EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019085

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 13koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baitira Etra Norte, SA enpresaren 2018-2019 aldirako hitzarmen kolektiboa (hitzarmenaren kode-zenbakia: 86100101012013) erregistratzea, argitaratzea eta gordailatzea.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2019-03-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201902139
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2019ko martxoaren 1ean, Negoziazio Batzordeko ordezkariek hitzarmen horri dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuten hitzarmenen erregistroan (REGCON).
Bigarrena.– Negoziazio Batzordeko kideek 2019ko urtarrilaren 31n sinatu zuten hitzarmen hori.
Hirugarrena.– Hitzarmenaren sinatzaileek izenpetze-aktan izendatu dute erregistratzeko eta argitaratzeko izapideak egin behar dituen pertsona.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuaren testu bateginaren 90.2 eta 3. artikuluan ezarritako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015-10-24ko BOE), halaxe xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen eta sortzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan; dekretu horren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera sortzen da Lan eta Justizia Saila, eta lehen xedapen iragankorrak ezartzen du erregelamendu organikoen indarraldia. Aplikagarriak dira, halaber, apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 11.1.i) artikulua, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari dagokionez, eta hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.
Bigarrena.– Izenpetutako hitzarmenak betetzen ditu Langileen Estatutuaren Legearen 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluetan jasotako eskakizunak.
Hori dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Akordio hau Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 13an.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
ERANSKINA
ETRA NORTE ENPRESAREN 2018-2019 ALDIRAKO HITZARMENA
1. artikulua.– Funtzio-eremua, lurralde-eremua eta langile-eremua.
1.– Etra Norte, SA enpresaren Mungiako (Bizkaia) eta Gasteizko (Araba) lantegiei atxikitako langile guztiak hartzen ditu eraginpean enpresako hitzarmen honek.
2. artikulua.– Indarraldia, iraupena eta salaketa.
1.– Legitimatutako alderdiek sinatzen duten egunean jarriko da indarrean hitzarmen hau.
Hitzarmenaren indarraldia 2018ko urtarrilaren 1ean hasi, eta 2019ko abenduaren 31n bukatuko da (2 urte).
Ondorio ekonomikoek 2018ko urtarrilaren 1erako atzeraeragina izango dute.
2.– Hitzarmen honen salaketa automatikoa gertatuko da 2019ko azaroaren 1ean.
Hitzarmenaren Negoziazio Batzordeak hitzarmen honen indarraldia amaitu baino 30 egun lehenago eratuta egon beharko du, beranduenez, eta balio osoz. Negoziazio-plataformak aurkezteko epea, berriz, 15 egun naturalekoa izango da, hitzarmen honen indarraldiaren amaiera-egunetik hasita. Negoziazioaren hasiera ezin da hitzarmenaren indarraldia bukatu eta hilabete baino gehiago atzeratu, inola ere.
3.– Berariaz itundu da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorenetarako, itundutako iraupena amaitu ostean, hitzarmenaren eduki arautzaile guztiak indarrean jarraituko duela, harik eta alderdiek hura ordeztuko duen beste bat sinatzen den arte.
3. artikulua.– Soldatak.
Hitzarmen hau indarrean den aldian, artikulu honetan adierazten den moduan kalkulatuko dira hitzarmenaren eraginpeko langileen soldata-igoerak. Etra Norte, SA enpresaren 2015-2017 aldirako hitzarmenak (86100101012013 hitzarmen-kodea) 2017. Urterako ezarri zuen soldata-taulatik abiatuta kalkulatuko dira igoera horiek, eta hitzarmen honen I. eranskinean jasoko dira 2018 eta 2019 urteetarako.
Igoera hauek izango dituzte soldatek:
● KPI + % 0,5, 2018. urtean.
● KPI + % 0,5, 2019. urtean.
Estatuko KPIaren arabera egiten den soldata-berrikuspenak, hitzarmen honen aurreko urteekiko egingo denak, ezin du inola ere soldata-murrizketarik ekarri; beraz, Estatuko KPIaren urteko balioa negatiboa baldin bada, soldata-igoera % 0koa izango da aldagai-balio horretan.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek, baldin eta hitzarmen honen soldata-taulak oro har eta urteko zenbaketan gainditzen dituzten soldatak badituzte, urteko soldata-igoera izango dute lehenago adierazitako ehuneko berdinetan, baina erantsitako taulako soldata-kontzeptuei bakarrik aplikatuta. Hortaz, igoera hori ez zaie aplikatuko enpresak borondatez ordaintzen dituen osagarri pertsonalei.
Agiriaren amaieran daude erantsita 2018ko eta 2019ko urtarrilaren 1ean indarrean izan diren soldata-taulak.
2018 eta 2019ko atzerapenen ordainketa 2019ko lehenengo 6 hiletan egingo da.
● Soldata-egitura.
Formula hau erabiliko da hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzean hitzarmenaren urteko soldata gordina kalkulatzeko:
(Oinarrizko soldata + hitzarmen-plusa + pizgarri gabezia) x 420 egun.
4.– Lan toxiko, nekagarri eta arriskutsuengatiko plusa.
Hitzarmen hau indarrean den bitartean, toxikotasun-, neke- eta arrisku-egoeretan dauden langileei honako zenbateko hauek ordainduko zaizkie, lanean emandako denboragatik.
– Adierazitako egoera horietako bakar bat gertatzen bada: 7,12 euro/egun edo 0,92 euro/ordu.
– Bi egoera bakarrik gertatuz gero: 8,46 euro/egun edo 1,10 euro/ordu.
– Hiru egoerak gertatzen badira: 9,88 euro/egun edo 1,27 euro/ordu.
5. artikulua.– Gaueko lanaren plusa.
1.– Gaueko hamarretatik goizeko seietara bitarte egindako lana jotzen da gaueko lantzat.
2.– Kontzeptu horrengatik, hitzarmen hau indarrean den bitartean, 7,12 euroko plusa ordainduko zaio langileari baldintza horretan lan egindako eguneko, edo 0,92 euro orduko.
6. artikulua.– larunbat, igande, jaiegun eta zaintza-egunetako soldata osagarriak.
1.– Txandaka lan eginez gero, eta txandak astean sei edo zazpi egunekoak badira, osagarri hauek ordainduko dira larunbat, igande eta jaiegunetan lan egiteagatik:
● Trafiko-zaintzailea Bilbon:
– 250 euro/egun, lan egindako larunbat bakoitzeko.
– 250 euro/egun, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
– 90 euro/egun, lanegun bakoitzeko.
● Argiteria-zaintzailea Bizkaian:
– 40 euro/egun, lan egindako larunbat bakoitzeko.
– 40 euro/egun, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
– 60 euro/aste (astegunak, astelehenetik ostiralera).
● Trafiko-zaintzailea Araban:
– 50 euro/egun, lan egindako larunbat bakoitzeko.
– 50 euro/egun, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
– 20 euro/egun, lanegun bakoitzeko.
● Garraio-zaintzailea Bizkaian eta Araban:
– 40 euro/egun, lan egindako larunbat bakoitzeko.
– 40 euro/egun, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
– 60 euro/aste (astegunak, astelehenetik ostiralera).
● Txanda-aldaketa:
● Txanda-aldaketatzat hartzen da egunez lan egitetik arratsaldez edo gauez lan egitera igarotzea. Lanaldi arrunta 6 ordukoa izango da, txanda-aldaketa egiten den egunetan.
● Hilean: 285 euro izango dira 2018. urtean, eta 340 euro izango dira 2019an.
Urte osoan txandaka lan egiten duten langileek jasoko dute kontzeptu hori.
● Astean: 3, 4 edo 5 egun, astebetean: 100 euro.
● Lanaldi 1 edo 2: 75 euro.
● Gaueko lanaldia 03:00etan edo lehenago bukatuz gero, aparteko ordutzat hartuko dira ordu horiek, eta, biharamunean itzuli beharko da lanera, 11:00etatik 15:00etara.
● Etxetik kanpo lo egiteagatiko plusa:
● 28 euro/gaua.
● Plus hau aplikatuko da, baldin eta, laneko premiengatik, beharrezkoa bada etxetik kanpo lo egitea. Otordu- eta ostatu-gastuak ordainduko dira, aparte.
● Garraio bereziak:
● 75 euroko plus finkoa.
● 22:00etatik aurrera lan egindako aparteko orduak ordainduko dira.
● Egunez lan eginez gero –22:00ak baino lehen–, hurrengo eguneko lanaldia normala izango da.
● Lana 03:00ak arte luzatuz gero, 9 orduko atsedenaldia hartuko da, eta hurrengo eguneko lanaldia 11:00etatik 15:00etara izango da.
● Lana 03:00ak baino geroago bukatuz gero, hurrengo egunean atseden hartuko da (eta horren berri emango arduradunari).
2.– Zenbait lanetan, beren ezaugarri bereziak direla-eta, zaintalde edo zaintza-sistema bat ezarri beharra dago bezeroen esku, enpresaren berezko beharrei edo haren bezeroen beharrei erantzuteko, eta, langileei deitu egiten zaie bilagailu baten edo telefono mugikor baten bitartez. Halakoetan, soldata-osagarri bat ezarriko da, «zaintza-osagarria» izenekoa, eta 90 euro ordainduko zaizkio langileari enpresaren eskura dagoen egun bakoitzeko, hargatik eragotzi gabe benetan lan egindako orduengatik dagokiona jasotzea, lanera deitzen badiote.
7. artikulua.– Antzinatasuna.
1.– Enpresako langileek aldian-aldian igoerak jasoko dituzte zerbitzuan emandako urte bakoitzeko. Zehazki, hitzarmen honetako soldata-taulan (antzinatasuneko bosturtekoen balioa izeneko zutabean) ezarritako zenbatekoa jasoko dute.
2.– Bosturtekoa kontatzeko hasierako eguna enpresan lanean hasitako eguna izango da.
3.– Aldizkako igoeretarako antzinatasuna zenbatzeko, kontuan izango da enpresan zerbitzuan emandako denbora; horri dagokionez, langileak emandako zerbitzuen truke, edo zerbitzu-eginkizunetan, lizentzietan edo lan-istripuak edo gaixotasunak eragindako bajan izanda langileak soldata edo lansaria jaso duen hilabete eta egun guztiak hartuko dira egiaz lan egindako eguntzat.
Era berean, nahitaezko eszedentziako denbora ere zenbatu egingo da, baina ez borondatezko eszedentzian egondako denbora.
4.– Antzinatasuna zenbatzerakoan, kontuan hartuko dira langileak enpresak lanean emandako urte guztiak, lanbide-taldea edozein izanda ere.
Probaldian emandako zerbitzuak ere hartuko dira kontuan, baita aldi baterako langileek emandakoa ere, aldi baterako egoeratik jarraian igaro badira enpresako plantillako langile izatera.
5.– Bosturtekoak betetzen dituen langile orok bosturtekoa bete eta hurrengo hilabetetik aurrera kobratuko du dagokion osagarria.
8. artikulua.– Aparteko haborokinak.
1.– Hitzarmen honen eraginpeko langileek bi aparteko haborokin sorraraziko dituzte urtero, eta egun hauetan kobratuko dituzte:
– Uztailaren 15ean, 30 eguneko zenbatekoa.
– Abenduaren 22an, 30 eguneko zenbatekoa.
2.– Aparteko haborokinak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, batetik, oinarrizko soldata eta, bestetik, haborokin hori jasotzeko uneko antzinatasunari dagokion zenbatekoa.
3.– Lan egindako denboraren arabera emango dira haborokin horiek, sortzen diren urtearen seihileko naturalen arabera hainbanatuta bakoitza.
9. artikulua.– Oporrak.
1.– Hitzarmen honen eraginpeko langileek 30 egun naturaleko oporraldi ordaindua izango dute. Opor horiek noiz hartu, enpresaren eta langilearen artean adostuko da, eta, ahal dela, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean hartuko dira.
2.– Oporrak enpresa-itxialdiarekin bat datozenean, ordura arte hartu izan diren garai berean hartuko dira. Urteko oporraldi hori beti ordainduko da, oporrak zer egunetan hartu diren kontuan izan gabe, eta hitzarmen hau noiz izenpetu den begiratu gabe. Oporrak txandaka hartzen direnean, txanda horiek txandakatu egingo dira, nahitaez.
3.– Honako formula honen arabera ordainduko dira oporrak:
(Egutegiko azken 90 egunetako soldata erreala x 30 ) / 90.
4.– Langilea, 90 egun horietan, gaixotasun edo istripuagatiko bajan egon bada, edo ordaindu gabeko baimena hartu badu, baja- edo baimen-egun horiek ordeztu egingo dira altan emandako beste hainbeste egunekin, 90 egunera iritsi arte; alta-egun horiek aintzat harturiko denboraldiaren aurrekoak izango dira, betiere jarduneko urtearen barruan.
5.– Langile guztien oporraldiak finkatu ahal izango dituzte langileen legezko ordezkarien eta enpresaburuen artean, bai segidan antolatutako txandetan, bai lan-jarduera bertan behera utzita; salbuespen bakarra mantentze, konponketa eta antzeko zereginak izango dira.
10. artikulua.– Bidaiak eta dietak.
1.– Langileak, enpresaren premien eraginez, enpresa edo lantokia dagoen herritik kanpora bidaiak edo joan-etorriak egin behar baditu eta, horregatik, otorduak egitera eta lotara ezin bada etxera joan, eskubidea izango du, hitzarmen hau indarrean den bitartean, soldataz gain dieta hauek jasotzeko:
Zazpi egun edo gutxiagoko irteerarako dieta osoa: 37.18 euro.
Zazpi egun baino gehiagoko irteerarako dieta osoa: 35,86 euro.
Bazkaria: 12,89 euro.
Afaria: 9,31 euro.
Gosaria: 1.88 euro.
2.– Enpresak langileak atzerrira bidali behar baditu, enpresa bera arduratuko da langileentzako bizilekua eta mantenua aurkitzeaz, eta enpresa bera arduratuko da, besteak beste, joan-etorriak, ostatuak, mantenuak eta bidaiek sorturiko gastuak ordaintzeaz. Era berean, langileak 15,74 euroko dieta-osagarria jasoko du Espainiatik kanpo emandako egun natural bakoitzeko.
3.?. Egoera bereziak direla-eta joan-etorriak eragindako gastuak dieten zenbatekoak baino altuagoak badira, enpresak ordaindu beharko du soberakina; aldez aurretik horren berri izan beharko du, eta ondoren, langileek justifikatu egin beharko dute. Ordainketa gehienez ere hilabeteko epean egingo da; bestela, egun horretatik aurrera diruaren legezko interesa ere ordaindu beharko da.
4.– Enpresaren beharrengatik eta hark eskatuta langileak bere ibilgailua erabili behar badu, kilometroko 0,32 euro ordainduko zaizkio.
11. artikulua.– Lanaldia.
1.– Hitzarmen honen indarraldian, honako hau izango da lanaldia:
– Egiaz lan egindako 1.708 ordu urtean, lanaldi zatituan.
– Lanaldi etengabean, egiaz lan egindako 1.688 ordu urtean.
2.– Urtero, enpresak lan-egutegia prestatuko du, langileen ordezkarien txostena jaso eta gero. Gainera, horren ale bat jarriko dute lantoki bakoitzean, erraz ikusteko moduan.
3.– Langile bakoitzak lanbide-kategoriaren arabera dagozkion udako ordutegiak izango ditu aurrerantzean ere, kontrako erabakirik izan ezean. Udako lanaldiak aurreko hitzarmenetako irizpideen arabera ordainduko dira.
4.– Orduak baliatzea. Produkzio-premiak edo ezinbesteko arrazoiak direla medio, Hitzarmen honen eraginpeko enpresak eguneko lanaldia aldatu ahal izango du (gehienez ere 100 ordu, hitzarmena indarrean egongo den urte bakoitzean). Eraginpeko alderdiak ados jartzen badira, muga hori handitu ahal izango da, baina horrek ez du inola ere ekarriko hitzarmen honetan itundutako urteko lanaldia edo enpresaren urteko lanaldia handitzea.
Urte bakoitzean moldatzeko moduko orduen muga handitzeak 10 langileri baino gehiagori eragiten badio –100 langiletik beherako enpresetan–, edo langileen ehuneko 10ari –100 eta 300 langile bitarteko enpresetan–, edo 30 langileri –300 langiletik gorako enpresetan–, enpresak eta langileen ordezkariek lortu beharko dute akordioa, edo halako ordezkaritzarik ezean, enpresak eta langileek zuzenean.
Artikulu honetan arautzen den aldaketa honako hau izan daiteke:
a) Lan-egutegian eguneko lanaldi moduan zehaztutako ordu kopurua baino ordu gutxiago egitea. Enpresak erabakiko du noiz berreskuratu behar diren ordu horiek ondoren lan eginez, betiere artikulu honetan ezarritako eguneko eta asteko gehieneko lanaldiaren mugak errespetatuz.
b) Aldez aurretik lan-egutegian eguneko lanaldi moduan zehaztuta dagoen ordu kopurua baino ordu gehiago lan egitea, betiere artikulu honetan ezarritako eguneko eta asteko gehieneko lanaldiaren mugak errespetatuz. Enpresak eta aldaketaren eraginpeko langileek adostuko dute konpentsazio-orduak hartzea, bai eta noiz eta nola hartu ere.
Enpresak ordu baliagarri horiek erabiltzen baditu, idatziz jakinarazi beharko die interesdunei eta langileen ordezkariei, neurria aplikatu baino bost egun lehenago, gutxienez. Ezbehar edo fenomeno atmosferikoen larritasunak eta/edo indarrak lana egitea galarazten dutenean, behar-beharrezko denborarekin egingo da aurreabisua.
Aurreikusitako ordu baliagarri guztietatik, larunbatetan gehienez ere 40 ordu erabili ahal izango dira, urtean lau larunbatetan gehienez ere; larunbat horiek ez dira zubietakoak, jaiegunak edo oporretakoak izango, eta lan-egutegian ez dira lanegun moduan aurreikusiko. Egun horietan goizez soilik lan egingo da, gehienez ere zortzi ordutan goiz bakoitzean. Horrelako egunetan lan egindako orduak atseden-egun osoen bidez konpentsatuko dira, lan-egutegian finkatutakoaren arabera langile bakoitzak urtean lan egin beharreko egun kopurua handitu gabe.
Txandaka lan eginez gero, gehienez bost larunbatetan lan egin ahal izango dute ordu baliagarri horiek erabiliz, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.
Lanaldia egunean 10 ordu eta astean 50 ordu bete arte luzatu ahal izango da gehienez. Lan-egutegian laneguntzat hartzen ez diren larunbatak erabiltzen diren asteetan (4 edo 5 gehienez), asteko lanaldia gehienez ere 54 ordukoa izango da, orduak enpresaren premien arabera banatuta, eta lehen ezarritako eguneko muga errespetatuta.
Ordu baliagarrien aplikazioa dela-eta ordu kopuruak murrizten direnean, asteko lanaldia gutxienez lanegun baten baliokidea izango dela bermatuko da, aldeek besterik erabaki ezean.
Enpresak eta neurri horrek eragindako langileek konpentsazio-orduak hartzea adostuko dute, bai eta ordu horiek noiz eta nola hartu ere. Akordiorik ez bada lortzen, alde bakoitzak erabakiko du denboraren % 50 nola hartu, eta astebete lehenago jakinarazi beharko dio beste aldeari.
Ordu baliagarriak erabili eta hurrengo hilabetean konpentsatuko dira eskuarki ordu horiek. Aldez aurretik lan egindako orduak direla-eta atseden hartu behar denean, atseden hori lanaldi osokoa edo lanaldi erdikoa izango da, ahal dela.
Langilea bere bizilekutik kanpo lekuz aldatuta badago, ordu horien konpentsazioa langileak bere etxean dagoela orduok baliatzeko aukera duen egunetan gauzatuko da. Lanaldia udako lanaldi murriztuko denbora-tartean luzatu bada, ordu horiek, ahal bada, denbora-tarte horretan hartuko dira.
Ordu horiek ezin izango dira inola ere dirutan konpentsatu, eta ordu arruntzat hartuko dira ondorio guztietarako.
Neurri horiek aplikatzen zaizkien txandakako langileei, berriz, neurriaren ondorioz eragindako joan-etorrietarako garraiobideak bermatuko dizkie enpresak.
Neurri hori ezin izango da ezein kasutan aplikatu langileak bakarrik geratu behar badu lantokian.
Urte naturalaren barruan ezinezkoa bada lehenago lan egindako orduak hartzea, edo lan egin gabe utzitako orduak egitea, hurrengo urteko lehen hiruhilekora luzatuko da ordu horiek hartzeko edo egiteko epea, horretarako zehaztutako unean langilea aldi baterako ezintasunagatiko bajan egon ezean. Azken kasu horretan, berriz, urte horretako abenduaren 31ra arte luzatuko da epea.
Aurreko paragrafoetan azaldutakoa gorabehera, artikulu honetan xedatu ez diren akordioak ezarri ahal izango dituzte langileek eta enpresak.
5.– Bi aldeek adostu dute lanaldiaren urtean zeharreko banaketa irregularra ezartzea, enpresaren eta langileen ordezkarien artean erabakitzen duten moduan.
12. artikulua.– Ezintasuna.
1.– Lan-istripu edo lanbide-gaixotasunaren ondorioz minusbaliotasun-egoeran geratzen diren langileek, beren ahalmen fisikoak edo intelektualak murriztuta, lehentasuna izango dute enpresan beren baldintzetarako egokiagoak diren lanpostuak betetzeko, baldin eta lanpostu berria betetzeko gaitasuna badute.
2.– Lan-istripuek edo lanbide-gaixotasunek eragindako aldi baterako ezintasunerako osagarria: lan-istripuek edo lanbide-gaixotasunek eragindako aldi baterako ezintasunen kasuan, kontzeptu horrengatiko prestazioa osatuko da oinarri arautzailearen % 100era arte, betiere gertaera eragilea hitzarmen hau sinatu ondoren gertatzen bada, eta baldintza hauek betez gero:
Benetan egiaztatzea istripua lantokian gertatu dela.
Langileak segurtasun-neurriak bete dituela egiaztatzen bada, baita agindutako lanerako ezarritako jarraibide zehatzak ere.
Aurreko paragrafoan adierazi den osagarria aplikagarri izango da «in itinere» gertatutako istripuetan.
3.– Gaixotasun arrunt batek edo lanekoa ez den istripu batek sortzen baldin badu aldi baterako ezintasuna, hitzarmen honi atxikitako langileek aldi baterako ezintasuneko osagarria jasoko dute lehen egunetik, eta haien gizarte-aurreikuspeneko erregimenaren prestazioa batuta, ordainsari finkoen % 100 jasoko dute. Ezintasun-egoeran denean, hitzarmen honetan arautzen diren aparteko ordainsariak jasotzeko eskubidea sortuko du langileak.
13. artikulua.– Laneko arropa.
1.– Urtero bi buzo, edo bi jaka- eta galtza-joko emango dizkie langileei enpresak, edo bi alkandora- eta galtza-joko, edo bi txabusina, enpresak erabili ohi duen laneko arroparen arabera. Urte naturaleko seihileko bakoitzean emango dira arropa-sorta edo jantzi horiek.
2.– Segurtasuneko ekipo pertsonalak ere eman behar ditu enpresak.
14. artikulua.– Mugigarritasun funtzionala.
Hauxe ulertzen da mugigarritasun funtzionaltzat: antolamenduaren beharrizanek eskatuta, langileak, haien lanpostua edo ohiko zereginak edozein izanik ere, enpresaren barruko beste hainbat zeregin edo lanetan jartzeko aukera erreala. Mugigarritasun hori gauzatzeko, artikulu honek ezarritakoari jarraituko zaio.
Mugigarritasun horrek langilearen eskubide ekonomiko eta profesionalak errespetatu beharko ditu, eta ez dio kalterik sortuko lanpostura ezin egokitzeagatik, ez eta lanbide-prestakuntzan edo lanpostu-igoeretan ere.
Langileari bermea ematen zaio soldatako kontzeptu finkoak mantenduko zaizkiola, eta enpresak eta langileek onartzen dute eduki aldagarria duten soldata-kontzeptuak modu librean garatzea.
Denboraren poderioz finkatu ez den mugigarritasunaren aurretik, langilea prestatu eta trebatu egin beharko da, errendimendua eta kalitatea ez ezik, laneko segurtasuna ere bermatzeko.
Beste zeregin batzuk egiten hasten diren langileek lehenengo egunetik jasoko dute lanpostu berrian lor dezaketen prima. Lanpostu berrira egokitzeko aldian, aurreko hilean lortutako batez besteko prima bermatuko zaio langileari, gutxienez, betiere enpresan ez bada beste prozedurarik hitzartzen lanpostu berrira egokitzea konpentsatzeko. Egokitze-aldia esaten zaio langileak lanpostu berriko gutxieneko jarduera-maila gauzatu ahal izateko normalean behar duen denborari.
Goragoko kategoriako lanak egin behar badira, aldaketa horrek ezin izango du iraun bi urtean zortzi hilabete edo urte batean sei hilabete baino gehiago, kasu hauetan izan ezik: gaixotasuna, lan-istripua, oporrak, lizentziak, eszedentziak edo lanpostuaren erreserba dakarten beste arrazoi batzuk. Kasu horietan guztietan, egoera eragin duten arrazoiek iraun bitartean luzatuko da prozesua. Epe hori igarota, aipatutako salbuespenekin, lehiaketa-oposiziorako deialdia egingo da, eta besteak beste, hauek hartuko dira kontuan: titulazioaren egokitasuna, balorazio akademikoa, lanpostuaren ezagutza, lanbide-eskarmentua, dagokion taldean lan egin izana, egitekoak diren probak, etab. Hori guztia gorabehera, langile batek lau urtean betetzen badu goragoko mailako lanpostu bat, lanpostu horren maila kontsolidatuko du.
Goragoko kategoriako lana betetzen den bitartean, lansaria kategoria horri dagokiona izango da.
Beheragoko kategoriako lana bada, egoera horrek ezingo du iraun etenik gabeko bi hilabete baino gehiago, eta jatorrizko kategoriari dagokion ordainsaria gordeko da betiere. Aldaketa horrek ezin izango dio inola ere kalterik eragin giza duintasunari. Alde horretatik, enpresek saihestu egingo dute langile berak behin eta berriz beheragoko kategoriako lanak egitea. Aldaketa langileak eskatuta gertatzen bada, soldata lanbide-kategoria berrira egokituko da. Kualifikazio txikiagoko eginkizunetara denbora-mugarik gabe aldatzeari dagokionez, aldaketaren eraginpeko langileak bere borondatez onartzen badu soilik aldatu ahal izango dute enpresek.
15. artikulua.– Mugigarritasun funtzionala, geografikoa eta lan-baldintzen funtsezko aldaketa.
1.– Mugigarritasun geografikoa. Langilea lekuz aldatzeko erabakia enpresaburuak berak jakinarazi beharko dio langileari, bai eta haren legezko ordezkariei ere, lekualdaketa hori gauzatu baino sei hilabete lehenago, gutxienez.
2.– Mugikortasun funtzionala edo geografikoa aplikatzen edo lan-baldintzak aldatzen diren guztietan, enpresaren neurria aukerakoa izango da langilearentzat.
3.– Langileen Estatutuaren 41. artikuluko lan-baldintzak funtsean aldatzeko, nahitaezkoa izango da langilearekin adostasuna lortzea (baldin eta langile bakar baten lan-baldintzen funtsezko aldaketak baldin badira), edo, bestela, langileen ordezkaritzarekin (lan-baldintzen funtsezko aldaketa kolektiboak baldin badira). Adostasunik lortzen ez baldin bada, ezingo da aldaketarik egin.
16. artikulua.– Aparteko orduak.
Aparteko orduak. 1999ko urtarrilaren 15ean izenpetutako enpleguari buruzko EAEko akordioan, irizpide batzuk ezarri ziren aparteko orduen gainean. Irizpide horiek errespetatuz, honako hau erabaki da:
1.– Aparteko orduetan lan egiteko aukera kendu egiten da, artikulu horren 2. puntuan arautzen diren salbuespenezko kasuetan izan ezik.
2.– Salbuespenez, ohiko lanaldia luza daiteke, baldin eta egoera hauetakoren bat gertatzen baldin bada:
Lehenengoa.– Ezinbesteko kasuak, hau da, istripuak eta aparteko presazko beste kalte batzuk prebenitu edo konpondu behar baldin bada.
Bigarrena.– Aurretik nahiko denboraz aurreikusi ezin diren arrazoiengatik, ohiko lanaldia luzatzea ezinbestekoa denean enpresak ohiko moduan funtzionatzeko. Nolanahi ere, ezinbestean egiaztatu behar da ezin zaiola langile berriekin aurre egin lan-gainkarga horri, arrazoi hauetakoren bat dagoelako:
a) Lan-denbora oso laburra izanik, kontratazio berria egitea ez delako bideragarria.
b) Aditzera emandako eperako kontrataziorik egitea ezinezkoa delako.
c) Enplegu-zerbitzu publikoen lankidetza eskatu arren, zerbitzu horiek ez diotelako enpresari eman dagokion lanposturako trebakuntza egokia duen langilerik.
3.– Bigarren puntuan aurreikusitako salbuespenezko egoeren babesean lan aparteko orduak, atseden-denboraz konpentsatuko dira. Lanegunean egindako aparteko ordu bakoitza ordu bat eta 30 minuturekin konpentsatuko da. Larunbat, igande edo jaiegunetan egindako aparteko ordu bakoitza, berriz, ordu bat eta 45 minuturekin konpentsatuko da, besterik adostu ezean. Langileak zazpi egun lehenago jakinaraziko dio enpresari konpentsazio-atsedenaldia zein egunetan hartuko duen, eta hala hartuko du, enpresarentzat kalte larririk sortzen ez bada. Horrela bada, langileak modu berean jakinaraziko du konpentsazio-atsedenaldiaren behin betiko data.
Diruz konpentsatzea kasu hauetan soilik erabaki daiteke: ezinbesteko kasuetan, eta, 2. c) puntuan aurreikusten den kasua gertatzeagatik, atsedenez konpentsatzea ezinezkoa denean. Halakoetan, % 45eko errekarguarekin ordainduko dira ordu horiek, lanegunetan egin badira, eta % 75eko errekarguarekin, igande edo jaiegunetan egin badira, non eta ez den besterik adostu.
Lehen aipatutako beharrak dauden egoeretan, enpresak aparteko ordu horiek epe atzeraezin jakin batean egiteko eskatu ahal izango du.
4.– Artikulu honetan ezarritakoak ez du eraginik izango hitzarmen honek «Ordu baliagarriei» buruz ezarritako puntuan.
5.– Hitzarmen hau indarrean hasi baino lehen aparteko orduengatik ordaindutako zenbatekoak ez dira berrikusiko.
17. artikulua.– Langileen ordezkarientzako eta enpresa-batzordeko kideentzako ordu-kreditua.
1.– Enpresa Batzordeko kide edo langileen ordezkari bakoitzak, aurretiaz jakinarazita, eta justifikatu ondoren, betetzen duen karguan jarduteko ordaindutako ordu hauek izango ditu hilean:
– Gehienez ere 100 langile dituzten enpresak: 240 ordu/urte.
– 101 langiletik 250era bitarteko enpresak: 300 ordu/urte.
– 250 langile baino gehiagoko enpresak: 480 ordu/urte.
Langileen ordezkariek horrela adosten baldin badute, enpresa-batzordeko beste kideren bati laga dakieke 60 ordu urtean, gehienez ere. Enpresari jakinarazi behar zaio lagapen hori egingo dela, abian jarri baino hilabete bateko aurrerapenaz gutxienez.
2.– Langileen ordezkari edo enpresa-batzordeko kide bakoitzak, sindikatuek eskaturiko prestakuntza-ikastaroetara edo biltzarretara joateko, eta urtean behin soilik, orduak gehitu ahal izango dizkiete hilabete horretako orduei, 30 ordura arte gehienez ere. Betiere, 15 egun lehenago deialdiaren berri eman beharko dio enpresaburuari. Gehitutako ordu horiek hurrengo hilabeteko edo hilabeteetako ordu-kredituarekin konpentsatuko ditu, horretarako soberako ordu-kreditu osoa erabiliz, Langileen Estatutuaren gainetik.
3.– Enpresaren batean plantilla-murrizketarik gertatuz gero hauteskunde sindikaletan aukeratu beharreko ordezkari-kopurua zehazteko zenbatu behar diren langileen zenbatekoan –% 20 baino gehiago, 31 eta 100 langile bitarteko enpresetan; % 15, 101 eta 250 langile bitarteko enpresetan, eta % 10, 251 eta 500 langile bitartekoetan–, 90 egun baino gehiagoko aldian gertatu ere, Hitzarmenaren Batzorde Mistora jo beharko da hauxe eskatzeko: langileen lege-ordezkarien kopurua murriztea aurrez aipaturiko langile zenbakarrien kopurura, edo, bestela, ordu-kreditua proportzioan murriztea langileen ordezkarien edo Enpresa Batzordeko kideen artean. Horretarako, batzorde mistoak kontuan hartuko du enpresan ordezkaritza duen sindikatu batek ere ez duela geratu behar ordezkaritzarik gabe. Aurreko arrazoiak eraginpean hartutako ordezkari eta Enpresa Batzordeko kide guztiek Legeak ematen dizkien berme guztiak mantenduko dituzte, ordu-kredituari eta informazioari dagozkien bermeak izan ezik. Hauteskunde-mandatuak iraun bitartean enpresak 30 egunez bere errolda handituko balu Legeak aurreko egoeran zehazten zuen langile-kopurura arte, berriz sortuko litzateke hauteskunde sindikaletako ordezkaritza-egoera erreala. Hala ere, ez da nahitaezkoa izango hauteskunde-bulegoari egoera horren berri ematea erregistroa egin dezan.
18. artikulua.– Sindikatu-eskubideak.
1.– Enpresan, sindikatu-atal bakoitzeko ordezkariak, bere sindikatu-eginkizunetan jarduteko gehienez honako ordu kopuru hauek hartu ahal izango ditu hilean: 10 ordu, sindikatuan afiliatuta dauden langileak gutxienez langile guztien % 20 badira, 100 langile baino gutxiago dituzten enpresetan, eta 15 ordu, sindikatuan afiliatuta daudenak % 15 badira, 101 langiletik 250era bitarte dituzten enpresetan.
2.– Sindikatuko ordezkariak, bere sindikatu-eginkizunetarako behar badu, hilero metatu ahal izango ditu bere sindikatuko kide diren beste ordezkari batzuei edo enpresa-batzordeko kide batzuei dagozkien ordu batzuk, haiek ordu horiek lagatzeko prest badaude, eta ordu horiek, hain zuzen ere, hitzarmen honen 28. artikuluan 100 langile baino gutxiago eta 101 langiletik 250era bitarte dituzten enpresetako enpresa-batzordeetako kideentzat eta langileen ordezkarientzat Langileen Estatutuan ezarritakoaz gain emandako orduak izango dira. Aipatutako kide horien sindikatuak onartzen badu bakarrik metatu ahal izango dira ordu horiek. Gainerako berme eta eginkizunetan, enpresa hauenak izan zein atal honetan berariaz aipatzen ez direnenak izan, Langileen Estatutuak eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoak xedatua kontuan hartuko da.
3.– Hitzarmen honen 16.1 artikuluak arautzen duenaren ildoan, enpresa-batzordeko kideen artean ordu-kredituak lagatzeko aukera arautzearekin batera, sindikatu-sekzio bakoitzeko ordezkariak ere kredituaren orduak laga edo har ditzake, aldez aurretik enpresa-batzordearen gehiengoarekin adostuta.
19. artikulua.– Lan-istripuen aseguru kolektiboa.
Hitzarmen honen eraginpeko enpresak laneko istripuen aseguru bat hitzartuko du bere langileen alde. Honako hauek estaliko ditu:
– 30.000 euro. Lan-istripuagatik hilez gero.
– 30.000 euro. Lan-istripuagatik ezintasun iraunkor osoko egoeran geldituz gero.
– 30.000 euro. Lan-istripuagatik ezintasun iraunkor absolutuko edo baliaezintasun handiko egoeran geratuz gero.
Estaldura horiek ezin dira metatu, eta elkarrekiko bateraezinak dira. Lehen aipatutako ezintasun iraunkor osoko, erabateko ezintasun iraunkorreko eta baliaezintasun handiko kasuetan, laneko istripua gertatu zen eguna izango da, ondorio guztietarako, gertaera eragilearen eguna.
2.– Enpresak hitzartutako polizari buruzko informazioa emango die langileen legezko ordezkariei, edo, bestela, enpresako langileei eurei.
20. artikulua.– Eskubide osagarriak.
Enpresa-hitzarmen honetan jasota ez dagoenari dagokionez, Bizkaiko Industria Siderometalurgikoaren 2008-2011ko Hitzarmenean ezarritakoa bete beharko da.
21. artikulua.– Aplikaziorik eza.
Hitzarmen honen indarraldian, enpresak ezingo du bere kasa erabaki hemen hitzartutako lan-baldintzak ez betetzea, Langileen Estatutuak 82.3 artikuluan jasotzen duen prozeduraren bidez. Horretarako, aurretik langileen ordezkariei entzunaldia eskaini behar die, hain zuzen ere hitzarmenaren epea amaitu baino lehen hura birnegoziatzen ahalegintzeko, beste hitzarmen bat lotzeko edo dagoena berrikusteko, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak xedatzen duen moduan.
Enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batean ez aplikatzeko asmoa badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla eta), langileen ordezkariekin horretarako akordiorik lortzen ez badu, eta gatazkak ebazteko lanbide arteko akordio aplikagarrien prozeduretara jota ere desadostasuna konpontzen ez bada, bi alderdien (enpresaren ordezkarien eta langileen ordezkarien gehiengoaren) arteko akordioa beharko da, hitzarmena ez aplikatzeari buruzko erabakia ORPRICCEren esku jartzeko; hau da, estatutuaren araberako hitzarmen kolektiboak aplikatzen ez direnean prozedurak ebazteko organoaren esku jartzeko.
22. artikulua.– Gatazkak konpontzeko prozedura.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek bere egiten dute «Laneko Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide arteko Akordioa» (PRECO), 2000ko apirilaren 4ko EHAAn argitaratua. Akordio hori hitzarmen honen eremuan aplikatuko da, hitzarmen hau aplikatzean eta interpretatzean sortzen diren gatazka kolektiboetan.
23. artikulua.– Absentismoa.
1.– Enpresaburuak Langileen Estatutuaren 52. artikuluko arrazoi objektiboak direla-eta kontratua amaitzeko aukera erabili ahal izateko, ezinbestekoa izango da lantokiko langile guztien absentismo-indizea % 2,5etik gorakoa izatea denboraldi berberetan (elkarren segidako bi hilabetean edo elkarren segidakoak ez diren lau hilabetetan).
24. artikulua.– Ordaindutako lizentziak.
1.– Langileak, aldez aurretik jakinarazita eta justifikatuta, ordaindutako honako lizentzia hauek baliatzeko eskubidea izango du, jarraian aipatzen diren arrazoietako batengatik eta zehazten den denborarako:
a) Heriotza:
– Ezkontidearena: 5 lanegun.
– Odol-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba edo anai-arrebena: 3 lanegun.
– Ezkontzazko guraso, seme-alaba edo anai-arrebena: 3 lanegun.
– Bilobak, aitona-amonak eta 2. mailara arteko ahaidetasuna duten senideak: 2 lanegun.
– Horretarako 200 km-tik 300 km-ra bitarteko bidaia egin behar baldin bada: beste egun bat.
– Bidaia 300 kilometrotik gorakoa baldin bada: beste 2 egun.
Langilea bere ohiko bizilekutik edo lantokitik kanpo bidali badute lanera, heriotzagatik baimena emateko, kontuan hartuko da zenbat distantzia dagoen lan hori egiten ari den lekutik hildakoaren bizilekuraino.
Izatezko bikoteei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honetako 5. puntuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
b) Gaixotasun edo istripu larriagatik edo ospitaleratzeagatik, erditze naturalen eta zesareen kasuan izan ezik (horiek ez baitute atal honetako lizentzia hartzeko aukera emango):
– Ezkontidearena: 3 lanegun.
– Odol-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba edo neba-arrebena: 2 lanegun.
– Ezkontzazko guraso, seme-alaba edo neba-arrebena: 2 lanegun.
– Bilobak, aitona-amonak eta 2. mailara arteko ahaidetasuna duten senideak: 2 lanegun.
– Horretarako 300 kilometrotik gorako bidaia egin behar baldin bada:
• Ezkontidearen kasuan: beste 2 egun.
• Odol-ahaidetasunezko gurasoen eta seme-alaben kasuan: beste 1 egun.
Izatezko bikoteei ere emango zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honen 5. puntuan ezarritako baldintzen arabera.
c) Ospitale edo kliniketako larrialdietara joatea:
– Ezkontidea, seme-alaba edo guraso odolkideak, bilobak eta 2. mailara arteko ahaidetasuna duten senideak: egoera hori lanalditik kanpo gertatzen bada, eta pertsona horren egonaldiak edo ematen zaion asistentzia medikoak lau ordu edo gehiago irauten badu, langileak hurrengo eguneko lanaldiaren hasieran lanaldi-erdia hartzeko eskubidea izango du, bi alderdiek bestelako akordioa lortu ezean. Egoera hori lanaldian gertatzen bada, lizentzia behar den denborarako izango da.
– Aurreko paragrafoan aipatutako senitarteko horietakoren bati ebakuntza kirurgikorik egiten badiote eta hari lagundu behar badio langileak, ebakuntzak irauten duen bitarterako izango da ordaindutako baimena.
Izatezko bikoteei ere emango zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honen 5. puntuan ezarritako baldintzen arabera.
d) Ezkontza:
– Langilearena: 16 lanegun. Oporrak eta ezkontzagatiko lizentzia aldi berean gertatzen badira, bi denbora-tarteak batuko dira, eta, urteko oporraldiak finkatu baino lehen, langileak enpresari jakinarazi beharko dio ezkontzekotan dela.
– Odol- edo ezkontza-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba edo anai-arrebena: 1 lanegun.
Izatezko bikoteei ere emango zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honen 5. puntuan ezarritako baldintzen arabera.
e) Seme-alabak jaiotzeagatik: 2 lanegun. Erditzea zesarea bidez izan bada, lizentzia 2 lanegun luzeagoa izango da.
Izatezko bikoteei ere emango zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honen 5. puntuan ezarritako baldintzen arabera.
f) Nortasun-agiria: behar den denbora emango da agiri publikoak ematen dituzten zentroak ireki eta ixteko orduak eta lan-ordutegia bat datozenean; betiere, ordutegiek bat egiten duten ordu-tarte horretan.
g) Espezialista baten kontsulta medikora joanez gero, betiere kontsulta-ordua eta lanaldia bat datozenean. Langileak kontsulta medikoaren egiaztagiria aurkeztu beharko dio enpresaburuari. Langileak baimen hau baliatu dezake, halaber, seme-alabak pediatrarengana eramateko, edo lehenengo graduko ahaidetasunezko senideei medikuarengana laguntzeko, betiere ahaideak euren kabuz moldatzeko gai ez badira adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik. Beharrezko denbora.
Izatezko bikoteei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hori, artikulu honetako 5. puntuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
h) Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik: 1 lanegun.
i) Ezinbesteko betebehar publiko eta pertsonal bat betetzea, botoa ematea barne: nahitaezkoa den denbora. Legezko edo hitzarmeneko arauren batean denbora zehatza aipatzen bada, lanera ez etortzearen denborari eta konpentsazio ekonomikoari buruz arauak zer dioen hartuko da kontuan.
Betebehar horrek hiru hileko epean lanorduen % 20 baino gehiago galtzea eragiten badu, enpresak aukeran dauka langilea nahitaezko eszedentzian jartzea.
Langileak betebeharra betetzeagatik edo bere karguan jarduteagatik kalte-ordaina jasotzen badu, ordain horren zenbatekoa murriztuko zaio enpresan jasotzeko eskubidea duen soldatatik.
j) Eginkizun sindikalak betetzeko edo langileen legezko ordezkaritzaz arduratzeko bada: hitzarmen honen 16. eta 17. artikuluek xedatuaren arabera.
k) Laneko orduetan haurdunaldiko azterketak eta erditzea prestatzeko tekniken ikastaroak egiteko: nahitaezkoa den denbora.
l) 9 hilabetetik beherako seme-alabei bularra emateko bada: emakumezko langileak aukera izango du lanean ordubeteko absentzia hartzeko –bi zatitan banatzeko aukera izanik–, edo, bestela, lanaldia helburu bererako murrizteko. Aitak edo amak baliatu ahalko du baimena, biek lan egiten badute. Langileak hala eskatuz gero, eguneko ordu-erdiko lanaldi-murrizketa meta daiteke.
2.– Artikulu honetako b) atalean (egutegiko egunak) ezarritako irizpideari jarraituz, gaixotasunagatiko edota ospitaleratzeagatiko ordaindutako lizentziarako eskubidea sortzen duten kasuetan, lizentzia-egunak zenbait senideren artean banatu ahal izango dira, gertaera eragileak irauten duen bitartean.
Heriotzagatik, gaixotasunagatik edo haurrak jaiotzeagatik ematen den lizentzia ordainduaren kasuan, langileak lana uzten duen unean bertan hasiko da lizentziaren denbora zenbatzen. Lanaldi osoa bete badu, hurrengo egunetik hasiko da zenbaketa.
3.– Ordaindutako lizentziak oinarrizko soldata gehi ordainsari-osagarrien arabera ordainduko dira.
4.– Hitzarmen hau indarrean den bitartean, lehen aipatutako kausak edo gai ezberdinak kontuan hartzen dituzten beste lizentzia batzuk legez arautzen badira, artikulu honi erantsiko zaizkio.
5.– Artikulu honen 1. puntuko A, B, C, D, E eta G egoeretan, odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko guraso, seme-alaba eta anai-arreben ezkontzen kasuan, izatezko bikoteei ere aintzat hartuko zaie ordainpeko lizentzia hartzeko eskubidea. Horrelakotzat hartuko dira, ezkontzeko aukera izanik ezkondu ez, eta lizentzia hartu aurretik gutxienez sei hilabeteko bizikidetza modu egokian frogatzen duten bikoteak, izatezko bat-egiteen erregistro ofizialik ez badago.
25. artikulua.– Ordaindu gabeko lizentziak.
Enpresan gutxienik urtebeteko antzinatasuna duten langile guztiek soldatarik gabeko baimen bat eska dezakete, 15 egun eta hiru hilabete bitarteko iraupenekoa. Baimenaren eskaera idatzia eta arrazoitua egin behar da, egutegiko 20 eguneko aurrerapenez. Premia larria denean soilik eska daiteke aurrerapen txikiagoz.
Enpresak arrazoituta eta justifikatuta eman dezake baimen hori, hilabetetik beherako epean.
Ezin da, inola ere, enpresaren jarduerarekiko lehia desleiala dakarten lanak egiteko erabili baimen hori, ez norberaren kontura, ez besteren kontura.
26. artikulua.– Aldi baterako lan-enpresen bidez bete ezingo diren lanpostuak.
Ezin dira aldi baterako lan-enpresetatik hartutako langileen bidez egin arrisku elektrikoak dakartzaten lanak, eta aukera horretatik kanpo geratuko dira zerrenda honetako lanak egiten dituzten okupazioak eta lanpostuak:
1.– Egiten den lanaren ezaugarriengatik, erabiltzen diren prozedurengatik edo lanpostua betetzeko ingurunearen ezaugarriengatik azpian harrapatzeko, hondoratzeko edo altuerarik erortzeko arrisku larria dakarten lanak.
2.– Agente kimikoen edo biologikoen eraginpean lan egitea dakarten lanak, baldin eta arrisku handia badakarte edo legeak agintzen badu lan horiek egitean berariaz zaindu behar dela langileen osasuna.
3.– Erradiazio ionizatzaileen eraginpean lan egitea dakarten lanak, baldin eta eremu kontrolatuak edo zainduak mugatzeko betebeharra ezartzen badu berariazko araudiak.
4.– Goi-tentsioko linea elektrikoetatik gertu egin behar diren lanak.
5.– Tentsioa darabilten lanak.
6.– Urperatzearen ondorioz itotzeko arriskua dakarten lanak.
7.– Tunelak eta putzuak hondeatzeko lanak eta lurpeko lurrak mugitzeko bestelako lanak.
8.– Urpeko ekipoekin urpean egiten diren lanak.
9.– Aire konprimatuko kutxetan egiten diren lanak.
10.– Lehergaiak darabiltzaten lanak.
11.– Elementu aurrefabrikatu astunak muntatzeko eta desmuntatzeko lanak.
27. artikulua.– Batzorde mistoa.
1.– Behartuta dauden alderdien artean sor daitekeen zalantza eta desadostasun oro, bai eta akordio honetan ezarritakoa interpretatzearen edo aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen kalte-egintzak ere, Batzorde Mistora eraman ahal izango dira lehendabizi. Enpresaburuaren ordezkariek eta akordio hau sinatzen duten langileen ordezkariek osatuko dute batzorde hori, modu paritarioan, eta alderdi bakoitzak bere aldetik emango du botoa eta akordio guztiak sinatuko ditu.
2.– Nolanahi ere, kontua aurkeztu eta gehienez 30 eguneko epean, Batzorde Mistoak dagokion erabakia edo bere irizpena emango du.