EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2019094

76/2019 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, zeinaren bidez Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari agintzen eta adskribatzen baitzaio Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineen kudeaketa eta administrazioa. Linea horiek Estatuko Administrazioak eskualdatu zizkion Euskal Autonomia Erkidegoari.

Xedapenaren zenbakia: 201900076
Xedapenaren data: 2019-05-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201902392
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/12/14an argitaratutako 2018/12/11ko 201800178 DEKRETUA

2015ean formulatu zen FOM/710/2015 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Interes Orokorreko Trenbide Sareko Lineen eta Bide-zatien Katalogoa onartzen duena. Agindu hori 2015eko apirilaren 23ko BOEn argitaratu zen.
Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 23ko 124/2016 Epaia betez –eskumen-gatazka positiboaren ondorioa–, irailaren 10eko FOM/925/2018 Aginduaren bidez, Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineak interes orokorreko trenbide-saretik kanpo geratzen dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko ahalmena deklaratzen da.
Abenduaren 7ko 1434/2018 Errege Dekretuaren bidez, onartu egiten da Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko Administrazio Orokorrak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea. 2018ko abenduaren 14an argitaratu zen BOEn eta EHAAn.
Errege Dekretuak jasotzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkion ondasun, eskubide eta betebeharren zerrenda, I. eranskinaren (aktiboak) eta II. eranskinaren (ondasunen gaineko emakidak, errentamenduak eta hitzarmenak) bidez. Dagokion akta sinatuta gauzatuko da horien entrega.
2018ko abenduaren 10eko Ebazpenean, Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak argitaratu du Ministroen Kontseiluaren 2018ko abenduaren 7ko Erabakia, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen baitzaizkio Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineak (2018ko abenduaren 14ko BOEn argitaratua). Erabaki horren bigarren puntuan jasotzen da eskualdatuko diren hitzarmenen, jabari publikoko emakiden, kontratuen eta ondasunen inbentarioa sartzea. Abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren 5.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, titulartasuna aldatzeko, dagokion akta sinatuta formalizatu beharko da horien entrega. Akta horretan, zehatz definituko dira ukitutako bide-zatien mugak eta eskualdatuko diren ondasun eta instalazioen zerrenda, indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean.
Horri dagokionez, Basurtuko Ospitalea-Ariz (0/000 KP eta 7/906 KP artean) eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo (7/906 KP) trenbide-lineei buruzko akta hauek sinatu dira: 2019ko urtarrilaren 31n, ADIFen ondasun higiezinen ondare-izaera juridikoko espedienteak eta agiriak entregatu eta hartzeko akta; 2019ko martxoaren 7an, ADIFek izapidetutako hirugarrenen obren baimen-espedienteei buruzko dokumentazioa entregatu eta hartzeko akta, ADIFen babes- eta segurtasun-baliabide eta -instalazioen inbentarioa eta dokumentazioa entregatu eta hartzeko akta, eta zirkulazioari buruzko arauzko dokumentazioa entregatu eta hartzeko akta; eta, azkenik, 2019ko martxoaren 15ean, ADIFen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko entrega- eta harrera-akta, azken hori izanik trenbide-lineen eskualdatzea gauzatzen duena.
Abenduaren 11ko 178/2018 Dekretuaren bidez onartu zen Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez egindako akordioa, Estatuko Administrazioak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa.
Horren bigarren artikuluaren arabera, eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak eta horien baliabide materialak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari adskribatuta geratuko dira.
Maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea Ente Publikoa sortu zen, eta haren helburua da gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren edo etorkizunean izango diren trenbide-azpiegiturak eraikitzea, zaintzea eta administratzea.
Lege horren lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen duenez, dekretu bidez zehaztu behar dira alderdi hauek:
– Transferitu behar diren langileak. Espediente honetan, alderdi hori ez da ukitzen.
– Enteari adskribatuta geldituko diren autonomia-erkidegoaren titulartasuneko ondasunak. (I. eranskinean daude azalduta).
– Azpiegiturarekin zerikusia duten zeinahi eratako egoera juridiko subjektiboak, ente publikoak eskubide osoz bere gain hartuko dituenak subrogazioz. Azpiegiturarekin lotutako egoera juridiko subjektiborik sortzen den.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2019ko maiatzaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari esleitzea hauek, adskripzio-araubidean: Basurtuko Ospitalea-Ariz (0/000 KP eta 7/906 KP artean) eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo (7/906 KP) trenbide-lineak eskualdatzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasunekoak izatera pasatzen diren ondasunak (eranskinean daude zehaztuta).
2. artikulua.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen esku uztea Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineak eskualdatzetik eratorritako ondasun, eskubide eta betebeharren administrazioa eta kudeaketa.
3. artikulua.– Maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 1. xedapen gehigarriaren arabera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea subrogatu egingo da adskribatzen diren ondasun eta eskubideekin lotutako egoera juridiko subjektibo guztietan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau 2019ko maiatzaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko maiatzaren 14an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.