organoak Lanbideri igorri beharko dizkio kopia hauek: esleipen-ebazpenaren kopia, bi alderdiek sinatutako kontratuaren kopia eta kontratistak aurkeztutako eskaintza ekonomikoaren kopia.
6.– Kontratu txikien kasuan, proposatutakoaren arabera kontratua esleituko zaion hornitzailearen aurrekontuaren kopia erantsiko da, bai eta horren ondoriozko gastua onartzeko ebazpenarena ere.
7.– Enpresa kontratistak erakunde bakoitzari fakturatu beharko dio bakoitzari dagozkion gastuen zenbatekoa.
8.– Salbuespenezko inguruabarren bat dela-eta ez bada bideragarria erakunde bakoitzeko fakturazio bereizi bat egitea, kontratazio-organoak dagozkion fakturak ordainduko ditu, kontuan hartuta ez dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurrekontuaren kargura finantzatuko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokion kopururik.
Ondoren, Lanbideri bidaliko dizkio, ordaintzeko, abonatutako fakturen kopiak, bakoitzak ordaindu behar duen zenbatekoa adierazita.
Bosgarrena.– Gaur egun indarrean dauden kontratuak.
Gaur egun indarrean dauden kontratuetatik eratorritako gastuak hitzarmen honetan ezarritako irizpidearen arabera banatuko dira, eranskinean jasotako gastu bereiziak izan ezik, zeinak eranskinean ezarritako berariazko arauek arautuko baitituzte.
Seigarrena.– Etorkizuneko jarduerak.
Eremu, elementu, zerbitzu eta hornidura komunen ondoriozko gasturen bat ez badago jasota hitzarmen honetan edo etorkizunean sortzen bada, gastu horri aurreko apartatuetan aipatutako arauak aplikatuko zaizkio, eta ez da beste hitzarmen bat sinatu beharko; gastu hori eranskinari gehituko zaio, beharrezkotzat jotzen bada.
Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmen hau interpretatzeko, horren jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, batzorde bat eratuko da. Batzordeburu batek, idazkari batek eta erakunde bakoitza ordezkatuko duen bokal batek osatuko dute batzorde hori.
Hezkuntza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako langileek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako langileek ordezkatuko dituzte bokalak.
Batzordeburutza, berariaz bestelakorik erabakitzen ez bada, txandaka beteko da, partaidetza-ehuneko handienetik txikienera, urteko aldietan, Hezkuntza Sailetik hasita.
Kontratazio-organoak edo espedienteak izapidetzeko arduradunak izendatutako pertsona izango da idazkaria.
Batzorde hori, ohiko izaeraz, urtean behin batzartuko da. Batzordeburuak eskatzen duen bakoitzean ere batzartuko da, edota beste erakundeak eskatzen duenean. Erabakiak adostasunez hartuko ditu.
Zortzigarrena.– Administrazio-izaera.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluaren arabera. Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmen hau lege horren aplikazio-esparrutik kanpo geratzen da.
Bederatzigarrena.– Jurisdikzio eskuduna.
Hitzarmen hau aplikatzean sortzen diren auziak administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioaren eskumenekoak izango dira.
Hamargarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Hitzarmen hau bere indarraldian zehar aldatu ahalko da, bi alderdiek hala erabakitzen badute, eta erabakitzen diren aldaketak eranskin gisa gehituko zaizkio hitzarmenari.
Hamaikagarrena.– Hitzarmena suntsiaraztea.
Hitzarmen hau suntsiarazi ahal izango da, bi alderdiek hala erabakitzen badute, alderdi sinatzaileetakoren bat higiezinetik desatxikitzen bada, alderdietakoren batek hitzarmenaren klausulak betetzen ez baditu, eta legeak aurreikusten dituen bestelako kausak direla-eta.
Hamabigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta lau urteko indarraldia izango du –beste lau urtez luzatu ahal izango da–, erakunde sinatzaileek finka hitzarmen honetan jasotako baldintzetan partekatzen duten bitartean, alderdietakoren batek hitzarmena esanbidez salatzen ez badu.
Eta ados daudela erakusteko, agiri hau sinatzen dute, adierazitako lekuan eta egunean.
Hezkuntza Sailaren aldetik: sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO ANDREA.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik: Lanbideko lehendakaria,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ ANDREA.
HITZARMENAREN ERANSKINA
Hitzarmenaren xede den higiezin partekatua.
– Higiezina: Donostia etorbidea 5, Lasarte-Oria (Gipuzkoa).
– Higiezinaren izena: Lasarte-Oriako Prestakuntza Zentroa.
– Katastroko erreferentzia: 7991254.
– Higiezina okupatzen duten erakundeak eta okupazio-titulua:
Azalera osoa:
Azalera banatzeko ehunekoak:
Hezkuntza sailaren eta lanbide-euskal enplegu zerbitzuaren artean gastuak banatzeko ehunekoa, hitzarmen honen egunean bereizi edo banakatu ezin diren gastuei dagokienez; bi erakundeek erabaki dute gastu horiek kontratazio-organo gisa jarduten duenari ordaintzea.
Higiezinaren gastu komunen artean, batzuk bereizi egin dituzte erakundeek, bai banakatu egin ahal izan dituztelako bai erakunde bakoitzak bere zerbitzuak kontratatu dituelako.
Arau orokor gisa, bereizi ezin diren gastu komunetarako, edo banakatu ez direnen kasuan, eraikinaren guztizko azalera hartuko da kontuan.
Gastu-kontzeptuak:
Gastu komunak banatzeko ehunekoak:
Oharra: Hezkuntza Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2016ko uztailaren 23ko bileran, hau erabaki zuten:
1) Hezkuntza Sailak bere gain hartzen ditu kontzeptu hauek direla-eta sortutako bereizte-gastuak:
– Bereizte-atea lehen solairuko korridorean.
– Komunak egokitzea, beheko solairuan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoa erabiltzeko.
– Berokuntza-instalazioa bereiztea, eta kontagailu bikoitza jartzea.
2) Lorategietarako guztizko eremuaren % 70,90 Hezkuntza Sailari dagokio, eta, gainerako % 29,10a, berriz, Lanbideri.
Honako hauek hartzen dira elementu komuntzat:
Barneko elementu komunak:
– Galdara-gela eta elektrizitate-gela.
– Beheko solairura eta lehen solairura joateko eskailerak, korridorea eta igogailua.
Kanpoko elementu komunak:
– Lanbideren bulegoaren inguruko ataripea.
– Gasolio-depositua.
– Kanpoko perimetroko hesia.
– Lorategia (eremu independenteak mugatu).
– Aparkalekua (erabilera partekatua zehaztu).
– Teilatua (konpontzeko eta aldatzeko aurrekontua eskatuko da).