EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2018135

AGINDUA, 2018ko uztailaren 2koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2017ko maiatzaren 30eko Agindua, 2017-2018ko aldian euskara sustatzeko ekintza plana (ESEP) garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2018-07-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201803652
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2017/06/09an argitaratutako 2017/05/30reko AGINDUA aldatzen du [201702876]

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2017ko maiatzaren 30eko Aginduak 2017-2018ko aldian Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egin zuen.
Bermeoko Udalak berraztertzeko helegitea aurkeztu zuen aginduaren 18.2.b) artikuluaren kontra. Artikulu horretan diru-laguntzen justifikazioa arautzen da, eta zehazten zer dokumentazio aurkeztu behar den diru-laguntza justifikatzeko; honako hau xedatzen zuen: «Horrez gain, erakunde onuradunak ondorengo informazioa helarazi beharko du HPSra bigarren justifikazioarekin batera: euskaltegi pribatu homologatuei emandako diru-laguntzak, euskaltegi bakoitzari zenbat diru eman dion adieraziz; zein euskara ikasteko banatutako diru-laguntzak, onuradunen izen-abizenak eta bakoitzari esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziz (Justifikazioen aurreko urteetako datuak, 2017koak alegia)». Aginduaren 18.3.f) artikuluan pareko informazioa eskatzen zen hirugarren justifikazioan.
Helegiteak dioen bezala, Datu Pertsonalen Babeserako 15/1999 Lege Organikoaren 11. artikuluaren arabera datuak komunikatu ahal izango dira ezinbestekoak direnean lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen funtzio legitimoen arloko helburuetarako.
ESEP deialdiaren 8. artikuluaren 2.3.f) atalaren arabera, euskalduntze-alfabetatzeari dagozkion diru-laguntzak, bekak eta kanpainak deialditik kanpo gelditzen dira. Beraz, jarduera horiei lotutako datu pertsonalak jasotzea ez da ezinbestekoa ESEP deialdiaren diru-laguntzak kudeatzeko.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Baliogabetzea 2017-2018ko aldian Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko den, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren, 2017ko maiatzaren 30eko Aginduaren 18. artikuluaren 2.b) eta 3.f) azpiatalak (2017ko ekainaren 9ko EHAA, 109. zenbakia).
Administrazio bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 2a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.