EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2019024

IRAGARKIA, Lan Harremanen Kontseilua osatzen duten pertsonen ohiko berritze-prozedura irekitzearena.

Organo emailea: LAN HARREMANEN KONTSEILUA
Xedapenaren data: 2019-01-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201900596
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Beste iragarki ofizial batzuk)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/11/04an argitaratutako 2013/10/29ko 201300434 DEKRETUA

Lan Harremanen Kontseiluari buruzko urriaren 29ko 434/2013 Dekretuaren 6. artikuluak xedatutakoaren arabera, Kontseiluko kideen agintaldiak amaitu baino lehen, lehendakariak berritze-prozedura hasiko du, eta Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoari –lan-agintaritza autonomikoaren menpeko denari– sindikatu-erakunde eta -konfederazioek prozedura irekitzeko datan duten ordezkagarritasunari buruzko egiaztagiria eskatuko dio. Egiaztagiri hori jaso ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ohiko berritze-prozedura irekitzeko iragarkia.
2018ko abenduaren 21ean, Lan Harremanen Kontseiluko lehendakariak aipatutako ziurtagiria eskatu zion Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoari, eta 2019ko urtarrilaren 10ean jaso zen ziurtagiri hori.
Horregatik, Lan Harremanen Kontseiluaren otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 4. artikuluan eskatzen den ordezkagarritasuna duten sindikatu-erakunde eta -konfederazioei eta enpresari-konfederazioei jakinarazten zaie hasiera eman zaiola Lan Harremanen Kontseilua osatzen duten pertsonen ohiko berritze-prozedurari, eta, beraz, dagozkien kideak izendatzeko eskubidea baliatu dezaketela, duten ordezkagarritasunaren arabera.
Halaber, ondoren zehazten diren sindikatu-erakunde eta -konfederazioei eta enpresari-konfederazioei jakinarazten zaie euren ordezkarien izendapena Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan aurkeztu beharko dutela (Urkixo zumarkalea, 2,-3. solairua; 48008 Bilbao) hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Izendapen horrek erakunde bakoitzari dagozkion titular eta ordezko adina izen jasoko ditu.
Ondoren, erakunde eta konfederazio horiek zenbat pertsona izenda ditzaketen adierazten da:
• Enpresarien aldetik:
Confebask Euskadiko Enpresarien Konfederakuntzak zazpi kide izenda ditzake, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore arteko ordezkaritza duen enpresa-erakundea izateagatik, betiere Langileen Estatutuaren seigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
• Sindikatuen aldetik:
2018ko urriaren 31ra arte egindako hauteskunde sindikalen inguruan Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarengandik jasotako egiaztagiriaren arabera (2018ko azaroaren 30era arte erregistratutako aktak):
– ELA sindikatuak, % 40,65eko ordezkagarritasuna duenez, hiru kide izango ditu.
– LAB sindikatuak, % 19,15eko ordezkagarritasuna duenez, bi kide izango ditu.
– CCOO sindikatuak, % 18,84ko ordezkagarritasuna duenez, kide bat izango du.
– Eta UGT sindikatuak, % 10,75eko ordezkagarritasuna duenez, kide bat izango du.
Bilbao, 2018ko urtarrilaren 20a.
Lan Harremanen Kontseiluko lehendakaria,
TOMÁS ARRIETA HERAS.