EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019127

AGINDUA, 2019ko ekainaren 25ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta deialdia egiten baita garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-erakunde batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei dirulaguntzak emateko.

Xedapenaren data: 2019-06-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201903320
Maila: Agindua
Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak betetzen du aipatutako eskumena, halaxe xedatzen baitu Lehendakariaren 24/2016 Dekretuaren 9. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Dekretua, 2016ko azaroaren 26koa).
Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-politika islatzen duen Euskadiko IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 agirian dago jasota Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren arloan hartutako konpromisoa. Hala, Eusko Jaurlaritzak gizartearen aurrean hartutako konpromisoen funtsa osatzen duten 15 plan estrategikoetako batean kokatzen da aipatutako programa –konpromiso horiek «Euskadi 2020: Giza Garapen Jasangarrian aurrera egiteko» txostenean daude jasota–.
Programak gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruzko ikuspegia jasotzen du, eta, besteak beste, lehentasunezko jardun hauek ezartzen ditu:
– Gure natura-ondarea babestea, kontserbatzea eta leheneratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak zainduz.
– Urratsak egitea ekonomia lehiakor eta berritzaile bat lortzeko, karbono-igorpen txikiarekin eta baliabideen erabilera eraginkorra eginez.
– Herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea.
– Lurraldeko jasangarritasuna areagotzea.
– Politiken koherentzia bermatzea, ingurumen-integrazioa areagotuta.
– Euskadiren nazioarteko proiekzioa eta erantzukizuna sustatzea.
Hori guztia bideratzeko, sail eta erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatuko da, ingurumen-aldagaia politika guztietan integratze aldera, eta agente sozioekonomiko guztiei zabalduko zaie ingurumena hobetzeko erantzukizuna.
2020rako IV. Ingurumen Esparru Programari lotuta, hainbat estrategia eta plan sektorial onartu ditu Eusko Jaurlaritzak; tartean, honako hauek:
– EAEko Biodibertsitate Estrategia 2030. Tresna horren bidez, ekosistemak babesteko eta lehengoratzeko jarraibideak zehazten dira; Natura 2000 Sarea sustatzen da –funtsezkoa Europan eta EAEn biodibertsitatea kontserbatzeko–, naturaren kultura eta natura ezagutzea bultzatzen da eta lurraldearen zein natura-ondarearen kudeaketa eraginkorraren eta efizientearen alde egiten da.
– Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Geodibertsitate Estrategia. Horren helburu nagusia «Euskadiko geodibertsitatea eta Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan» identifikatutako ondare geologikoa aztertzea eta balioestea da, baita bi horien kudeaketan, babesean, kontserbazioan, gizarteratzean eta erabileran esku hartzeko irizpideak eta proposamenak ezartzea ere.
– Klima-aldaketaren aurkako EAEko Estrategia 2050. Horren helburuak berotegi-efektuko gasen igorpenak % 80 murriztea eta energia berriztagarrien kontsumoa guztizkoaren % 40 izatea lortzea dira, baita klima-aldaketaren aurrean EAEren erresilientzia bermatzea ere.
– EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana. Ekonomia zirkularra sustatzea du xede, baliabideak eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatzeko.
– 2030erako Euskadiko Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategia. Eragile guztiak estrategiaren barruan sartzea eta eragile horiek guztiek elkarrekintzan jardutea da asmoa, helburu argi batekin: bizimodu berrietara aldatzea, jasangarritasunaren kultura berri baterantz jota.
Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda da NBEren Biltzar Nagusiak pertsonen, planetaren eta oparotasunaren alde hartutako plana, eta bake unibertsala, garapenerako lankidetza eta justiziarako sarbidea sendotzea du helburu.
2015ean onartu zen eta klima-aldaketari buruzko Pariseko Akordioa eta Hiri Agenda Berria hartzen ditu barne, besteak beste. 2030 Agendak Garapen Jasangarriko 17 Helburu planteatzen ditu, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloak hartzen dituztenak, eta datozen urteotan mundu-garapenerako programak arautuko ditu.
Agindu honek sustatzen duen udal-ekintzaren ekarpenak 11. GJHn (Hiri eta komunitate jasangarriak) du eragina oro har, eta horiek seguruak, barneratzaileak eta erresilienteak izan daitezela du helburu. Gainera, hark sustatzen dituen ekintza-lerroek beste GJH zehatz bati lagunduko diote, gutxienez.
– Lurzoru kutsatuen lerroak 3. GJHri lagunduko dio, Osasuna eta ongizatea.
– Klima-aldaketaren lerroak 13. GJHri lagunduko dio, Klima babesteko ekintza.
– Natura-ondarearen lerroak 15. GJHri lagunduko dio, Bizia lurreko ekosistemetan.
– Ekonomia zirkularraren lerroak 12. GJHri lagunduko dio, Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak.
– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroak 4. GJHri, Kalitatezko hezkuntza.
Horregatik guztiagatik, toki-erakundeentzako laguntzen agindu honen helburua da udal-ekinbidea EAEko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-lehentasunekin eta programa horretatik eratorritako planekin eta estrategiekin lerrokatzea. Baita gaur egungo testuinguruko garapen jasangarriari buruzko nazioarteko lerro nagusiekin ere.
Aipatutako lehentasunen garrantzia aintzat hartuta, ezinbestekoak dira tartean diren administrazio guztien, herritarren, gizarte-erakundeen, ezagutza sortzen duten erakundeen, unibertsitatearen eta enpresen arteko ekintza koordinatua, elkarrizketa eta adostasuna. Testuinguru horretan, toki-administrazioek funtsezko papera dute, erronka horiei aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere Berdintasun Politikako Dokumentu Programatikoarekin bat etorriz –2013an onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen VI. Berdintasun Planaren esparruan–, aintzat hartuko ditu euren garapenerako genero-ikuspegia bereganatzen duten jardunak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin bat etorriz. Era berean, sail horrek euskararen erabilera normalizatzeko duen planean adierazitakoaren arabera, diruz laguntzen diren proiektuetan hizkuntza-irizpideak txertatu behar dira, nahitaez.
Laguntza hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez onartutako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2018-2020 ekitaldietarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.
Natura-ondarearen lerroko laguntzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen ditu, 2014-2020 aldirako Euskadiko EGEF programa operatiboaren barnean. EGEFren ekarpena Eusko Jaurlaritzak lerro horretan diruz lagundutako guztizko kopuruaren ehuneko berrogeita hamar izango da.
Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta eta bat etorrita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko honako erakunde hauei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea eta oinarri arautzaileak ezartzea da: udalak, mankomunitateak, beste toki-erakunde batzuk, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak, betiere garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten heinean, honako lerro hauekin bat etorriz:
a) Lurzoru kutsatuak. Lurzoruaren kalitateari buruzko ikerlanak, prebentzioa eta lehengoratzea egiteko lanak sustatzen dituzten ekintzak.
b) Klima-aldaketa. EAEn arintzeko ekintzak (berotegi-efektuko gasen igorpen garbiak murrizteko ekintzak) eta egokitzeko ekintzak (klima-aldaketaren ondorioak murriztera bideratutako plangintza eta ekintzak).
c) Natura-ondarea. EAEko dibertsitate biologikoari eta geodibertsitateari eusteko eta berau leheneratzeko edo hobetzeko ekintzak.
d) Ekonomia zirkularra. Tokiko zirkulartasuna sustatzeko ekintzak.
e) Jasangarritasunerako hezkuntza. Tokiko Agenda 21 edo Tokiko 2030 Agenda eta Eskolako Agenda 21 koordinatzea sustatzen duten ekintzak.
2. artikulua.– Ekintzek bete beharreko baldintzak.
1.– Hasteko epea:
2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete dirulaguntza.
2.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, ekintzek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Lurzoru kutsatuen lerroan.
Hona dirulaguntza jaso ditzaketen jarduerak:
– Kutsagarriak izan daitezkeen jardunak izan dituzten lurzoruak aztertzeko eta lurzoru kutsatuak lehengoratzeko ekintzak, bai industria-jarduerak egin diren lurzoruetan, bai garai batean hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruetan, baldin eta lehengoratzeari ekin baino lehen aurretiazko ikerketa-fasea burutu bada. Garai batean hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruak lehengoratzeko, inguru horretako natura-ondarea kontuan hartzeko irizpideak aplikatu beharko dira, natura-ondarea areagotzeko xedez, eta landare-geruza hobetzeko materia organikoa gehitu behar izanez gero, lehentasunez material bioegonkortua edo konposta erabili beharko da, bata zein bestea erabili, kokagunean aurreikusitako erabilerarako egokia dela egiaztatuta. Gaur egun komunitatearen ekipamenduko erabilera dutenei emango zaie lehentasuna, erabileraren sentsibilitateagatik.
– Industriako aurriak ingurumenaren ikuspegitik lehengoratzeko ekintzak, kanpoan utzita kutsagarria izan daitekeen industria-jardueraren aurriak eraistea eta harrien edo industria-jarduerari lotuta ez dagoen beste edozer eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzea.
– Ingurumen-jarraipeneko ekintzak, Ingurumen Sailburuordetzak sustatuko proiektuen barnean daudenak; gehienez, 5 kontrol- eta jarraipen-kanpaina hondakindegia lehengoratu ondoren edo garai batean hondakindegi klandestino izandakoaren lurzoruari kalitate-adierazpena eman ondoren.
Aipatutako ekintzek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza jasotzeko:
1) Jarduketak toki-titulartasuneko lursailetan egitea, titulartasuna 2005eko maiatzaren 16a baino lehen formalizatu bada eta diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko betebeharra duen beste hirugarrenik ez badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legediaren arabera. Ez da betekizun hori aplikatuko, baldin eta besteren bat behartuta badago eta horrek ezin badu jarduketa gauzatu konkurtso-egoeran dagoelako edo toki-erakunde batek jarduketa subsidiarioren bat gauzatu behar duelako ingurumen-arriskuari edo segurtasunari loturiko arrazoiengatik, are titulartasuna pribatua bada ere. Jarduketa horien kostuak, behin amaituta, behartuta dagoenari jasanaraziko zaizkio, baldin eta erakunde eskatzailea ez den beste bat bada.
Titulartasun elkarbanatua duten lurretan egiteko proiektuen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, udal edo erakunde eskatzailearen titulartasunaren ehunekoa hartuko da kontuan.
Halaber, lurzoruaren titulartasunari buruzko betekizunak ez dira nahitaez bete beharko, baldin eta lurzorua ikertzeko edo leheneratzeko neurriak hartzera behartuta dagoena udala bada, Lurzoru eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 147.3 artikuluan aplikatu behar bada edota horretara behartuta dagoena ekintza hori egitetik salbuetsita badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko araudiaren arabera.
2) Industriako aurrietan, toki-erakunde batek jarduketa subsidiarioren bat gauzatu beharko da, bai ingurumen-arriskuagatik bai segurtasunagatik, are titulartasuna pribatua bada ere. Jarduketa horien kostuak, behin amaituta, behartuta dagoenari jasanaraziko zaizkio, baldin eta erakunde eskatzailea ez den beste bat bada.
3) Lurzoruak leheneratzeko ekintzak ez dira dirulaguntzen xede izango, baldin eta lurzoruok etxebizitzak eraikitzera edo industria-jardueretara bideratuko badira. Egindako eskabide kopuruaren arabera, eta kreditu erabilgarririk badago, baldintzak betetzen dituzten gainerako eskaerak onartu ostean, titulartasun publikoko lurzoruan kokatutako etxebizitzak eraikitzera bideratuko diren lurzoruak ikertzeko eta leheneratzeko dirulaguntzen eskabideak onartuko dira, baldin eta leheneratzeko in situ edo on site tratamenduko teknologiak erabiltzea beharrezkoa bada, hau da, kanpo-baliabidez hondeatutako lurzorua hondeatzea eta kudeatzea ez bada erabiltzen.
b) Klima-aldaketaren lerroan.
Honako helburu hauek sustatzen dituzten ekintzak izango dira diruz lagungarri:
1) Klima-aldaketa: Mugikortasun jasangarria.
– Bidegorriak edo bidegorri-lotuneak, mugikortasun-eragileak (besteak beste, bizitoki-eremuak, ikastetxeak, industrialdeak eta kirol-instalazioak) konektatzea lehenetsita, baldin eta natura-ondarea kontserbatzearekin bat badatoz.
– Aldirietako aparkalekuak, oinezkoen bideen edo garraio publikoaren bidez mugikortasun handiko zentroekin lotuta badaude, eta kanpoaldean edo zentro horien perimetroan badaude, eta betiere natura-ondarearekin bateragarriak baldin badira.
– Lau gurpil elektriko edo gehiago dituzten ibilgailuak, entxufa daitezkeen hibridoak edo autonomia luzeko elektrikoak.
– Ibilgailuak birkargatzeko azpiegiturak ere finantzatu ahalko dira, deialdi beraren esparruan horientzat dirulaguntzak eskatu badira.
2) Klima-aldaketa: Egokitzapena.
– Klima-aldaketara egokitzeko planak egitea udalerrian, epe luzera begira (gutxienez 20 urtera), klima-zaurgarritasuneko eta klima-arriskuko egoerak murrizteko. Plan horiek udalerriko klima-arriskuaren azterketa zehatz batean oinarritu behar dira edo, halakorik izan ezean, Ihobek egindako «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioan». Planak modu parte-hartzailean garatu beharko dira.
– Klima-aldaketaren ondorioak murriztea (moldatzea) eta ekosistemen erresilientzia hobetzea, honako hauetan jasotzen diren ekintzen bitartez: «Udalsarea 21 Lan Koadernoa 12. zk.: Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gidaliburua», «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko», «Euskadin aplika daitezkeen klima-aldaketara egokitzeko tokiko neurrien jardunbide egokiak», «Irtenbide naturalak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-esparruan klima-aldaketara egokitzeko», klima-zaurgarritasunaren edo -arriskuaren azterketa edo aldez aurretiko egokitzapen-plan batetik eratorriak.
Honako ekintza hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:
– Klima-aldaketan eta airearen kalitatean eragin txikia duten ekintzak; besteak beste, bizikletentzako aparkalekuak jartzea, kaleak oinezkoentzako bihurtzea edo bidegorriak eraikitzea –lehentasuna ematen ez diotenak mugikortasun-eragileen arteko loturari (ekoizleen eta erakarleen arteko lotura, bizilekuak, ikastetxeak, industrialdeak, kiroldegiak eta abar kontuan hartuta)–.
– Azterlanak edo diagnostikoak (mugikortasun-planak, adibidez), agindu honetan berariaz aipatutakoak izan ezik.
– Lerro honetan ez dira diruz lagunduko basoak birlandatzeko edo/eta karbono-hustubideak egiteko proiektuak.
– Eta, bereziki, ez dute dirulaguntzarik jasoko azpiegitura eraikitzea dakarten ekintzek, baldin eta ez badira kontuan hartu irizpide ekologikoak eta hiriko ingurumena hobetzeko irizpideak, ez badira paisaian txertatzeko eta ingurune naturalaren gaineko eragina txikiagotzeko ahaleginak egin, edo ez badira natura-ondarearen kontserbazioarekin bateragarriak.
Azpiegiturek materialen beharra izanez gero, eraikuntza-materialen gutxienez % 70 birziklatuak izango dira; nagusiki, agregakin birziklatuak eta zepak.
c) Natura-ondarearen lerroan.
Diruz laguntzeko modukoak izango dira dirulaguntzarako eskabidea egiteko epean amaitu gabe dauden proiektuak, baldin eta biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea sustatzen badute, honako ekintza hauen bidez:
1) Komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesekoak diren habitat naturalak kontserbatzeko egiten diren leheneratze-, hobetze- edo kudeatze-ekintzak, flora exotiko inbaditzailearen kontrola barne. Kontserbazio-interes handieneko edo kontserbazio-egoera okerreneko habitatetan egitekoak diren ekintzak lehenetsiko dira, esaterako, ibarbasoak, baso autoktonoak, padurak, habitat hidroturbosoak eta abar.
2) Europar Batasunean edo eskualde mailan mehatxatutako basaflora eta basafauna espezieak –Batasuneko arauetan edo Estatuko zein erkidegoko katalogoetan jasotakoak– babesteko eta kontserbatzeko proiektuak.
3) Hezeguneen lurralde-plan sektorialeko II. eta III. taldeetan sartutako hezeguneen kontserbazio-egoera leheneratzea eta hobetzea.
4) Lurraldearen konektagarritasun ekologikoan eta azpiegitura berdearen sustapenean zuzenean laguntzen duten jarduketak, hala nola tokiko biodibertsitatearen intereseko guneen arteko konexioa sustatzea edo hesiak sortzea.
5) Udal-esparruan aukera-eremuak sustatzea, ingurumen-eremu hondatuak berreskuratu eta biodibertsitatea sustatzeko; edo biodibertsitatea sustatuko duten ekintzak planteatzea, erabilera publikoari, paisaiari, irtenbide naturalei eta abarrei buruzko proiektu integralen testuinguruan.
6) Udalerriko lurralde-eremuan dauden interes geologikoko lekuak babesteko, kontserbatzeko eta balioan jartzeko jarduketak, Euskadiko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan identifikatuta daudenei lehentasuna emanez.
7) Diruz lagundu ahal izango dira, orobat, erriberak eta ibilguak garbitzeko jarduerak; betiere, jarduera horiek udal eskatzailearen eta Uraren Euskal Agentziaren artean sinatutako lankidetza-protokoloen esparruan egiten badira. Horrelako protokoloek edo dagokien jarduera-lanek biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko nahitaez bete beharreko baldintza batzuk bilduko dituzte.
1) eta 6) arteko ekintzen kasuan, lursailen erosketa diruz lagundu ahal izango da dirulaguntzari dagozkion jardueretarako beharrezkoa denean, betiere aurreikusitako guztizko aurrekontuaren % 40 gainditzen ez bada. Horrez gain, argi eta garbi arrazoitu beharko da lursail horiek erostea premiazkoa dela dirulaguntza eskatzen den ekintzak gauzatu ahal izateko.
Ez dira diruz lagunduko ezagutzak eskuratzeko azterlanak idaztera zuzendutako eskaerak, ez eta sentsibilitate-ekintzak argitaratzera zuzendutakoak ere.
Ez dira dirulaguntzaren xede izango edozer obra edo proiekturen administrazio-baimenean ezarritako zuzenketa- edo konpentsazio-neurrien ondorioz gauzatutako ekintzak.
d) Ekonomia zirkularraren lerroan.
Diruz lagunduko dira ekonomia zirkularraren sustapena bultzatuko duten ekintzak. Honako hauei emango zaie lehentasuna:
1) Elikagai-hondakinen prebentzioa sustatu eta ezartzeko mekanismoak.
2) Materia organikoa gaika biltzeko sistemak sortzaile handietan (dendak, ikastetxeak, bestelako gizarte-ekipamenduak...), tratamendu biologikorako.
3) Hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemak, gaika biltzen ez diren hondakinak ez sortzera eta gaikako bilketa sustatzera bideratutakoak.
4) Gaika biltzen ez diren hondakinak ez ekoizteko lagungarriak diren sistemak ezartzea, errefusaren bilketan erabiltzailea identifikatuta, eta era konbinatuan biohondakinen atalean.
5) Herritarrei zuzendutako negozioak edo sistemak, konponketa edo autokonponketa sustatzen dutenak.
6) Ostalaritzako eta merkataritzako sektoreetan eta horien bezeroen artean ontzien kontsumoa murrizteko edo ontzien hondakinik ez sortzeko neurriak.
7) Toki-titulartasuneko komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueretako konpostaren organismo patogenoak kontrolatzea, Komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren araubide juridikoa eta baldintza teknikoak ezartzen dituen apirilaren 9ko 63/2019 Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz.
8) Lehengai sekundarioen merkatuak sustatu eta ezartzeko mekanismoak.
9) Ura berrerabiltzeko sistemak, udalerriko garbiketa-lanetan erabiltzeko direnak.
10) Ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntzarako ekintzak diseinatu eta garatzea, toki-mailan enplegu- eta negozio-aukera berriak sortzeko.
Jarduketa horiez gain, herritarrei zuzendutako komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egin beharko da.
e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan.
Diruz lagundu ahalko dira Tokiko Agenda 21en edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak, 2019ko uztailaren 1etik 2020ko uztailaren 15era bitartean egiten badira. Ekintza horien artean honako hau egongo da gutxienez: ikasturte bakoitzean, eskola arteko foro bat eta udal-foro bat antolatzea. Foro horietan, besteak beste, aurreko foroetan hartutako konpromisoen jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko da.
3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
1.– Lehen artikuluan adierazitako ekintza espezifikoetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, bi milioi ehun eta hirurogei mila (2.160.000) eurokoa izango da, agindu honen xedapen gehigarrian xedatutakoari kalterik egin gabe. Kopuru hori honela banakatzen da:
1.1.– Lurzoru kutsatuen lerroan:
Gehienez ere seiehun mila (600.000) euro bideratuko dira.
1.2.– Klima-aldaketaren lerroan:
Gehienez ere seiehun mila (600.000) euro bideratuko dira.
1.3.– Natura-ondarearen lerroan:
Gehienez ere laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000) euro bideratuko dira.
Natura-ondarearen lerroko laguntzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatuko ditu; hau da, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar da EGEFen ekarpena. Horregatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduan ezarritakoaren mende egongo dira lerro honetako laguntzak, eta honako hauek dira EGEFren laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak.
1.4.– Ekonomia zirkularraren lerroan:
Gehienez ere, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.0000) euro bideratuko dira.
1.5.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:
Gehienez ere, berrehun eta hirurogei mila (260.000) euro.
2.– Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako aipatutako jarduketa-lerroetako bati esleitutako diru zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru zenbatekoari gehitu ahalko zaio, agindu honetako 14. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenaren arabera. Inguruabar hori Ingurumeneko sailburuordeak dirulaguntzak emateko egiten duen ebazpenean aipatuko da.
3.– Erakunde onuradunetako batek jaso duen dirulaguntzari uko egingo balio ezarritako exekuzio-epearen lehen urtean, proiektu horri esleitutako kopurua zati batean edo batere ez (aurrekonturik ez edukitzeagatik) diruz lagundutako jarduketetako batera bideratu ahal izango da, 17.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.
1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak, tokiko erakunde txikiak, udalerriaz gaindiko tokiko erakundeak, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak.
2.– Tokiko merkataritza-sozietateek, tokiko garapen-agentziek eta udalerriaz gaindiko tokiko erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte onuradun izateko:
a) Kapital soziala, oso-osorik, titulartasun publikokoa izango da.
b) Bazkide gehienak udalak izango dira.
c) Udaletako alkateek berariaz izendatutakoak beharko dira izan, diruz lagundu nahi den jarduera burutzeko.
3.– Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean daudenek. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.
4.– Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita eta oraindik izapidetze-aldian badaude.
5.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen debeku edo zehapen administratibo edo penala duten erakundeek ezin izango dituzte eskuratu agindu honetan aipatzen diren laguntzak –debeku edo zehapen horien artean da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoa–.
5. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar diren aldi guztietan eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak baimenari uko egin ahal izango dio espresuki, horretarako egiaztagiria Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorreko 22. artikuluan zehaztutako moduan aurkeztuta.
2.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: dirulaguntzak eskatzen dituen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, bazter utzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dauzkan egiaztatze-, kontrol- edo ikuskatze-ahalmenak.
3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz (horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da), honako betebehar hauek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira:
a) Erakunde eskatzaileak, eskabidea egin duen unean, egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
b) Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du administrazioei zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako eskatzen eta haietatik lortzen dituen laguntza, dirulaguntza, diru sarrera nahiz bestelako baliabide guztien inguruko informazio guztia jakinarazteko, bai eta eskaerak aurkeztu diren dirulaguntza programetan BEZak ere dirulaguntza jaso dezakeen ala ez berariaz adieraztekoa ere.
c) Eskaera egin duen erakundeak dirulaguntza eskatzea erabaki duela, eta dirulaguntzarekin ordainduko ez den partea finantzatzeko konpromisoa hartu duela.
d) Erakunde onuradunak dirulaguntza itzultzea hitzematen du, kokagunearen berrerabilerak gainbalioak eragiten baditu edo diruz lagundutako jarduketaren kostua hirugarren bati arrakastaz jasanarazi bazaio, laguntzaren gehieneko zenbatekoraino.
e) Ibilguetako hondakinak garbitzeko proiektuen kasuan, erakunde eskatzaileak eta Uraren Euskal Agentziak jarduera horiek aurrez adostu dituztela, dagokion lankidetza-protokoloa sinatuta.
f) Jasangarritasunerako Hezkuntzaren lerroari dagokionez, erakunde eskatzaileak Eskolako Agenda 21 ezartzen ari den bere lurraldeko ikastetxeren batekin koordinatzeko konpromisoa hartzen duela.
Baita honako betekizun hauek ere:
a) Erakunde eskatzaileak ez duela zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso ahal ez izateko zigorrik, eta ez dagoela dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren kasuan.
b) Eskualde-erakundeak dirulaguntzaren xede den jarduna egiteko espresuki izendatuak izan direla, parte hartzen duten udalerrietako alkateen eskutik.
c) Baldin eta erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat, tokiko garapen-agentzia bat edo bestelako toki-erakunde bat bada, kapital publikokoa dela, bazkide nagusiak udalak direla, eta udalerri partaideek erabaki dutela dirulaguntza eskatzea eragin duen jarduketa egitea.
d) Erakunde onuradunak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako printzipioak (3. artikulua) eta betebeharrak errespetatzen dituela. Bereziki, 16., 18.4 eta 23. artikuluetan ezarritakoa betetzen duela.
Era berean, eskaera egin duen erakundeak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lehen artikuluan ezarritako ekintzak gauzatzeko egindako gastuak izango dira diruz lagun daitezkeen gastuak. Edonola ere, proiektua gauzatzeko aldian egindako gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.
2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:
a) Diruz laguntzen diren ekintzen balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak.
b) Komunikazio-, partaidetza-, informazio- edo sentsibilizazio-kanpainei dagozkienak, agindu honen 2. artikuluan berariaz adierazten diren ekintzetan salbu.
c) Lursailak erostera bideratutakoak, salbu eta natura-ondarearekin lotutakoak, eta 2.c) artikuluan jasotako baldintzen arabera.
d) Lurgaineko balioa edo ustiapen-balioa, kasuan kasuko lursailean mozketa egin, eta lortutako zura saldu egiten bada, kontzeptu horrek diru sarrerak eragingo lituzke eta proiektuaren barnean.
e) Udaleko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako plantillako langileei dagozkien gastuak, eta diruz lagundu ezin diren gainerako gastuak, dirulaguntzei buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz.
f) Ez dira diruz lagunduko leasing finantzarioko edo renting-alokairuko (leasing operatiboa) operazioak.
g) Inpaktua murrizterik lortzen ez duten edo ingurumen-hobekuntzarik ez dakarten gastuak.
h) Beharrezkoak ez diren gastuak, behar bezala justifikatuta ez daudenak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek agindu honetan ezarritako organo ebaluatzaileak zehaztuko ditu. Natura-ondarearen lerroko proiektuen esparruan, gastu neurrigabe gisa hartuko dira laguntza teknikora (proiektuaren definizioa, jarraipena eta kudeaketa), azterketetara eta/edo sentsibilizaziora bideratutako gastuak, horiek aurrekontu osoaren % 40 gainditzen badute, lursailak erosteko erabili den kantitatea kontuan hartu gabe (hala badagokio). Eta, ekonomia zirkularraren lerroan, gehiegizko gastutzat joko dira sentsibilizaziorako gastuak, aurrekontu orokorraren % 20 gainditzen badute.
3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, agindu honetan 2. artikuluan deskribatutako Tokiko Agenda 21en edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskola Agenda 21en koordinazio-proiektuak gauzatzeko kanpo-kostuak bakarrik lagunduko dira diruz.
4.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren oinarrian, azpikontratatu ahal izango da dirulaguntza jasoko duen jarduera oro.
7. artikulua.– Dirulaguntza-eskabideak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.
1.– Entitate bakoitza proiektu bakar baten onuradun izan ahalko da, dirulaguntza-lerro bakoitzeko. Ez dago eskaerak aurkezteko mugarik, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik. Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren, natura-ondarearen eta ekonomia zirkularraren lerroetan, entitateak lerro horietan eskaera bat baino gehiago egin badu, dirulaguntza bakarrik puntuaziorik handiena lortu duen jarduerari eman ahalko zaio.
2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, deialdi berean ezin izango dira aurkeztu kokapen bera aztertzeko edo proiektua idatzi eta, ondoren, berreskuratzeko eskabideak, salbu eta lanak oso aurreratuta badaude eta lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidea hasteko beharrezko dokumentazioa aurkeztu badute dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu aurretik.
3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, dirulaguntza jasotzeko eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du erakunde bakoitzak. Erakundeek ezin izango dute eskabiderik banaka aurkeztu, beren lurralde-eremuan zerbitzu hori ematen duen udalaz gaindiko beste erakunde batek jarduten badu.
Ezarritako mugak kontuan hartzen ez badira, eskaera egin duen erakundeari eskaeran egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, erakundeak laguntza-eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.
4.– Udalerri bera ordezkatzen duten erakunde onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskabiderik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.
8. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste dirulaguntza batzuekin; betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
9. artikulua.– Eskabideak egiteko modua eta horiek aurkezteko epeak.
1.– Eskabideak aurkezteko epea Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2019ko irailaren 14an amaituko da, muga-eguna barne.
2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan:
http://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/herrijasangarriak/web01-tramite/eu
Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskaera-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa.
3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez aurkezten bada, ordezkaritza justifikatu beharko da, Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak http://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbide elektronikoan egin eta jakinaraziko dira.
5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eskabidea egiten duten entitateei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak laguntza-lerro hauek kudeatzeko fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horiek Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko apirilaren 1eko Aginduan (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena) aipatzen dira. Era berean, jakinarazten da deialdi honetan parte hartzeak berekin dakarrela eragindako pertsonek onartzea beren datu pertsonalak erabiltzea 20.10 artikuluan azaldutako helburuarekin. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailera jo beharko da (Zerbitzu Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz).
10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien ereduak eta aurkeztu beharreko proiektuen gutxieneko edukien aurkibideak:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, behar bezala sinatuta.
b) «Oinarrizko eta harremanetarako datuen» formularioa.
c) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «Aurrekontua» inprimakia, behar bezala beteta. Aurrekontua kontu-sailen arabera banakatu beharko da, kontzeptuak argi bereizita.
d) «Proiektuaren memoria» inprimakia edo, hala badagokio, laguntza eskatu den jarduketa-lerroari dagozkion proiektu-memorietako gutxieneko edukien aurkibidea. Beharrezkoak diren eremu guztiak bete beharko dira, dirulaguntza eskatzen den proiektu motaren arabera. Zehazki, «Memoriaren proiektua» inprimakiaren barnean, lerroaren arabera, honako hauek adierazi beharko dira nahitaez: inpaktuaren murrizketako parametro gakoa edo gakoak, kalkulu-metodoaren xehetasunak eta kontserbazio-egoeraren hobekuntza, natura-ondarearen lerroaren kasuan.
Aurkeztutako dokumentazio gehigarriak ebaluazio teknikorako kontuan izan behar den informazioa badu, nahitaezko bi inprimaki horien apartatuetan berariaz adierazi beharko da zein den dokumentazio gehigarri horretan kontsultatu behar den informazioa (apartatuak, kapituluak eta abar).
e) Lurzoru kutsatuen lerroko eskabideen kasuan, entitate eskatzaileak kokalekua titulartasun publikokoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Halaber, titulartasun publiko hori noiz eskuratu zen argitu beharko du, eta kokalekuaren zer ehuneko den udalaren titulartasunekoa ere bai. Aurreko baldintzak, baita, hala badagokio, agindu honen 2.1.a) artikuluan aurreikusitako salbuespenak ere, horien berri ematen duen egiaztagiriaren bidez (edo egiaztatzeko balio duen beste edozein dokumenturen bidez) justifikatu ahal izango dituzte.
f) Lurzoru kutsatuen lerroko eskabideetan, jarduketa egingo den kokagunea ez bada udala, jarduketaren premia egiaztatu beharko da, eta, behar izanez gero, diruz lagundutako jarduketa egingo den kokagunean jarduteko titulartasuna egiaztatuko da.
g) Berotegi-efektuko gasen igorpenak murriztera bideratutako klima-aldaketaren lerroko ekintzei dagokienez, dirulaguntza eskatzen den jarduerari dagokion igorpen-murrizketa zehazteko egindako hipotesiak, kalkuluak edo estimazioak jasota eta azalduta dauden frogagiria atxiki beharko da.
h) Natura-ondarearen lerroko eskabideetan, beharrezkoak diren baimenen laburpenen inprimakia, eta erakunde eskudunek emandako baimenak, halakorik izanez gero (jabari publiko hidraulikoko jarduketak, itsas-lehorreko jabari publikokoak, natura-parketakoak eta abar).
i) Natura-ondarearen lerroko eskaeren kasuan, eta proiektuan lurrak erostea jasota badago, behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean inskribatutako tasatzaile independente baten ziurtagiria aurkeztu behar da. Aurkeztutako tasazioan lurzati multzo baten balioa jasotzen bada, eta eskatutako proiektua lurzati horietako batean edo gehiagotan gauzatu behar bada, jarduketaren xedeko lurzatiaren edo lurzatien kostu zehatza balioesteko, horietako bakoitzaren balioa hartuko da, edo metro karratuko batez bestekoa, horien tasazio-balioak bereizita ez badaude.
2.– Eskatzaileek, borondatez, eta puntuazio handiagoa lortze aldera, honako agiri hauek aurkeztu ahalko dituzte eskabideekin batera:
a) Proiektua, aurreproiektua eta/edo eskaintza teknikoa, jardunen xehetasuna eta faseen arabera banakatutako aurrekontua jasota.
b) Klima-aldaketaren lerroko eskaeren kasuan, hala badagokio, edo klima-aldaketarekin lotura duen plana, programa edo ordenantza izatea egiaztatu behar da.
c) Egokitzapen-ekintzen garapenarekin lotuta dauden klima-aldaketaren lerroko eskaeren kasuan, dagokion agintariaren baimena beharko da proiektua garatzeko.
d) Hala dagokionean, tokiko jasangarritasun-politikak beteko direla hitzematea eta/edo jasangarritasun-prozesuen ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea.
e) 16. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpide guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak.
11. artikulua.– Akatsak zuzentzeko prozedura.
1.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio gabeziak zuzentzeko edota behar diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaera ez zaiola onartuko. Ebazpena Ingurumeneko sailburuordeak egingo du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. eta 21.1 artikuluek aurreikusitako moduan.
2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.
12. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.
13. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzeko, Ihobe SA sozietate publikoa entitate laguntzaile izendatzen da, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako eran (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena).
2.– Ihobe SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:
a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.
b) Eskabidea egiten duten erakundeek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.
c) 14. artikuluan adierazitako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, 16. artikuluan jasotako esleipen-irizpideen arabera.
d) Jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.
e) Erakunde onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez balioestea.
f) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen dituzten agiriak egiaztatzea.
g) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari proposatzea dirulaguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, erakunde onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.
14. artikulua.– Organo ebaluatzailea.
1.– Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratuko da, kide hauek izango dituena:
– Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendaria.
– Ingurumenaren Administrazioko zuzendaria.
– Ihobe SA, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.
2.– Organo ebaluatzaileak ebazpen-proposamena egingo dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen hori 16. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituko zaie, eta honakoak bilduko ditu, arrazoiak adierazita: dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak; dirulaguntzen zenbatekoa; dirulaguntza jasoko ez duten proiektuak; ezeztatutako eskaerak, ezeztapenaren arrazoiekin batera; eta ebatzi beharreko beste edozein inguruabar.
15. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango ditu muga hauek gainditu:
a) Lurzoru kutsatuen lerroan:
Ikerketa- eta prebentzio-proiektu bakoitzak 60.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez dirulaguntza gisa; lehengoratze-proiektu bakoitzak, berriz, 200.000 euro, gehienez.
Zabortegietan egiten diren ingurumen-jarraipeneko proiektuen kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.
b) Klima-aldaketaren lerroan:
Proiektu bakoitzak 80.000 euro jaso ahalko ditu gehienez dirulaguntza gisa, salbuespen hauekin:
b.1.– Klima-aldaketara egokitzeari loturiko planak eta azterlanak egiteko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.
b.2.– Ibilgailuei buruzko proiektuen kasu zehatzean, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da hamar plaza baino gutxiagoko ibilgailu bakoitzeko, eta 20.000 eurokoa ibilgailu handiago bakoitzeko. Bi kasuetan, gehienez 80.000 euro, proiektu bakoitzeko zenbateko handiena denez.
c) Natura-ondarearen lerroan:
Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa proiektuko 75.000 eurokoa izango da.
Erriberak eta ibilguak garbitzeko proiektuen kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.
d) Ekonomia zirkularraren lerroan:
Dirulaguntza gehienez ere 25.000 eurokoa da, proiektu bakoitzeko, salbu eta «Toki-titulartasuneko komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueretako konpostaren organismo patogenoak kontrolatzea» proiektuetakoa (kasu horretan, gehienez ere, 3.000 euroko dirulaguntza emango da proiektu bakoitzeko).
e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:
Laguntzak ez dira izango diruz lagundu ahal diren gastuen % 50etik gorakoak, ezta 16.000 eurotik gorakoak ere, erakunde onuradun bakoitzeko.
7.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrien edo toki-erakundeen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa % 45ekoa izango da gutxienez.
2.– Oro har, a), b), c), d) eta e) letren lerroei dagokienez, erakunde eskatzailea eskualde-erakunde bat bada, eta proiektuan parte hartzen duten udalerrien % 75en biztanle kopurua ez bada ezarritakoa baino handiagoa, kopuru horretatik beherakoetarako ezarritako balorazio-irizpidea baliatuko da.
16. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehia-prozeduraren bidez esleituko dira 1. artikuluan aipatzen diren lerroetako bakoitzean, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan. Dirulaguntza jaso ahal izateko, dena delako jarduerak 100etik gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu organo ebaluatzaileak artikulu honetako 4. apartatuan zehazten diren irizpideen arabera egindako balorazioan.
50 puntu baino gehiago jasotzen duten proiektuen lehentasun-ordena ez dago lotuta proiektu bakoitzak jaso beharreko kopuru ekonomikoarekin. Irizpide hori kontuan hartuko da, soil-soilik, balorazio-aldian 50 puntu baino gehiago lortutako proiektu guztiak ordaintzeko adina dirurik ez badago. Kasu horretan, puntuazio altuena lortutako proiektuak lagunduko dira diruz, jardun bakoitzeko lerroan aurrekontu-kreditua agortu arte.
2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroko laguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia bidez esleituko dira, eta zenbateko erabilgarriaren hainbanaketa bidez kontabilizatuko dira, 15.1.e) artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
3.– Proiektu bakoitzari egokitutako dirulaguntza agindu honetako 6. eta 15. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zehaztuko da.
4.– Dirulaguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:
a) Lurzoru kutsatuen lerroan:
a.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz. Gehienez, 20 puntu.
Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:
– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, zehazki, lurzorua babestekoa, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.
– Ikerketaren kasuan, kutsaduraren ezaugarriak zehazteko eta ebaluatzeko teknika berritzaileak erabiltzea, eta leheneratzearen kasuan, in situ edo on site teknologiak aplikatzea, alde batera utzita hondeatzea eta kanpo-kudeaketa.
a.2.– Kokalekuan eta inguruko lurretan gizakien osasunean edo/eta ingurumenean izan ditzakeen eraginak. Gehienez, 55 puntu.
a.3.– Jardunaren kalitatea, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eraginkortasuna, eta izaera estrapolagarria. Gehienez, 25 puntu.
b) Klima-aldaketaren lerroan:
b.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.
Besteak beste, honako hauek joko dira berritzailetzat eta estrategikotzat:
– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.
Horrez gain, estrategiko gisa baloratuko da udaleko eta udalerriko berotegi-efektuko gas-igorpenen inbentarioaren kalkulu sistematikoa egitea.
Klima-aldaketara egokitzeko arloan, bereziki, «estrategikotzat» joko dira egokitzapen-plan batekin, zaurgarritasun-azterketa batekin eta eskaeran justifikatutako klima-arriskuarekin koherenteak izango diren ekintzak.
Klima-aldaketara egokitzeko planen kasuan, «estrategikotzat» joko dira eskaeran justifikatutako zaurgarritasuna eta klima-arriskua, baita klima-aldaketari buruzko plan bat izatea ere (arintzea).
b.2.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 35 puntu.
b.3.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomiko xehatuen kalitatea, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako murrizketak), ekintzaren kostua/efizientzia edo kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 40 puntu.
Berotegi-efektuko gasen igorpenak murrizteko ekintzetan, lehentasunezko irizpidea kostua/efizientzia erlazioa izango da (tona murriztu diruz lagundu daitekeen inbertsioaren euro bakoitzeko), betiere kalkuluak behar bezala justifikatuta baldin badaude.
c) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroan:
c.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.
Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:
– URA-Uraren Euskal Agentziarekin edo foru-aldundiekin lankidetzan egitea proiektua.
– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.
– Proiektuak klima-aldaketaren aurkako borrokari egiten dion ekarpena, arintze-jardueren nahiz egokitzapen-jardueren bidez.
c.2.– Jarduna non gauzatuko den edo jardueren xede diren habitatak/espezieak, gehienez 25 puntu:
c.2.1) Naturagune babestuen barruko lurrak, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak, Biotopo Babestuak) edo Urdaibai Biosferaren Erreserban kokatuak: gehienez, 25 puntu.
c.2.2) EAEko hezeguneetarako LAP Lurraldearen Arloko Planaren II. eta III. taldeen hezeguneetan sartuta dauden lursailak: gehienez, 20 puntu.
c.2.3) Aurreko epigrafeetan sartuta egon ez arren, komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesa duten basaflorako eta basafaunako espezieak dituzten lursailak –espezie horiek sartuta egon behar dute hegaztiei eta habitatari buruzko zuzentarauen eranskinetan, edo basafaunako eta basaflorako espezie mehatxatuen EAEko katalogoan–: gehienez, 20 puntu.
c.2.4) Eskualdeko konektibitate ekologikoa lortzeko eremu garrantzitsuak edota eremu degradatuak berreskuratzeko aproposak diren tokiko mailako espazioak, gehienez, 15 puntu.
Jardun-eremu baten gainean zenbait kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena balioetsiko da.
c.3.– Aurreikusitako ekintzen ondorioz habitatek eta espezieek izan ditzaketen hobekuntzak, gehienez 35 puntu.
Haren balorazioa egiteko, honako hauek kuantifikatuko dira, ahal izanez gero: jarduketen xede diren habitat eta/edo espezieen mehatxu-maila eta kontserbazio-egoera, eragindako populazio edo komunitateen garrantzi erlatiboa, eta zehaztutako helburuak lortzeko eta horien kontserbazio- eta/edo lehengoratze-egoera hobetzeko aurreikusi diren ekintzen garrantzia. Era berean, ekintzen iraunkortasunarekin lotutako alderdiak izango dira kontuan, denborari dagokionez nahiz horiek mantentzeko eragiketen premiari dagokionez.
c.4.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa (gehienez 25 puntu).
c.5.– Komunikazio- eta difusio-jardunek gizartean izan dezaketen eragina: 10 puntu, gehienez.
d) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroan:
d.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.
Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:
– URA-Uraren Euskal Agentziarekin edo foru-aldundiekin lankidetzan egitea proiektua.
– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.
– Proiektuak klima-aldaketaren aurkako borrokari egiten dion ekarpena, arintze-jardueren nahiz egokitzapen-jardueren bidez.
d.2.– Jardueren xede den jarduna non gauzatuko den, gehienez 25 puntu:
d.2.1) EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan naturagune babestuen barruan bildu diren interes ekologikoko lekuak, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak, Biotopo Babestuak) edo Urdaibai Biosferaren Erreserban, Euskal Kostaldeko Geoparkean edo EAEko hezeguneetarako LAP Lurraldearen Arloko Planaren II. eta III. taldeen hezeguneetan kokatuak: gehienez, 25 puntu.
d.2.2) EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan naturagune babestuen barruan bildu diren interes ekologikoko lekuak, lehenago aipatutako naturagune babestuetatik kanpo daudenak: gehienez, 20 puntu.
d.2.3) Interes ekologikoko lekuak, lehenago aipatutako naturagune babestuetan dauden beste inbentario batzuetan bildu direnak: gehienez, 20 puntu.
d.2.4) Interes ekologikoko lekuak, lehenago aipatutako naturagune babestuetatik kanpo dauden beste inbentario batzuetan bildu direnak: gehienez, 15 puntu.
Jardun-eremu baten gainean zenbait kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena balioetsiko da.
d.3.– Aurreikusitako ekintzen ondorioz interes geologikoko lekuek izan ditzaketen hobekuntzak, gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hauek kuantifikatuko dira, ahal izanez gero: nazioartean, estatuan edo autonomia-erkidegoan duen garrantzia; zaurgarritasun-maila eta hondatze, espoliazio eta abarren arriskua; eta interes zientifikoa, turistikoa edo hezitzaile/dibulgatiboa.
d.4.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa (gehienez 25 puntu).
d.5.– Komunikazio- eta difusio-jardunek gizartean izan dezaketen eragina: gehienez, 10 puntu.
e) Natura-ondarearen eta ibaiertzak eta ibilguak garbitzearen lerroa:
e.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.
Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:
– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.
e.2.– Proposamenaren kalitate teknikoa (proposatutako metodologia, arroko beste udalerri batzuekin koordinatzea, elkarteak inplikatzea, biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko neurriak deskribatzea) eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 40 puntu.
e.3.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, ibaiertzean garbitu beharreko metro linealak, biztanleria onuraduna eta eragina, erretiratutako hondakinak, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 40 puntu.
e.4.– Sentsibilizazio- eta dibulgazio-plana (proiektuarekin, ekintzekin, helburuko biztanleriarekin lerrokatuta egotea, etab.): gehienez, 10 puntu.
e.5.– Proiektua gauzatzeko sortu beharreko enplegu-kopurua: gehienez, 5 puntu.
f) Ekonomia zirkularraren lerroan:
f.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.
Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:
– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.
Zehazki, estrategikotzat joko da ekinbidea bat etortzea tokiko erakundeak hondakinen plan bat izatearekin, edo eskabidean behar bezala justifikatutako hondakinen prebentzioko eta kudeaketako helburuak izatea, bai eta arloan indarrean dagoen legediaren araberako udal-ordenantza bat onartzea ere.
Beste udalerri batzuetan egin ez diren ekonomia zirkularra lortzeko neurrien ezarpen-jarduketa lehenetsiak; horien ezarpena behar bezala justifikatu beharko da ohiko teknikak erabiltzen ez direnean.
f.2.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, eragindako biztanleria, inplikatutako eragileak eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 35 puntu.
f.3.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomiko xehatuen kalitatea, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako inpaktu-murrizketak), ekintzaren kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 40 puntu.
g) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:
Tokiko Agenda 21 edo Tokiko Agenda 2030 eta Eskolako Agenda 21 arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzetarako eskaera guztiak onartuko dira, betiere hauetako jarduketaren bat jasotzen badute, 2.e) artikuluan zehaztutako nahitaezko jarduketez gain.
a) Azterlaneko gaiari buruzko txostenak.
b) Jardunbide egokien bilduma.
c) Udal-baliabideen katalogoak egitea.
d) Diagnostikoa egiteko irteerak edo ibilbideak.
e) Familientzat eta ikasleentzat jardunaldi teknikoak antolatzea.
f) Esperientziak web bidez edo beste bide batzuetatik komunikatzea eta zabaltzea.
g) Erakusketa ibiltariak egitea.
h) Eskoletako topaketak egun seinalatuetan.
17. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Ingurumeneko sailburuordeak, ebaluazio-organoak igorritako proposamen arrazoitua ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena izenpetuko du sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratuz emango zaie haren berri interesdunei, bai eta egoitza elektronikora bidalitako jakinarazpenaren bidez.
Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.
2.– Laguntza eman den edo ez zehaztuko da ebazpenean; gainera, laguntza eman bada, zer erakundek jaso duen, laguntza zer proiektuk jaso duen eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira; eta, aitzitik, eman ez bada, laguntza ez emateko arrazoiak adieraziko dira. Halaber, erakunde onuradunen batek uko egiten badio jaso duen dirulaguntzari, ezarritako exekuzio-epearen lehen urtearen barnean, ebazpenean zehaztuta egongo da partez diruz lagundutako proiektuen eta aurrekontu ezagatik dirulaguntzarik gabe geratutakoen lehentasun-hurrenkera, dirulaguntzak jaso ditzaten.
3.– Aurreko lerrokadetan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko helegitea jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
18. artikulua.– Baldintzen agiria.
Proiektu bakoitzaren bereizgarriei erreparatuta, hala dagokienean, diruz lagundutako proiektua gauzatu ahal izateko nahitaez bete beharreko baldintza teknikoak eta ekonomikoak ezarriko dira. Baldintza horiek baldintza-agiri batean bilduko dira, Jasangarritasunerako hezkuntzako proiektuen kasuan izan ezik, eta agiri horren berri erakunde onuradun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan.
19. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.
Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:
1.– Esleitutako dirulaguntza onartzea. Laguntzak onartzeaz batera, agindu honetan eta 18. artikuluan adierazitako baldintza-agirian, hala dagokionean, aipatzen diren baldintza eta arau guztiak ere onartzen dira orobat. Alde horretatik, jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egun naturaletan dirulaguntzari espresuki uko egiten ez bazaio, dirulaguntza hori onartu dela ulertuko da.
2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio oro ematea, eta bai Ihobe SA erakunde laguntzaileak bai organo emaileak datuak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.
3.– Proiektuan edozein arrazoi dela medio, aldaketak eginez gero, lehenbailehen jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.
4.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetako 22. artikuluan ezarritako epeetan.
5.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 21. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.
6.– Proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.
7.– Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo hamar egun balioduneko epean, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoa zein diren.
8.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea proiektuan jasotako informazio teknikoa, pedagogikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren informazio-sistemetan txerta ditzan eta haren zabalkuntza edo argitalpena egin dadin edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.
Natura-ondarearen proiektuen kasuan, dirulaguntza hau aplikatzeko lanetarako sortzen diren dokumentuak, materialak eta datu-baseak «Ingurumenari buruzko informazioa bidaltzeko jarraibideak» dokumentuan azaltzen den bezala aurkeztuko dira. Hemen eskura daitezke jarraibide horiek: http://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-informazioa-bidaltzeko-jarraibideak/web01-s2ing/eu
9.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, baita publizitatean ere. Jardunari zabalkundea emateko kartel eta materialetan, eta egiten den publizitatean eta, zehazki, diruz lagundutako ibilgailu edo ekipamenduetan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren logotipoak agertu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera (https://www.euskadi.eus/r48-contsepr/eu/contenidos/informacion/v2_simbolos/eu_simboide/index.shtml), eta, halaber, sail horren babesa aipatuko da.
10.– Dirulaguntza jasotzen duen toki-erakundea Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarean (Udalsarea 2030) baldin badago, sare horren logotipoa ere agerrarazi beharko da.
11.– Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.
Jarduerak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta hizkuntza horietan artatzeko aukera eman beharko zaie herritarrei.
12.– Argitalpenik eginez gero, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari bidali beharko zaio euskarri digitalean.
Paperezko argitalpenik eginez gero, argitalpenaren eta esku-orrien gutxienez hamar ale bidali beharko dira.
13.– Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.
14.– Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea erakunde onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan.
15.– Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
16.– Lurzoru kutsatuetarako proiektuak:
a) Kokapenaren berrerabilerak gainbaliorik sortzen badu, erakunde onuradunak itzuli egin beharko du dirulaguntza, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legedian ezarritakoa betez. Era berean, erakunde onuradunak dirulaguntza itzultzea hitzematen du, diruz lagundutako jarduketaren kostua hirugarren bati arrakastaz jasanarazi bazaio.
b) Eskabidea egin duen entitateak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ikertzeko laguntzak jaso ahal izateko, konpromisoa hartzen du dirulaguntzaren xedea den kokalekuko lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedura egiteko, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearekin bat etorriz.
Lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko laguntzen kasuan, nahitaezkoa izango da saneamendu-proiektuaren onespena izatea, Ingurumen Sailburuordetzak emanda.
Nolanahi ere, eskabidea egiten duen erakundeak prozeduran zehar agintzen zaizkion neurriak ezartzeko konpromisoa hartzen du.
c) Diruz laguntzen diren ekintzak egiterakoan, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan eskatutakoa bete beharko da (lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena).
d) Lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedurak eskatzen duen dokumentazioa aurkezteaz gain, dirulaguntza kontrolatzeko prozesuaren esparruan, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzak ikerkuntza-estrategiak onestea, gauzatu aurretik, eta organo horri jakinaraztea zein den kronograma eta zehazki noiz hasiko den lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta/edo berreskuratzeko prozesua.
17.– Natura-ondarearen lerroko ekintzetan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak konfinantzatzen dituen horietan, dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduan ezarritakoaren mende egongo dira. Kofinantzaketa horren ondorio dira honako betebehar hauek:
a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, erakunde onuradunak legedi nazional eta erkidea bete beharra dauka.
b) Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da laguntza, eta alderdi horren berri eman beharko da 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 3. apartatuan eta XII. eranskineko 2.2 apartatuan ezarritakoari jarraikiz. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, hedapenari lotutako material edo euskarrietan berariaz aipatu beharko da EGEFren bidezko kofinantzaketa komunitarioa duela, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen laburra egingo da bere webgunean, Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela nabarmenduta, eta proiektuari buruzko gutxienez informazio kartel bat jarriko da, A3 tamainan gutxienez, eta Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela aipatuko da erraz ikusteko leku nabarmen batean.
c) Proiektuak ingurumen-ebaluazioarik beharko ez balu, onuradunak dokumentu bat sinatu beharko du esanez Natura 2000ko sare barruan dauden guneengan eraginik ez duela. Aldiz, eragina izango balu, organu-kudeatzaileak sinatutako justifikazio-agiria aurkeztu beharko du. Horretarako, baldintza-agiriarekin batera igorriko zaizkio onuradunari eredu ezberdinak, dagokiona bete eta sinatu dezan.
d) Laguntza onartuaz batera, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. apartatuan jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea ere onartuko da.
e) EGEFren kofinantzaketak derrigortu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta 3 urte igaro arte, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik hasita. Testuinguru horretan, erakunde onuraduna derrigortuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).
18.– Natura-ondarearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, entitate onuradunak dirulaguntza itzultzeko konpromisoa hartzen du haien salmenta eta/edo titulartasunaren transferentzia gertatzen bada. Era berean, dirulaguntza itzultzera behartuta egongo da lursailaren erabileran aldaketarik gertatzen bada, non eta ez den natura-ondarearen kontserbaziorako edo hobekuntzarako.
20. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
Jarduketaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta gero dirulaguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.
Erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan halakorik aitortzen badu, ordainketa automatikoki kitatuko da, hargatik bazter utzi gabe ondoren administrazio-bidean erreklamazioa aurkezteko aukera.
21. artikulua.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Ingurumen Sailburuordetzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, hala behar denean, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.
2.– Ezingo da inola ere aldatu jardueraren izaera, eta, aldaketa onartuko bada, erakunde onuradunak txosten bidez justifikatu beharko du aldatutako proiektuaren eragina parekoa edo handiagoa dela hasieran diruz lagundutako proiektuarena baino.
3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.
4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin erakunde onuraduna bidezko zehapenetatik salbuetsita geratzea.
5.– Dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzeko eta amaitzeko epeari dagokionez, salbuespen gisa, erakunde onuradunak jarduera hori gauzatzeko epea luzatzeko eskaera egin ahal izango du, jarduera gauzatzeko ezarritako epea agortu baino gutxienez hilabete lehenago; betiere, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak daudenean eta behar bezala justifikatzen dituenean. Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren kasuan, ezin izango da halako luzapenik eskatu.
Epea luzatzeko, Ingurumeneko sailburuordeak onartu beharko du ebazpen bidez.
22. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintza 2021eko urriaren 29a baino lehen gauzatu eta justifikatu beharko du, kasu hauetan salbu:
– Jasangarritasunerako hezkuntzako ekintzak 2020ko uztailaren 15a baino lehen gauzatu behar dira; proiektuaren amaierako dokumentazioa, berriz, 2020ko irailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dute.
2.– Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bitarteko elektronikoz, https://euskadi.net/nirekudeaketak webgunean:
a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, dirulaguntzaren xedea bete dela adierazten duena.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen dirulaguntza jasotzekoa den jardun-lerroari dagozkion ekintzak egin direla azaltzeko memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ingurumen-arloko helburuen betetze-maila azalduta. Ingurumeneko etekinen kasuan, inpaktuen murrizketa eta egiazko ingurumen-presioak zenbatestea, a priori helburuekin alderatuta, 18. artikuluan zehaztutako baldintzen pleguan adierazitakoaren arabera. Diruz lagundutako ekintzaren izaeraren arabera, jarduketaren aurretik eta ondoren egindako argazkiak jasoko dira memorian, ahal den guztietan.
c) Ekonomia zirkularreko proiektuen kasuan, jakiak alferrik ez galtzea sustatzera edo/eta ezartzera bideratutako mekanismoen ingurukoak badira, udalerrian alferrik galtzen den jakien benetako kalkulua eta horretarako metodologia jaso beharko dituzte.
d) Natura-ondarearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, entitate onuradunak jabetzaren erregistroko ziurtagiria erantsi beharko du.
e) Lurzoruen gaineko proiektuen kasuan, diruz lagundutako jardueraren kokapenari dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratzeko espedientea hasteko eskabidearen kopia.
f) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak. Ordainagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.
g) Diru sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea. Gastu-zerrendan, fakturatutako kontzeptua nahikoa zehaztu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta besteak bereizi ahal izateko.
h) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.
i) Proiektuan sortutako materialen kopia.
3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren proiektuak sustatu dituzten erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza justifikatzeko:
a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, dirulaguntzaren xedea bete dela adierazten duena.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroari dagozkion ekintzak azaltzen dituen memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ezarritako helburuen betetze-maila azalduta. Memoria horretan, lauki batean bilduko dira ikastetxeek udalei egindako proposamenak, udalek hartutako konpromisoak eta aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen betetze-mailaren jarraipena. Udalerri bakoitzak, halaber, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren jarduna azaltzeko memorian bildutako koordinazio-gakoei buruzko informazioa eman beharko du.
c) Diruz lagundutako proiektuaren fakturak. Ziurtagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.
d) Sarrera eta gastuei buruzko ziurtagiriak; hala badagokio, helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da. Gastu-justifikazioan, fakturatutako kontzeptuak beha bezala zehaztuta azaldu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta halakoei ez dagozkienak bereizi ahal izateko.
e) Proiektuan sortutako ikasmaterialen eta dibulgaziokoen kopia, formatu digitalean; horrekin batera, zerrenda batean, adieraziko da horietatik zein izan daitezkeen material edo baliabide didaktiko erabilgarriak hezkuntza-komunitatearentzat.
23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren, natura-ondarearen eta ekonomia zirkularraren lerroetan, honela ordainduko da onartutako dirulaguntza:
a) Ordainketaren lehen aurrerakina, dirulaguntzaren % 25, dirulaguntza onartu ostean, 17. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
b) Ordainketaren bigarren aurrerakina, dirulaguntzaren % 25, 2020ko urriaren 30a baino lehen.
c) Hirugarren ordainketa, dirulaguntzaren % 50, 2021eko ekitaldian egingo da, 22.2 artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren.
2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, honela ordainduko da dirulaguntza: dirulaguntzaren % 50, laguntza onartutakoan; gainerako zatia, berriz, 22.3 artikuluan zehazten den dokumentazio egiaztagarria 2020ko irailaren 15aren aurretik aurkezten denean, eta haren analisia egin eta gero.
24. artikulua.– Arauak ez betetzea.
1.– Baldin eta erakunde onuradunak ez badu erabiltzen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza eskatutako eta emandako xede espezifikorako, ez badu egiten dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera, ez badu justifikatzen dirulaguntza jaso zuen xederako baliatu duela, edo, oro har, ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, erakunde horrek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz betiere, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.
2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, ez-betetzetzat joko da eskatzaileari egotz dakiokeen kausaren batengatik lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura amaitu ezin izatea, dirulaguntza eman denetik 5 urte igaro badira.
3.– Era berean, onuradunak itzuli egin beharko du dirulaguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainetik jasotako diru kopurua, beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 8. artikuluan adierazitakoarekin bat; horretaz gain, zehapenak eta kalte-ordainak ordainarazi ahal izango zaizkio, sortutako kalteengatik, eta, hala badagokio, zigor-erantzukizuna eskatu ahal izango zaio. Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondorioetarako.
25. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
3. artikuluan ezarritako zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskatutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren programak gauzatzean agortu ez den aurrekontu baliabiderik izanez gero, eta dirulaguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Zenbatekoa aldatzen bada, Ingurumen sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da argitara.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, arau hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 25a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.