EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019127

AGINDUA, 2019ko ekainaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira, 2019ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako babes-laguntzak.

Xedapenaren data: 2019-06-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201903318
Maila: Agindua
Klusterren antolakunde dinamizatzaileek klusterreko kideen arteko lankidetza sustatzen lan egiten dute, bereziki, berrikuntza-sistemako eragileen eta enpresa txiki eta ertainen artekoa, balio-kate globaletan txertatzea bultzatuz.
Gure ekonomiako ardatz nagusia diren arren, enpresa txiki eta ertainentzat zaila da beren kabuz erronka globalei aurre egitea, dimentsio falta dute eta. Lankidetza ezinbestekoa da enpresa txiki eta ertain askoren bideragarritasunerako, eta klusterren antolakunde dinamizatzaileek lankidetza hori laguntzea dute helburu. Gainera, kluster indartsuek talentua eta inbertsioa erakartzen dute lurraldera, ezagutza eta berariazko gaitasunak sortzeak, garatzeak eta kontzentratzeak dakarten eraginari esker.
Klusterren antolakunde dinamizatzaileek lurralde- eta produkzio-eremu jakin batean jarduten dute. Gainera, beren kideei lehiakortasun-informazioa eta -inteligentzia ematen dizkiete eta ETEen arteko interes-taldeei hasiera ematen diete, berrikuntzako, teknologiako, I+Gko, nazioartekotzeko eta abarreko alorretan erronka komunak identifikatzeko. Horrez gain, laguntza ematen diete eragileei, helburu estrategiko komunak zehazteko eta erronka horiei ekitearren lankidetza-proiektuak ezartzeko.
Klusterren antolakunde dinamizatzaileak, orokorrean, dimentsio txikikoak dira. Horregatik, barne hartzen dituzten ETEek bezala, antolakunde dinamizatzaileek ere indartu egin behar dute, elkarrekin eta antzeko beste erakunde batzuekin elkarlanean jardunez. Gainera, klusterra osatzen duten beste erakunde batzuekin elkartu behar dira, edo konbergentzia- eta sendotze-prozesuak gauzatu behar dituzte. Hazteko eta finkatzeko helburuarekin, baliabide eta gaitasun gehiagoz hornitu behar dute, klusterren antolakunde dinamizatzaileen eginkizunari eraginkortasunez erantzuteko, eta ordezkatzen duten klusterraren erronka lehiakorrei eta globalei aurre eginez.
Lehiakortasunari eta hazkundeari dagozkien Europako estrategiak aitortzen du klusterrak funtsezkoak direla RIS3 estrategiak (espezializazio adimenduneko estrategiak) xedatzeko orduan. Gainera, bere sendotasunaren gainean eraikitzen du, berrikuntzarako taldearen eta banakoen ahaleginek arreta jarri behar duten lehentasun-arloak identifikatzeko.
Euskadiko RIS3rako lehentasuna duten arloen artean energia, manufaktura aurreratua eta biozientziak daude. Horretaz aparte, RIS3ak zenbait eremutan (gaur egun oso ondo beteta ez dauden edo arreta egokia jasotzen ez duten zenbait eremutan) aprobetxa daitezkeen sinergiak nabarmentzen ditu. Eremu horietarako balio-kate berriak sortzea beharrezkoa litzateke agian. Eremu berri horiek izan ditzaketen aukera berri horiek ustiatzeko, beharrezkoa da klusterren arteko lankidetzari heltzea. Horrek ez du esan nahi intrakluster-lankidetzan egin behar den lana alde batera utzi behar denik.
Euskadiko enpresa eta klusterrek aurre egin behar dieten erronka globalei erantzuna emateko, ekonomian industriaren pisua areagotzeko, maila teknologikoa eta enpresen nazioartekotzea handitzeko, ETEena bereziki, Eusko Jaurlaritzak, eragile ekonomikoekin lankidetzan, beharrezkoak diren zuzentarau eta tresnak garatu ditu (EAEko Klusterren Mapa, RIS3 Espezializazio Estrategia, 2017-2020 Industrializazio Plana, edo horiek ordezkatu edo eskumen-alorretan esanguratsuak diren gainerako Plan eta Estrategiak).
Laguntzei buruzko Agindu hori kontuan hartzen da Dirulaguntzei buruzko Plan Estrategikoan. Plan hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak 2019ko martxoaren 6ko Aginduaren bidez onartu zuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.
Jarraibide horiekin bat eginez, Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Arauemaileei buruzko Legearen IV. eta IV. tituluetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bategina, eta aurreko Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera, eta berrikuntzari eta lehiakortasunari laguntzeko programen eta politiken bidez, Eusko Jaurlaritzak jaso duen esperientzian oinarrituta, Europako estrategien eta Europako Batzordeak 2014ko ekainaren 17ko batzordean egindako 651/2014 araudian ezarritakoaren ildotik, EBaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko (hemendik aurrera, salbuespen-araudia) 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko EBAOn, L 187 seriean, argitaratu zen), enpresa-elkarte berritzaileentzako laguntzei dagokienez (27. artikuluan deskribatzen den bezala), arautu da eta 2018rako laguntzen deialdia egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako laguntza-programa batean.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako laguntzak arautzea eta haien deialdia egitea, 2019ko ekitaldirako, dirulaguntzen bitartez, ETEen eta, orokorrean, euskal ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko.
2.– Klusterraren antolakunde dinamizatzaile bat irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, nortasun juridiko propioa duena, edo erakunde-elkarte bat, klusterraren, eta bereziki ETEen lehiakortasuna hobetzea xede duena, lankidetzaren bitartez. Enpresa bultzatzaileak, ETEak, eragile zientifiko-teknologikoak eta ikastetxeak eta prestakuntza-zentroak biltzen ditu.
Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak erronka komunak identifikatzen lagundu behar du eta klusterreko kideen baterako jarduketak sustatu behar ditu nazioartekotzeko eremu estrategikoetan, berrikuntza teknologikoaren eta enpresa-berrikuntzaren alorretan, eta RIS3 estrategiaren espezializazio-lehentasunekin eta/edo aukera-nitxoekin bat etorriz, interes-talde desberdinen premiak kontuan hartuta eta Eusko Jaurlaritzaren politikek eskatzen dutenari erantzunez.
3.– Agindu honen ondorioetarako, honako hau hartzen da klustertzat: erakundeen, hala nola enpresak (handiak, ertainak eta txikiak), eragile zientifiko-teknologikoen, ikastetxeen eta prestakuntza-zentroen, erakunde publikoen eta haien elkarteen multzo bat, hurbileko eremu geografiko batetik jardunda elkarrekin erlazionatuta daudenak balio-kate bateko edo produkzio-eremu bateko eta zerbitzu-eremu bateko kide direlako, antzeko ezagutzak edo teknologiak dituztelako, azken merkatu berera edo merkatuko segmentu berera bideratuta daudelako eta abar.
4.– Deialdi honen xede diren laguntzei Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua (EB) aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratua, 2014ko ekainaren 26an); horren arabera zenbait laguntza-kategoria bateragarri jotzen dira barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, Itunaren 27. artikuluan sartuta daudelako eta aipatutako Erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan ezarritakoa bete beharko dute (aurrerantzean, kategorien araberako salbuespen-erregelamendu orokorra).
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta ondoren aipatuko diren baldintzak betetzen dituzten klusterren antolakunde dinamizatzaileek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Baldintzak honako hauek dira:
a) Klusterraren zenbait urtetarako Plan Estrategiko (KPE) bat izatea, «Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidari» jarraikiz (www.euskadi.eus web-orrian dago argitaratuta).
b) Klusterraren urteko Jarduketa Plan (KJP) bat izatea, Plan Estrategikoa garatuko duena.
c) Behar besteko masa kritikoa. Antolakunde dinamizatzailera atxikitako enpresen kopuruak 30etik gorakoa izan behar du, eta atxikitako enpresen fakturazio osoak Euskal Autonomia Erkidegoko BPGd-ren % 1etik beherakoa.
d) Enpresa txikiek eta ertainek parte hartzea. Enpresa eta erakunde kideen gutxienez % 60 enpresa txikiak eta ertainak izatea. Enpresa txiki eta ertaintzat hartzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:
– 250 langile baino gutxiago izatea.
– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.
e) Klusterraren antolakunde dinamizatzaileko kideen artean klusterra osatzen duten erakunde mota guztietako ordezkaritza orekatua izatea.
f) Klusterraren erakunde dinamizatzailearen jardueraren lurralde-irismena gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.
g) Antolakunde dinamizatzaileak lankidetzaren sustapen-jarduera Eusko Jaurlaritzaren planekin eta estrategiekin lerrokatuta gara dezala (EAEko Klusterren Mapa, RIS3 Espezializazio Estrategia, 2017-2020 Industrializazio Plana edo haiek ordezkatzen dituztenak eta hainbat eskumen-eremutan garrantzitsuak diren beste plan eta estrategia batzuk).
h) Antolakunde dinamizatzaileak lanaldi osoko kudeatzaile bat izatea eta langile kualifikatuz osatutako talde bat izatea, bat datorrena bildutako enpresa kopuruarekin eta dinamizatzea proposatzen diren jarduketekin.
i) Antolakunde dinamizatzailea erakunde elkarte bat bada, bakoitzaren kopuruak hartuko dira kontuan artikulu honetan aipatzen diren baldintzak betetzeko.
2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaile onuraduna erakunde elkarte bat denean, eskaera egin duenak izango du liderraren izaera ekintzak gauzatzeko orduan. Hark gauzatuko du, halaber, erakunde guztien ordezkaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin gauzatu beharreko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiez arduratzeko helburuarekin. Horrenbestez, eskaeran eta emakidaren ebazpenean berariaz adierazi beharko dira elkarteko kide bakoitzak bereganatu dituen konpromisoak eta horietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren kopurua (horiek ere onuradun gisa hartuko dira). Horrez gain, elkarteko ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko dute, eta hark behar adina botere izango du, onuradun gisa, elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 39. eta 65. artikuluetan aurreikusten den epea baino lehen ez desegiteko.
Klusterren antolakunde dinamizatzaileek eta antolakunde dinamizatzailea osatzen duten gainerako erakundeek itzultze-obligazioak bete beharko dituzte hala badagokio, Dirulaguntzei buruzko Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.
4.– Dirulaguntzen onuradun izateko, erakunde eskatzaileak ez du eduki behar zehapen penal edo administratiborik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekurik ere, barne hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak.
5.– Ezingo dute onuradun izan laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende dauden entitateak, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo baldin badu; halaber, ezingo dute onuradun izan krisialdian dauden enpresak, hala baitago ezarrita krisian dauden eta finantzarioak ez diren enpresen salbamendu eta berregituraketarako estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan.
6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo dira dirulaguntzen onuradunak. Era berean, ezingo dira izan onuradunak aipatutako Legearen 13. artikuluan jasotzen den zirkunstantziaren batean dauden erakundeak.
7.– Onuradun izateko izaera dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Badago aurrekontu nahikorik Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera (2019ko ekitaldirako aurreko urteko aurrekontuak luzatu ziren), eta Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak IX. tituluan aurrekontuen luzapen-araubidearen gainean ezarritakoarekin bat etorriz honako laguntza honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka; horrela, bada, 1. artikuluaren xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak 2.968.000,00 eurokoak izango dira.
2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.
4. artikulua.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen jarduerak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartzen dira klusterren antolakunde dinamizatzaileek lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten dituztenak, eta inbertsioa eskabidea aurkezten duten egunaren ondoren hasten dutenak.
Dena den, deialdia argitaratu aurretik eta/edo eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren ekintzak kontuan izango dira, baldin eta eskatzaileak, ekintzak hasi aurretik, idazkiaren bidez, laguntzaren aurre-eskabide bat aurkeztu badu. Aurre-eskabide horretan, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespen Erregelamendu Orokorraren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako informazio hau azalduko da: klusterraren antolakunde dinamizatzailearen izena, egingo diren ekintzak deskribatzen dituen urteko jarduketa-plana (planaren hasiera- eta amaiera-datak barne), ekintzen kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza mota eta ekintzak egiteko beharrezkoa izango den finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 9. eta 10. artikuluetan adierazten dena kontuan hartuta.
2.– Klusterraren Plan Estrategikoa garatzeko jarduketek jaso ahal izango dute laguntza; ekintza horiek klusterraren antolakunde dinamizatzailearen Klusterraren urteko Jarduketa Planean (KJP) azaldu beharko dute, eta bat egin behar dute Eusko Jaurlaritzaren industria- eta teknologia-estrategiarekin eta ondoren azalduko diren jarduketa estrategikoko eta tipologiako eremuetan kokatuta egon behar dute. Eremu horien xehetasunak agindu honen I. eranskinean deskribatzen dira:
– Jarduketa estrategikoko eremuak:
• Nazioartekotzea.
• Berrikuntza teknologikoa.
• Enpresa-berrikuntza.
• Beharrezkoak diren beste jarduketa batzuk, erronka estrategiko komunei ekiteko, lehiakortasun globala hobetzearren.
– Jarduketen tipologiak:
• Elkartutako erakundeei eta klusterreko kideei emandako zerbitzuak.
• Estrategia, teknologia-zaintza eta lehiakortasun-inteligentzia.
• Lankidetzaren dinamizazioa, erronka komunak identifikatuz, sinergiak aztertuz eta lantaldeak hasiz klusterreko kideen artean edo beste kluster batzuekin lankidetzan jardunda proiektuak eratzeko.
• Parte hartzea eta enpresei lankidetza-proiektuetan laguntzea.
5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.
Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak izango dira: klusterren antolakunde dinamizatzaileek aurreko artikuluan aipatzen diren ekintzak garatzeko ordaindu beharko dituztenak, barnekoak (soldatak eta egiturako ohiko gastuak) zein kanpokoak (azterketak edo bestelako zerbitzuak azpikontratatzea).
1.– Barneko gastuak.
a) Klusterraren antolakunde dinamizatzaileko langileen gastuak, aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak direnak, eta soldatak nahiz gizarte-segurantza aintzat hartuko dira. Langileei dagozkien gastuak benetako zenbatekoaren arabera xedatuko dira, eta, hala balegokio, justifikatuko dira. Aintzat hartuko da benetako urteko lanaldia, dagokion ordutegi-tasa kalkulatzeko. Diruz lagundu daitekeen banakako soldata-gastua ezin izango da 2019ko ekitaldian indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Sailburuordetzako titular baten ordainsaria baino handiagoa.
b) Klusterraren antolakunde dinamizatzailearen egitura mantentzeko gastuak (alokairua, telefonoa, argia eta abar), Euskal Autonomia Erkidego barruan egindako bidaiak eta barne-kudeaketako eta gobernu-organoetako gastuak (asanbladak, zuzendaritza-batzordeak eta abar). Azken horiek langileen gastuen ehuneko gisa kalkulatuko dira, eta ez da beharrezkoa izango dokumentuaren bidez egiaztatzea. Ehuneko hori % 15 da.
2.– Kanpoko gastuak. Aurkeztutako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak emateko, kontsultoretzetako, nazioartean laguntzeko ekintzetarako eta abarretako kontratazio-gastuak eskatu ahal izango dira.
3.– Ez dira onartuko Administrazio instituzionaleko edo sektore publikoko erakundeek egindako fakturak.
4.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzen badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duena) 68. artikuluan xedatutakoa beteko da. Onuradun batek azpikontratatu egin duela ulertuko da hirugarren batzuekin hitzartu duenean dirulaguntzaren xede den jarduera guztia edo haren zati bat haiek egitea. Kontzeptu horretatik kanpo geratu da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuak egikaritzea.
Proiektuaren zati bat azpikontratatu egiten denean, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.
Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.
Azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.
Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak ez betetzeko.
Kontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta hark hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.
Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, beste horrek ere dirulaguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.
Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeekin.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.
c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
d) Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:
1) Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.
2) Aldez aurretik erakunde emailearen baimena lortzea oinarri arautzaileetan finkatutako baldintzetan.
e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.
5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean txikizkako kontratuetarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada izan ezik.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (inbertsioak justifikatzeko fasean edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia eta ekonomiako irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
6. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli ezingo diren dirulaguntzak dira eta honako ehuneko hauek dituzte:
a) Elkartutako erakundeei eta klusterreko kideei emandako zerbitzuak: onartutako gastuen % 40 gehienez ere.
b) Estrategia, teknologia-zaintza eta lehiakortasun-inteligentzia: onartutako gastuen % 50 gehienez ere.
c) Lankidetzaren dinamizazioa: onartutako gastuen % 50 gehienez ere.
d) Proiektuetan parte hartzea: onartutako gastuen % 40 gehienez ere.
2.– Kanpoko gastuek honako laguntza-muga hauek dituzte:
a) Zuzeneko merkataritza-misioak: 2. eranskinaren arabera helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50 gehienez ere.
b) Alderantzizko merkataritza-misioak: misioa behar bezala garatzeko beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere. Misioko kideen bidaiak, egonaldiak eta mantenuak eragindako gastuetarako, laguntzaren gehieneko muga pertsona bakoitzeko honako hau da: jatorrizko herrialdeari buruzko bidaia-poltsaren zenbatekoa, 2. eranskinaren araberakoa.
c) Atzerriko azokak: 2. eranskinaren arabera helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren eta standak eta dekorazioak eragindako gastuen % 50 gehienez ere.
d) Nazioarteko sustapen- eta hedapen-elementuak: proiektu bakoitzaren zenbatekoaren % 50 gehienez ere.
e) Klusterrarekin komunikazio-jarduerak (webguneak, buletinak eta abar), sustapena eta bazkideak erakartzea: beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere, 6.000,00 euroko mugarekin urteko eskabide bakoitzeko.
f) Jardunaldiak, mintegiak eta ekitaldiak: beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere, 8.000,00 euroko mugarekin urteko eskabide bakoitzeko.
Laguntza-zerbitzuei eta nazioartekotze-jarduketei dagozkien kanpoko gastuen kasuan –a), b), c) eta d) apartatuetan deskribatzen dira–, 50.000,00 euroko dirulaguntza emango da gehienez ere, banaka egingo diren azoka, misio edo jarduketa bakoitzerako, eta 180.000,00 euro urteko eskabidean aurkeztutako jarduketa guztietarako.
3.– Klusterraren urteko Jarduketa Planaren barnean egingo diren jarduketa guztietarako, onuradun bakar batek ere ez ditu 450.000,00 euro baino gehiago jasoko.
7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere guztira jasotako dirulaguntzek onartutako gastu guztien % 60 gainditzen ez badute. Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko eta eskabideak aurkezteko epea.
1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira dirulaguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira prozedura bakar batean.
2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da, eta 2019ko abuztuaren 14ko 12:00etan bukatuko da.
9. artikulua.– Eskabideak.
1.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek, agindu honetan ezarritakoaren arabera, aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte, eskabide bat aurkeztu beharko dute baliabide elektronikoen bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Laguntzak emateko deialdi honetan sartzen diren eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bitartez egingo dira. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak www.euskadi.eus Interneteko helbidean beteko dira.
3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura aitortua daramala, eta hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.
4.– Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus
5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.
6.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren.
7.– Dirulaguntzarako eskabiderik aurkezten bada, klusterraren antolakunde dinamizatzaile eskatzaileak edo, elkartean jarduten badu, partaideak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, berariaz ukatu ahal izango da baimen hori, eta, halakorik gertatzen bada, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.
10. artikulua.– Eskabideen edukia.
1.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte klusterren antolakunde dinamizatzaileek:
a) Klusterraren Plan Estrategikoa (KPE). Plan horretan, erronka komunak identifikatuko dira, erantzunak lankidetzatik planteatzen zaizkienak alegia. Klusterraren Plan Estrategikoa Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidako adierazpenei jarraikiz egingo da, eta behar bezala islatuko da zer posizionamendu edo jarrera duen elkarteak Eusko Jaurlaritzaren industria-estrategian ezarritako lehentasunen aurrean (Industrializazio Plana 2017-2020, RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia, edo eragiten dietenak).
b) Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP), aurreko puntuan deskribatutako KPEtik eratorria. Bertan, 2019ko ekitaldirako aurreikusi diren jarduketak xedatuko dira eta aurrekontua jasoko da, ekintzen, gastuen eta finantzaketa-iturrien banakapenarekin, eta ekintza horietan lanean diharduten langileen zerrenda.
c) Aurreikusitako finantza-egoerak eta ikuskatutako azkenak.
d) Parametro sozioekonomikoen egiaztagiria, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialeko (KAEO) auditore batek egina, klusterraren antolakunde dinamizatzailera bildutako enpresak enpresa txiki eta ertainak direla egiaztatzeko. Egiaztagiri horretan ondorengoa zehaztuko da:
– Atxikita dauden eta elkartze-kuota ordaintzen duten zuzenbide osoko erakundeen kopurua; horietatik EAEkoak eta ETEak zenbat diren adierazi beharko da, agindu honen 2.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
– Elkartze-kuotengatiko diru-sarrerak.
– Jarduketa Planari egindako ekarpenengatiko diru-sarrerak.
e) Identifikazio Fiskaleko Txartela.
f) Eskatzailearen ordezkari-ahalmena. Elkarteen kasuan, izendatu behar da taldearen ordezkari edo ahaldun bat, nahiko ahal duena taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko.
g) Eskritura edo eratze-akta eta ondorengo aldaketak eta inskripzioa dagozkion erregistroetan.
h) Sozietateen gaineko zergaren azken aitorpena.
i) Antolakunde dinamizatzaileak barne hartzen dituen enpresen eta klusterreko kideen zerrenda, horien parametro sozioekonomikoei buruzko informazioa barne (enplegua, fakturazioa, esportazio-ehunekoak, I+G eta abar). Proposatutako antolakunde dinamizatzailea erakunde-elkarte bat bada, horien premia justifikatu beharko da, eta Klusterraren Plan Estrategikoan sinergiak nola aprobetxatzen diren azaldu beharko da, baita kideak elkarrekin nola osatzen diren ere, Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) gauzatzeko. Era berean, kideek horietako bat izendatuko dute antolakunde koordinatzaile gisa eta, programaren ondoreetarako, hura arduratuko da elkarteak aurkeztutako proposamena gauzatzeaz, eman daitekeen laguntza administratzeaz eta programari dagozkion kudeaketa-organoekiko harreman eta elkarrizketez.
j) Erantzukizunpeko adierazpena –datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal– alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:
– Entitate eskatzailea ez dela ari armak egiten, merkaturatzen edo finantzatzen, betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoa betez.
– Erakunde eskatzaileak ez duela jaso dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako desgaitzen duen legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
– Entitate eskatzaileak hitz ematea bere egingo dituela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluko betebeharrak, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik dirulaguntzak jasotzen dituztenei ezarritakoak, hala nola printzipio hauen mende jardun beharra: tratu berdina, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
– Europar Batasuneko Batzordeak legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jotako laguntzarik ez duela jaso entitateak, edo, jaso badu, hura itzuli izana edo itzuli ez izana.
– Entitate eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden eta finantzarioak ez diren enpresen salbamendu eta berregituraketarako estatu-laguntzei buruzko jarraibideen ezarritakoaren arabera.
– Erakunde eskatzailea ez dela epai irmo batez kondenatua izan laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetzeko zigorrera, edota delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.
– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.
– Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunena, edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Zerga-egoitzarik ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
– Dirulaguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako susmoa eragiten duten enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla eta.
– Klusterraren erakunde dinamizatzaileko kudeatzaile bat duela, lanaldi osokoa, eta langile kualifikatuz osatutako talde bat, bildutako enpresa kopuruarekin eta dinamizatu nahi dituzten jarduketekin bat datorrena.
k) Beste instituzio publiko edo pribatu batzuei helburu bererako eskatutako eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.
l) Berdintasun-planak eta/edo kontziliazio-planak dituen ala ez dituen adieraztea.
2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek artikulu honetan zerrendatutako dokumentazioa aurkeztu behar dute. Klusterren antolakunde dinamizatzaileek laguntza taldekatuak eskatzen badituzte, erakunde lankideen arteko akordioa gehitu beharko da, eta horietatik liderra zein izango den adieraziko da, baita akordioa zein ekintza gauzatzeko sinatu duten ere.
3.– Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).
4.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
5.– Nolanahi ere, laguntza horien organo kudeatzaileak (Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoa aplikatuko da.
11. artikulua.– Eskabideak balioestea.
1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere.
2.– Ebaluazio-organoa Pedro Rodríguezek (Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzako industriako arduraduna) osatuko du eta presidente-lanak egingo ditu; ordezkoa Ana Sampedro (Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzako teknikaria) izango da. Kideak honako hauek izango dira: Juan Domingo Olabarri (ordezkoa Susana Larrea), David Fernández (ordezkoa Mikel Oregui) (SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako teknikariak) eta Alexander Armentia; azken horrek ebaluazio-organoaren idazkaritzako eginkizunak beteko ditu (ordezkoa Leire Eileen Legorburu), (Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzako teknikariak).
3.– Aurkeztutako eskabideetan bildutako agiriak aztertuko ditu ebaluazio-organoak, eta Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen diren ikusiko du. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak antolakunde dinamizatzaileak egindako klusterraren plan estrategikoa eta urteko jarduketa-plana eta laguntza jaso dezaketen ekintzak aztertuko ditu, eta txosten tekniko bat aurkeztuko dio ebaluazio-organoari, egindako azterketaren emaitza zehaztuko du eta hautatutako eskabideak proposatuko ditu, ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta, eta baztertu direnak ere adieraziko ditu.
4.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
5.– Eskabideen azterketa teknikoa eta balioespena honako irizpide hauen arabera egingo da:
Urteko Jarduketa Planean proposatutako jarduketak 1. eranskinean xedatzen diren 4.1 artikuluko eremuetan koka eta hauta daitezkeen egiaztatuko da.
Aurreikusitako gastuak jarduketetara egokitzen diren eta, bere izaera kontuan hartuta, hautagarriak diren egiaztatuko da, eta agindu honetan ezarritako zenbatekoak, ehunekoak eta mugak ere egiaztatuko dira.
Eskatzaileak proposatutako ekintzen lehentasun-ordenaren egokitasuna egiaztatuko da.
Deialdiaren zuzkidura honako prozedura honi jarraikiz esleituko da:
a) Nazioarteko laguntza-jarduketetarako poltsa. Gehienez 850.000,00 euroko dirulaguntza emango da eskatzaile guztien artean banatzeko, eta gutxienez 568.000,00 euro kanpoko gastuetarako. Eskatzaileentzako dirulaguntza kalkulatzeko orduan, hurrengo taulan adierazten diren parametroak izango dira kontuan. Era berean, eskatzaile bakoitzaren parametroek duten pisua hartuko da kontuan, mota honetako jarduketen eskatzaile guztiek dituzten parametroen baturari dagokionez.
Dedikazioa (orduak): % 25.
Elkartutako ETEak: % 30.
EAEko bazkide-kuoten batura: % 20.
Enpresa parte-hartzaileen ekarpenak: % 15.
Elkartutako ETEen esportazioak: % 5.
Elkartutako ETEen enpleguak: % 5.
Eskatzaile bakoitzarentzat kalkulatutako dirulaguntza proposatutako ekintzen artean esleituko da –lehentasunaren arabera ordenatuta egongo dira–, dirulaguntza agortu arte. Zenbateko horretara iristeko adinako jarduketarik ez badago, gainerakoa zuzkidurari gehituko zaio, hurrengo urratsean banatzeko.
b) Gainerako jarduketetarako poltsa. Gainerako zuzkidura guztia proposatutako beste jarduketak finantzatzeko erabiliko da. Eskatzaileentzako dirulaguntza kalkulatzeko orduan, hurrengo taulan adierazten diren parametroak izango dira kontuan. Era berean, eskatzaile bakoitzaren parametroek duten pisua hartuko da kontuan, horiek guztiek dituzten parametroen baturari dagokionez.
Finkoa (Klusterraren Antolakunde Dinamizatzaile bakoitzeko): % 25.
Elkartutako ETEak: % 40.
EAEko bazkide-kuoten batura: % 20.
Enpresa parte-hartzaileen ekarpenak: % 5.
Elkartutako ETEen esportazioak: % 5.
Elkartutako ETEen enpleguak: % 5.
Eskatzaile bakoitzarentzat kalkulatutako dirulaguntza proposatutako ekintzen artean esleituko da –lehentasunaren arabera ordenatuta egongo dira–, dirulaguntza agortu arte. Zenbateko horretara iristeko adinako jarduketarik ez badago, gainerakoa zuzkidurari gehituko zaio eta kalkulu guztiak automatikoki berregokituko dira zenbateko hori gainerako eskatzaileen artean banatzeko.
Antolakunde dinamizatzaile bakoitzeko diruz lagundu behar diren jarduketak, eta, beraz, jarduketa horietatik eratorritako diruz lagundu beharreko zenbatekoa a) eta b) urrats bakoitzean lortutakoen batura da.
12. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena, ebaluazio-organoak proposatuta, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio, zuzendaritza hori izango baita laguntza horiek kudeatuko dituen organoa.
Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emango dira, agindu honen 6. eta 7. artikuluetako mugak errespetatuz, deialdi honen 2. artikuluan esleitutako kreditua agortu arte.
2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira:
– Dirulaguntzen onuradun izango direnen zerrenda. Erakunde, lider eta parte-hartzaileen izena adierazi beharko da, hala badagokio.
– Lagundutako jarduketa-plana, onuradun bakoitzak duen partaidetza eta onuradun bakoitzari bideratuko zaion dirulaguntzaren zenbateko xehatua, planeko jarduketa bakoitzeko.
Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, betiere alde batera utzi gabe esleipendunen zerrenda bat eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako laguntzen zenbatekoak urtero argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, baldin eta egintza espresua bada, edo edozein momentutan aurkeztu ahal izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, egintza espresua bada, edo edozein momentutan aurkeztu ahal izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.
13. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko zaio erakunde onuradunari, organo kudeatzailearen aginduz, era honetan:
a) Lehen ordainketa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egingo da, hamabost egunetan laguntzari espresuki uko egiten ez bazaio.
b) Bigarren ordainketa batean dirulaguntzaren gainerako zatia ordainduko da, eta aldez aurretik, bitarteko elektronikoak erabilita, diruz lagundutako ekintzak eta haiei dagozkien gastuak egikaritu direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu ondoren likidatuko da. Justifikatzeko aldia 2020ko otsailaren 28an bukatuko da. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
2.– Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak, lagundutako jarduketen zerrenda xehatuaz gain, dagozkien gastuak eta zenbatekoak (BEZik gabe) aurkeztu beharko ditu. Horiekin batera, dagozkien fakturak ere aurkeztuko dira, jaulkitze-datarekin eta hartzekodunaren identifikazioarekin (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita. Era berean, azpikontratazioen kasuan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
Egiaztagirien artean, klusterraren antolakunde dinamizatzailearen jarduketetan parte hartzen duten pertsona guztien nominak eta langileen izen-zerrenda aurkeztu beharko dira, Klusterraren urteko Jarduketa Planaren (KJP) barnean gauzatutako jarduketetan egiten dituzten orduen kopurua adieraziz.
Era berean, gauzatutako diru-sarrera eta gastu guztien justifikazio-kontua aurkeztu beharko da, baita edozein erakunderekin (enpresa parte-hartzaileak, horien elkarteak, zerbitzuen hornitzaileak, erakunde publikoak eta abar) egindako kobrantzenak eta ordainketenak ere, horiek aurkeztutako Klusterraren Jarduketa Planeko ekintzekin lotuta daudenean.
3.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak edo, elkartea bada, elkarteko parte-hartzaileren batek ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.
4.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, erakunde onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.
14. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzen eta dirulaguntzaren aldaketa.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, dirulaguntzaren arauak onuradun izateko arauetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Horrelakoetan, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egoera berrira egokitzeko.
2.– Jarduketek nahitaez kontuan hartuko dituzte, 2019ko ekitaldirako, eskabidea egin zenean aurkeztutako Klusterraren urteko Jarduketa Planean (KJP) biltzen diren jarduketak, betiere aldez aurretik eskatu bazaizkio dirulaguntza kudeatzen duen Zuzendaritzari, erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen baditu eta lortu nahi diren helburuak eta izaera indargabetzen ez badira. Horrenbestez, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak emakidaren ebazpena aldatu ahal izango du.
Jarduerak berriz programatzen direnean edo aurrekontuan % 20tik beherako aldaketak egiten direnean –aurreikusitako jarduketen artean konpentsa daitezkeenean–, horiek behar bezala frogatuko dira egiaztagiriak aurkezterakoan, diruz lagundutako ekintzak eta horiei dagozkien gastuak egin direla egiaztatzeko.
3.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
15. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz ematen diren dirulaguntzen ondoreetarako, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakunde laguntzaile izendatzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako terminoetan. Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 15. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizunak eta elkarlanean aritzeko betebeharra izango ditu, eta artikulu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenei jarraitu beharko die.
2.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:
a) Erakunde dinamizatzaileak egindako Klusterraren Plan Estrategikoa, Klusterraren urteko Jarduketa Plana eta dirulaguntzak jaso ditzaketen ekintzak aztertzea.
b) Planak eta ekintzak aztertu ondoren, txosten teknikoak eta dirulaguntzak emateko proposamen bat egitea. Proposamen hori ebaluazio-organora bidaliko du.
c) Konparaziozko adierazle eta txosten sozioekonomiko indibidualak eta erantsiak egitea, klusterren antolakunde dinamizatzaileen jarduketak monitorizatzeko eta hobetzeko, eta programaren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin.
3.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzen laguntzeko erakundea den aldetik, ezinbestean bete behar ditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.
16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horren ildotik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio aplikazio informatikoaren bitartez, onartu egiten duela ulertuko da.
2.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.
3.– Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) eta dirulaguntzak jaso dituzten jarduketak betetzea eta bete direla egiaztatzea. Jarduketak egiten diren bitartean, erakunde onuradunak Klusterraren urteko Jarduketa Planaren (KJP) aurrerapen-mailari eta exekuzioaren aurreikuspenari buruzko informazioa eman ahal izango dio kudeaketa-organoari, hark jarduketa horiek garatzen ari direla frogatzeko eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean kasuan kasuko aldaketak egin beharra ebaluatzeko.
4.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskatzen duen informazioa ematea, jasotako dirulaguntzen erabilerari, ekintzetan parte hartzen dutenei, jasotako emaitzei eta abarri dagokionez. Horrela, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, dirulaguntzak jaso dituzten ekintzak eta plana garatzeari eta betetzeari dagokionez.
5.– Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.
6.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.
7.– Jarduketa-planarekin eta planaren ekintzekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku mantentzea 5 urtez.
8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
9.– Dirulaguntzaren xede diren jardueretan, ageriko egitea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak parte hartzen duela. Horretarako, lehentasunezko lekuan jarri behar dira, eta ikusizko identifikazio-elementuek bat etorri beharko dute abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak ezarritakoarekin. Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen du.
10.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta horien garapen-arauetan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikulukoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikulua. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 27a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.