EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2018249

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 19koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez Gaztemundu programaren 2019. urteko ediziorako deialdia egiten baita.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2018-12-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201806375
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2004/01/14an argitaratutako 2003/12/23ko 200300316 DEKRETUA
  • Ikus 2015/04/09an argitaratutako 2015/03/31ko 201500038 DEKRETUA

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak (2004ko urtarrilaren 14ko EHAA, 8. zk.) Gaztemundu programa arautu zuen –martxoaren 31ko 38/2015 Dekretuak (2015eko apirilaren 9ko EHAA, 65. zk.) aldatu zuen dekretu hori–. Programa horren bitartez, gazteek egonaldia egingo dute Euskadin, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik, gaurko errealitatera hurbil daitezen. Egonaldi horretan, onuradunek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren lan-jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitetan.
Dekretu horren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera, bidezkoa da 2019ko ekitaldirako laguntzetarako deia egitea.
Deialdi honi gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko Aurrekontu Orokorren kontura.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdia.
Gaztemundu programarako deia egitea, 51.600 euroko zenbatekoarekin, euskal etxeetako gazteek 2019an egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
2. artikulua.– Aldez aurreko izapidea.
2019ko laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, eta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoaren arabera izapidetuko da. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautu zen.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Gaztemundu programa arautzen duen abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan ezarritakoaz gainera, aurtengo deialdirako hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Erregimen Juridikorako urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena); Diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta azken hau garatzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ANGELES ELORZA ZUBIRÍA.
ERANSKINA
GAZTEMUNDU 2019 PROGRAMARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Oinarri hauen xedea da Gaztemundu programarako deialdia egitea, bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin, 2019ko urriaren 6tik 20ra bitartean.
2.– Edizio honetarako prestakuntza-gaia kultur kudeaketa irakasteari buruzko formazioa izango da. Gaia Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeak onartutako 2016-2019 Lau Urterako Planean dator jasota.
3.– Edizio honetan 15 egonaldi eskainiko dira gehienez.
Bigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– 18 eta 35 urte bitartean izatea 2019ko urtarrilaren 1ean.
2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo izatea.
3.– Ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.
4.– Gaztemundu programako egonaldiren baten onuraduna ez izatea, 2003an arautu zenetik.
5.– Lan bat egin izana gai honi buruz: kide bakoitzaren euskal etxeak, kudeaketaren ikuspegitik, zer erronka duen etorkizunari begira; AMIA azterketa-matrizea sartu beharko da (ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak), hobetzeko proposamenekin, hala bada.
Hirugarrena.– Zenbatekoa.
Gaztemundu prestakuntza-programara 2019rako 51.600 euro bideratu dira guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu-kredituetatik dator zenbateko hori.
Laugarrena.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
1.– Ebaluazio-batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:
a) Lanaren balorazioa (40 puntu, gehienez).
b) Eskatzailearen parte-hartze maila kide den euskal etxearen bizitza sozialean (40 puntu, gehienez).
c) Euskara jakitea (10 puntu, gehienez).
d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea (10 puntu).
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren bitartez egingo ditu Gaztemundu programak berekin dakartzan kudeaketa-zereginak.
A irizpidea: «Bideo grabaketaren balorazioa» (gehienez 40 punturekin baloratuko da).
Baremazioa horrela egingo da:
– Aztertutako erakundearen egungo kudeaketaren ikuspegia ematen duten lanak, AMIA azterketa-matrizea ere sartzen badute (ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak) (20 puntu, gehienez).
– Aurreko alderdiez gain, aztertutako erakundean kudeaketa-hobekuntzak sartzeko proposamen bideragarriren bat dakartenak (20 puntu, gehienez).
B irizpidea: «Eskatzailearen antzinatasuna eta parte-hartze maila kide den euskal etxearen bizitza sozialean». Euskal etxearen bizitza sozialean duten parte-hartze maila baloratuko da (40 puntu, gehienez).
Baremazioa horrela egingo da:
– Bazkidearen antzinatasuna kide den erakundean (10 puntu, gehienez ere).
Erantzukizun maila eskatzen duten zereginetan jarduteagatik:
– Iraganean euskal etxea kudeatzen arduradun karguak izan dituztenei, baina ebazpen hau argitaratzen den egunean horrelakorik ez dutenei (5 puntu, gehienez).
– Ebazpen hau argitaratzen den egunean berariazko zereginen baten erantzukizunen bat dutenei zuzendaritza batzordeen alorretik kanpo, hala nola gazte-taldeetan, dantzetan, liburutegian eta abarretan (5 puntu, gehienez).
– Ebazpen hau argitaratzen den egunean, arduradun-karguak izatea zuzendaritza-batzordeetan, bokal gisa edo kudeaketa eginkizun orokorretan (10 puntu, gehienez).
– Ebazpen hau argitaratzen den egunean erakundeko arduradun-karguren bat izatea; adibidez, erakundeko presidente, idazkari edo diruzain (10 puntu, gehienez).
Puntu bat emango da dena delako euskal etxeko bazkidetza-urte bakoitzeko, eta puntu bat arduradun-karguan emandako urte bakoitzeko.
C irizpidea: «Euskara jakitea». Euskararen ezagutza egiaztatzeari dagokionez, Euskal Etxeko presidentearen egiaztagiri baten bidez ziurtatuko dira, ikasten emandako urteen arabera. Bi puntu emango zaie HABEk edo beste erakunde ofizial batek onartu eta finantzatutako ikasturte bakoitzeko (10 puntu, gehienez)
D irizpidea: «Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea». 10 puntu emango zaizkio Euskal Herrian inoiz egon ez denari.
2.– Hautaketa-prozeduran onartzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte eskaerek.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak hona bidali behar dira: Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein bide erabilita. Eskaerak formalizatzeko, oinarri hauei erantsitako inprimaki-eredua erabili beharko da, eta inprimakiak web orri honetan egongo dira interesdunen esku: www.euskadi.eus/euskaldunak
2.– Agiri hauek erantsi behar zaizkio eskariari:
a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.
b) Euskal etxeak emandako ziurtagiria, eskatzailearen bazkidetza egiaztatzeko, hau da, ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide dela deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez, eta baita eskatzaileak zenbateraino hartzen duen parte euskal etxearen bizitza sozialean, eta, hala bada, zuzendaritza-batzordeetako arduradun-karguetan edo kudeaketa-lan orokorretan, denboraldiak zehaztuta. Horrez gain, euskal etxeak adierazi beharko du bere kidea aukeratua izanaren ondorioz dagozkion betebeharrak ez betetzeak dakartzan gastuak itzultzeko ardura bere gain hartzen duela. Eskatzailearen parte-hartze mailaren inguruko txostena ere erantsi beharko du euskal etxeak.
c) Euskal etxearen txostena: eskatzaileak noraino hartzen duen parte euskal etxearen bizitza sozialean, eta, hala bada, zuzendaritza-batzordeetako arduradun-karguetan edo kudeaketa-lan orokorretan, denboraldiak zehaztuta.
d) Azterlana edo analisia, deialdi honen oinarrietan proposatutako gaiari buruzkoa.
e) Euskaren ezagutzaren egiaztagiria.
f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Herria inoiz egon gabekoa dela adierazten duena.
3.– Eskatzaileak sinatu behar du eskabidea.
Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko azken eguna 2019ko martxoaren 25a izango da.
Zazpigarrena.– Ebaluazio Batzordea.
Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio batzordeak honako kide hauek izango ditu:
– Gorka Álvarez Aranburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeburua.
– Andoni Martín Arce jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionarioa, bokala.
– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionarioa, bokala.
– María Isabel Etxabarria Pérez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritzatik, batzordeko idazkaria.
Zortzigarrena.– Prozedura ebaztea.
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak ebatziko du Gaztemundu programaren deialdia, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena kontuan izanda.
ESKABIDE–ORRIA
JAKINARAZPENETARAKO DATU PERTSONALAK:
Izen-abizenak:
Jaioteguna:
Jaiolekua:...................................... Herrialdea:
Posta-helbidea: kalea:
Posta-kodea...............Hiria:....................Probintzia: Herrialdea:
Helbide elektronikoa:
Zer euskal etxetakoa:
CURRICULUM VITAE:
Egindako ikasketak edo zer ikasketa egiten ari den (kurtsoa adierazi):
Lanean egun: Bai □ Ez: □
Baiezkoan, zein lanbide eta lanpostutan:
Hizkuntzak:
Ama hizkuntza:
EUSKADIREN EZAGUTZA
Adierazi zenbat aldiz egon zaren Euskadin eta zer urtetan:
Eskatzaileak ez du diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
Data eta sinadura:
* Inprimaki honekin batera, deialdi-ebazpenaren bosgarren oinarriko 2. apartatuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar da.