EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2018240

AGINDUA, 2018ko abenduaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Kultura Ondarea Sariaren deialdia egin eta sari hori arautzen baita 2019rako.

Xedapenaren data: 2018-12-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201806122
Maila: Agindua
Deialdi honen xedea da saritzea 2018-2019 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan matrikulatuta dauden eta Euskal Kultura Ondarearen ezagutza hobekien zabaltzen laguntzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
Sari honen bidez sustatuko da, batetik, ikasleen talde-lana, zeina ikastetxeetako irakasleek gidatuko baitute, eta, bestetik, kultura-ondarearen ezagutza zabaltzea sare sozialen bidez, zeinei euskarria eman nahi baitzaie Sariaren blogean (www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus). Blog horretan artxibatuta geratuko dira aurkezten diren bideoak.
Hori dela eta, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumen, egitura organiko eta eginkizunen esparruaren barruan eta Agindu hau apirilaren 11ko 82/2017 Dekretura eta azaroaren 26ko 24/2016 Dekretura egokituta, Kultura Ondarea Sariaren deialdia egin eta hura arautzen baita 2019rako.
Horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.1.– Agindu honen xedea da Kultura Ondarea Sariaren deialdia egin eta sari hori arautzea. Sari horren helburua da saritzea Euskal Kultura Ondarearen ezagutza zabaltzen hobekien laguntzen duten 2018-2019ko ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
1.2.– Kultura Ondarea Sariaren helburua da ekimena, berrikuntza, ekintzailetza-gaitasuna, sormena eta gizarte-garapena bultzatzea hezkuntza-alorreko eremu guztietan, Euskal Kultura Ondare materialaren zein ez-materialaren forma guztiak ezagutuz eta horiei balioa emanez. Zehazki, honako hauek:
a) Kultura berritzailea eta Euskal Kultura Ondarearen gaineko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko esfortzuaren aintzatespena bultzatzea.
b) Euskal Kultura Ondarea ezagutzera ematea, euskal hezkuntza-sistematik eta euskal hezkuntza-sistemarako.
c) Hezkuntza alorrean ekimen berritzaileak martxan jartzea bultzatzea.
d) Euskal Kultura Ondareari atxikitako ezagutzaren balorazioan eta eraikuntzan gazteek duten papera aitortzea.
e) Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea jabari publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.
1.3.– 30.000 euro bideratuko dira deialdi honetara.
2. artikulua.– Baztertzeak.
Sariketa honetatik baztertuko dira, eta, beraz, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe geldituko, zigor administratibo edo penalak dituzten parte-hartzaileak edo horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuak dituztenak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko apirilaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne.
3. artikulua.– Saria.
Hiru bideorik onenak egin dituzten lantaldeetako kideei emango zaie saria, tutorea eta haien ikastetxea barne direla, eta hauek izango dira sariak:
a) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako Napolirako bisita kultural batean parte hartzeko eskubidea (7 egunekoa). Bertako gidari batek lagunduko ditu pertsona sarituak Napoliko toki enblematikoenetako zenbait bisitatzeko eta haien kulturako adierazpen esanguratsuak ezagutzeko ibilbidean. Bidaiak barne hartzen ditu hegaldia, ostatua, otorduak eta gidaria, eta ekainean egingo da, ikasturtea amaitu eta gero.
b) Diploma bat talde irabazlearen ikastetxearentzat.
c) Era berean, honako hau emango da:
– plaka bat, zeinaren bidez edizio honetan bideorik gehien aurkezten duen ikastetxea aintzatetsiko baita.
4. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Saritutako ikasleek Gazte Txartela indarrean izan beharko dute bidaian parte hartu ahal izateko. Txartel honek arriskuak estaltzeko asegurua du. Gainerako parte-hartzaileek asegurua izateko eskubidea izango dute.
Talde irabazleen tutoreak edo tutoreek izango dute taldea osatzen duten adingabeen tutoretza, eta haien ardurapean egingo dute bidaia. Tutoreak edo tutoreek ezin badute bidaia antolatuan parte hartu, ikastetxeak, dagokien baimena bildu eta gero, pertsona bat izendatuko du haren ordez joan eta lan hori egiteko.
5. artikulua.– Eskatzailea eta onuradunak.
5.1.– Ikasleak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutorea izango da eskatzailea, eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako kide diren ikasleen ordezkaritzan jardungo du.
5.2.– Hobekien baloratutako hiru bideoak egin dituzten taldeetako kideak (ikasleak eta tutoreak) izango dira sariaren onuradun, denak ere 2018-2019ko ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
Sarian onuradun izan diren ikasleen ikastetxeei diploma bana emango zaie.
5.3.– Era berean, edizio honetan bideorik gehien aurkezten duen ikastetxea onuradun izango da.
6. artikulua.– Betekizunak.
Pertsona eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.
b) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
c) DLOren 13. artikuluko eta EONALTBren 50. artiuluko betekizun guztiak betetzea.
7. artikulua.– Partaidetza eta tutoretza.
7.1.– 2018-2019ko ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan matrikulatuta dauden Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute Kultura Ondarea Sarian; gutxienez 3 ikaslek eta gehienez 6k osatutako talde batek landutako bi bideo aurkeztuko dituzte.
7.2.– Ikasle parte-hartzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore bat izango da haien ordezkari; hark beteko ditu ordezkaritza-egitekoak, eta, gainera, parte-hartzaileen lanaren lanketa motibatu, gidatu eta koordinatuko du, baina ez du inolaz ere lan horretan zuzenean parte hartuko.
8. artikulua.– Lehiaketaren mekanika.
8.1.– Sarian parte hartzeko, talde parte-hartzaile bakoitzak bere eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 10. artikuluan adierazi bezala. Eskabidean, parte hartzen duen taldeak edo ikastetxeak irekitako Youtube kanal baten URL helbidea adieraziko da, eta bertan egongo dira gerora Kultura Ondarea Sariaren webgunean (www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus) sartuko diren bideoak.
Bideoak lurralde historikoka eta alfabetikoki ordenatuko dira.
Euskal kultura-ondarearen elementu bat izango da lehenengo bideoaren gaia, eta, ahal izanez gero, ikasleen ingurukoa.
Bigarren bideoak, lehenengo bideoa egiteko jarraitutako prozesu osoa (making-of prozesua) jasoko du, eta bereziki azpimarratuko da zer helburu lortu nahi izan den eta zer metodologia erabili den.
8.2.– Eskabideak aurkezteko eta beharrezko agiriak prestatzeko, parte hartzen duten taldeek Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari baten laguntza teknikoa izango dute.
8.3.– Bideoaren gaia librea da, betiere zerikusia badu Euskal Kultura Ondarearekin, izan materiala zein ez-materiala. Gai berriak –herritarrentzat hain ezagunak ez direnak– lantzea baloratuko da.
8.4.– Bideoek, gainera, honako baldintza eta betekizun hauek bete beharko dituzte:
1) Jatorrizko lan argitaragabea izatea.
2) Gutxienez 3 minutu eta gehienez 10 minutu irautea.
3) Bereizmen handiko kalitatea izatea (gutxienez 720 p).
4) Eskubideetatik libre dauden edukiak (idatzia, soinua edo irudia) erabiltzea, edo, bestela, jabeak edo ustiapen-eskubideen titularrak emandako berariazko baimena izatea. Kasu horietan, dagokion baimen-agiria helarazi beharko da inskripzio-eskabidearekin batera.
5) Eskola-curriculumean jasotako edozein hizkuntza edo hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea.
6) Eusko Jaurlaritzari baimena ematea aurkeztutako bideoen zabalkundea egiteko, zeinak jendearen esku jarriko baititu www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus helbidean.
7) Pertsonen oinarrizko eskubide guztiak errespetatzea; ez da onartuko indarkeriarekin, sexismoarekin edo arrazakeriarekin zerikusia duen indarkeriazko edukirik.
8.5.– Aurkeztutako bideo guztiak, bai eta saritutakoak ere, www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus helbidean egongo dira ikusgai, lurralde historikoka eta alfabetikoki ordenatuta.
9. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuz emango dira sariak, eta, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira. Hobekien baloratutako 2 bideoak aurkeztu zituzten 3 taldeetako partaideei bakarrik emango zaie saria.
10. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea eta tokia.
10.1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2019ko apirilaren 11n bukatuko.
Eskaerak telmatikoki eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
2019ko apirilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrenda, eta taldea osatzen duten ikasleak zein diren adieraziko da bertan. Eskabideetan akatsik edo ez-egiterik atzemanez gero, horien arrazoia eta konpontzeko epea ere jakinaraziko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz. Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.
2019ko maiatzaren 16an, akats edo ez-egite posibleak konpontzeko epea amaitu ostean, onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan, eta, hala badagokio, eskabideak baztertzeko arrazoiak ere azalduko dira.
10.2.– Tutoreak aurrez aurre edo modu elektronikoan aurkeztu ahal izango ditu bere eskabideak:
Izapidetze elektronikorako, eskatzaileak identifikatzeko bitarteko elektronikoren bat izan beharko du, onartutakoa eta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan argitaratua (http://euskadi.eus/egoitza).
Inprimakiak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektronikoan eskura daitezke, honako helbide elektroniko hauetan:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/saria_lehiaketa/2018/kultura-ondarea-saria-2019/
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Aurrez aurre egindako eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) aurkeztu ahal izango dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
10.3.– Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio, deialdiaren organo kudeatzaile gisa, deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
11. artikulua.– Balorazio Batzordea.
11.1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa errespetatuz), aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari. Balorazio Batzordea era honetara osatuko da:
– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.
– Bokalak:
– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.
Ordezkoa: Hezkuntza Berriztatzeko teknikaria.
– EITBko zuzendari nagusia.
Ordezkoa: EITBko Komunikazio Arloko teknikari arduraduna.
– Gaian itzal handia duten bi aditu, Kultura Ondarearen zuzendariak hautatuak.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, hau da: kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.
11.2.– Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.
11.3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Baliospen Batzorderen osaera, hala ezarritako baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.
11.4.– Balorazio Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria presente izatea.
11.5.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
11.6.– Batzorde horrek, agindu honen 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena emango dio Kulturako sailburuordeari.
12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
12.1.– Aurkeztutako eskabideak irizpide hauei jarraikiz ebaluatuko ditu Balorazio Batzordeak:
Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:
– Edukiek berrikuntza dakarte kultura-ondarearen tratamenduan: ikuspegi eta «begirada» berriak: sormena, bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak. Gai berriak –herritarrentzat hain ezagunak ez direnak– lantzea baloratuko da.
– Informazio-iturri ezberdinak erabiltzea: dokumentazio-prozesua, aurkeztutako materiala lantzeko hautatutako gaiari buruzko informazioa biltzeko informazio-iturri ezberdinen bilaketa eta jarraipena.
– Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera. Aurkeztutako materialaren argitasuna, interesa eta ahalegin komunikatiboa.
– Interakzioa ingurune sozialarekin, bai informazioaren bilketan eta bai aurkeztutako grabaketaren materialean. Ikerketa-prozesuan, informazioaren bilketan eta grabaketan inguruneko eta hautatutako giarekin zerikusia duten pertsona eta eragile garrantzitsuekin elkarreragitea.
– Sormena: bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak baloratuko dira.
– Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea: irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitate teknikoa baloratuko da, kontuan izanik, betiere, bideo ez-profesionalak direla.
– Bideoaren inpresio orokorra: balorazio orokorra: bideoak ikus-entzuleengan uzten duen inpresio orokorra.
– Lehiaketan zehar izaniko parte-hartze jarrera, ideia berriak ekartzea: parte-hartze prozesua, talde bat sortzea eta lan-dinamika anitza, zeinetan kide guztiek berdin eta aktiboki parte hartzen baitute lan-prozesuaren fase guztietan. Proiektua nola aurreratzen den jakinaraztea (irudiak bidaltzea, making-of prozesuari buruzko bideo txikiak...), ideia berriak eta iradokizunak aurkeztea; horretarako, Kultura Ondarea Sariaren sare sozialak zein erakundearekin kontaktu zuzena erabili ahal izango dira (kulturaondarea@gmail.com).
– Bideoaren irisgarritasuna erraztea: azpitituluak.
12.2.– Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:
13. artikulua.– Ebazpena.
13.1.– Sariak emateko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordeak helarazitako proposamena aintzat harturik, eta, gehienez, sei hilabeteko epean argitaratuko da agindu honek eragina sortzen duenetik aurrera.
13.2.– Ebazpen hori EHAAn eta Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
14. artikulua.– Sariak ematea.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak deituko duen jendaurreko aintzatespen-ekitaldian emango dira sariak. Ekitaldi horretan, bidaiari buruzko agiriak eta ikastetxearentzako, tutorearentzako eta saritutako ikasleentzako diplomak emango dira, bai eta bideorik gehien aurkezten duen ikastetxea aintzatesteko plaka bat.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira (abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Fitxategi horren berri aurretik eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.)
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio publiko batzuen esku egon), betiere laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen bidez araututako laguntzek ez dituzte betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako baldintzak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak eta ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 11.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.