EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2019124

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 24koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, «Pilotu» 2019 Laguntza Programa onartzen, argitaratzen eta deitzen dituena.

Xedapenaren data: 2019-06-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201903253
Maila: Ebazpena
SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartearen garapenari eta enpresen ekintzailetzaren sustapenari.
Horri dagokionez, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia hainbat ekintza garatzen ari da euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzera bideratuta. Besteak beste, aipagarriak dira gure enpresen nazioarteko kokapena hobetzen saiatzeko laguntza programak.
Ondorioz, Laguntza Programa hau nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak sustatzeko helburu nagusiari jarraiki diseinatu da.
Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe
ERABAKI DUT:
Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, «Pilotu» 2019 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen I. eranskinean.
Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraiki, «Pilotu» 2019 Laguntza Programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendaritza nagusiaren aurrean, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bilbao, 2019ko ekainaren 24a.
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.
I. ERANSKINA
PILOTU 2019 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Enpresen nazioartekotzeak 80ko hamarkadatik Eusko Jaurlaritzak diseinatutako industria eta lehiakortasun plan guztien atal bat izan da, eta Euskadiko industria-jardueraren lehiakortasuna sendotzen lagundu du. Gaur egungo egoera bereziki ona da nazioartekotze aukera berriei ekiteko: Euskadiko ekonomiak 2008ko jarduera-maila berreskuratu zuen 2016an, eta industria sektorea berriz ere hasi zen enplegu garbia sortzen. Esportazioek era esanguratsuan lagundu dute berreskurapen horretan, eta enpresa kopuru esanguratsuaren salbazio-taula izan dira, nazioarteko jardueran deskubritu baitituzte hazkunde eta lehiakortasun aukera berriak.
Euskadiko enpresek, beraz, suspertzeko gaitasuna eta ekimena erakusten ari dira. Sektore tradizionaletan ez ezik, beste jarduera-eremu batzuetan ere, enpresak sormena dutela erakusten ari dira, arazo zaharrak irtenbide berritzaileen bidez konpontzeko.
Hala ere, bezero potentzialek, are gehiago erakunde publikoak direnean, arriskuak hartzeko eta irudimen-irtenbideak abiarazteko zailtasunak dituzte, eta esperientzia pilotuak probatzearen alde egiten dute eta, horrela, gure enpresek proposatutako metodoaren edo sistemaren eraginkortasuna probatu. Erakunde publikoa aipatutako arriskua bere gain hartzeko prest egon arren, askotan, esperientziaren orotarako zenbatekoa bere gain hartzeko fidagaitz agertzen da.
Egoera horretan dauden euskal enpresei laguntzeko asmoz, deialdi honek nazioarteko inbertsio publikoko programa pilotuak garatu behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ETE-ei laguntzea du azken helburu, programa horiek egiteko modu, metodologia, proposamen... berritzaileak probatzeko balio dutenean, eskala murrutzean burutuak eta lortutako esperientziatik abiatuta, gero bolumen handiagoko proiektuetan errepika daitezkeenak. Ezinbestekoa izango da esperientzia horiek atzerriko erakunde publiko baten konpromisoa izatea, esperientzia pilotuan erabili den proiektua garatzeko eskumena duena, proiektu hori abiaraztea partzialki finantzatu dadin.
Beste alde batetik, Nazio Batuek sustatutako Garapen Iraunkorreko Helburuei egindako ekarpenerantz doan ibilbideari ekin dio Eusko Jaurlaritzak. NBEk 17 helburu (GIH) onartu zituen, pobrezia era guztiei amaiera emateko, desberdintasunak murrizteko eta klima aldaketaren kontra borrokatzeko, era berean, inor atzean gera ez dadila bermatuta.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere egin du 2030 Agendak dakarren erronka unibertsala, eta bere politika publikoak Agendaren erronkak aintzat hartuta bideratzeko konpromisoari atxiki zaio. Horretarako, nazioartekotze estrategia bermatzen duten hautaketa irizpideak sartuko ditu, ekonomikoak nahiz sozialak, inplikatuta dauden lurraldeetarako. Horren erakusgarri, 2019ko martxoaren 4an, Pacto Munadialak eta Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hiru enpresa-elkarteekin batera, euren lankidetza sendotzea erabaki dute, Euskadiko enpresa-ehunean 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) sustatzeko hitzarmenaren bitartez.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak lidergoa hartu du, baita enpresa guztiei euren nazioartekotzean laguntzeko erronka ere, ikuspegi inklusiboagotik eta iraunkorragotik. Horretarako apustu bikoitza egin du, alde batetik, kanpoko merkatuetan euren lehendabiziko urratsak ematen ari diren enpresei laguntzearen aldekoa, eta bestetik, lehendik esportatzaileak izanda, euren irismen globalean jauzi kualitatiboak eman nahi dituzten enpresei laguntzen jarraitzearen aldekoa.
Pilotu laguntzak diru-laguntza publiko ez itzulgarrien bitartez bideratzen dira, zeintzuk nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartzen duten euskal enpresak laguntzera bideratzen diren.
Aipa dezagun, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren 2019rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan dagoela Pilotu Programa.
1. artikulua.– Helburua.
Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Planean islatu diren Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuei jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartu nahi duten ETE-entzako 2019 ekitaldirako laguntza ez itzulgarrien laguntza programa arautzea eta deitzea da ebazpen honen helburua, baita nazioartekotze prozesuan zehar garapen iraunkorra sustatzea ere.
Oinarri hauen ondorioetarako, nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotua dela ulertuko da, atzerrian Inbertsio Publikoko Proiektua (IPI) egitearen egokitasuna ebaluatzea eta irabazi ukigarriak ematea helburu duen inbertsio bat denean, bere eskala minimoan. Horretarako, sozialki errentagarria, iraunkorra eta helmuga herrialdeko dagokien agintariek ezarritako politika lerrokatzeekiko konkordantea dela dioten azterketak behar ditu ezinbestean. Irizpide horiek dira bere bideragarritasun aitortzaren ardatza, eta aitortza hori da burutzen hasteko ezinbesteko betebeharra.
2. artikulua.– Laguntza motak.
1.– Programa hau publizitate eta objektibotasun printzipioen mende dago bere egikaritzean nahiz ebazpenean.
2.– Laguntza horiek zuzen aurkeztu diren eskabideen jarraikako aitortza prozeduraren arabera izapidetuko dira.
3.– Programa honen markoan ematen diren laguntzak fondo galdurako laguntzak izango dira.
3. artikulua.– Araudi aplikagarria.
1.– Urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
2.– Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
3.– Azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), diru-laguntzen arloan oinarrizko legedia dena.
4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
5.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen.
6.– Abenduaren 18ko Batzordeko (EB) Araudia, 1407/2013 zk., Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107 eta 108 artikuluak minimis-en laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE L 352/1).
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 200.000 eurokoak dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Laguntzen esleipena ordenan egingo da, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.
3.– Programara bideratutako diru-kopurua agortzen denean, programa amaitu egingo da, eta gertaera hori SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren nazioartekotze zuzendariaren ebazpen bidez jakinaraziko da, www.spri.eus/pilotu bere web-orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.
5. artikulua.– Enpresa onuradunak eta betebehar orokorrak.
Oinarri hauetan xedatzen diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte:
– Izen soziala edo instalazio produktiboa Euskal Autonomia Erkidegoan duten mikroenpresak eta enpresa txikiak eta ertainak (ETE), beti ere, indarrean dagoen deialdia baino lehenago eratuak badira.
ETE definizioa, Batzordearen 651/2014 (EB) Araudiaren 1. eranskinean zehaztutakoaren arabera, aplikatzen da.
– Indarrean dagoen plan estrategikoa edo nazioartekotzekoa dutenak, eta nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartzeko finantzaketa behar dutenak. Programa horiek egiteko modu, metodologia edo proposamen berritzaileak probatzeko balio behar dute, eskala murrutzean burutuak, eta lortutako esperientziatik abiatuta, gero bolumen handiagoko proiektuetan errepika daitezkeenak.
– Eskatzaileak onuradunak izan ahal izango dira, beti ere, esperientzia pilotuaren helburu den proiektua garatzeko eskumena duen atzerriko erakunde publiko batekin sinatutako akordio bat badute. Atzerriko erakunde horrek proiektuaren martxan jartzea partzialki finantzatzeko aurrekontua ere izan behar du. Halaber, erakunde publikoa ez den beste erakunde batekin ere egin daiteke akordioa, aipatutako proiektua kudeatu dezan, eta irabazi asmoa duten erakundeak nahiz irabazi asmorik gabekoak izan daitezke.
6. artikulua.– Laguntzetatik kanpo geratzen diren enpresak.
1.– Oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun izatetik kanpo geratzen dira azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusi diren egoeretakoren bat betetzen duten pertsonak edo enpresak, hau da, egiteko dagoen berreskuratze agindu bati lotuta daudenak, Europar Batasuneko Batzordeak aldez aurretik hala erabaki ostean, laguntza bat merkatu bateratuarekin ez-bateragarria ata legez kanpokoa dela esan duenean, baita krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).
2.– Zehapena ezarrita dutenak, zigor edo administrazio arlokoa, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta, edo horiek lortzeko desgaitu egiten dituen legezko debekua dutenak, sexu-diskriminazioagatik gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenean xedatutakoaren arabera.
3.– Kanpoan geratzen dira honako egoera hauetan dauden enpresak:
– Orotara 200.000 eurotik gorako minimis diru-laguntza jaso duten enpresak, indarrean dagoen jardunaldi fiskaleko eta aurreko ekitaldi bietako epealdian zehar kontabilizatuta.
– Laguntzak berreskuratzeko burutu gabe dagoen agindu baten mende dauden enpresak, laguntza bat legez kanpoko eta barneko merkatuarekiko bateraezina deklaratu duen Europako Batzordearen aurretiazko erabakiaren ondoren.
1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan eta 38/2003 Legearen 13. artikuluan onuradun izaera lortu ezin dela zehazten duten suposizioetan, eta horiekin lotuta, bereziki:
• Zerga-betebeharrak eta Seguritate Sozialeko Diruzaintza Orokorrarekikoak eta/edo erakunde laguntzaileekikoak egunean ez izatea, baita Eusko Jaurlaritzarekin dituen betebeharrekikoak, eta, halaber, zor muga-eguneratuak, erreklamatuak eta ez-ordainduak ez izatea SPRI Taldeko ezein enpresarekin.
• Egiteko izatea edozein Administrazioko edo bere sektore publikoetako edozein erakundeko aurrekontu publikoetatik datozen laguntzei edo diru-laguntzei dagozkien kopuruen itzulketa betebeharrak. Halaber, ez dute deialdi honetan parte hartzerik zehapen-prozedura batean zehapen irmoa jaso dutenek, prozedura horren jatorria, edo mota honetako programetan parte hartzea eragozten duen beste edozein, beti ere, zehapen hori betetzeko epealdian sartuta badaude. Enpresa mota horretako itzulketa edo zehapen prozeduraren batean sartuta badago, laguntza ematea edo ordaintzea, zehapen-prozesu horren emaitzara baldintzatuta geratuko da.
• Kaudimengabe deklarazioa jaso badute prozeduraren batean, konkurtso deklarazioa eskatu izana, konkurtsoan deklaratuak egotea, esku-hartze judizialari lotuta izatea edo inhabilitatuak izan badira Konkurtso Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio epaian zehaztu den inhabilitazio epealdia amaitu barik.
– Ez enpresa, ez bere legezko ordezkariak ezin dute epai irmoren bidezko kondenarik izan lan osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo irmo zehatuak arau-hauste administratibo oso larria egin izanagatik aipatutako arloan, deialdi honen datatik atzerako 5 urteko epealdian.
– Lehiaren jokoa eragotzi, murriztu edo faltsutu dezaketen praktikak burutzen dituela egiaztatu badu eskudun agintaritzak.
– Armagintza ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen jardunez gero, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoaren arabera.
4.– Onuraduna izan ahal izateko baldintzak diru-laguntzaren indarraldi osoan iraun beharko du.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Laguntza emateko ebazpenaren hurrengo hamabi hilabeteetan burututako ekintzak izango dira lagunduak. Edozein kasutan, diruz lagunduak izan daitezkeen ekintzei 2019ko abenduaren 31 baino lehen eman behar zaie hasiera.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izango dira, zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak eta behar-beharrezkoak direnak. Ezein kasutan diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa kostua ezin daiteke izan merkatuaren balioaren gainetikoa, eta, edozein kasutan ere, azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. Era berean, diruz lagundu daitezkeen gastuak azpikontratatuak izan litezke, % 50eko goreneko mugaraino.
3.– Laguntza jaso dezaketen gastuak proiektuaren diseinuarekin, inplementazioarekin eta emaitzak lortu eta aztertzearekin zerikusia dutenak izango dira, proiektu hori errepikatu nahi balitz erabiltzeko.
4.– Ez dira diruz lagunduko prezio publikoei lotutako erakunde publikoek fakturatutako zerbitzuak.
8. artikulua.– Laguntza eskaera.
Ez dago mugarik aurkez daitekeen eskaera kopuruan.
Eskaera bakoitza eta bertan sartutako gastu guztiak proiektu bakarrera bideratu beharko dira.
9. artikulua.– Diru-laguntzen mugak eta kopuruak.
1.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra garatzeko jaso dezake laguntza, hala ere, ez da mugarik ezarri proiektu bakoitzeko aurkez daitekeen eskaera kopuruan.
2.– Diruz lagundu beharreko proiektuaren kostu totala ezin daiteke 250.000 eurotik gorakoa izan eta proiektu hori garatzeko eskumenak dituen atzerriko erakunde publikoak, proiektu horren kostuaren, gutxienez, % 49ko ekarpena egin beharko du.
Onuradun enpresei emandako laguntzek honako muga hauek izango dituzte: proiektuaren kostuaren % 51 arte eta 50.000 euro da gehieneko muga.
10. artikulua.– Konkurrentzia beste laguntza batzuekin.
1.– Diru-laguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek, beste Administrazio Publiko batzuek edo erakunde pribatuek kontzeptu bererako helmuga herrialde berean emandako beste edozein laguntzarekin.
Diruz lagundutako kontzeptua berbera balitz, enpresa onuradunek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntza horien berri emateko derrigortasuna izango dute.
2.– Aurrekoaren kalterik gabe, aplikagarria izango da minimis-en diru-laguntzen metatzen erregimena, laguntza hauei edo ondorio horietarako Europako Batasunean sortutako beste zuzentarau edo xedapen batzuei buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian xedatutakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Eskaera aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu diren egunaren hurrengo egunean hasiko da eta 2019ko urriaren 31ko 12:00etan amaituko da, edo erabilgarri dauden funtsak amaitzen direnean, 3. artikuluan adierazitakoaren arabera.
2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpena eta laguntza-deialdi honetan inplikatutako gainerako kudeaketak baliabide elektronikoz egingo dira, Administrazio Publikoen Ohiko Prozedura Administratiboari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Bide elektronikoz tramitazioari buruzko xehetasunak, baita esakerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak ere Interneteko www.spri.eus/pilotu helbide honetan beteko dira.
4.– Eskaerak, beteta dagoenean, eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortuaz gain, jarraian datorren artikuluan zehaztuko den dokumentazio-euskarria ere ekarriko du atxikita.
5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak bide elektronikoz egingo dira, www.spri.eus/pilotu helbide honen bitartez.
6.– Laguntza-eskaera, exijitutako dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako ekintzetan eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarriko Legean xedatutakoaren arabera.
7.– Diru-laguntza eskaeraren aurkezpenak eskatzailearen honako baimena dakar, organo emaileak zuzen lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu behar du, eskatzen zaion beste bider.
12. artikulua.– Eskaeren edukia.
1.– Enpresa eskatzaileek honako eduki hauek bete beharko dituzte eskaera egiten dutenean:
a) Eskaera telematikoa behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen botere nahikoa duen legezko ordezkariak sinatuta. Aipatutako eskaera horretan erakundeari nahiz proiektuari buruzko datuak jasoko dira, horiek izango baitira proiektua egoki balioesteko oinarria.
b) Erakunde eskatzailearen eskrituraren kopia eta/edo ordezkaritza ahalordetzearena.
c) Eman den kontu korrontearen banku-titularitatearen ziurtagiria.
d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria.
e) ETE karakterizazioa: aurkeztu den Sozietateen gaineko Zergaren azken 200 formularioa, non egiaztatzen den eskatzailea ETE bat dela.
f) Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga-ekitaldian jasotako minimis laguntzak, Batzordearen (EB) 1407/2013 minimis laguntzei buruzko Araudiari lotuak.
g) Global Compact edo Pacto Mundial-aren bazkide dela dioen egiaztagiria.
h) Enpresa esportazio-partzuergo bateko, salmenta talde bateko, klusterren elkarte dinamizatzaile baten edo sektoreko elkarte baten kide den egiaztatzeko, edo lankidetza arloan nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen duen egiaztatzeko balio duen dokumentazio oro.
i) Plan estrategikoa edo nazioartekotze plana indarrean. Plan horretan honako alderdi hauek aztertu behar dira: negozio unitateari buruzko hausnarketa, lehiakideen azterketa, negozio unitatearen balioaren eskaintza, lehiakortasun abantailak, sarbideen azterketa, merkatu eta herrialdeen azterketa, nazioartekotze estrategia, merkatuen segmentazio azterketa, salmenta proiekzioak eta planaren koherentzia.
j) Diru laguntza eskatzen den proiektu pilotuari buruzko memoria xehea aurkeztuko da, eta horren erreplika egiteko aurreikuspena ere sartuko da.
k) Proiektu pilotuaren diseinuan parte hartzeko atzerriko erakunde publiko batekin edo erakunde kudeatzaile batekin sinatutako akordioa. Akordio horretan alderdi bien konpromisoa agertuko da proiektu hori burutzeko, finantzaketa-hitzarmena, aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza, proiektua errepikatzeko aurreikuspenak eta proiektua zuzen garatzeko egoki irizten zaien gai guztiak. Akordio hori ez balego, aurre-akordio bat dagoela zehazten duen erantzukizunpeko adierazpen batek ordezka dezake. Horretarako, 1. eranskina bete beharko da.
2.– Edozein kasutan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egoki deritzon beste dokumentazio eta/edo informazio osagarri eska diezaioke enpresa eskatzaileari, aurkeztu den eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko. Zehaztu nahi da, arau honetan berariaz adierazi ez dena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutako aplikatuko dela. Dokumentazio hori eskatzen zaionean zehazten zaion epean aurkeztu beharko du.
3.– Eskaera osorik beteta etorriko ez balitz, edo dokumentazio osagarria ekarriko ez balu, 10 eguneko epean gabezia bete dezala edo manuzko dokumentuak aurkez ditzala eskatuko zaio enpresari, eta horrela egingo ez balu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta erabaki horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.
13. artikulua.– Balioespen irizpideak.
Diru-laguntzak onuradunak izateko irizpideak bete dituzten ETE-ei emango zaizkie eta, beti ere, jarraian zehaztuko diren balioespen irizpideen arabera:
a) 1. Irizpidea: Plan Estrategikoa, 30 punturaino.
– Nazioartekotze euren estrategia lizitazio publikoetan parte hartzean oinarritzen duten enpresak, 30 puntu.
– Enpresaren estrategia beste bat bada, 25 puntu.
b) 2. Irizpidea: aurkeztu den proiektuaren konplexutasuna, 25 punturaino.
Inbertsioaren edo metodologiaren berrikuntza eta inguru geografikoari egokitzea, baita potentzial biderkatzailea edo gerora euskal enpresa batek ustiatzekoa:
– Kalifikazio altua, 25 puntu.
– Kalifikazio ertaina, 20 puntu.
c) 3. Irizpidea: proiektuaren errepikagarritasuna, 20 punturaino.
– Atzerriko erakunde publikoak proiektuak errepikagarritasun handia duela irizten dio, 20 puntu.
– Atzerriko erakunde publikoak proiektuak errepikagarritasun ertaina duela irizten dio, 15 puntu.
d) 4. Irizpidea: lankidetza, 10 punturaino.
– Enpresa eskatzailea klusterrak dinamizatzeko elkarte bateko, esportazio partzuergo bateko, salmenta talde bateko edo aliantza bateko kidea da, 10 puntu.
– Enpresa eskatzaileak lankidetzarako nazioarteko sustapen jardueretan hartzen du parte, 5 puntu.
e) 5. Irizpidea: gizarte erantzukizuna eta iraunkortasuna, 15 punturaino. Garapen Iraunkorraren helburuekiko konpromisoaren erakusgarri, erantzukizun iraunkorraren konpromisoa baloratuko da:
– Enpresa eskatzailea Global Compact-en edo Pacto Mundialaren bazkide da eta, gainera, txostena aurkeztu du 2 aldiz gutxienez, 15 puntu.
– Enpresa eskatzailea Global Compact-en edo Pacto Mundialaren bazkide da eta, gainera, txostena aurkeztu du behin batean gutxienez, 10 puntu.
– Enpresa eskatzailea Global Compact-en edo Pacto Mundialaren bazkide da, 5 puntu.
14. artikulua.– Laguntzak ematea.
1.– Espedienteak erabat osatuta egon ahala emango dira ebazpenak.
2.– Oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera balioetsiko dira eskaerak, 9. artikuluko 2. puntuan zehaztutako zenbatekoaren gainean kalkulatuko dira honako ehuneko hauek:
a) 50 eta 59 puntu arteko balioespena lortzen duten eskaerei, aurreko paragrafoan aurreikusitako laguntzen % 70 esleituko zaie, bertan ezarritako mugen arabera.
b) 60 eta 69 puntu arteko balioespena lortzen duten eskaerei, aurreko paragrafoan aurreikusitako laguntzen % 80 esleituko zaie, bertan ezarritako mugen arabera.
c) 70 eta 79 puntu arteko balioespena lortzen duten eskaerei, aurreko paragrafoan aurreikusitako laguntzen % 90 esleituko zaie, bertan ezarritako mugen arabera.
d) 79 puntutik gorako balioespena lortzen duten eskaerei, aurreko paragrafoan aurreikusitako laguntzen % 100 esleituko zaie, bertan ezarritako mugen arabera.
50 puntu lortzen ez duten proiektuak kanporatuta geratuko dira.
15. artikulua.– Diru-laguntzak emateko ebazpen prozedura.
1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) izendatutako langile teknikoek egingo dituzte, eta emaitzak txosten teknikoak izango dira. Aipatutako sozietate horrek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile jardungo du.
Dagozkion txosten teknikoek honako hauek jasoko dituzte: lortutako balorazioaren xehetasunak, onartutako proiektua, baita onartutako gastu hautagarriak ere.
Edozein kasutan, txostena zuzen ebaluatzeko beharrezko irizten zaion kasuetan, banakako elkarrizketa bat eska dezake Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) proiektuan zerikusia duten erakunde eskatzaileekin.
2.– Laguntza-eskaeren ebaluazioa eta ebazpena espedientea osatuta dagoen unearen arabera egingo da.
3.– Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) dagozkien txostenetan oinarritutako proposamenen aurrean, SPRIren nazioartekotze zuzendariak ebatziko ditu laguntzak, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
4.– Ebazpen epea. Ebazpenerako eta jakinarazpenerako sei hilabeteko gehieneko epea ezarri da, dokumentazio osoa aurkeztu den datatik aurrera. Epealdi horretan ebazpenik ez balego, baiespen-ebazpena dela ulertuko da.
5.– Jende orok izan dezan eman diren laguntzen berri, SPRIren web-orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
1.– Diru-laguntzaren abonua nazioarteko inbertsio publikoaren proiektu pilotuaren diseinua egin eta garatu dela egiaztatzea ahalbidetuko duen dokumentazio egiaztatzailea, baliabide elektronikoz, aurkeztu ostean egingo da.
2.– Justifikazio-dokumentazioa erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da, baliabide telematikoz, proiektua amaitu ostean eta amaitu eta data horretatik bi hilabeteko epea bete arte aurkez daiteke, eta honako hau izango da:
– Proiektua egin izanaren memoria, diseinuarena eta garapenarena, baita zalantza barik diruz lagundutako proiektuari dagozkion jarduera guztiena ere.
– Burututako jarduera guztien eta lortutako emaitzen zerrenda zehatza.
– Obra /Proiektuaren jasotze-akta, proiektuaren kolaboratzaile den atzerriko erakunde publikoak luzatua.
3.– Ez da diru-laguntzaren ordainketarik egin ahal izango, erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharren ordainketak eta Seguritate Sozialaren aurrekoak, edo zorduna bada, itzulketa jatorriaren ebazpenagatik.
4.– Organo kudeatzaileak edozein unetan eska dezake beharrezko irizten dion beste dokumentazio eta informazio osagarri, enpresa onuradunak aurkeztutako dokumentazioa eta datuen egiazkotasuna ziurtatzeko helburuz.
17. artikulua.– Laguntza eta/edo Likidazio eskaeren zuzenketa.
1.– Laguntza eta/edo Likidazio eskaera osorik beteta etorriko ez balitz edo exijitu den gainerako dokumentazioa faltako balitz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eskaera helaraziko dio erakundearen legezko ordezkariari, 10 laneguneko gehieneko epean, falta zuzen dezan edo manuzko dokumentuak aurkez ditzan.
2.– Epe hori igarota, erakunde onuradunak falta zena zuzendu ez badu, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak espedientea ebatzi dezake, eta ebazpen horren berri emango dio erakunde eskatzaileari.
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira, Diru-laguntzen Lege Orokorrean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan zehaztutakoak, horrek onartu baitzuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta bereziki:
1.– Emandako laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den datatik aurrera hamabost eguneko epealdian, erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio laguntza horri, onartua izan dela ulertuko da.
2.– Eman den laguntza, eskatua izan den jarduera-plana gauzatzeko erabiltzea.
3.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egoki irizten dion dokumentazio gehigarria eska dezakeela onartzea, baita Basque Trade & Investment Nazioartekotze Euskal Agentziak, bere erakunde kolaboratzaileak, izendatutako langileek, edozein unetan, onuradunaren edozein instalaziotan, beharrezko eta egoki irizten dien beste konprobatze eta egiaztapen egin ahal izatea ere, emandako laguntza jaso duen proiektua burutu dela eta exijitutako eskakizunak bete direla egiaztatzeko helburuz.
4.– Fakturak bere osotasunean gordetzea eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura izatea bost urteko epealdian, gastu hautagarriak egin diren unetik aurrera kontatzen hasita.
5.– Laguntzen erabilera fiskalizatzeko dituzten eginkizunak egikaritzean eskatu duten informazioa helaraztea Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskudunak diren beste kontrol erakunde nazional nahiz komunitario batzuei.
6.– Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotze Euskal Agentzia), SPRIren sozietate filialari, berehala jakinaraztea hemen araututako laguntzen helburu bererako edo antzekorako beste edozein administraziori eskatu zaizkion diru-laguntzak edo beste administrazio batek emandako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.
7.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari jakinaraztea, laguntza emateko aintzat hartu den edozein egoeratan aldaketarik gertatu bada.
8.– Programa honen bitartez eman den diru-laguntzaren jatorriari publizitate egokia ematea.
9.– Lengoaiaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua burutzen den bitartean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak Programa honetan ezarritako eskakizunen bat edo aplikagarria den arauren bat beteko ez balu, edo, kasuaren arabera, laguntza emateko ebazpenean ezartzen den baldintzaren bat beteko ez balu, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko lioke une horretara arte jaso duen laguntzaren zenbatekoa, gehi dagozkion legezko interesak. Beharrezkoa balitz, itzulketa lortzeko dagokion legezko ekintzak egikarituko lirateke.
2.– Ez-betetze arrazoien artean, onartutako aurrekontuaren gaineko % 25etik gorako desbideraketak lirateke, salbu eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren iritziz desbideraketa hori salbuespena dela nahiko justifikatua izan txosten tekniko baten bidez.
3.– Bereziki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du edo, kasuaren arabera, jaso dituen kopuruak itzuli beharko ditu honako kasu hauetan:
a) Laguntza lortuko balu Programa honetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak bete gabe, edo laguntza eman denean ezarritakoak bete gabe.
b) Programa honetan edo laguntza eman denean ezarritako kontrol neurriei uko egitea edo eragoztea.
c) Gastu hautagarriak dagokien epean ez justifikatzea edo Programa honetan edo laguntza ebatzi denean exijitutako eskakizunak ez-betetzea.
d) Diruz lagundutako jarduera burutzeko epeak gainditzea, aldaketa-baimenik edo luzapenik lortu ez bada.
e) Proiektutik egin den beste edozein desbideraketa edo laguntza eman deneko ebazpenean xedatu den beste edozein betebehar ez betetzea.
4.– Erakunde onuradunak Agindu honetan, Diru-laguntzen Orokorra den azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan, eta hurrengoetan, eta aplikagarriak diren gainerako arauetan, ezarritako baldintzaren bat beteko ez balu, baita, bere kasuan, emakida-ebazpenean ezarritako baldintzak beteko ez balitu ere, organo eskudunak ez-betetze-txostena egingo du, txosten horretan interesatuak ere bere ekarpena egiteko aukera izango du, eta gero, administrazio-ebazpenaren bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidearen galera deklaratuko du eta, kasuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bi hilabeteko epean, jasotako diru-laguntzen printzipala itzultzeko betebeharra, baita dagozkion berandutze-interesak ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritako terminoen arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
5.– Programaren bidez laguntza jaso duen jardueraren kostutik gorako laguntza zatia ere itzuli beharko da, beste laguntza batzuen metaketa dela eta 9. artikuluan araututako gainfinantzaketa gertatu bada, laguntza kobratu eta gero. Balizko honetan itzuli beharreko kopurua, gertaera hori aitortu edo itzulketa erabakitzen duen ebazpenean zehaztuko da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Aurreko deialdi batean ezarritakoaren arabera izapidetzen ari diren espedienteak, hartan xedatutakoaren arabera eraentzen jarraituko dute, behin betiko amaitu arte.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera, eskatu den diru-laguntzen espedientea kudeatzeko lortzen diren datu pertsonalak, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIren helburua betetzeko interes legitimoa da, bere sortze-legea eta garapen araudiari jarraiki.
Aipatutako informazio hori enpresa laguntzaileei helarazi dakieke, eta arlo horretan eskuduna den Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei ere bai (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).
Interesdun guztiek datuen babeserako araudiak ematen dizkien eskubideak baliatu ahal izango dituzte SPRIren aurrean, horretarako idatziz zuzenduko zaizkio SPRIri, honako helbide honen bidez lopd@spri.eus
SPRIn Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsultatzeko, www.spri.eus/privacidad webgunean dagoen Pribatutasun Politikara jo dezakezue.
Datuen babesa eskatu behar izanez gero, kontrol-agintea Datuen Babeserako Espainiako Agentzia dela jakinarazten da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri haiei buruz hartutako erabakiek izaera administratiboa dute eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auziei dagokiena da.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu diren egunaren hurrengo egunean sartuko dira indarrean.