EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2019069

55/2019 DEKRETUA, apirilaren 2koa, zeinaren bidez aitortzen baita Bilboko Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herri Batzordeak onura publikoa duela.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900055
Xedapenaren data: 2019-04-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201901787
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, Bilboko Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herri Batzordeak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako egiten duen lanagatik.
Bilboko Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herri Batzordea 1987ko maiatzaren 11n inskribatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, eta S/B/00522/1987 erregistro-zenbakia eman zitzaion.
Bere estatutuen 2. artikuluak dioenez, elkarteak honako helburu sozial hauek ditu:
«1.– GIBren eta beste STI batzuen transmisioa prebenitzea, diagnostiko goiztiarrak bultzatuz eta GIBarekiko babes gutxien duten pertsonei eta senitartekoei lagun eginez.
2.– Drogen kontsumoarekin lotutako arriskuak eta kalteak murriztea, gizarte-bazterketan dauden pertsonen gizarteratzea eta parte-hartze soziala sustatuz.
3.– Gizarte berdinzale baten balioak bultzatzea, genero ikuspegitik, eta genero-indarkeria eragiten duten jarrera matxisten aurka borroka eginez.
4.– Jarrera diskriminatzaileen, aurreiritzien eta portaera xenofobo eta/edo arrazisten aurka borrokatzea, kulturen arteko elkarbizitza benetakoa eta atsegina, eta errespetua, eta herritartasun inklusiboa sustatuz.
5.– Estereotipo diskriminatzaileen kontra, aniztasun afektibo eta sexualaren alde eta LGTBI kolektiboaren defentsan sentikortzea.
6.– Gure jardueren hartzaile diren kolektiboetako pertsonak eta gizarte osoa gure elkartearen proiektu eta jardueretan sartzea, boluntariotzaren bitartez, jakintza kolektiboa eta partaidetza-esperientzia sorraraziz.
7.– Administrazio publikoei eta iritzi-taldeei helaraztea errealitateaz dugun irakurketa, hain zuzen ere, gizarte-ongizatea integratzeko politikak sustatzeko, osasuna bultzatzeko, emakumea sustatzeko eta diskriminazioaren kontra egiteko.»
Honako xedapen hauetan ezarritako betekizunak bete dira: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretua, eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretua.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera egin da espedientearen instrukzioa, eta Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu bidez aitortzen zaio elkarteari onura publikoa duela.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Osasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 2an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aitortzea Bilboko Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herri Batzordeak onura publikoa duela, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste da eta. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/00522/1987 zenbakiarekin inskribatuta dago.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 2an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.