EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2018229

160/2018 DEKRETUA, azaroaren 13koa, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren estatutuak onartzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800160
Xedapenaren data: 2018-11-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201805843
Maila: Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzen da, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa eratzen da, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak lortzeko jarduteko gaitasun osoa dituela, eta industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita.
Aipatutako xedapenaren 2. apartatuarekin bat etorriz, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatzekoak zaizkien lege-xedapenen bidez arautuko da, xedapen horretan ezarritako berezitasunetan izan ezik, bai eta bere estatutuen bidez ere. Estatutuok Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartuko dira, industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskuduna den sailak proposatuta. Halaber, haren 6. apartatuak dioenez, eta han estatutuei egiten zaien aipamena kontuan hartuta, agentziaren gobernu-organoak izango dira: Administrazio Kontseilua, Zuzendaritza Nagusia eta Nazioartekotze Zuzendaritza.
Era berean, eta hamahirugarren xedapen gehigarriaren 15. apartatuan xedatzen dena betetzeko, dekretuz zehazten da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren jardueren hasiera gertatuko dela haren estatutuak indarrean jartzen direnean.
Ondorioz, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoari jarraikiz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren 13an egindako bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Estatutuak onartzea.
«SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren estatutuak onartzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriarekin bat etorrita, dekretu honi atxikita doan eranskineko testuan azaltzen denaren arabera.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu hau onartzen denetik «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren gobernu-organoak eratzen diren arte, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak egikarituko ditu «Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA»ren kapitalaren akzioei dagozkien bazkide-eskubideak –«SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri atxikitako akzioak izanik– eta gainerako ahalmenak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Baimena ematen zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak har ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau 2019ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 13an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA, AZAROAREN 13KO 160/2018 DEKRETUARENA
«SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA»REN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
IZAERA, EGOITZA ETA JARDUTEKO ESPARRUA
1. artikulua.– Izaera, atxikipena eta araubide juridikoa.
1.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia» zuzenbide pribatuko ente publikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail honi atxikita dago: industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren arloan eskumena duenari. Nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ditu bere helburuak eta funtzioak betetze aldera, bere sortze-legeak, estatutu hauek eta indarrean den gainerako araudiak aitortu baitizkiote.
2.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»k, kanpoko harremanetako jarduerari dagokionez, men egingo die, oro har, Zuzenbide Zibileko, Merkataritza Zuzenbideko eta Lan Zuzenbideko arauei, salbu eta administrazio-ahala baliatzea dakarten egintzetan, Administrazio Zuzenbidearen mende egongo baitira azken horiek. Bere barne-harremanetan eta antolamendukoetan, batik bat aurrekontu-, finantza-ekonomia, kontabilitate- eta ondare-araubideetan, bai eta erakundean zerbitzuak ematen diharduten funtzionarioei dagokienez ere, kasuan kasuko gaiari aplikagarri zaion araubide publikoa bete beharko du. Funtzionarioei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren funtzio publikoaren gaineko arauak aplikatuko zaizkie.
3.– Kontratazioari dagokionez, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»k bete beharko ditu kontratazio publikoari buruzko legeak eta bera garatzeko arauak. Alde horretatik, kontratazio-mahaia eratzeko, bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoa, edo dekretu hori ordezten duen araua.
4.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri aplikatu behar zaion araubide juridikoak hauek hartzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarrian aipatutakoa, estatutu hauek eta zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatu behar zaizkien lege eta xedapen orokorrak.
2. artikulua.– Egoitza eta jarduteko esparrua.
1.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»k Bilboko udalerrian dauka bere egoitza nagusia, hargatik eragotzi gabe beste bulego batzuk ezartzea Administrazio Kontseiluak zehaztutako beste lurralde-eremu batzuetan, baldin eta beharrezko edo egoki bada Euskal Autonomia Erkidegoak bultzatzen dituen sustapen ekonomikoko, industria-politikako eta enpresa-lehiakortasunerako politiketarako.
2.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren jardueraren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da, hargatik eragotzi gabe beste lurralde-eremu batzuetan ere jardutea, esleitzen zaizkion funtzioak betetze aldera ─batez ere, nazioartekotzeari eta atzerri-inbertsioak erakartzeari dagozkionak─, Administrazio Kontseiluak hala erabakita.
3.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren egoitza nagusia eta helbidea hemen daude: Bizkaia Plaza eraikina, Urkixo zumarkalea 36, Bilbao.
II. KAPITULUA
XEDEA, FUNTZIOAK ETA JARDUKETAK
3. artikulua.– Xedea.
«SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekonomia-sustapenaren politikarako tresna gisa jardutea.
4. artikulua.– Eskumenak.
«SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri, bere helburuak lortze aldera, eskumen hauek dagozkio:
a) Sustapen-plan eta -programen diseinua eta exekuzioa bultzatzea alor hauetan: industria- eta enpresa-jarduera, industria arloko inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, informazioaren eta jakintzaren gizartearen garapena eta enpresa-ekintzailetzaren sustapena.
b) Atzerriko industria-inbertsioa sustatzea, balio erantsi handia duten eta enplegua sortzen duten proiektu bultzatzaileetan.
c) Berrindustrializatzeko edo industria-arloan jardunak egiteko premia berezia duten Euskal Autonomia Erkidegoko eremuetan, industriaren sustapena eta antolamendua bultzatzea, beste erakunde eskudun batzuekin lankidetzan.
d) Egoeraren araberako zailtasun koiunturalak dituzten enpresei dagokienez, jarduteko programak eta proposamenak prestatzea, eta enpresa horiei bultzada ematea, lanpostuak eta industria-jarduera lehiakorra mantentze aldera.
e) Euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza-sistema publikoa bultzatu eta sendotzea, eta euskal enpresei atzerrian ezartzeko sostengua ematea.
f) Azpiegitura fisikoak eta ingurune teknologikoak sustatzea, industria-proiektuen kokapena eta lehia-garapen egokia ahalbidetzeko.
5. artikulua.– Jarduketak.
«SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»k, bere helburuak erdiesteko eta bere eskumenak baliatuz, jarduketa hauek egin ditzake:
a) Laguntzak eta diru-laguntzak ematea, dagozkien deialdiak onartzea eta izapidetzea barne, diru-laguntzen arloko arauekin bat etorrita. Diru-laguntzen programak onesteak, diru-laguntza emateari buruzko ebazpenek eta, behar denean, haien itzulketei buruzkoek administrazio-ahalak baliatzea ekarriko dute, administrazio-egintzak izango dira eta administrazio-bidea agortuko dute.
b) Merkataritza-trafikoari berezko zaizkion orotariko finantza- eta ekonomia- jarduerak egitea, orotariko kontratuak egitea eta zerbitzuak ematea, hartara eragotzi barik Administrazio instituzionalaren parte den aldetik aplikatu behar zaizkion arau eta baldintzak.
c) Merkataritza-sozietateen edo bestelako edozein entitateren eratzaile edo partaide izatea, baita irabazi-asmorik gabekoena ere, Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso ondoren eta Administrazio Instituzionalari aplikagarri zaion ondare-araudiak agintzen duenarekin bat etorrita. Hala ere, ezin izango da merkataritza-sozietateen parte izan baldin eta sozietate horietako bazkideek beraiek erantzuten badiete zor sozialei.
d) Lankidetza-hitzarmenak eta kontratuak sinatzea administrazio publikoekin eta sektore publikoko enteekin, bai eta pribatuekin ere.
e) Lankidetza-formula espezifikoak ezartzea harreman-sare bat sortzeko entitate publikoekin eta pribatuekin, euskal enpresei laguntza emateko beren nazioartekotze-proiektuetan eta atzerriko jardueran.
f) Bere eskumeneko gaiei buruzko txostenak ematea Administrazio Orokorreko organoek eskatzen diotenean; eskatu ere, industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa jardutea ekonomiaren sustapenarekin zerikusia duten foro eta esparruetan, Eusko Jaurlaritzak edo arlo horretako eskumena duen sailak aginduta.
III. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOAK
1. SEKZIOA
XEDAPEN OROKORRAK
6. artikulua.– Gobernu-organoak eta egitura organikoa.
1.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren gobernu-organoak hauek dira:
a) Administrazio Kontseilua.
b) Zuzendaritza Nagusia.
c) Nazioartekotze Zuzendaritza.
2.– Nolanahi ere, organo berriak sortzeko, hirugarrenen aurrean erabakimena izango dutenak edo izaera publikoko ebazpenak hartzeko prozeduran nahitaezko esku-hartzea, estatutu hauek aldatu beharko dira, Administrazio Kontseiluak onespena eman ondoren.
2. SEKZIOA
ADMINISTRAZIO-KONTSEILUA
7. artikulua.– Osaera.
1.– Administrazio Kontseilua da «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren gobernu-organo nagusia, eta kide hauek ditu:
a) Administrazio-kontseiluko lehendakaria.
b) Lau kontseilukide, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren sektore publikoaren ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzak izendatuta, industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren gaietan eskumena duen saileko buruaren proposamenez.
c) Eusko Jaurlaritzak izendatutako kontseilukide bat, ogasun-gaietan eskumena duen saileko buruaren proposamenez.
d) Bi kontseilukide, Eusko Jaurlaritzak izendatuta, industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren gaietan eskumena duen saileko buruaren proposamenez, ekonomiako sektore garrantzitsuei buruz duten ezaguera edo euskal enpresa-elkargoetan duten partaidetza dela eta.
e) Kontseilukide bat, Eusko Jaurlaritzak izendatuta, industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren gaietan eskumena duen saileko buruaren proposamenez, gizarte-ekonomiarekin duen harremana dela eta.
2.– Administrazio Kontseiluko idazkari-lana beteko du, hitza izango baitu baina botorik ez, Kontseiluko lehendakariak funtzio horretarako izendatzen duena «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren zerbitzuko langileen artean.
3.– Administrazio Kontseiluaren bileretara etorriko dira, hitzarekin baina botorik gabe, Zuzendaritza Nagusiko eta Nazioartekotzeko Zuzendaritzako titularrak.
4.– Administrazio Kontseiluak bere kideen artean hauta dezake Kontseiluko lehendakariordetza beteko duena, lehendakariak haren alde eskuordetzen dituen eskudantziak izango baititu. Halaber, lehendakariordeak ordeztuko du lehendakaria hura gaixo edo kanpoan denean. Ordezkapenak ez ditu aldatzen lehendakariari dagozkion eskumenak eta ez dago argitara beharrik baliagarria izan dadin, baina ordezkapen bidezko egintzetan berariaz adieraziko da zirkunstantzia hori.
8. artikulua.– Administrazio Kontseiluko lehendakaria.
1.– Administrazio Kontseiluko lehendakaritza dagokio, bere karguagatik, industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren gaietan eskumena duen saileko buruari.
2.– Lehendakariari dagokio:
a) «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren ordezkaritza ondorio instituzionaletarako.
b) Administrazio Kontseiluaren ohiko edo ezohiko bileren deialdia egitea eta bileretarako gai-zerrenda ezartzea.
c) Administrazio Kontseiluaren bileretan buru aritzea, eztabaidak zuzentzea eta, oro har, bilerak ondo egiteko behar diren ahalmenak erabiltzea.
d) Berdinketak bere kalitatezko botoarekin ebaztea.
e) Baimena ematea beste pertsona batzuk etor daitezen Administrazio Kontseiluko bileretara, aztertu behar diren gaiengatik komenigarri baderitzo; betiere, kontseilukideek informaziorik egokiena izan dezaten. Nolanahi ere, baimendutako horiek ezingo dute bozketetan egon.
f) Administrazio Kontseiluaren erabakien ziurtagiriak eta aktak ikusi eta onestea.
g) Administrazio Kontseiluaren lehendakaritzak berezko dituen gainerako funtzio guztiak betetzea.
9. artikulua.– Administrazio-kontseiluaren funtzioak.
1.– Administrazio Kontseiluari dagokio:
a) «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren legezko ordezkaritza.
b) Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren barne-antolamendua onartzea, salbu eta 6.2 artikuluaren arabera estatutuen aldaketa behar duen organo-sorrera edo -kentzea.
c) Urtero definitzea jarduteko ildo orokorrak «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri, bat etorrita Eusko Jaurlaritzak sustapen ekonomiko eta industrialeko eta enpresa-lehiakortasuneko politiken garapenean emandako jarraibideekin.
d) Ente publikoaren aurrekontu-aurreproiektua, behin-behineko finantza-egoerak eta jardueren urteko memoria landu eta onartzea, bai eta haren kontuen likidazioa egitea ere.
e) Diru-laguntzen eta laguntzen programak onartzea, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena izan behar dutenak eta inola ere ezin izango dutenak xedapen orokorren forma hartu.
f) Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ko lanpostu-zerrenda eta langileen ordainsarien araubidea onartzea. Lanpostu-zerrenda onartzeko, aldez aurreko txosten bat beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean funtzio publikoaren eskumena duen sailarena, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
g) Lanpostuak eskuratzeko araubidea eta hautaproben baldintza eta ezaugarriak onartzea, hala lanpostuak hornitzeko prozeduretan nola lanbide-sustapenetan, enplegu publikoan arauzkoak diren irizpideei jarraituz.
h) Jarduketa-, inbertsio- eta finantzaketa-proposamenak onartzea. Administrazio Kontseiluak ezarri behar ditu kreditu, abal eta gainerako kauzioen eragiketetarako mugak.
i) Sozietateen eta edonolako entitateen eraketa eta sorrera onartzea, bai eta haietako partaidetza ere, hartarako, legez nahitaez bete behar diren baimen, muga eta prozeduren bidez.
j) Gastuak baimentzea, ordainketak agintzea eta, oro har, aurrekontua kudeatzea, 2.000.000 eurotik gorako zenbatekoak direnean.
k) Kontratazio-organoari dagozkion funtzioak gauzatzea, sektore publikoko kontratuei buruzko legeriaren mendeko kontratuetan, berariazko arreta jarrita gastuak onartzeko funtzioan 2.000.000 eurotik gorako espediente horietan.
l) Zuzendaritza Nagusiari egotzitako kudeaketa- edo antolamendu-gaiei buruzko erabakiak bereganatzea, inguruabar tekniko, ekonomiko edo juridikoei begira hala komeni denean.
2.– Aurreko d), f), k) eta l) letretan adierazitakoak izan ezik, Administrazio Kontseiluak Zuzendaritza Nagusiaren esku utzi ahal izango ditu bere funtzioak. Funtzio berari bi urtez jarraian eusten bazaio eskuordetuta Zuzendaritza Nagusian, Administrazio Kontseiluak berariazko erabaki bat hartu beharko du funtzio horren behin betiko esleipenaz, eta estatutuak ildo horretatik aldatu.
10. artikulua.– Funtzionatzeko araubidea.
1.– Dagozkion funtzioak egiteko behar beste aldiz bilduko da Administrazio Kontseilua eta, gutxienez, hiru hilean behin.
2.– Administrazio Kontseilua behar bezala eratuko bada, lehendakaria eta idazkaria bertaratu behar dira, eta, gainera, kontseilukideen erdia baino gehiago. Nolanahi ere, Kontseilua behar bezala eratuta geratuko da, deialdi-baldintzak bete ez arren, kontseilukide guztiak bertaratuta aho batez erabakitzen badute behar bezala eratuta dagoela. Arau hori bera aplikatuko da gai-zerrendan ez datorren gairen bat eztabaidatu eta, hala badagokio, onesteko.
3.– Administrazio Kontseiluaren eztabaidak isilpekoak izango dira.
4.– Bertaratutako kideen gehiengo soilarekin hartuko dira erabakiak, eta lehendakariak kalitatezko botoa izango du berdinketak erabakitzeko.
5.– Bilkura bakoitzaren akta egingo da, eta hauek jasoko dira: bertaratu diren kideak, bilera non eta noiz egin den, gai bakoitzaren inguruan jorratutakoaren laburpen bat; bozketaren moduak eta emaitzak, eta onetsi diren erabakien edukia. Idazkariak sinatuko ditu aktak, lehendakariaren oniritziarekin, eta bilera berean zein hurrengoan onetsiko dira.
6.– Estatutu hauetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak xedatzen duena aplikatuko da.
3. SEKZIOA
ZUZENDARITZA NAGUSIA
11. artikulua.– Izaera eta ahalmenak.
1.– Zuzendaritza Nagusia kide bakarreko organoa da eta hari dagozkio «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri esleitzen zaizkion funtzioen zuzendaritza, koordinazioa, sustapena eta zaintza, Administrazio Kontseiluak ezarritako mugen eta adierazitako jarraibideen barruan.
2.– Zuzendaritza Nagusiak administrazio-organoaren izaera du eta administrazio-ahalak baliatzen ditu esleitu zaizkion izaera publikoko funtzioetan.
3.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ko Zuzendaritza Nagusiaren titularraren izendapena Eusko Jaurlaritzak egingo du, dekretu bidez, industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren esparruan eskumena duen sailburuaren proposamenez. Zerbitzu-lotura izango du autonomia-erkidegoarekin, eta goi-kargudunen izaera edukiko du, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluaren arabera.
4.– Zuzendari Nagusiari dagokio:
a) Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion funtzioak betetzea, haren erabakiak betearaztea eta esleitzen zaizkion ahalordeak betetzea.
b) Onarpena ematea «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»k esleitu zaizkion funtzioak betetzean ematen dituen egintza eta erabakiei.
c) Kontuak errendatzea Administrazio Kontseiluari edozein gairi buruz eta, bereziki, aurrekontuaren betearazpenari buruz.
d) Urteko jarduketa-programa, aurrekontuen aurreproiektua, ekitaldiko finantza egoerak eta jarduketen memoria lantzea, Administrazio Kontseiluari helarazi beharko dizkio-eta, hark izapidetu ditzan eta, hala badagokio, onetsi.
e) «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren jardueraren gaineko arauak bete eta betearaztea.
f) Gastuak baimendu eta agintzea baldin eta 2.000.000 eurokoak edo hortik beherakoak badira.
g) Kontratazio-organoaren ahalmenak esleitu eta baliatzea sektore publikoko kontratuei buruzko legeen mendeko kontratuetan, edo 2.000.000 euroko edo gutxiagoko balio zenbatetsia daukaten prozedura, egintza eta negozio juridikoetan. Ondare-arloko jarduketa guztietan, bete beharko da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoa. Testu hori azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen.
h) Administrazio Kontseiluak onesten dituen diru-laguntzen eta laguntzen programak gauzatzea, prozedura horietan beharrezkoak diren erabakiak eta ekinbideak hartuta, nazioartekotze-gaietakoak izan ezik.
i) «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren zerbitzuak zuzentzea, entitatearen beste organoren bati espresuki esleituta ez daudenean.
j) «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri atxikita edo haren mende dauden sozietate publikoek egiten dituzten zerbitzuak eta atazak sustatu eta koordinatzea, entea ordezkatuta haien zuzendaritza-organoetan eta haietan parte-hartzetik eratortzen diren erabakiak hartuta.
k) Administrazio Kontseiluari proposatzea «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren barne-antolamendu berria onartzea.
l) Administrazio Kontseiluari proposatzea lanpostu-zerrendaren eta entitateko langileen ordainsarien araubidearen onespena, kasu bietan funtzio publikoko gaietan eskumena duen sailak aurretiaz txostena egin ondoren. Haiek egiterakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalari aplikagarriak zaizkion irizpideei men egingo die.
m) Deialdia eta ebazpena egitea entearen zerbitzuko langileen sarrera, hornikuntza eta lanbide-igoerarako deitzen diren hautaketa-prozesuei.
n) Kreditu, abal eta bestelako kauzioen eragiketak onartzea Administrazio Kontseiluak ezarritako mugen eta arau aplikagarrien barruan.
o) Erakundeak berezkoak dituen gaietan, legez nahitaezkoak diren txostenak egitea, bai eta hartzaile hauek dituztenak ere: Eusko Jaurlaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra edo industria-politikako eta enpresa-lehiakortasuneko gaietan eskumena duen saila.
p) Lankidetza-akordioak eta -hitzarmenak landu eta sinatzea entitate publiko zein pribatuekin, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri egotzi zaizkion funtzioak bete ahal izateko. Akordioaren edo hitzarmenaren ondorioz, erakundearen baliabideak konprometitu edo betebeharrak hartzen badira 2.000.000 euro edo gehiagoko zenbatekoan, Administrazio Kontseiluaren baimena beharko du aldez aurretik.
q) Administrazio Orokorrean merkataritza-sozietateen kapitalaren akzioen eta tituluen inbentario osagarriaren eskumena duten organo eskudunek eskatzen dituzten ekintzak eta komunikazioak egitea.
r) «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri dagozkion bazkide-eskubideak baliatzea merkataritza-sozietateetan, bai sozietatearen titular bakarra denean bai sozietate partaidetua denean, berdin dio sozietate publiko edo sektore publikoko sozietate den ala ez, bat etorrita Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onetsiak, 111.1 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitakoarekin.
s) Euskadiko Ondareari buruzko Legearen arabera enteari dagozkion eta beste organo bati eman ez zaizkion eskumenak, baita ente publikoaren ondarearen administrazioaren eskudantza ere.
t) «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren ohiko kudeaketa eta administraziorako beharrezkoak diren bestelako funtzioak, baldin eta Administrazio Kontseiluari esleitu ez bazaizkio.
5.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren Zuzendaritza Nagusia hutsik denean edo titularra absente edo gaixorik badago, hari esleitutako funtzioak Administrazio Kontseiluko lehendakariak baliatuko ditu, organoen artean dagoen banaketa aldatu gabe eta ordezkapena argitaratu beharrik gabe.
6.– Zuzendari nagusiak bere ahal publikoak baliatuta ematen dituen egintzek eta ebazpenek administrazio-egintzen izaera izango dute, eta egintza horientzat ezarrita dagoen araubideari dagozkionak izango dira haien baldintzak, eraginkortasuna eta ondorioak. Egintza eta ebazpen horiek administrazio-bidea agortuko dute.
4. SEKZIOA
NAZIOARTEKOTZE ZUZENDARITZA
12. artikulua.– Izaera eta ahalmenak.
1.– Nazioartekotze Zuzendaritza kide bakarreko organoa da eta hari dagozkio «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ri nazioartekotze gaietan esleitzen zaizkion funtzioen zuzendaritza, koordinazioa, sustapena eta zaintza, Administrazio Kontseiluak ezarritako mugen eta adierazitako jarraibideen barruan.
2.– Nazioartekotze Zuzendaritzak administrazio-organoaren izaera du eta administrazio-ahalak baliatzen ditu esleitu zaizkion izaera publikoko funtzioetan.
3.– Eusko Jaurlaritzak izendatuko du Nazioartekotze Zuzendaritzaren titularra, dekretu bidez, industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren eskumena duen sailburuaren proposamenez. Zerbitzu-harremana izango du autonomia-erkidegoarekin, eta goi-kargudunen izaera edukiko du, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluaren arabera.
4.– Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio:
a) Euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza-sistema publikoa bultzatu eta sendotzea.
b) Laguntza ematea euskal enpresak kanpoan ezartzeko.
c) Enpresak nazioartekotzeko kooperazioa sustatzea, merkataritza-elkarte, -partzuergo eta -plataformen bidez.
d) Nazioartekotze-plan estrategikoak diseinatu, garatu, gauzatu eta ebaluatzea.
e) Nazioartekotzea helburu duten enpresetarako finantzabideak eta laguntza-neurriak sustatzea.
f) Enpresak nazioartekotzearen arloko adituen prestakuntza babestu eta sustatzea.
g) Adimen lehiakorreko sistema bat garatzea, nazioartekotzeari buruzko erabakiak hartzeko.
h) Euskal enpresei laguntzea erakunde multilateralek finantzatutako lizitazioetan parte hartzen.
i) Basque Trade and Investment/Agencia Vasca de Internacionalización, S.A.–rekin elkarlanean, euskal enpresen eskura jartzea atzerriko bulego-sarearen zerbitzuak.
j) Euskal enpresen intereseko destino-herrialdeetan, erakunde publiko eta enpresa pribatuekin harremanak izateko sare bat sortzea.
k) Behar besteko laguntza teknikoa eta administratiboa eskaintzea Euskadiko Nazioartekotze Batzordeari.
5.– Nazioartekotze Zuzendaritza hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, hari esleitutako funtzioak Zuzendaritza Nagusiak baliatuko ditu, organoen artean dagoen eskumen-banaketa aldatu gabe eta ordezkapena argitara eman beharrik gabe.
6.– Nazioartekotze Zuzendaritzak ahal publikoak baliatuta ematen dituen egintzek eta ebazpenek administrazio-egintzen izaera izango dute, eta egintza horientzat ezarrita dagoen araubideari dagozkionak izango dira haien baldintzak, eraginkortasuna eta ondorioak. Egintza eta ebazpen horiek administrazio-bidea agortuko dute.
IV. KAPITULUA
LANGILEAK ETA EKONOMIA ETA ONDAREAREN ARAUBIDEA
1. SEKZIOA
LANGILEAK
13. artikulua.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren langileak.
1.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ko lanpostuak horretarako kontratatutako langileek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko funtzionarioek beteko dituzte, lanpostu bakoitzari esleitutako funtzioen izaeraren arabera, betiere.
2.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren zerbitzurako kontratatzen diren langileek lan-zuzenbidea izango dute arau.
14. artikulua.– Funtzionarioak.
Funtzionarioei erreserbatutako lanpostuak lehiaketaz hornituko dira, kasuan kasuko lanpostu-zerrendan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileak bildu ahal izango dira deialdi horretara.
2. SEKZIOA
EKONOMIA ETA ONDAREAREN ARAUBIDEA
15. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
«SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren baliabide ekonomikoak hauek izango dira:
a) Urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ezartzen diren esleipenak.
b) Beste administrazio publiko batzuen diru-laguntzak eta ekarpenak, eta erakundearen alde egindako dohaintzak.
c) Bere ondarean sartzen diren ondasun eta eskubideen ondoriozko diru-sarrerak eta bere jardueren ondoriozko diru-sarrerak (arruntak eta apartekoak).
d) Esleitu ahal zaizkion bestelako baliabideak.
16. artikulua.– Ondare-araubidea.
1.– Euskadiko ondarearen barruan sartuta, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren ondarea osatzen du titular gisa dagozkion ondasun eta eskubideen multzoak, bat etorrita Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoarekin –azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsita–.
2.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia» zuzenbide pribatuko ente publikoari dagozkio bere titulartasuneko ondasun eta eskubideen gaineko ahalmenak, baita Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat atxikita dauzkanen gainekoak ere.
3.– Atxikita dauzkan ondasun eta eskubideei jarraipena egingo zaie ondare-kontabilitatearen bidez. Halaber, erakunde publikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa egiteko lankidetza emango dute, baita merkataritza-sozietateen kapitalaren akzioen eta tituluen inbentario osagarria egiteko ere.
17. artikulua.– Aurrekontu-araubidea, ekonomia- eta finantza-araubidea eta kontabilitate-araubidea.
1.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»k urtero lantzen eta onesten du bere aurrekontu-aurreproiektua, eta Eusko Jaurlaritzari helarazten dio behar adinako independentziarekin txerta dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrean, bat etorrita arau honekin: maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretua, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duena.
2.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren kontrol ekonomikoa kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketa iraunkorraren bidez gauzatuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko testu bateginak ezarritakoarekin, urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuak onetsi baitzuen.