EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2018181

EBAZPENA, 2018ko irailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita suhiltzaile-etxea handitzea dela-eta komunitate-ekipamenduko sistema orokorra (segurtasuna) handitzeko Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 43. aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2018-09-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201804573
Maila: Ebazpena
EGITATEZKO AURREKARIAK
2018ko martxoaren 7an, Laudioko Udalak eskaera egin zuen suhiltzaile-etxea handitzea dela-eta komunitate-ekipamenduko sistema orokorra (segurtasuna) handitzeko Laudioko HAPOaren 43. aldaketa puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abiarazteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerari, Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko maiatzaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien eskaera: Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, URA Uraren Euskal Agentzia, eta Arabako Ekologistak Martxan.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren txostenak jaso dira (espedientean dago horren emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago suhiltzaile-etxea handitzea dela-eta komunitate-ekipamenduko sistema orokorra (segurtasuna) handitzeko Laudioko HAPOaren 43. aldaketa puntuala; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egin beharreko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua gainditu behar duten plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eskumena duen organoa baita, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena), ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Suhiltzaile-etxea handitzea dela-eta komunitate-ekipamenduko sistema orokorra (segurtasuna) handitzeko Laudioko Udalak sustatu duen Laudioko HAPOaren (aurrerantzean, Plana) 43. aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren ezarritakoari jarraituz:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da Laudioko suhiltzaile-etxeari dagokion komunitate-ekipamenduko sistema orokorra handitzea. Egun dagoen suhiltzaile-etxearen eraikina handitu beharra dago; izan ere ez du nahiko leku ibilgailu luzeak gordetzeko, maniobrak egiteko edo larrialdi-helikopteroak behin-behinean lur hartzeko. Gainera, eraikina erabat eraberritu eta antolatzea nahi da, eraikuntza-patologia garrantzitsuak dituelako eta, mantentzeko eta zaintzeko lanik ez denez egin, kalteak areagotu egin direlako. Egun, eraikin horretan suhiltzaileak, ertzain-etxea eta Osakidetzako larrialdien zerbitzua daude.
Zumalakarregi - Hiru Gurutzeta 12. Industrialdean kokatuta dagoen hiri-lurzoru baten gainean egingo da handiagotzea. 32. lurzatia zati batean hartuko da; horren zati bat espazio libreen tokiko sistema bezala kalifikatua izan da, eta gainerakoa industrialdeari lotutako kirol- eta merkataritza-ekipamendu bezala. Komunitate-ekipamenduko sistema orokorra (Segurtasuna) 1.435,10 m
Bestalde, sortuko den berdegunearen inguruan bide berri bat egingo da, zeinak gasolindegiko irteeran dagoen bidea ordeztuko baitu; izan ere, sistema orokorra handitzea dela-eta bide hori kendu egingo da. Bide berria egiteko, egun dagoen bide zolatua baliatuko da.
B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: egun dagoen suhiltzaile-etxearen eraikina handitzea da Planaren xedea, ez baitu nahiko leku maniobrak egiteko ibilgailu luzeak hartzeko, ezta larrialdi-helikopteroak behin-behinean lur hartzeko ere; gainera, eraikina erabat eraberritu eta antolatzeari ekin nahi zaio. Hori guztia eraikuntza- eta hirigintza-proiektu elkartu baten barnean burutuko da.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer neurritan eragiten duen planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana egokia den edo ez bereziki garapen jasangarria sustatzeko egindako ingurumen-oharpenak integratzeko: kokapen hau hautatzean Plana garatzeko, lehentasuna eman zaio lurzoru antropizatuak berrerabiltzeari –lurzoru naturalak artifizial bilakatu ordez– eta espazio publikoen zentraltasuna eta irisgarritasuna sustatzeari. Hori dela eta, irizten da egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.
d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako airearen kutsadura eta abar. Ziurta dezakegu, beraz, ez dela izango Plana burutzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuan burutzen diren jarduketak eta jarduerak. Zehazki, jarduketa bateragarria izango da Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren 2015-2021 Plan Hidrologikoaren 40. eta 41. artikuluetan xedatuarekin uholde-arriskuko guneko erabilerekiko mugen alorrean. Eremu horretan edozein jarduketa gauzatzeko, arro-erakundearen aldez aurreko administrazio-baimena beharko da.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez ingurumen-balio altuko eremurik.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:
– Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte, eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartu zen.
Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Laudioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.
Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten suhiltzaile-etxea handitzea dela-eta komunitate-ekipamenduko sistema orokorra (segurtasuna) handitzeko Laudioko HAPOaren 43. aldaketa puntualak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik izango duenik; horrenbestez, ez da beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.
Hirugarrena.– Laudioko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galdu eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ez bada onartzen suhiltzaile-etxea handitzea dela-eta komunitate-ekipamenduko sistema orokorra (segurtasuna) handitzeko Laudioko HAPOaren 43. aldaketa puntuala. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 4a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.