EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2019093

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 28koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erregistratu, argitaratu eta gordailutu dadila Diario El Correo SAren 2018-2019 aldirako hitzarmen kolektiboa (hitzarmenaren kode-zk.: 86002692012008).

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2019-03-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201902367
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2019ko martxoaren 21ean, Negoziazio Batzordeko ordezkariak hitzarmen horri dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuen hitzarmenen erregistroan (REGCON).
Bigarrena.– Akordio hori 2019ko martxoaren 18an sinatu zuten Negoziazio Batzordeko ordezkariek.
Hirugarrena.– Hitzarmenaren sinatzaileek kontratua sinatzeko aktan pertsona bat izendatu dute hitzarmena erregistratzea eta argitaratzea izapidetu ditzan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuaren testu bategina 90.2 eta 3. artikuluetan ezarritako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015-10-24ko BOE), halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen eta sortzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak; dekretu horren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera sortzen da Lan eta Justizia Saila, eta lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen du erregelamendu organikoen indarraldia. Aplikagarriak dira, halaber, apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 11.1.i) artikulua, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari dagokionez, eta hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.
Bigarrena.– Izenpetutako akordioak Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Hori dela eta,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmen hau Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutu dadila agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 28a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARIA ELENA PÉREZ BARREDO.
DIARIO EL CORREO SAU-REN 2018-2019 ALDIRAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA
ATARIKOA
2019ko martxoaren 18an, Bilbon bildu ziren, alde batetik, Diario El Correo SAUko Zuzendaritzaren zati bat, Fernando Castiella López-Arosteguik eta Iñigo Martín Navasek ordezkatuta, eta, bestetik, Diario El Correo SAUren enpresa-batzordea eta Arabako Ordezkaritzako Langileen ordezkaria, eta, bilera horretan, hitzarmen kolektibo hau izenpetu zuten.
I. KAPITULUA
HITZARMENAREN EREMUA
1. artikulua.– Langile-eremua.
Hitzarmen kolektibo hau indarrean jartzen denetik, bertan xedatuak arautuko ditu Diario El Correo SAren eta bertako langileen arteko lan-harremanak. Nolanahi ere, hitzarmen honetatik kanpo geratuko dira hauek:
a) Zerbitzu-prestazioan bakarrik aritzeko kontratatutako pertsonal teknikoa, hau da, lanpostuan ez dutenak ez jarraikortasunik, ez lanaldi jakinik eta, hortaz, ez direnak enpresako pertsonalaren parte.
b) Berriemaileak eta literatura-kolaboratzaileak, Kazetarien Erregistroan inskribatuta egon zein ez, eta langile finkoak nahiz behin-behinekoak izan.
c) Prentsan lan egiten duten merkataritzako edo publizitateko agenteak, jarduera bera edo bestelakoa duten beste enpresa batzuk ere ordezka ditzaketenak.
d) Langileen Estatutuaren martxoaren 10eko 8/1980 Legearen 1. eta 2. artikuluek baztertzen dituzten pertsonak.
e) Zuzendari nagusia eta gerentea, arloko edo departamenduko zuzendariak, egunkariko zuzendaria eta albokoa, eta zuzendariordeak.
2. artikulua.– Lurralde-eremua.
Hitzarmen kolektibo honetan jasotako arauak Diario El Correo SAk egun dituen lantokietan aplikatuko dira; era berean, arauok aplikagarri izango dira hitzarmena indarrean dagoen bitartean Diario El Correo SAk eratu ditzakeen eta aurrekoen ezaugarri berak edo antzekoak dituzten ordezkaritzetan ere.
Lantokitzat hau hartuko da: ekoizpen- eta zerbitzu-unitateak, lan-agintaritzan horretarako alta hartua dutenak eta, enpresaren helburuen arabera, prentsaren arloan jarduerak egiten dituztenak.
3. artikulua.– Indarraldia.
Hitzarmen hau 2018ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean atzeraeraginezko ondoreekin –salbu, espresuki, beste data bat ezarria duten arloetan–, eta 2019ko abenduaren 31 arte iraungo du. Hitzarmena, lan-agintaritza eskudunak homologatu ondoren, ofizialki argitaratzen den datak ez du indarraldian aldaketarik eragingo.
Bi aldeek 2019ko irailaren 15ean amaitutzat joko dute hitzarmen hau, automatikoki.
Langileen Estatutuaren 89.2 artikuluan xedatuarekin bat, hilabetekoa izango da negoziazio-batzordea eratzeko eta hitzarmen berria negoziatzeko gehieneko epea, 2019ko irailaren 15etik aurrera.
Hitzarmen kolektibo berria negoziatzeko gehieneko epea 14 hilekoa izango da, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Hitzarmen kolektibo berriaren negoziazio-akordioa lortzeko ezarritako gehieneko 14 hilabeteko epea igarota, Hitzarmenaren Bitariko Batzordeak, agertzen diren auziak bideratze aldera, beste hilabete bat izango du behar diren mekanismoak ezarri eta akordio batera heltzeko. Epe hori akordiorik gabe amaitzen bada, alderdiek bitartekaritza- edo arbitraje-sistema bat ezartzea aztertuko dute balizko desadostasun oso edo partzialetarako, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatua aplikatuz.
II. KAPITULUA
LANAREN ANTOLAKETA
4. artikulua.– Xedapen orokorrak.
Lanaren antolaketa praktikoa eta egitekoen esleipena enpresako zuzendaritzari bakarrik dagozkio, betiere Langileen Estatutuaren 41. eta 64. artikuluetan ezarritakoa aintzat hartuta. Zuzendaritzaren aginteari ezer kendu gabe, enpresa-batzordeak ahalmena izango du aholkularitza eta orientabideak emateko eta proposamenak egiteko, lana antolatzeari eta arrazionalizatzeari lotutako gaietan. Hartara, batzordeak txostenak aurkeztu ahal izango ditu, enpresak lanaren antolaketa- eta kontrol-sistemak ezarri eta berrikusteko hartutako erabakiak gauzatu aurretik. Hori guztiori, kasu bakoitzean aplikagarri diren legezko arauak alde batera utzi gabe.
Langileek gaitasuna eta interesa erakutsiz egingo dute euren ohiko lana, dagokien mailan. Hala ere, salbuespen gisa, beste lanpostu batzuetan ere lan egingo dute, beharrezkoa denean eta buruzagiek aginduta, betiere euren lanbide-gaitasuna eta maila aintzat hartuta. Horrelakoetan, aurretik langileen ordezkariei emango zaie beharrizan horien arrazoien berri.
Zerbitzuei dagokienez, profesional batek komunikabide orokor bakar bateko erredakzioan baizik ezingo ditu eman zerbitzuak kazetaritzako enpresak horretarako baimena eman ezean, eta bertan aipatuko da baimen horren iraunaldia.
Langile batek aitortua duen lanbide-kategoria baino goragoko eginkizunak betetzen baditu sei hilabetetik gorako aldian urtebetez, edo zortzi hilabetetan bi urtez, eskubidea izango du dagokion lanbide-sailkapena eskatzeko enpresako zuzendaritzari.
Enpresak ukatzen badio edo erantzuten ez badu, dagokion jurisdikzioan aurkeztu ahal izango du erreklamazioa, betiere enpresa-batzordeak gaiaren inguruko txostena egin ondoren.
Langileak goragoko kategoriako eginkizunak bete arren, legez edo konbentzionalki igoera ez denean posible, eskubidea izango du esleitutako kategoriaren eta betetzen duen zereginari benetan dagokion ordainsariaren arteko aldea kobratzeko; langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko die.
Ekoizpen-jardueraren premiazko beharrizanak edo beharrizan aurreikusi ezinak direla-eta, langile bati bere kategoria baino beheragoko zereginak esleitzen badizkio enpresaburuak, langileak beharrezkoa den denboran baino ez ditu egingo, eta bere lanbide-kategoriari dagokion ordainsariari eta horretatik eratortzen diren bestelako eskubideei eutsiko zaie; langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko die.
III. KAPITULUA
LANGILEAK
5. artikulua.– Langileen kalifikazioek islatu baino ez dute egiten hitzarmen hau indarrean jartzean Diario El Correo SAko langileek duten egoera zehatza. Nolanahi ere, enpresak, enpresa-batzordearen onespenarekin, hitzarmenean jasota ez dauden beste lanbide-kategoria batzuk kalifikatu ditzake, baldin eta gerora beharrezkoak izateagatik ezartzen badira.
6. artikulua.– Lanbide-sailkapena.
Hitzarmen honen eraginpean sartzen diren langileak talde hauetan sailkatuko dira profesionalki:
Erredakzioko langileak:
GI.– Atalburua.
GII.– Erredaktorea / Dokumentalista / Diagramatzailea / Infografoa / Argazkilaria.
GIII.– Erredakzioko ofiziala (laguntzaileak, teklistak, orrialdearen muntaia, transmisioak, argazkiaren tratamendua, idazkaritza).
Administrazioko langileak, marketina, publizitatea, informatika eta laguntza zerbitzuak:
GI.– Atalburua.
GII.1.– Bulegoko burua / Arloko arduraduna / Aplikazioetako teknikaria.
GII.2.– Aplikazioetako teknikaria.
GIII.– Administrazioko ofiziala (1. ofiziala, 2. ofiziala eta administrari laguntzailea).
Halaber, 7. eta 8. artikuluetan arautuaren arabera, talde guztiak soldata-maila hauetan sailkatu ahal izango dira:
– 1. maila: hasierako maila.
– 2. maila: automatikoa izango da 1. mailatik 2. mailarako promozioa, gehienez ere urtebete igarotzearekin.
– 3. maila: automatikoa izango da 2. mailatik 3. mailarako promozioa, gehienez ere urtebete igarotzearekin.
– 4. maila: automatikoa izango da 3. mailatik 4. mailarako promozioa, gehienez ere 3 urte igarotzezrekin.
– 5. maila: automatikoa izango da 4. mailatik 5. mailarako promozioa, gehienez ere 3 urte igarotzearekin.
– Maila berezia: Enpresako Zuzendaritzaren eskabidez promozionatuko da maila honetara, langilearen lanbide kualifikazioaren, jardunaren eta merezimenduaren arabera. Maila honetako promozioen eta goragoko maila eta taldeetarako promozioen berri emango zaio enpresa-batzordeari.
– GO: langile batek gertutasun osoko maila izango du, baldin eta aldez aurretik ituna egina badu enpresarekin eta, legezko lanaldiaren gehienezko mugen barruan, ezarrita dituen eginkizun zehatzez gainera, une oro zuzendaritzaren esanetara badago, aldian aldiko informazio-beharrizanak betetzeko.
7. artikulua.– Erredakzioko langileak.
Informazio literarioa zein grafikoa sortu, aukeratu, prestatu, idatzi eta osatzen dute.
Jabetza intelektuala: Hitzarmen kolektibo honek indarra hartzean lehendik datozen banakako akordioek bere horretan jarraituko dute. Hala ere, enpresarenak izango dira enpresan lanean aritzearen ondorio diren ohiko sorkuntzaren ustiapen-eskubideak, ez beste inorenak, eta eguneroko jardunean aritzeko behar den eragina izango dute. Horiek ustiatzeko eskumena izango du enpresak, eta ez du diru-konpentsazio gehigarririk ordaindu beharko.
Talde honek honako hauek hartzen ditu barnean:
GI) Atalburua.
Talde honetan, hauek sartzen dira:
– Atalburua/Arloko buruordea.
Atal baten ardura duen erredaktorea da; bertan, erredakzioko langile baten edo gehiagoren lana gainbegiratu eta koordinatzen du. Erredaktore-buruak/Arloko buruak eskuordetuta, erredakzioko langileei lanak esleitzeko ahalmena izango du.
– Dokumentazioko burua.
Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen du bere gain.
– Argakilaritzako burua.
Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen du bere gain.
– Infografiako burua.
Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen du bere gain.
– Diagramazioko burua.
Egunkariaren Zuzendaritzaren agindu orokorrei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen du bere gain.
Bestalde, hirugarrenen multzoan sartuko dira dagokion arloko buruordearen edo ataleko buruaren/arloko buruordearen zereginak partzialki eta jarraitutasunez betetzen dituztenak, zuzendaritzak hala izendatuta.
Hauek dira talde honetako soldata-mailak:
– GO maila.
– Maila berezia.
6. artikuluan xedatuaren arabera lortuko dira lanbide-maila horiek.
GII) Erredaktorea / Dokumentalista / Diagramatzailea / Infografoa / Argazkilaria.
Talde honetan, hauek sartzen dira:
– Erredaktoreak.
Informazio Zientzietako lizentziadunak edo enpresak onartutako titulazioa izan, eta euren gaitasun profesionalaren eremuan lan egiten dute. Enpresak ezin izango ditu kazetariak behartu beste inork egindako jatorrizko dokumentuak sistema elektronikoan kopiatu edo sartzera, ez bada egunkariaren ikuspuntutik landuak izateko.
Batez ere lan intelektuala egiten du. Modu literarioan edo grafikoan egiten du, oro har egiten dena, haren lanaldiak adierazten dituen denbora-mugen barruan, hala nola mahaian eta kalean egiten dituenak.
– Dokumentalistak.
Erredakzioari atxikitako langileak dira, eta, nagusien menpe, egunkariaren agiritegi literario eta grafikoaz arduratzen dira.
– Argazkilariak.
Erredakzioari atxikitako langileak dira eta, euren nagusien menpe egonik, argazki-informazioa eta arlo horretako lan osagarriak (errebelatu, positibatu, etab.) egiten dituzte.
– Infografoak.
Erredakzioko langileak dira, eta, nagusien menpe, infografiako lanak egiten dituzte prozedura informatiko, eskuzko edo bestelakoen bidez.
– Diagramatzaileak.
Erredakzioko langileak dira, eta, nagusien menpe, diagramazioko lanak egiten dituzte prozedura informatiko, eskuzko edo bestelakoen bidez.
Hauek dira talde honetako soldata-mailak:
– 1. maila.
– 2. maila.
– 3. maila.
– 4. maila.
– 5. maila.
– Maila berezia.
– GO.
6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz lanbide-maila horien artean.
GIII) Erredakzioko ofiziala.
Erredakzioko jardunaren laguntzarako izan daitezkeen ofizio guztiak sartzen dira talde horretan (teklistak, orrialdearen muntaia, transmisioak, argazkien tratamendua, idazkaria, etab.).
Zerbitzu jakin baten ardura hartzen dute euren gain, eta ekimen eta erantzukizunez betetzen dute; nagusi edo arloko arduradun baten menpean daude, eta eginkizun tekniko osagarriak betetzen dituzte (teklistak, muntatzaileak, fotomekanika eta transmisioak).
Hauek dira talde honetako soldata-mailak:
– 1. maila.
– 2. maila.
– 3. maila.
– 4. maila.
– 5. maila.
– Maila berezia.
6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz lanbide-maila horien artean.
Asteburuko edo eguneko kontratuak:
Soldata gordina eguneko 82,64 eurokoa izango da, legez dagozkion kontzeptu guztiak barne direla, hitzarmen hau izenpetzen denetik aurrera. Diru-kopuru hori urtero eguneratuko da, urte bakoitzeko soldata-igoeraren arabera.
8. artikulua.– Administrariak, informatikariak eta zerbitzu orokorretako langileak (mandatariak, telefonistak, etab.).
Ezagutza administratibo eta informatikoa eta zerbitzu orokorretako lanbideak dituzten langileak sartuko dira talde horretan.
Langile horiek talde hauek osatzen dituzte:
GI) Atalburua.
Talde honetakoak dira, zuzenean Zuzendaritzaren menpe egonik, administrazioko, informatikako eta zerbitzu orokorretako (mandatariak, telefonistak, etab.) jardueren agintea eta erantzukizuna beren gain hartzen duten langileak. Talde profesional horretako langileak dituzte euren aginduetara eta euren zuzendaritzapean.
Maila berezia izango da talde honetako soldata-maila bakarra, eta 6. artikuluan xedatuaren arabera eskuratu ahal izango da.
GII.1) Bulegoko burua / Arloko arduraduna.
Talde honetan, hauek sartzen dira:
1.– Bulegoburua: zuzen-zuzenean zuzendaritzaren edo ataleko buruaren menpe daude, eta euren gain hartzen dute ataleko jarduerak azpisailkatuta dauden sailetako baten agintaritza eta erantzukizuna; langileak dituzte euren aginduetara.
Halaber, bere ataleko burua ordeztuko du, hura ez dagoenean.
2.– Arloko arduraduna– Arloko arduradunaren lanpostu hori beteko da, baldin eta enpresaren zuzendaritzaren ustez garrantzitsua bada eginkizun hori.
Hauek dira talde honetako soldata-mailak:
– 5. maila.
– Maila berezia.
6. artikuluan xedatuaren arabera lortuko dira lanbide-maila horiek.
GII.2) Aplikazioetako teknikaria.
Hauek dira talde honetako soldata-mailak:
– 4. maila.
– 5. maila.
– Maila berezia.
6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz lanbide-maila horien artean, eta 4 izango da hasierako maila.
GIII) Administrazioko ofiziala.
Zerbitzu jakin baten ardura hartzen dute euren gain, eta ekimenez eta erantzukizunez betetzen dute. Arloburu edo arduradun baten menpe daude, eta administrazio, informatika eta zerbitzu orokorretako eginkizunak betetzen dituzte (mandatariak, telefonistak, etab.).
Hirugarrenak izango dira, eta, zuzendaritzak hala izendatuta, partzialki eta jarraitutasunez betetzen dituzte dagokion atalburuaren/arloburuordearen edo arduradunaren zereginak.
Hauek dira talde honetako soldata-mailak:
– 1. maila.
– 2. maila.
– 3. maila.
– 4. maila.
– 5. maila.
– Maila berezia.
6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz lanbide-maila horien artean.
Asteburuko edo eguneko kontratuak.
Soldata gordina eguneko 82,64 eurokoa izango da, legez dagozkion kontzeptu guztiak barne direla, hitzarmen hau izenpetzen denetik aurrera. Diru-kopuru hori urtero eguneratuko da, urte bakoitzeko soldata-igoeraren arabera.
IV. KAPITULUA
LANORDUAK ETA LIZENTZIAK EDO BAIMENAK
LANALDIA, ORDUTEGIAK, OPORRAK, ATSEDENAK ETA LIZENTZIAK EDO BAIMENAK
9. artikulua.– Lanaldia.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden langileen asteko lanaldia 35 ordukoa da, eta 1.554 ordukoa urtean. Enpresarekin hitzartutako kasu bereziak alde batera uzten dira, eta horiei beste era batera ordainduko zaie. Lanaldiko osagarria eskuratzen duten langileen lanaldia 39 ordukoa da astean, eta 1.732 ordukoa urtean.
Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak, bestalde, lanaldi-murrizketa erredakzioaren lan-ordutegietan eraginkortasunez aplikatzeko modua aztertuko dute.
Eremu horri dagokionez, enpresak eta batzordeak erabaki dute batzorde bat osatzea 2018-2019 aldirako hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen bitartean aztertzeko, Erredakzioko lanaren eta ordutegien antolaketa berria aztertzeko, jarraitzeko eta ebaluatzeko, betiere lantaldean deskonektatzeko eskubidea lantzeko konpromisoarekin.
Nagusiak baimendutako lan-arrazoiak direla-eta, bazkaltzeko tartea murrizten bazaie lanaldi zatitua daukaten langileei, eta euren lantokiaren inguruan bazkaldu behar badute, bonu bat eskuratuko dute, enpresak eta langileek lantokiaren inguruan hitzartutako jatetxeetako eguneko menu baten prezioaren bestekoa. Nolanahi ere, neurri horren ondorioz ezin izango da langileen lanaldia luzatu.
Behar bezala egiaztatutako bazkarietako gastuak itzultzeko egunetan ez da horrelako bazkari-bonurik emango, hitzarmen honen 29. artikuluarekin bat etorriz.
Lanaldi bakoitzeko ordutegiak hurrengo artikuluaren arabera arautuko dira.
Oro har, elkarren segidako bi egunekoa izango da batez besteko asteko atsedenaldia, betiere arlo bakoitzean ezarritako atsedenaldien antolakuntza-sistema aintzat hartuta. Nolanahi ere, azken urteotako ildoari jarraituz, finkatutako egutegitik kanpo lan egindako igande bakoitzeko bi egun libre edo igande libre bat hartu ahal izango da, bai eta, bi kasuetan, dagokion ordaina ere.
Konpentsazioa lanaldia zatitzeagatik: enpresak konpentsazio bat emango die Plan Correo 2000 planaren ondorioz lanaldia zatituta daukaten langileei, baldin eta kalteren bat eragiten badie aldaketa horrek. Zenbatekoa eraginpekoekin eta enpresa-batzordearekin negoziatuko da.
Abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a borondatezkoak izango dira langileentzat, eta 300 euroko plus batez ordainduko dira. Atal bakoitzean behar diren plazak betetzen ez badira, errotazioz beteko dira lanpostuak, urtez urte.
10. artikulua.– Ordutegiak.
Ordutegiak desberdinak izango dira profesional-taldeen arabera. Egunkariaren ordezkaritzek txandak eta ordutegiak ezarri ahal izango dituzte enpresa antolatzeko beharrizanekin bat etorriz.
– Administrazioko langileak, informatikariak, eginkizun tekniko osagarriak (teklistak, muntatzaileak, fotomekanika eta transmisioak) eta zerbitzu orokorretako langileak (mandatariak, telefonistak): astean 35 ordu lan egingo dute, enpresarekin hitzartutako ordutegien arabera.
– Erredakzioko langileak: kazetari-lanaren ezaugarri bereziak aintzat hartuta, egunkariko zuzendariak kasu bakoitzean egoki iritzitako lan profesionalak eta ordutegiak ezarri ahal izango dizkio erredaktore bakoitzari, lana behar bezala antolatzeko, eta hitzarmen honetan finkatutako asteko lanaldiko mugen barruan.
11. artikulua.– Oporrak.
Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek urtean egutegiko 33 eguneko oporraldia izango dute (29 lanegun eta 4 igande), edo lan egindako aldiaren zati proportzionala.
Gainera, 2012tik aurrera opor-egun gehiago hartu ahal izango dituzte langileek, aitortutako antzinatasunaren arabera, eta mailaketa hau kontuan hartuz:
Oporraldi osoaren edo zati baten ordez, ezin izango da inolaz ere diru-konpentsaziorik eman.
Opor-garai horretan jaiegunen bat izanez gero, egun hori beste garai batean hartuko da, edo lanegun arrunten moduan ordainduko da, langileek nahi bezala.
12. artikulua.– Oporrak.
Hitzarmen honetan zehaztutako ordainketez gain, honako hau ezartzen da:
1.– Enpresak langileek eskatutako opor-egunak onartu eta gero, egun horiek iristen direnean, ukatzen badizkie laneko arrazoi larriak argudiatuta, kalte-ordaina eman beharko die eragindako kalte ekonomikoaren arabera; halaber, neurri horrek langile bakoitzarengan dituen ondorioak aztertuko ditu enpresak.
2.– Informazio- eta antolaketa-arrazoi bereziak tarteko, atal bateko arduradun batek eskatzen badio bere erredaktoreetako bati oporrak urtarrila-apirila aldian hartzeko, oporretako plusarengatik legokiokeena kobratzeko eskubideari eutsiko zaio, betiere 2011-2014 Hitzarmen Kolektiboaren 12.2 artikuluan aurreikusitako baldintzen eta zenbatekoaren arabera.
13. artikulua.– Oporrak.
Urteroko oporrak enpresarekin adostutako egunetan hartuko dira, eta, horretarako, bi hilabete lehenago eskatu beharko dira.
Oporrak batez ere udan hartuko dira, eta lehentasuna emango zaie antzinatasun handiena duten langileei. Nolanahi ere, eskola-adineko seme-alabak (16 urte arte) dituzten gurasoek euren oporrak eskola-oporraldian hartzeko aukera izatea bermatuko da.
Langileek oporrak bi alditan hartzeko aukera izango dute. Hala egiten badute, lehentasuna urte bakoitzeko aldi horietako bakar batean baliatu ahal izango dute.
Hala ere, antzinatasunaren edo eskola-adineko seme-alaben araberako lehentasun-irizpide horiek aplikatuta, langile batek aurreko urteko oporraldia hilabete jakin batzuetan hartu bazuen (uztaila eta/edo abuztua) beste langile baten eskaeraren kaltetan, eta indarrean dagoen urtean bere eskaera berriro beste langile horren opor-eskaerarekin bat baldin badator, azken horrek izango du oporraldia aukeratzeko lehentasuna bi eskaerek bat eginez gero (uztaila eta/edo abuztua).
Alderdien artean desadostasuna badago, eskumena duen jurisdikzioak ezarriko du oporrak hartzeko data, eta ezin izango da erabaki hori errekurritu.
14. artikulua.– Baimenak eta eszedentziak.
Ordaindutako baimen hauek hartu ahal izango dituzte langileek:
a) Langilearen ezkontza: 18 egun natural. Legez formalizatutako izatezko bikoteak ere ezkontzatzat hartuko dira.
Halaber, urtebetetik gorako aldian elkarrekin bizi diren bikoteek ere egutegiko 18 egun horiek hartzeko eskubidea izango dute, hori behar bezala egiaztatzen badute. Eskubide hori 5 urtean behin bakarrik baliatu daiteke.
b) Bikotekideak umea izatea: 3 egun natural; horietako bat, gutxienez, laneguna. Adoptatutako umeak ume naturaltzat hartuko dira, ondorio guztietarako.
c) Bikotekidearen, aita-amen eta seme-alaben heriotza –ezkonsenideak barne–: 4 egun natural; horietako bat, gutxienez, laneguna.
d) Aiton-amonen, anai-arreben eta iloben heriotza –ezkonsenideak barne–: 2 egun natural; horietako bat, gutxienez, laneguna.
Odol-ahaidetasuneko izeba edo osaba hiltzen bada, ehorzketara joateko behar den denbora, egun bat, gehienez ere.
e) Aita-amen, anaia-arreben edo seme-alaben ezkontza edo erlijioso sartzea: egun natural 1.
f) Semen-alaben, iloben eta odolkidetasun bidezko anai-arreben jaunartzea: egun natural 1.
g) Seme-alaben eta iloben bataioa: egun natural 1.
h) Ohiko etxebizitzaz aldatzea: egun natural 1.
i) Bikotekidearen, gurasoen, anai-arreben eta seme-alaben –ezkontzakoak barne– aiton-amonen eta iloben gaixotasun larria, ospitaleratzea edo etxean atsedena hartzea behar duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza: 2 egun natural. Medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharra dago.
Baimen hori 3 egun naturalekoa izan ahalko da ospitaleratze kasuetan, baldin eta 3 egun edo gehiagoko ospitaleratzea bada.
j) Gidabaimena eskuratzeko, behar beste denbora, baina behin baino ez.
k) Enpresaren jarduerarekin zerikusia duten gaiak irakasten dituzten Ikastetxeetan azterketak egiteko, behar den denbora; betiere, aurretiaz jakinarazita eta behar bezala egiaztatuta geratu ahal izango da langilea lanera etorri gabe. Langilea ez laneratzea ordaindu gabeko baimentzat hartuko da.
l) Medikuntza orokorreko familia-medikuaren edo Gizarte Segurantzako espezialistaren kontsultarako, behar beste denbora hartu ahal izango da. Dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko da.
m) Lan sindikalak egiteko behar beste denbora hartu ahal izango da, legedian ezarritakoaren arabera.
n) c), d), e), f) eta i) apartatuetako kasuetan, joan-etorria 150 km-tik gorakoa bada, baimenari hiru egun natural erantsiko zaizkio.
o) Norberaren gauzak: egun natural 1; eguna hartu baino 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio enpresari, eta arloko edo ataleko buruarekin adostu beharko da. Egun hori ezin izango da opor-egunekin batera hartu.
p) Bederatzi hilabete baino gutxiagoko seme-alabak edoskitzeko baimena baliatuko duten langileek lanaldi osoko 21 egunetan pilatu ahal izango dituzte baimenak, edo aldi baterako kontatuak dituztenen kasuan haren zati proportzionalean, betiere eskubide hori amatasun-bajako, adopzio, edo etxean hartzeko aldia amaitzen denean baliatzen bada eta baja horren ostean berriz lanean hasi baino 15 egun lehenago abisatzen bada.
Borondatezko eszedentzia berezia.
Borondatezko eszedentzia bereziaz gozatu ahal izango dute langileek, eta 6 hiletik 12ra bitartean gorde egingo zaie lanpostua, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:
– Enpresan 10 urteko antzinatasuna izatea.
– Hitzarmen kolektiboaren aplikazio-eremuan egotea.
– Borondatezko eszedentzia berezia eskatu gura den aldian ez daitezela enpresan beste sei langile egon, aldi berean, eszedentzia-egoeran.
– Borondatezko eszedentzia berezia eskatzerakoan ez dadila beste langilerik egon eszedentzian atal berean.
– Eskabide bi edo gehiagoren artean auzia sortuz gero, aldez aurretik borondatezko eszedentzia berezirik eskatuta ez izanaren irizpidea errespetatuko da, baita enpresako antzinatasunaren irizpidea ere. Beteranoenek izango dute lehentasuna.
– Borondatezko eszedentzia bereziaren aldian, langileak ezingo du lanik egin enpresarekin lehian ari diren beste komunikabide edo enpresa batean.
– Borondatezko eszedentzia bereziaz baliatuta, langileak ezingo du beste eszedentzia bat eskatu, harik eta 5 urte igaro diren arte.
V. KAPITULUA
SOLDATA-POLITIKA ETA ORDAINSARIAK
15. artikulua.– Ordainsariak.
Diario El Correo SAko talde eta maila bakoitzean 2018. eta 2019. urteetarak ezarritako ordainsariak hitzarmen honi erantsitako soldata-tauletan jasota daude, eta 15.b) artikuluaren arabera hitzartutako soldata-igoera ere barne hartua dago. Ordainsariak hitzarmen kolektibo honen 16. artikuluan eta hurrengoetan zehaztu eta definitzen dira.
15.b. artikulua.– Soldata-igoera.
Soldata igotzeko, bi langile-talde ezartzen dira: 2tik 5erako soldata-maila duten langileak eta 1. maila berezia edo gertutasun osoko maila duten langileak.
– 2 eta 5 bitarteko soldata-maila duten langileak:
Hitzarmenaren indarraldian zehazten den soldata-igoera izango dute:
– 2018. urtea: % 2.
– 2019. urtea: % 2.
Soldata-igoera soldata bateratuaren eta gaueko lanaren gainean aplikatuko da, eta, beraz, soldata-tauletan bermatuko. Horrez gain, % 0,6-ko urteko ordainsari bat jasoko dute, soldata-tauletan bermatzen ez dena. Ordainsari hori martxoan ordainduko da.
– 1. mailako, maila bereziko eta gertutasun osoko mailako langileak.
– 2018. urtea: soldatak bere horretan utzi dira.
– 2019. urtea: soldatak bere horretan utzi dira.
16. artikulua.– Ordainsarien kontzeptuak.
Enpresako langileen ordainsaria honako kontzeptu hauek osatuko dute:
01.– Soldata bateratua.
02.– Banakako soldata bermatua.
03.– Bermatutako antzinatasun plusa.
04.– Gaueko lanaren plusa.
05.– Gertutasun osoko plusa.
06.– Uztaileko eta Eguberrietako haborokinak.
07.– Urriko ordainsaria.
08.– Etekinen partaidetza.
09.– Oporretako plusa.
10.– Aparteko orduak.
11.– Jaiegunak.
12.– Igandeko plusa.
13.– Atseden-eguna aldatzeagatiko plusa.
17. artikulua.– Soldata bateratua.
Soldata-agirian izen horrekin jasotzen den kontzeptu horren barruan sartzen dira aplikagarri diren antzinako soldata-kontzeptu guztiak, kapitulu honen hurrengo artikuluetan zehaztutakoak jasotakoak izan ezik.
17.b. artikulua.– Banakako soldata bermatua.
Langileek jasotzen duten soldata-kontzeptua da, 2011-2014 Hitzarmen Kolektiboa sinatzean, 2011. urteko soldata-tauletan ezarritakoa baino igandeko plus handiagoa jasotzen ari ziren, 2010-2011 urteetan lan egindako igandeen batez bestekoaren arabera kalkulatu zena edo, halakorik ezean, atal bakoitzeko aldi horretako igandeen batez bestekoaren arabera.
Gainera, soldata-kontzeptu horren barnean aplikatuko da maila berezien eta gertutasun osoko mailen soldata-igoera finkoa, 15.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Banakako soldata bermatua ez da ez konpentsagarria ez xurgagarria izango, eta aintzat hartuko da soldata-igoeretarako.
18. artikulua.– Antzinatasun plus bermatua.
2011ko urtarrilaren 1ean antzinatasun plusa bermatu zuten langileek jasotzen duten soldata-kontzeptua da, 2011-2014 Hitzarmen Kolektibotik antzinatasuna kendu zenean; horrela, 2010eko abenduaren 31tik jasotzen ari ziren antzinatasun plusa bermatu zuten, 2011. urtean sortu ziren hirurteko edo bosturtekoekin eta langile bakoitzak 2010eko abenduaren 31 arte sortutako antzinatasunaren hurrengo zatiko parte proportzionalarekin batera.
Ez da ez konpentsagarria ez xurgagarria izango, eta aintzat hartuko da soldata-igoeretarako.
19. artikulua.– Gaueko plusa.
Kontzeptu hau 22:00etatik 06:00etara bitartean lan egiten duten langileei ezarriko zaie; lanaldi osoko plus horren zenbatekoa, hilabetekoa, honi erantsitako soldata-tauletan jasotzen da.
Lanaldi osotzat joko da aipatutako tarte horren barruan egunero, gutxienez, hiru ordu lan egiten dutenena.
Tarte horretan lan egindako denbora hiru ordutik beherakoa baina ordubetetik gorakoa bada, gauez lan egindako denborari dagokion zati proportzionala ordainduko da.
Lanaldi osorako gaueko lanaren plusa soldata bateratuaren % 19,25ean ezarri da. Soldata bateratua hitzarmen honen 17. artikuluan zehaztutakoa da.
20. artikulua.– Gertutasun osoko plusa.
Gertutasun osoko erregimenean sartutako erredakzioko langileek hilean jasoko duten zenbatekoa honi erantsitako soldata-taulan azaltzen da.
Orohar, gertutasun osoko plusa erredaktore eta argazkilariek jasotzea eragotzi gabe, Zuzendaritzak erabaki ahal izango du gertutasun osoko plusa infografoei, diagramatzaileei eta dokumentalistei ordaintzea.
21. artikulua.– Uztaileko eta Gabonetako haborokinak.
Lansari horien zenbatekoa soldata bateratuaren, antzinatasun plus bermatuaren eta gaueko lanaren eta gertutasun osoko plusaren hilabeteko soldataren parekoak izango dira, % 25eko gehikuntzarekin.
22. artikulua.– Urriko ordainsaria.
Kontzeptu horregatik soldata bateratuaren hilabeteko soldata, antzinatasun-plus bermatua, gaueko lanaren plusa eta gertutasun osoko plusa ordainduko dira.
23. artikulua.– Etekinen partaidetza.
Kontzeptu horregatik aurreko urte osoan jasotako soldata errealen % 8 ordainduko da.
Ordainketa hori urte bakoitzeko otsailean egingo da.
24. artikulua.– Oporretako plusa.
Kontzeptu honetan, urteko hil jakin batzuetan oporrak hartzen dituzten langileek jasoko dituzten osagarriak sartuko dira, hitzarmen honen 12. artikuluaren 2. atalean ezarritakoarekin bat.
25. artikulua.– Aparteko orduak.
Aparteko orduak izango dira legezko xedapenetan ezarritako lanaldiaren iraupenaren gainetik egiten diren guztiak.
Enpresak erabakiko du aparteko orduak egiterik dagoen; langileak, bestalde, libreki erabakiko du orduok sartzea, hurrengo paragrafoan ezarritako kasuetan izan ezik:
Kazetaritzako lana, bere ezaugarri bereziak direla eta, egunean bukatu behar denez, langile guztiek salbuespenez egingo dituzte egunkaria egin, inprimatu, manipulatu eta saltzeko beharrezko diren aparteko ordu guztiak, zeinak aparteko ordutzat hartuko baitira.
26. artikulua.– Jaiegunak.
2019ko urtarrilaren 1etik aurrera lan egindako jaieguneko 120 euro ordainduko dira, eta Diario El Correo egunkariko langile guztientzat izango da hala.
Aurreko jaiegunen araubideari atxikitako erredakzioko langileek jaiegunetan zerbitzua ematen jarraituko dute, orain arte egin duten bezala. Horrela, jaiegun guztietan lan egiten jarraituko dute, librantzekin eta oporraldiekin batera gertatzen direnekin eta urtarrilaren 1, abenduaren 25 eta ostiral santua salbu, orain arte bezala. Halaber, 11 egun libreetako jaiegunetako konpentsazioa mantenduko zaie, orain arte bezala.
Diario El Correo egunkariko beste langileei, lan egindako jaiegun bakoitzeko konpentsazioko jaiegun bat sortuko zaie, jaieguneko plusa ordaintzeaz gain. Halaber, jaiegun bat librantza edo oporraldiarekin batera gertatzean konpentsazioko jaiegun bat sortuko da. Aldi baterako ezintasunagatiko bajan egonez gero, ez dira jaiegunen konpentsazioko egunak sortuko bajak irauten duen bitartean.
Lana eta familia-bizitza uztartzea errazteko, borondatez jaiegun ofizialetan lanik ez egitea eta egun horietan jai egitea erabakitzen duten erredakzioko langileek hala egin ahalko dute, betiere, idatziz eskatzen badute eta argitarapenen zuzendaritzaren berariazko baimena baldin badute. Kasu horietan ez dira sortuko lan egindako jaiegunengatik sortzen diren konpentsazioko 11 egunak, eta ez da ordainduko jaiegunetan lan egiteagatiko plusik.
27. artikulua.– Atseden-eguna aldatzeagatiko plusa.
Diario El Correo egunkaria astelehenetan argitaratzen hasi aurretik enpresan lan egiten zuten langileek jasoko dute plus hau, baldin eta igandean lan egiten badute, atseden-egun hori aldatuta.
28. artikulua.– Igandeko plusa.
Lan egindako igandeetan baino ez da eskuratuko plus hori, lehenengo igandetik aurrera, eta zenbatekoa soldata-tauletan jasotakoa izango da.
VI. KAPITULUA
BIDAIAK ETA LEKUALDAKETAK
29. artikulua.– Gastuak eta kilometroak.
Zerbitzua dela-eta, langileek lan-egoitza dagoen tokitik kanpora joan behar badute lan egitera eta, ondorioz, gaua kanpoan pasatu edo lana dela-eta etxetik kanpo bazkaldu behar badute, Diario El Correo SAk ordainduko ditu gastu horiek, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude.
Kilometroko ordaintzen den zenbatekoa erregaien prezioa aldatzen den neurrian aldatuko da. Nolanahi ere, urtero kilometroko ordaintzen den zenbatekoa berrikusiko da, erregaiei eragiten ez dien zatian.
Bidaiengatiko konpentsazioa: euren zereginak burutzeko, 14 egunez edo gehiagoz ohiko bizilekutik mugitu behar diren langileek eskubidea izango dute, itzultzean, atseden-egunak hartzeko, aldi horretan pilatutako egunak bider 1,5, hain zuzen ere. Bi aste baino egun gutxiagorako joan behar badira, neurri hori bera aplikatzea justifikatua den edo ez negoziatuko dute Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak.
VII. KAPITULUA
GIZARTE-HOBEKUNTZAK
30. artikulua.– Gaixotasun edo istripuengatiko osagarria.
Enpresak osagarri honi eutsi egiten dionez, gaixotasun arruntak, lan-istripuak edo laneko gaixotasunak eragindako aldi baterako ezintasunagatik bajan dauden langileei honako hau ordainduko die lehenengo egunetik: GSINk edo, hala badagokio, Seguro (Mutua) aseguru-entitateak ordaintzen duen ekonomia-prestazioaren eta kategoria bakoitzari dagokion ordainsariaren arteko aldea, plus guztiak barne direla (salbu eta igandeko plusa, atseden-eguna aldatzeagatiko eta jaieguneko plusa). Osagarri hori ordainduko du aldi baterako ezintasunaren gehienezko epea bukatu arte edo, hala badagokio, behin betiko ezintasuna (legean ezarritako edozein modalitate) eman arte.
Enpresak edo zerbitzu medikoek antzematen badute langileak gaixotasun- edo istripu-itxura egin duela, ez du adierazitako prestazioa ordainduko, indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera.
Aldi baterako ezintasunagatiko diru-prestazioa kategoriari dagokion soldata baino handiagoa bada, langileak Gizarte Segurantzaren diru-prestazioa jasoko du.
Enpresa-batzordeak baja-agiri administratiboak jasoko ditu hilero, absentismoa behatu eta berau errotik desagerrarazten laguntzeko.
31. artikulua.– Heriotza.
Langile bat hiltzen denean, enpresak legezko jaraunsleei hilabeteko ordainsaria emango die, soldata errealaren gainean, lan egindako urte bakoitzeko –gehienez, hamar urte arte–. Horrek ez du baztertzen beste edozein kontzepturengatik legez dagokiona jasotzea.
32. artikulua.– Ezkontzea eta seme-alabak izatea.
Urtebetetik gorako antzinatasuna duen langile bat ezkontzen bada, 120,20 euroko ordainsaria emango zaio, ezkontza-sari gisa, eta hori berdina izango da lanbide-kategoria guztietan. Seme-alabak izaten direnean, ordainsaria 90,15 eurokoa izango da. Erditze ugarien kasuan, berriz, 180,30 eurokoa izango da.
Adoptatutako umeak ume naturaltzat hartuko dira, ondorio guztietarako.
Legez erregistratutako izatezko bikoteak ezkondutakotzat hartuko dira, hitzarmen honetan ezarritakoaren ondorioetarako.
Halaber, urtebetetik gorako aldian elkarrekin bizi diren bikoteek ere ezkontza- eta jaiotza-saria jasotzeko eskubidea izango dute, hori behar bezala egiaztatzen badute. Eskubide hori 5 urtean behin bakarrik baliatu daiteke.
33. artikulua.– Bizitza- eta istripu-asegurua.
Enpresak bere langile guztiei bizi-asegurua egin behar die, kasu hauek hartuko dituena: edozein arrazoiren eraginez gertatutako heriotza eta erabateko ezintasun iraunkorra eta ezintasun handia. Aseguru horren zenbatekoak eguneratuko dira hitzarmen bidez adostutako soldata-igoeren arabera.
Bizi-aseguruaren zenbatekoa –zehazten diren arrazoiei dagokiena– eta jarraian aipatzen diren zenbatekoak, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko dira indarrean.
Gaixotasun arruntak eragindako heriotza, ezintasun handia edo erabateko ezintasuna.
2018. eta 2019. urteak: 23.514,58 euro.
Istripuak eragindako heriotza edo erabateko ezintasuna.
2018. eta 2019. urteak: 50.388,38 euro.
34. artikulua.– Azterketa medikoak.
Urtero egingo zaie azterketa medikua langileei: odolaren eta gernuaren kontrol analitikoa, bihotz-birikietako seriazio-argazkia eta begietako azterketa. Langile guztiek jasoko dute emaitzari buruzko txostena. Gainera, zerbitzu medikoak arteria-presioaren eta entzumen-sistemaren analisiak egingo ditu.
Analisi horiek lantoki guztietako langileei egingo zaizkie.
35. artikulua.– Enpresaren gizarte aurreikuspeneko plana.
Enpresak gizarte-aurreikuspeneko planarekin jarraitzea erabaki du, langileentzako aseguru kolektiboko poliza bat harpidetuz; bertan, hartzailea enpresa izango da, eta aseguratuak, plana izenpetu duten langileak.
Enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plana ekarpen definitukoa izango da eta honako ezaugarri hauek izango ditu:
1.– Planaren barruan sartzen diren langileak:
Hitzarmen honen aplikazio-eremuan sartzen diren langile guztiak, baldin eta:
a) enpresan 2 urteko antzinatasuna dutela egiaztatzen badute.
b) hurrengo 2. puntuan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, eta
c) planera euren borondatez atxikitzen badira. Baldintzak betetzen dituzten langileak euren borondatez atxikiko zaizkio planari. Nolanahi ere, enpresak ez du inolako ekarpenik egingo atxiki ez diren langileen alde.
2.– Enpresaren ekarpenak.
Enpresak urtero egingo du ekarpena, abenduan.
Dena dela, Enpresak urtero langileen aldeko ekarpena egingo du, baldin eta b) letran jasotako baldintzak betetzen badituzte.
b) Langilearen eta enpresaren arteko lan-harremanak indarrean egon behar du, langileek 65 urte baino gutxiago izan behar dute eta ezin dira eszedentzian egon edo lan-harreman hori etenda izan, salbu eta legez onartutako kasu hauetan: amatasuna, 6 urtetik beherako umeen adopzioa eta adopzio-aurreko harrera, aitatasuna, haurdunaldi arriskutsua, edo langileak berak lanpostua uztea erabakitzen duen kasuan, genero-indarkeriaren eta aldi baterako ezintasunaren ondorioz.
Langileak, urtean zehar, baldintza horiek betetzen baditu edo horiek betetzeari uzten badio, enpresak urte horretan egingo dion ekarpena baldintzok betetako denboraren araberakoa izango da.
Beharrezko baldintzak betetzen dituen langile bakoitzeko ekarpen horren zenbatekoa 345 eurokoa izango da 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera. Zenbateko hori finkoa izango da, eta ez da aldatuko balioa handitzen bada ere.
2018. urteari dagokion ekarpena (ez zen ordaindu urte horretako abenduan) 2019ko martxoan egingo da, eta zenbatekoa 445 eurokoa izango da.
Enpresaren ardura honetara mugatzen da: langile bakoitzeko ordaindu beharreko urteko ekarpenak ordainduko ditu aseguru kolektiboaren polizan, kontuan hartuta poliza horren bidez gauzatzen dela enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plan hau, aurretik adierazitako moduan.
3.– Eraginpeko langilearen borondatezko ekarpenak.
Enpresaren gizarte-aurreikuspeneko planean sartutako langileek borondatezko ekarpenak egin ahal izango dizkiote aseguru-polizari, unean-unean indarrean dagoen araudian ezarritako mugen barruan.
4.– Prestazioak.
Atal honetan aipatzen diren prestazioak bateraezinak eta, euren artean, baztergarriak dira, eta aseguratu edo/eta onuradun berak ezingo du bere alde prestazio bat baino gehiago jaso; era berean, aseguratu batek eta bere onuradunak ezingo dute prestazio bera jaso.
– Erretiroa.
Ekarpenak enpresaren aurreikuspen-plan hau gauzatzen den aseguru-polizan bilduko dira. Ekarpen definituko sistema bat izanik, langileak Gizarte Segurantzaren sistema publikoan erabateko erretiro efektiboa hartzen duen unean prestazioa jasotzeko eskubidea sortuko du polizak.
– Heriotzaren estaldura osagarria.
Aseguratu bat erretiroko prestazioa jasotzeko data baino lehen hiltzen bada, edo 4.3 artikuluan aipatzen den erabateko ezintasuneko estaldura osagarria jaso baino lehen, aseguratu horrek izendatutako onuradunak jasoko du aseguratuaren alde ordaindutako primak.
– Erabateko ezintasun iraunkorreko, ezintasun iraunkor osoko eta ezintasun handiko estaldura osagarria.
Aseguratu bat erabateko ezintasun iraunkorreko, ezintasun iraunkor osoko edo ezintasun handiko egoeran deklaratua bada Gizarte Segurantzaren sistema publikoan, erretiroko prestazioa jasotzeko data baino lehen edo 4.2 atalean aipatzen den heriotzaren estaldura osagarria jaso baino lehen, onuradunari ordainduko zaio aseguratu horren alde egindako ekarpenei dagokien diru-hornidura.
5.– Lan-harremana iraungitzea.
Edozein arrazoi dela tarteko, langileak enpresarekin duen lan-harremana iraungitzen bada Gizarte Segurantzaren sistema publikoan erabateko erretiroa hartu aurretik, eta arrazoi hori ez baldin bada heriotza, ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo ezintasun handia, langile aseguratuari dagokio iraungitze-data arte bere alde egin diren ekarpenetatik sortutako eskubide ekonomikoak jasotzea. Langileak erretiroa hartu aurretik jaso ahal izango ditu eskubide horiek, pentsioen inguruko konpromisoen arloan indarrean dagoen legediak onartzen badu. Langilea hiltzen bada, berriz, bere onuradunek jasoko dituzte eskubideok, eta ezintasun iraunkor osoko, erabateko ezintasun iraunkorreko edo ezintasun handiko egoeran badago langileak berak jasoko ditu, betiere gizarte-aurreikuspeneko plan hau gauzatzeko harpidetutako aseguru kolektiboko polizan jasotako eran eta baldintzetan.
Enpresak ez du beste ekarpenik egingo, langilearekin duen lan-harremana edozein arrazoi dela medio iraungitzen den momentutik –iraungitze horren kalifikazioa edo izaera zein den gorabehera–, ezta langileak eszedentzia hartzen badu edo lan-kontratua eteten bada; nolanahi ere, 2. apartatuko b) letrako 2. paragrafoan ezarritako salbuespenak aintzat hartuko dira.
Ekarpen- eta prestazio-erregimenari dagokionez, unean-unean aplikagarria den araubide fiskalera egokituko da enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plana –nolako ezaugarriak dituen aintzat hartuta–.
Onuradunek prestazioa honako era hauetan jasotzea aukeratu dezakete: kapitalean, errentan (finantza- edo aktuario-errenta) edo era mistoan.
Plana aldatu daiteke enpresak eta langileen legezko ordezkariek erabakitakoaren arabera. Halaber, negoziazio kolektiboan hartutako erabaki bidez, prestazioen eta ekarpenen erregimena edo planaren beste edozein alderdi aldatu daitezke, enpresaren eraginkortasuna areagotzeko.
Batzorde mistoak aseguru-etxea aldatzea erabaki dezake, bi aldeek hala adosten badute.
36. artikulua.– Adingabeko seme-alabengatiko laguntza.
Hiru urtetik beherako seme-alaba bat euren kargura duten langileek eskubidea izango dute hilean 40 euroko dirulaguntza jasotzeko, urteko 12 hilabetetan banatuta (urtean, 480 euro), seme-alabak hiru urte betetzen duen egunera arte. 3 urtetik beherako seme-alaba bakoitzak emango du laguntzaz baliatzeko aukera.
Hiru urtetik beherako seme-alabaren aita-amak enpresako langileak badira, bietako batek bakarrik jasoko du dirulaguntza hori.
37. artikulua.– Gihar-arazoak tratatzeko laguntza.
Enpresaren mutuak langileak artatu ondoren masajeak hartzera bidaltzen baditu gihar-arazoak direla-eta (bizkarra, lepoa, etab.) masaje-tratamenduaren tarifa ofizialen gainean % 25eko deskontua izateko eskubidea izango dute langileek.
Aipatutako deskontua eskaintzen duten profesionalen zerrenda Mutuak hitzartutakoa izango da. Langilea lehendik tratamenduan badago, enpresak konpromisoa hartuko du kasua aztertu eta Mutuaren bitartez eskaintzen duen laguntza bera eskaintzeko.
38. artikulua.– Optikako produktuak erosteko laguntza.
Ikusmen-arazoak dituztela frogatzen duten langileek (dioptria, miopia, hipermetropia, astigmatismoa...) eskubidea izango dute urtean 100 euroko bonu bat jasotzeko, eta hitzartutako optikako enpresetan zenbateko horren deskontua egingo zaie betaurrekoak, lentillak eta lentilla-likidoak erostean. Langile bakoitzak urtean bonu bat izango du, eta beste langile bati edo bere senideei eman ahal izango die.
Ikusmen arazorik ez duten gainerako langileek 50 euroko bonu bat jasoko dute urtero.
Deskontu-bonua hurrengo urterako pilatu ahal izatea negoziatzen saiatuko da enpresa.
39. artikulua.– Diario El Correo-ko doako harpidetza.
Langile guztiek eskubidea izango dute Diario El Correo egunkaria doako harpidetzaren bidez jasotzeko euren etxean edo kioskoan, bai eta harpidedun-txartela izateko ere.
40. artikulua.– Taxi-zerbitzua.
Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean Bilboko erdialderako taxi-zerbitzuak jarraituko du, eta ordutegi hauek izango ditu:
Taxiak: egunero Losada Pintorea kaletik irtengo dira Bilboko erdialdeko hainbat tokitara, ordu hauetan:
– Astelehenetik ostiralera:
22:00ak: eskaria baldin badago eutsiko zaio taxi honi, eta gutxienez 2 lagun badaude, betiere.
23:00ak.
23:30a.
02:40ak.
– Larunbatak:
22:00ak: eskaria baldin badago eutsiko zaio taxi honi, eta gutxienez 2 lagun badaude, betiere.
23:00ak.
23:30a.
02:40ak.
– Igandeak: ez da zerbitzurik egongo.
– Jaiegunak: larunbatetan bezala.
Enpresa-batzordearekin adostu ondoren, enpresak taxien zerbitzuak eta ordutegia aldatu edo egokitu ditzake, langileek zerbitzu horiek erabiltzeko duten benetako beharra eta egiten duten erabilera kontuan hartuta. Azpikontratatutako langileek edo Losada Pintorea kaleko eraikinean dauden beste enpresetako langileek zerbitzu hori erabil dezakete, toki librerik baldin badago.
41. artikulua.– Langileentzako aurrerakin bereziak.
– Langileek banakako mailegu bat eskatu dezakete, gehienez 4.000 eurokoa, honako arau hauen arabera:
Mailegu horien langile onuradunek enpresan gutxienez 2 urteko antzinatasuna, etenik gabekoa, izan beharko dute.
Ez da beharrezko izango langileek egiaztagiririk aurkeztea.
Langile bakoitzak mailegu bakarra izan dezake indarrean.
Mailegua berehalakoan onartuko da, betiere enpresan indarrean dauden banakako maileguak 25 baino gehiago ez badira.
Indarrean banakako 25 mailegu baldin badaude, horrelakoak eskatu nahi dituzten langileek itxaron-zerrenda batean emango dute izena eta, zerrenda horren hurrenkeraren arabera, banakako mailegua jasoko dute, indarrean daudenak amortizatu eta ezeztatu ahala.
Ez da inolako interesik sortuko.
Mailegua eman eta urtebetera amortizatuko da, langilearen nominari egindako deskontu proportzionalen bidez. Deskontu hori dagokion nominari egingo zaio, langilea enpresan altan egon zein etenaldi-egoeran egon –hau da, prestazioak, prestazio horien osagarriak edo, hala badagokio, bestelako konpentsazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea ematen duen etenaldi-egoeran–.
Maileguaren mugaeguna heldu baino lehen lan-harremana iraungitzen bada, langileak ordaintzeke dituen zenbateko guztiak batera ordaindu beharko ditu; horretarako, zenbateko horiek hartzekoen likidaziotik kenduko dira edo enpresak langileari ordaindu behar dion beste edozein kopurutatik. Zorren konpentsazioaren ostean zatiren bat amortizatu gabe geratuz gero, enpresarekin duen lan-harremana iraungitzen den egunean ordaindu beharko du langileak.
Halaber, edozein arrazoi dela medio langilearen kontratua eteten bada inolako ekonomia-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe (eszedentziagatik, esaterako), etenaldia hasten den momentuan langileak enpresari itzuli beharko dio amortizatzeke dagoen maileguaren kapital osoa.
42. artikulua.– Osasun-asegurua.
Enpresak, langileen fiskalitatea optimizatze aldera, langileei euren borondatez mediku-aseguru bat izateko aukera eskainiko die.
Mediku-asegurua gauzaz ordaintzen da, eta ordainketa-sistema malgu baten barruan ezartzen da. Enpresak mediku-aseguruaren poliza-primen zenbatekoa ordainduko dio entitate aseguratzaile hitzartuari, eta zenbateko hori langilearen nominatik murriztuko da.
Mediku-aseguruaren baldintza eta estalduren berri emango zaie langileei, langilearen atariaren bidez.
43. artikulua.– Informatikako eta telefoniako tresneria erosteko laguntza.
Hornitzaileekin dituen lotura eta harremanak erabiliko ditu enpresak langileentzat prezio onak eta beherapenak lortzeko informatikako eta telefoniako tresnerian.
VIII. KAPITULUA
HUTSEGITEAK ETA ZEHAPENAK
44. artikulua.– Diziplina-araubidea.
I.– Enpresako zuzendaritzak langileak zehatu ditzake hurrengo ataletan zehazten den hutsegite- eta zehapen-araubidearen arabera.
II.– Langileek egiten dituzten hutsegiteak honela sailkatuko dira garrantziaren eta inguruabarren arabera: arinak, larriak edo oso larriak.
III.– Jarraian zehazten diren hutsegiteen zerrenda egitearen helburua ez da egoera guzti-guztiak arautzea. Hortaz, enpresaren zuzendaritzak indarrean dagoen lan-araudiaren aurkako urratzeak edo kontratu-hausteak zehatu ditzake, nahiz eta arau-hauste horiek hitzarmen honetan jasota ez egon.
1.– Hauek izango dira hutsegite arinak:
a) Lanera berandu iristea edo lanetik behar baino lehenago irtetea justifikatu gabe eta hilean hiru aldiz (guztira, gehienez hogei minutuz).
b) Inolako justifikaziorik gabe, egun batean lanera ez etortzea hilabete batean.
c) Justifikatutako arrazoi batengatik lanera huts egin eta horren berri behar bezain garaiz ez ematea, halabeharrezko kasuren batean ez bada.
d) Inolako arrazoi justifikaturik gabe, denbora-tarte laburrez lanpostua uztea, betiere lanpostua uzteagatik pertsonen edo gauzen segurtasuna arriskuan jarri ez bada; bestela, hutsegite larritzat edo oso larritzat joko da.
e) Axolagabekeria eta zuzentasunik eza jendea tratatzerakoan, betiere horrek enpresaren irudiari kalte handirik eragiten ez badio.
f) Langilearen ardurapean dagoen materialaren zaintzan deskuiduak izatea eta materialari narriadura txikia eragitea.
g) Ezohiko mozkorraldia lanean.
2.– Hauek izango dira hutsegite larriak:
a) Lanera berandu iritsi edo lanetik behar baino lehenago irtetea, justifikatu gabe, hilean gehienez hiru aldiz eta guztira hirurogei minutuz gehienez.
b) Inolako justifikaziorik gabe lanera ez etortzea bi egunetik lau egunera bitarte, hilabete batean.
c) Gizarte Segurantzan eragina duten datuak faltsutzea, nahita ezkutatzea edo oztopatzea.
d) Gaixo egotearen edo istripua eduki izanaren itxurak egitea, d) letrako 3. zenbakian aurreikusitakoa bazter utzi gabe.
e) Beste langile bat ordezkatzea, laneko sarrera edo irteerako erregistroak eta kontrolak aldatuz.
f) Lanerako agindu eta jarraibideei jaramonik ez egitea, segurtasun- eta higiene-arauei dagozkienak barne, eta lanean arduragabekeriaz edo utzikeriaz jokatzea, horien ondorioz enpresarentzako kalte larririk, enpresaren instalazioetan edo makina zein ondasunetan matxurarik, edo pertsonentzako istripu-arriskurik sortu ezean; kasu horretan, hutsegite oso larritzat joko baitira.
g) Langilearen kargurako tresna, erreminta, ibilgailu eta obrei atzemandako kalteak edo irregulartasunak enpresari ez jakinaraztea, betiere horren ondorioz enpresari arrisku larria eragiten badio.
h) Lanaldiaren barruan lan partikularrak egitea, edo, lanaldiaren barruan zein lanalditik kanpo, enpresaren lanabesak, erremintak, lan-tresnak, ibilgailuak eta, oro har, ondasunak erabiltzea lana ez den beste helburu baterako, horretarako baimenik izan gabe.
i) Isilpean gorde beharreko sekretuak haustea edo urratzea, enpresari kalte larririk eragiten ez bazaio.
j) Ohiko mozkorraldia lanean.
k) Norberaren txukuntasunik eta garbitasunik eza, produkzio-prozesuari edo zerbitzuari kalterik eragin badiezaioke, eta betiere aldez aurretik enpresak ohartarazi badio.
l) Agindutako lanak behar bezala ez egitea, betiere horrek pertsona edo gauzei kalte larririk eragiten ez badie.
Ll) Noizbehinka lanaren ohiko errendimendua murriztea.
m) Lantokian pertsonak hitzez edo egintzez iraintzea oso modu larrian.
n) Hitzezko ohartarazpena ez den bestelako zehapenik tartean dagoela, hiruhilabetean bost hutsegite arin baino gehiago egitea, nahiz eta hutsegite horiek era ezberdinetakoak izan.
3.– Hauek izango dira hutsegite oso larriak:
a) Lanera berandu iristea edo lanetik behar baino lehen irtetea, hamar aldiz sei hilabetetan edo hogei aldiz urtebetean, behar bezala ohartarazita.
b) Hilabete batean, segidako hiru egunetan edo txandakako bost egunetan lanera ez etortzea, justifikaziorik gabe.
c) Esleitutako gestioetan konfiantza-abusua, desleialtasuna edo iruzurra, eta enpresaren, lankideen edo beste inoren jabetzako ondasunak ebastea, lapurtzea edo horietaz bidegabe jabetzea enpresaren egoitza barruan.
d) Gaixo egotearen edo istripua eduki izanaren itxura egitea, norberaren edo besteren kontura beste edozein lan egiteko.
e) Isilpean gorde beharreko sekretuak ezagutaraztea, enpresari kalte larria eraginda.
f) Ohiko mozkorraldia edo toxikomania, lanean eragin negatiboa badute.
g) Enpresaren aurkako lehia desleiala dakarten jardueretan aritzea.
h) Laneko errendimendu normala edo adostua nahita eta modu jarraituan gutxitzea.
i) Agintedun lanpostuetan daudenen agintekeria.
j) Sexu-jazarpena.
k) Segurtasun- eta higiene-arloko babes-elementuak behin eta berriro ez erabiltzea, behar bezala ohartarazten bada.
l) Artikulu honetako 1.d), 2.l) eta m) letretatik ondorioztatzen direnak.
m) Hutsegite larriak behin eta berriro egitea; egoera hau hartuko da halakotzat: langile bat era bateko zein besteko hutsegite larriengatik urtebeteko epean bi aldiz edo gehiago zehatuta izan ondoren beste hutsegite larri bat egitea.
n) Laneko segurtasuneko eta osasuneko betebeharrak ez konplitzea.
o) Posta elektronikoa zein enpresaren intranet eta barne-komunikazioko sistemak lanekoak ez diren helburuetarako erabiltzea.
4.– Agintekeria.
Nagusiek daukaten agintea gehiegikeriaz erabiltzea hutsegite oso larritzat hartuko da beti. Kaltetutako langileak kasuan kasuko egintzaren berri emango dio enpresako zuzendaritzari bide hierarkiko egokiaz baliatuz. Zuzendaritzak espedientea izapidetzeko aginduko du berehala.
45. artikulua.– Zehapen-araubidea.
Enpresako zuzendaritzari dagokio zehapenak ezartzeko ahalmena, betiere, lan-hitzarmen honetan ezarritakoari jarraituz. Hutsegiteen larritasunaren arabera, gehienez zehapen hauek ezar daitezke:
Hutsegite arinengatik:
– Hitzez kargu-hartzea.
– Idatziz kargu hartzea.
– Gehienez hiru egunez enplegua eta soldata etetea.
Hutsegite larriengatik:
– Enplegu-soldatak etetea, lau egunetik hamabost egunera bitartean.
Hutsegite oso larriengatik:
– Hamasei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu eta soldata etetea.
– Kontratua haustea, enpresako eskubide guztiak galduta.
Legedi orokorrean xedatutako izapideak baliatuko dira zehapenak ezartzeko.
II. Aurreko puntuan esandakoa eragotzi gabe, zehapenak enplegu-soldatak etetea baldin badakar hutsegite larri, oso larri eta arinen kasuan langileen ordezkariek txosten bat aurkeztu ahal izango dute.
46. artikulua.– Preskripzioa.
Hitzarmen kolektibo honen 41. artikuluan adierazitako hutsegiteak honela preskribituko dira:
– Hutsegite arinak hamar egunera preskribituko dira, egiten direnetik hasita.
– Hutsegite larriak, hogei egunera.
– Hutsegite oso larriak, egin eta hirurogei egunera, eta, gehienez ere, hutsegitea egin eta sei hilabetera.
IX. KAPITULUA
LAN-OSASUNA ETA INGURUMENA
47. artikulua.– Laneko arriskuen prebentziorako politika orokorra, prebentzio zerbitzua, prebentzioko ordezkariak eta segurtasunerako eta osasunerako batzordeak.
I. Laneko arriskuen prebentziorako eta lan-osasunaren politika orokorra enpresa-mailan gauzatuko da, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeari jarraikiz (abenduaren 12ko 54/2003 Legeak eta Prebentzio-Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak aldatua).
Zentzu horretan, eta 54/2003 Legearen 2. artikuluko 1.2 atalarekin bat eginez, prebentzio-jardueraren etengabeko jarraipena egingo du enpresariak, saihestu ezin izan diren arriskuak eta babes-mailak identifikatzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko jarduerak etengabe hobetzeari begira.
Halaber, eta 54/2003 Legearen 2. artikuluaren 2.1 atalarekin bat eginez, laneko arriskuen prebentzioa enpresako kudeaketa-sistema orokorrean txertatu beharko da, bere baitan dituen jarduera guztietan nahiz bere hierarkia-maila guztietan; horretarako, lan-arriskuen prebentziorako plan bat ezarri eta aplikatuko da.
Laneko arriskuei aurrea hartzeko plan honek, halaber, antolaketa-egitura, erantzukizunak, egitekoak, ohiturak, prozedurak, prozesuak eta beharrezko bitartekoak jaso beharko ditu, enpresan arriskuei aurrea hartzeko, betiere erregelamenduz ezarritako baldintzetan.
39/1997 Errege Dekretuaren 1.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, prebentzioa enpresaren hierarkia-maila guztietan sartzeak eragiten du hierarkia-maila guztiei esleitzea, bai eta maila horiek egin edo agintzen duten jarduera orotan arriskuen prebentzioa sartu behar izatea eta haiek onartzea ere.
Halaber, prebentzio-jarduera lanpostuen arriskuaren ebaluazioaren emaitzen arabera ezarriko da, eta beste alderdien artean, langileei beren lanpostuei lotutako arriskuei buruzko prestakuntza eta informazioa ematea jasoko ditu, eta baita arrisku horiek ekiditeko neurriak ere; prebentzio-jarduera bakoitzean hura burutzeko epea, arduradunen esleipena eta jarduera burutzeko behar diren giza-baliabideak eta materialak bilduko ditu.
Enpresa-batzordeko kideen artean enpresa-batzordeak hautatutako ordezkariek esleitutako prebentzio-ordezkariak izango dituzte enpresek, eta ordezkari haiek Segurtasun eta Osasun Batzordeak osatuko dituzte, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean aurreikusitakoarekin bat eginez. Beren eskumenak eta eskubideak dagozkien akordioetan ezarritakora doituta beteko dira.
Halaber, enpresek enpresa-jarduerak koordinatuko dituzte enpresa kontratista, azpi-kontratatzaile, edo lanak egiteko edo zerbitzuak emateko kontratatutako langile autonomoen laneko arriskuen prebentzioari dagokionez.
Zentzu horretan, azpikontratatutako enpresen lan-arriskuetako prebentzioaren jarraipena egingo dute segurtasunerako eta osasunerako batzordeek, eta prebentzio-ordezkarien eta langileen legezko ordezkarien informazioa eta partaidetza prestatuko, horri buruzko lege-xedapenei eta batzorde horien funtzionamendua arautzen duten barne-prozedurei jarraikiz.
Hori guztia berariazko jarduerengatik enpresaren eremuari dagozkion ardura, betebehar eta eskumenak eragotzi gabe.
48. artikulua.– Arriskuak.
Aurreko artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzita, hau izango da kontuan:
I. Lan-eremuan substantzia kimikoen eta agente fisikoen gehienezko mailatzat joko dira indarrean dagoen legediak zehazten dituen momentu bakoitzeko atalase-mugetako baloreak.
II. Prebentzio-zerbitzuak laneko zentroetan inspekzioak egiten dituen kasuetan, enpresa-zuzendaritzak inspekzioen emaitzak jakinaraziko dizkio langileen legezko ordezkariei, prebentzio-ordezkariei, eta, hala balegokio, segurtasuneko eta lan-osasuneko batzordeari.
49. artikulua.– Ingurumena babesteko eta zaintzeko jarduna.
Hitzarmen honen alderdi sinatzaileen ustez, ingurumenarekiko errespetua eta ardura zainduta jardun behar dute enpresa eta langileek, ingurumenaren babesari eta zaintza arreta berezia eskainita, gizartearen interesak eta kezkak kontuan hartuta. Enpresa-zuzendaritzak langileen ordezkariei ingurumen arloan duten informazioa jakinaraziko die.
50. artikulua.– Obrak eta zerbitzuak azpikontratatzea.
I.– Beren jarduera bera burutzeko obrak eta zerbitzuak azpikontratatzen dituzten enpresariek, laneko zentro berdinean burutzen badira lanak, plantilan dauden langileekin, zentroko langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie hurrengo alderdiei buruz:
a) Enpresa kontratatzailearen edo azpikontratatzailearen izena edo sozietatearen izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
b) Kontrataren helburua eta iraupena.
c) Kontratua gauzatuko den lekua.
d) Enpresa nagusiaren lantokian kontrataz edo azpikontrataz lan egingo duten langileen kopurua, hala badagokio.
e) Lan-arriskuak saihesteko xedez, jarduerak koordinatzeko aurreikusi diren neurriak.
Enpresa nagusiak, kontratistak edo azpi-kontratistak lan-leku berberean jarduten baldin badute jarraian, lehenengoak erregistro-liburu bat eduki beharko du, eta han jaso beharko da aurreko informazio hori, aipatutako enpresa guztien gainean. Liburu hori langileen legezko ordezkarien eskura egongo da.
II.– Enpresa nagusiko eta enpresa kontratistetako eta azpi-kontratistetako langileen legezko ordezkariek, lantoki berean jarraitasunez lan egiten baldin badute, zilegi dute bilerak egitea beren artean koordinatzeko eta lan egiteko baldintzen gainean berba egiteko, Langileen Estatutuko 81. artikuluan aurreikusten denaren arabera.
X. KAPITULUA
BERDINTASUN-PLANA
51. artikulua.– Berdintasun-plana.
3/2007 Lege Organikoak ezartzen duenaren arabera, enpresetako berdintasun-planak antolatutako neurrien multzoak dira; neurri horiek egoeraren diagnostiko bat egin ondoren hartuko dira, eta xede izango dute enpresan emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasuna lortzea eta sexuan oinarritutako bereizkeria ezabatzea.
Berdintasun-planek ezarriko dituzte lortu beharreko berdintasun-helburu zehatzak, horretarako gauzatu beharreko estrategia eta eginerak, bai eta ezarritako helburuei jarraipena egiteko eta helburuok ebaluatzeko sistema eragingarriak ere.
Helburu horretarako, hitzarmen kolektiboa izenpetu duten alderdiek ulertzen dute lege-esparru hau egokitzea beharrezkoa dela enpresako tratu eta aukera berdintasunerako eskubidea bermatu ahal izateko. Hori dela eta, hurrengo helburu orokorrak adostu dituzte alderdiek:
a) Berdintasun-planak osatzeko, egituratzeko eta prozedurak sortzeko argibideak ezartzea giza-baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko, diskriminazioak ekidin eta aukera-berdintasun erreala eskaini ahal izateko, elkarrizketa oinarrizko baliabide izanik.
b) Bitariko Batzordeari esleitzea jarraian aipatzen diren eskumenak laneko tratu- eta aukera-berdintasunaren arloan lanketa eraginkor bat garatu ahal izateko:
b.1.– Artikulu honetan berdintasun-planei buruz ezarritako xedapenen interpretazioari edo aplikazioaren inguruan sor daitezkeen zalantzak ulertzea.
b.2.– Enpresan adostutako berdintasun-planaren garapenaren jarraipena.
b.3.– Gizonezko eta emakumezkoen laneko tratu- eta aukera-berdintasunarekin lotutako alderdien txosten teknikoak osatzeko aukera.
b.4.– Enpresako aukera-berdintasunari buruz berariazko ikerketa bat osatzea.
b.5.– Ateratako ondorioetan oinarrituta enpresako tratu- eta aukera-berdintasunaren arloan jardunbide egokien araudi bat osatuko da.
52. artikulua.– Egoeraren diagnostikoa.
Bete behar diren berdintasun-helburuak ezarri aurretik, egoeraren diagnostiko bat osatu beharko du enpresak; horren helburua izango da sexuen arabera bereizitako datuak lortzea lan-baldintzei buruz, eta, bereziki, honako hauen moduko beste gai batzuei buruz: lana lortzea, prestakuntza, sailkapen eta sustapen profesionala, ordainsari-baldintzak eta lanaldia antolatzeko baldintzak, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea, eta abar.
Diagnostiko horretatik ateratako ondorioak idatziz jakinaraziko zaizkie langileen ordezkariei.
Egoeraren diagnostikoak sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko ditu, besteak beste, honako alderdiei buruz:
a) Langileen banaketa adina, antzinatasuna, saila, hierarkia-maila, talde profesional eta prestakuntza-mailaren arabera.
b) Langileen banaketa kontratu-motaren arabera.
c) Langileen banaketa talde profesionalen eta soldata-taldeen arabera.
d) Langileen banaketa lanaldiaren antolamenduaren, urteko lan-orduen eta familia eta lan-bizitza uztartzeko neurrien arabera.
e) Absentismo-maila, arrazoiak zehaztuta eta baimen, ezintasun eta bestelako arrazoien ondorio direnak banakatuta.
f) Azken urteko eszedentziak eta haiek hartzeko arrazoiak.
g) Azken urteko lan-igoerak, talde profesionala eta igoera zein lanpostutara egin den zehaztuz.
Aldi berean, alderdi hauen diagnostikoa ere eman beharko da: hautaketa-, prestakuntza-, eta igoera-prozesuetan erabilitako irizpideak eta informazio eta/edo komunikazio bideak, perfil profesionalak eta lanpostuak deskribatzeko erabilitako metodoak, lan eskaintzetako eta hautaketa-, prestakuntza- eta igoera-prozesuetan parte hartzeko eskabideetan erabilitako hizkera eta edukiak.
53. artikulua.– Berdintasun-planaren helburuak.
Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, lortu beharreko helburu zehatzak ezarriko dira, izandako emaitzetan oinarrituta, ekintza positiboko neurrien ezarpenekoak izan ahalko dira emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerak egiaztatu diren alderdietan, eta tratu-berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko printzipioaren aplikazio eraginkorrerako neurri orokorren ezarpenean.
Helburu horiek betetzeko estrategiak eta jarduerak bilduko dituzte, eta alderdi hauetara bideratuko dira: enplegu, prestakuntza, sailkapen eta lan-igoerako sarbidea, ordainsari- eta lanaldi-egoera, eta lan- eta familia-bizitzaren uztarketa, eta abar. Besteak beste, honako hauek izan daitezke:
a) Enpresan sartzeko hautaketa-prozesu gardenak bermatzea lan-eskaintzak modu ez diskriminatzaile batean idatziz eta zabalduz eta lanpostu horretarako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko proba objektibo eta egokiak ezartzea, norberaren trebetasun eta gaitasunen balorazioarekin esklusiboki lotuta.
b) Agintea eta/edo ardura barne hartzen duten lanpostuetan emakumeen inklusioa bultzatzea.
c) Emakumeek errepresentazio gutxi duten lanpostuetarako hautaketarako edo igoerarako programa bereziak ezartzea.
d) Gizonezko eta emakumezkoei enpresako barne- zein kanpo-prestakuntzarako sarbidea bermatzea, emakumezkoek enpleguan jarraitzea bermatzeko asmoz, prestakuntza-maila garatuz eta enplegurako betekizunetara egokitzeko gaitasuna garatuz.
e) Soldata osatzen duten osagarriak berrikustea emakumezko langileen diskriminaziorik biltzen ez dutela egiaztatzeko.
f) Gizonezko eta emakumezkoen artean egon daitezkeen soldata-desberdintasunak zuzentzeko prozesuak eta epeak sustatzea.
g) Gizonek eta emakumeek familia- eta lan-bizitza uztartzeko aukera gehiago eta hobeak lortzea, sentsibilizazio-kanpainen bidez, existitzen diren legezko baimen eta eszedentziak hedatzearen bidez, besteak beste.
h) Emakumezko langileen osasunerako arriskuak hauteman eta zuzentzeko neurriak ezartzea, batik bat haurdun dauden emakumeen kasuan, baita jazarpen moral eta sexualeko kasuak hauteman eta zuzentzeko ere.
Enpresan berdintasun-plana ezarri ostean langileen ordezkariei planaren eboluzioaren berri emango zaie urtero; ordezkariek, egoki irizten badute, horren inguruko txostena igorri ahalko dute.
54. artikulua.– Batzorde mistoa edo bitarikoa.
Batzorde misto bat eratuko da. Hitzarmen honen negoziazioan parte hartu duten enpresako hiru ordezkarik eta langileen hiru ordezkarik osatuta egongo da batzorde hori. Hitzarmena osorik betetzen dela zainduko du, eta interpretazio-, adiskidetze-, eta zaintza-organoa izango da.
Berariazko eginkizunak:
– Hitzarmen kolektiboa aplikatu eta interpretatzeko arloko auzien berri izan eta erabakiak hartzea, indarreko legediarekin bat etorriz.
– Hitzarmen kolektibo honek indarrean dirauen bitartean, testu hau egokitu eta, behar izanez gero, aldatzea.
– Langileen Estatutuaren 41. artikuluan jasotako lan-baldintzak nabarmen aldatzeak ekar litzakeen auzien berri izan eta erabakitzea, baldin eta kontsulta-epea amaitu ondoren akordiorik lortu ez bada.
Alderdietako batek eskatzen duenean bilduko da batzorde mistoa, eta bere eskumeneko gaiak aztertuko ditu. Batzarrerako deia egin duen alderdiak idazki bat igorriko dio beste alderdiari, non aurrekariak, egintzak eta artikuluen edo gaiaren interpretazio-aldeak azalduko baititu. Hartzaileak hamabost egun baliodun izango ditu idazkiaren edukia aztertzeko.
Enpresaren egoitza sozialean egingo dira bilerak. Gai bat batzorde mistoari aurkezten zaionetik ezingo da hilabete bat baino gehiago igaro, batzordea batu eta erabakia hartu arte.
Batzorde mistoak gehiengoz hartzen dituen akordioak lotesleak izango dira bi alderdientzat, eta indarreko hitzarmen kolektiboko edukiaren balio bera izango dutenez, haren parte izango dira. Hartutako akordioen akta egingo da.
Adostasunik lortu ezean, batzorde misto horrek edo alderdietako batek (langileek edo enpresak) erabaki dezake auzitan dagoen puntua Gatazkak Konpontzeko Borondatezko Prozedurei buruzko akordioan (PRECO II) araututako adiskidetze-prozeduraren arabera ebaztea.
55. artikulua.– Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen hau osotasunaren gainean aplikatuko da, bertan ezarritakoak lehentasuna baitauka eta ezin da aldatu indarrean dagoen bitartean. Gainera, hitzarmena bertan behera geratuko da ez bada bertan hitzartutako guzti-guztia aplikatzen. Alde horretatik, edozein lege-xedapen hitzarmeneko atalen bat baino onuragarriagoa balitz langileentzat, hitzarmenak lehentasuna izango du beti, lan-baldintzak jasotzen dituen egitura ekonomikoa baita, osotasunean baloratu beharreko elkarrekiko prestazio eta kontraprestazioetan oinarritutakoa.
56. artikulua.– Xurgapena eta konpentsazioa.
Enpresak, hitzarmen honek indarrean dirauen artean, ez du ez konpentsatuko ez xurgatuko plus pertsonalekin itundu daitekeen soldata-igoerarik. Hori horrela dela ere, plus pertsonala kendu ahal izango da, baldin eta, une jakin batean, langileak ez baditu betetzen plus hori eskuratzeko arrazoi izan ziren eginkizunak (adibidez: langileak 39 ordu lan egin beharrean, 35 egiten baditu; edo 3. mailakoak maila hori galtzen badu).
57. artikulua.– Osagarri pertsonalak.
Hitzarmen hau izenpetu aurretik jasotako banakako diru-sarrera guztiak errespetatuko dira; alde horretatik, hitzarmeneko arauek ez dute diru-sarrera horien murrizketa ekarriko.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, inork ezingo ditu berarentzat hitzarmeneko baldintza partzial onenak eskatu.
58. artikulua.– Erretiro partziala eta txanda-kontratua.
Langileek txanda-kontratu bidezko erretiro partziala 60 urterekin har dezakete, hala eskatzen badute eta adina, betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte unean-unean indarrean dagoen legediaren arabera. Halabeharrezko kasuetan izan ezik, enpresak ezin izango du erretiro-mota hori ukatu. Agintari eskumendunek kontratu hori gauzatzea eragozten badute, enpresak erretiro aurreratua hartu nahi duten langileekin banan banako akordioak egin ditzake.
Ordezko langileak lanaldi osorako kontratatuko dira, eta euren kontratua mugagabe bihurtuko da hiru urteko gehienezko epean. Hala ere, ordezko langile gisa lan egindako bigarren urtea beteta, aurretik eta behin-behineko gisa lan egindako aldia hartuko da kontuan, eta horrela gutxienez urtebete lanean jardun dutenen kontratua mugagabe bihurtuko da.
59. artikulua.– Ordezko xedapenak.
Hitzarmen honetan berariaz arautu ez diren gaietan ordezko xedapen hauek bete beharko dira:
1.– Eguneroko Prentsaren arloko Estatuko Hitzarmen Kolektiboa.
2.– Langileen Estatutua.
3.– Indarrean dauden gainerako legeetan xedatua, betiere arauen arteko hierarkiaren printzipioari men eginez.
60. artikulua.– Giza harremanak.
Enpresak eta langileek Diario El Correo SAren barruan begikotasun-giroa nagusitzea nahi dute, betiere bertan langileek enpresaren aginduei men eginez eta diziplina gordez.
Halaber, langileei laneko eginbeharrak betearazteko ardura dutenek eginahalak egingo dituzte enpresako kideen arteko tratu egokiari eusteko. Alde horretatik, langileen ordezkariek nagusiei jakinaraziko dizkiete aipatutako giroa arriskuan jar dezaketen gorabeherak. Nagusiak, bestalde, lanak banatu eta baloratzeko garaian, langileekiko errespetua eta tratu egokia mantentzen ahaleginduko dira.
Horri dagokionean, enpresak laneko giroari buruzko inkesta bat egingo du 2018-2019 aldirako hitzarmen kolektiboa indarrean dagoenean, eta enpresa-batzordearekin alderatuko ditu emaitzak eta laneko giroa hobetzeko neurriak aztertuko ditu.
61. artikulua.– Berdintasuna.
Enpresak eta enpresa-batzordeak aktiboki zainduko dute berdintasun-printzipioa errespetatzea lanean, ondorio eta aplikazio-maila guztietarako (enplegurako sarbidea, hautaketa, ordainketa, prestakuntza, etab.), eta ez da onartuko sexu-diskriminaziorik, egoera zibila, ezgaitasuna, sexu-joera, adina, arraza, kondizio soziala, ideia erlijiosoak edo politikoak, sindikatu batean afiliatua egotea ala ez, eta abar, betiere ordenamendu juridikoak markatutako mugen barnean.