EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2019083

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 10ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez herritarren parte-hartzearen esparruko Elkarrekin Bonuak Programaren 2019ko deialdia egiten baita.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2019-04-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201902093
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/06/20an argitaratutako 2014/06/17ko 201400110 DEKRETUA

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.
Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.
Alde horretatik, Dekretuaren 5. artikuluak diruz laguntzekoak diren hiru lerro bereizten ditu, eta horietako bat, hain zuzen ere, herritarren parte-hartzearen esparruan garatutako proiektuak finantzatzeko da.
Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019rako Aurrekontu Orokorretan.
Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak Programa Lehendakaritzaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela. Plan Estrategikoa Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren 2019ko otsailaren 14ko Ebazpenaren bitartez onartu zen.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2019ko deialdia egitea, herritarren parte-hartzearen esparruan.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
2019ko ekitaldian garatu beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2019ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
3. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Dirulaguntzen programa honetara 100.000 euro bideratu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.
1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete.
2.– Herritarren parte-hartzearen esparruko dirulaguntzen entitate hartzaileak hauek izango dira: bakea, bizikidetza eta giza eskubideen esparruan proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak, erakundeak eta gizarte-mugimenduak.
5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.
1.– Herritarren parte-hartzearen esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.
2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari, hau da, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.
3.– Ezingo dira metatu bonuak proiektu berean kopuru hauek gainditzeraino:
a) 2.000 euro, 100 pertsona baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.
b) 5.000 euro, 100 pertsona baino gehiagok eta 500 baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.
c) 10.000 euro, 500 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ekimenetan.
4.– Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzarik eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez duela; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honetan jasotako izapideak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2019/elkarrekin-bonuak-parte-hartzea/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nire-karpeta
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2019ko urriaren 1era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, ukatu egingo dira ordura arte ebazteke dauden dirulaguntza guztiak, eta ez da onartuko beste eskabiderik.
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Horretarako, ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako sarbidea erabiliko da. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
9. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Balorazio-batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira bertako kideak:
– Monika Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.
– Marian Sanchez Amado andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.
– Goizargi Cano Ormazabal, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.
10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.
Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.
11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko epea 2019ko abenduaren 31n bukatuko da.
2.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:
a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.
b) Egindako proiektuen memoria xehea, honako datu hauek aipatuta: proiektua zein egunetan gauzatu den; parte hartu duten hartzaileak –sexuaren arabera bereizita– generoaren ikuspuntua nola txertatu den, eta emaitzei buruzko azken balorazioa.
c) Erakunde hartzailearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta erakunde hartzaileak zenbat ordaindu duen.
3.– Justifikazio-agiriak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, URL honetan: https://euskadi.eus/nire-karpeta
4.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Prozedurari dagokionez, ebazpen honetan arautu gabe dagoen guztian honako xedapen hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzekoak baitira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 10a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.