EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019180

AGINDUA, 2019ko irailaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2019-2021 epealdian euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (Hedabideak deialdia).

Xedapenaren data: 2019-09-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201904300
Maila: Agindua
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, hizkuntza politika eta euskararen sustapenaren inguruko egitekoak izendatu zizkion.
Bestalde, apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionamendua ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari bere 13.artikuluan: (EHAA, apirilaren 21ekoa, 76. zk) azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak. Esleitutako jardun-eremuan, euskararen erabilera normalizatzeko xedez, arreta berezia jarriko du botere publikoek xedapen orokorrak bete ditzaten, baita Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak ere, eta betetze-maila ebaluatuko du.
Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak. Ondoren, Batzordeak euskararen erabilera areagotzea xede duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen. Plan hori, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2012ko uztailaren 24an onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen. Ekintza plan horrek «Itun Berritu Baterantz» dokumentuan bildutako lehentasunezko ildoak neurri zehatzez mamitu eta praktikara eramateko moduan egokitu ditu.
Aurrera eginez, 2017ko otsailaren 24an Lehendakariak XI. legealdirako Euskadi 2020 Gobernu Programa aurkeztu zuen. Dokumentu horretan, euskal gizartearekin datozen lau urteetarako hartutako konpromisoak daude jasota. Euskararekiko konpromiso nagusiak hor jaso dira:
II. oinarria: Giza garapena, gizarteratzea, berdintasuna eta kalitatezko zerbitzu publikoak;
3. ardatza. Bizikidetzarako giza eta kultur garapena: Euskara eta hizkuntza bizikidetza.
117. konpromisoa: Aisialdian eta formalak ez diren eremu funtzionaletan zabaldu euskararen erabilpena.
2. ekimena: Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 bultzatu.
4.ekimena: Komunikabideetan eta ekintza kulturaletan euskararen erabilpena sustatu, eta, aldi berean, haren erakargarritasuna eta prestigio soziala indartu.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 19an egindako bilkuran Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 onartu zuen. Agendan euskararekiko konpromiso nagusiak jaso dira epealdi horretarako. Deialdi honen azken ekitaldia hortik kanpo geratuko litzateke.Hala ere, Euskararen agenda estrategikoa berritzeko unean, euskarazko hedabideen sustapena kontuan hartzea lehenetsiko da.
Era berean, 2019ko urtarrilaren 22ko Gobernu Kontseiluak erabakia hartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren (Eusko Jaurlaritzaren), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena izenpetzeko baimena ematea. Hitzarmenaren helburua euskarazko hedabideen finantzaketa marko berria adostea da. Hitzarmenak jasotzen du erakunde bakoitzaren lan-esparrua eta betebeharrak zein diren. 2019ko maitzaren 8an erakunde guztiek hitzarmena sinatu dute.
Halaber, 2018ko urtarrilaren 31n, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2018-2020 epealdiko Plan Estrategikoa onartu zuen. Izaera programatikoa duen Plan Estrategiko hau Sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako den jarduera bat sustatzea jomuga duten jardun-arloetan. 2019ko maiatzaren 6an, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak agindua eman du. Agindu horren bidez, Sailaren 2019ko urteko dirulaguntzen urteko plana onartu da. Aginduaren eranskinean argi azaltzen da euskarazko hedabideen deialdia bideratzea aurreikusi dela.
Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Oraingo Agindu honen bitartez, euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko, 2019-2021 epealdiko jarduera diruz laguntzeko deialdia egitea erabaki du. Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da euskarazko hedabideak sendotu, garatu, normalizatu eta eraginkortzea. Horretarako dirulaguntzak emateko modua arautu eta deia egiten da (Hedabideak deialdia).
2. artikulua.– Definizioak.
1.– Orokorrak:
a) Ordainpeko hedabidea: eskuratzeko ordaindu beharrekoa (harpidetza bidez edo publikoarentzako salmenta-puntuetan).
b) Doako hedabidea: dohainik eskuratu daitekeena.
c) Kazetari-idazkera duten edukiak: hedabide bateko kazetari edo profesional batek zuzenduta eta bere ardurapean ekoizten den edukia, kazetaritza lanbidearen irizpide deontologikoak kontuan hartuta.
d) Kazetari-idazkera ez duten edukiak: ohiko publizitatea, publirreportajeak, irrati- eta telebista-programazioak, agendak edota oharrak. Ikerketa lanak, edo komunikazio zientifikoa, literatura edo arte edukia dutenak, baldin eta era dibulgatiboan eginda ez badaude.
e) Ekoizpen propioa: entitatearen erredakzio taldeak sorturiko edukia, sinadura duena.
2.– Paperezko hedabideak:
a) Aldizkaria: urtean gutxienez lautan argitaratzen den paperezko argitalpena. Besteak beste, argitalpen horiek titulu bera izan, aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitu eta argitaratze-data jarrita izan ohi dute. Indarrean dagoen legeriak ezarritako datuak jasotzen ditu (Legezko gordailua...).
b) Egunkaria: Astean gutxienez lautan argitaratzen den paperezko argitalpena. Besteak beste, argitalpen horiek titulu bera izan, aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitu eta argitaratze-data jarrita izan ohi dute. Indarrean dagoen legeriak ezarritako datuak jasotzen ditu (Legezko gordailua...).
c) Nazio mailako argitalpena: gutxienez EAE osoan zabaltzen den paperezko argitalpena.
d) Tokiko argitalpena: EAEko udalerri edo eskualde jakinetan zabaltzen den paperezko argitalpena.
e) Lurraldeko argitalpena: EAEko lurralde jakin batean zabaltzen den paperezko argitalpena.
f) Argitalpen korporatiboa: bere helburua edo edukia dela-eta, elkarteek, fundazioek zein antzeko erakundeek bere kideentzat nagusiki eginiko argitalpena.
g) Buletina: erakunde jakin bateko kideei begira edukia barne-komunikazioan ardazten duen argitalpena.
h) Gehigarria: beste argitalpen batekin batera bakarrik zabaltzen dena.
i) Argitalpen espezializatua: nagusiki gai jakin baten inguruko edukiak lantzen dituena.
3.– Hedabide digitalak:
a) Hedabide digitala: online bidezko hedabidea, gaur egungo jatorrizko edukia sortu eta era periodistikoan jendearen esku jartzeko asmoz sortutakoa. Web gune baten bidez kontsultagarri egongo da, eta edukia egunero ez bada, gutxieneko maiztasunarekin, gaurkotuko du. Idatzizko eta ikus-entzunezko informazioz osaturik egon daiteke.
b) Aldizkari digitala: urtean lautan, gutxienez, argitaratzen dena. Kontsultatzeko, web bidez edo mugikorretarako aplikazio baten bidez deskargatu behar da. Formatu eta ezaugarri bereziak dituena. Zenbakikuntza eta maiztasun jakina duena. Orrialde kopurua mantentzen duena.
c) Hedabide digital baten irismena eta audientzia: hedabide batean epe jakin batean erregistratzen den orri, bisita eta erabiltzaile berrien kopurua.
d) Erabiltzaile berriak: epe jakin batean hedabide digital batera sartzen den norbanako erreal eta ezberdinen kopurua (normalean hilabeteko datuak izaten dira).
4.– Irratiak eta telebistak:
a) Tokiko irratia: irrati-uhinen teknologia baliatzen duen haririk gabeko hedabide lizentziaduna.
b) Tokiko telebista: telebista-uhinen teknologia baliatzen duen haririk gabeko hedabide lizentziaduna.
c) Norberak ekoitzitako saioak: telebista eta irrati saioak, baldin eta horiek emititzen dituen enpresak ekoizten baditu eta honako lan hauek egitea badakarte: koordinazioa, plangintza, aurrekontuak, grabaketa eta postprodukzioa; edo esklusibitatean eta enkargu bidez beste enpresa batek jartzen baditu programa ekoizteko behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak.
d) Lankidetzan ekoitzitako saioak: telebista eta irrati saioak, baldin eta horiek emititzen dituen enpresak eta beste pertsona zein entitate batzuek koproduzitzen badituzte eta honako lan hauek egitea badakarte: koordinazioa, plangintza, aurrekontuak, grabaketa eta postprodukzioa. Koprodukzioan jarduten duten enpresek eta entitateek jartzen dituzte programa ekoizteko behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak.
3. artikulua.– Epe-barrutia.
Deialdi honek laguntzagai diren hedabideen 2019-2021 epealdiko jarduna hartuko du kontuan, hau da, 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartekoa.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen hedabideak.
1.– Honako hauek dira, multzoka emanda, diruz lagun daitezkeen hedabideak:
a) Nazio mailako argitalpenak: albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko nazio mailako argitalpenak: Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura, haur eta gazteei zuzendutakoak... ; paperean bakarrik edo paperean eta on line).
b) Tokiko irratiak: zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, osorik euskaraz emititzen ari diren uhin bidezko irratiak.
c) Tokiko telebistak: zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, osorik euskaraz emititzen ari diren uhin bidezko telebistak.
d) Hedabide digital hutsak: Euskara hutsezko hedabide digitalak, on-line bidez baino zabaltzen ez direnak.
2.– Nolanahi ere, 10. artikuluan jarritako baldintzak betetzen ez dituzten hedabideak edo ezaugarri hauetakoren bat duten hedabideak ez dira diruz lagunduko:
a) Honako argitalpen hauek: lanak, gaurkotasuna duten artikuluak edo kazetaritzakoak ez diren idazketak berriz eman edo egokitzen dituztenak, baldin eta beste hedabide batzuetan argitaratu badira lehenbizi eta deialdi berean badaude.
b) Honako argitalpen hauek: erakunde publikoek egindakoak edo, gobernuak edo erakunde publikoek aginduta, erakunde pribatuek argitaratutakoak.
c) Argitalpenen gehigarriak: txertatuta edo beste bat erostearen baldintzapean soilik merkaturatzen diren argitalpenak.
d) Hedabide digital hutsei dagokienez:
– ISP (Internet Service Provider) izenez ezagutzen direnek jarduera garatzean argitaratzen dituzten hedabide digitalak.
– Publizitaterako atari eta argitalpen digitalak, lineako gida komertzialak eta, oro har, batik bat publizitate helburu edo edukiak dituzten argitalpen digital guztiak.
– Pertsona fisikoek egunkari pertsonal elektronikoen formatuan argitaratutako bitarteko digitalak, hau da, blog digitalak (blog, openblog, audioblog eta beste batzuk).
– Batik bat, aurretik edo aldi berean paperean edo beste bitarteko digital batzuetan argitaratutako edo irratiz edo telebistaz emandako jatorrizko edukiak erreproduzitzen dituzten bitarteko digitalak baldin eta eduki horiek hedabidearen eduki osoaren % 50 baino gehiago badira.
e) Euskadiko Administrazio publikoa osatzen duten entitateen hedabideak.
f) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen hedabideak.
g) Elkarteek, fundazioek zein antzeko erakundeek beren bazkideentzat soil-soilik eginiko hedabideak.
h) Glotodidaktika- eta psikopedagogia-aldizkariak; orobat bere edukiak hezkuntza arlora zuzenduak dituzten aldizkariak.
i) Eskola-aldizkari, -irrati eta –telebistak.
j) Kultur berripaperak, ikuskizun-gidak, denbora pasakoak eta antzekoak.
k) Mota guztietako argitalpen konfidentzialak, harpidetza bitartez nahiz kioskoan saldutakoak edo formatu elektronikoan zabaldutakoak.
5. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Begiz jotako xedeari aurre egiteko, 12.165.900,00 euro erabiliko dira, honela banatuta: 4.055.300,00 euro 2019. urtean; 4.055.300,00 euro 2020. urtean; 4.055.300,00 euro 2021. urtean. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.
2.– Kopuru hori, honela banatuko da:
a) Nazio mailako argitalpenak: albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko nazio mailako argitalpenak: Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura, haur eta gazteei zuzendutakoak...):5.550.000,00 euro , honela banatuta: 1.850.000,00 euro, 2019. urtean; 1.850.000,00 euro , 2020. urtean; 1.850.000,00 euro, 2021. urtean.
b) Tokiko irratiak: zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak: 1.050.000,00 euro, honela banatuta: 350.000,00, 2019. urtean; 350.000,00, 2020. urtean; 350.000,00, 2021. urtean.
c) Tokiko telebistak: zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, osorik euskaraz emititzen duten uhin bidezko telebistak:4.215.900,00 euro, honela banatuta: 1.405.300,00 euro, 2019. urtean; 1.405.300,00 euro, 2020. urtean; 1.405.300,00 euro, 2021. urtean.
d) Hedabide digital hutsak: euskara hutsezko hedabide digitalak, on-line bidez baino zabaltzen ez direnak. 1.350.000,00 euro, honela banatuta: 450.000,00, 2019. urtean; 450.000,00, 2020. urtean; 450.000,00, 2021. urtean.
6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Hauek dira dirulaguntza hartzaileak: naziotasuna edo helbide soziala Europar Batasunekoa edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutakoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute. Diruz lagundutako entitateek lagungarriak diren jarduerak burutu beharko dituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileei zuzenduta egon beharko dute laguntza jasotzen duten egitasmoek.
2.– Pertsona fisikoen taldeak, ondasunen komunitateak edo beste mota bateko unitate ekonomiko edo ondarezko bereziak, nortasun juridikorik izan ez arren dirulaguntza horiek emateko moduko egoeran daudenak. Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du guztien izenean. Nolanahi ere, eskabidea egiterakoan argi eta garbi zehaztu beharko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako bakoitzaren nortasuna, ardura eta egitekoa egitasmoaren baitan, baita horietako bakoitzak aurrekontu atalean egiten duen ekarpena ere. Horrela osatutako taldea ezingo da desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren (EONALTBaren) 44. artikuluan jasotako preskripzio-epea igaro arte.
3.– Hala ere, kanpoan geldituko dira honako hauek:
a) Bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuen eskabideak eta fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusiki publikoa duten entitateen eskabideak.
b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuradun direnak.
c) Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek sinatutako hitzarmenaren baitan finkatutako egitasmoak, betiere foru aldundien eskumenekoak badira.
d) Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak edo entitateak.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, baldin eta arduradunaren erantzukizuna iraungita ez badago, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei eta zigortzeko prozeduratik sortutako isunak ordainduta ez dituztenei ezin izango zaie dirulaguntzarik eman, ezta ordaindu ere.
f) Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, bai eta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Halaber, sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera. Era berean, kanpoan geratuko dira azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera dirulaguntza jasotzeko debekurik dutenak.
4.– Dirulaguntza hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, dirulaguntzarik esleituz gero, eskatzaileak Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda eduki beharko du.
7.– artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean.
2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, dirulaguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak –presentziala nahiz elektronikoa– ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.
Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte. Era berean, bide horri jarraituko diote prozeduraren gainerako pausoetan ere.
4.– Nortasun juridikorik gabeko pertsonek, 6.2 artikuluan aipatzen direnek, eskabideak bide elektronikotik egin beharko dituzte 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak esaten duena kontuan hartuz.
5.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein elektronikoaren bidez, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2019/hedabideak-2019-2021/web01-tramite/eu/
6.– Izapidetze elektronikoaren kasuan, ondorengo tramiteak honako gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/.
7.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
8. artikulua.– Eskatzaileek egiaztatu beharreko zenbait baldintza eta horiek egiaztazeko modua.
1.– Eskatzaileak bete beharrreko hainbait baldintza:
1.1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatea.
1.2.– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez izatea gehiena publikoa eta gainera fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez izatea nagusiki publikoa.
1.3.– Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
1.4.– Ez izatea inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
1.5.– Eskatzaileak onartu ez izana Europar Batasunak ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratutako dirulaguntzarik.
1.6.– Eskatzailea ez izatea, krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera, krisialdian dagoen enpresa.
1.7.– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez izatea. Era berean, 2020-2021 epealdian dirulaguntzarik jasoz gero, uko egingo diola Agindu honen babesean esleitutakoari.
1.8.– Foru Aldundiek xede berberarekin 2019an argitaratutako deialdietan onuraduna ez izatea. Era berean, 2020-2021 epealdian dirulaguntzarik jasoz gero, uko egin beharko diola Agindu honen babesean esleitutakoari.
1.9.– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea izatea.
2.– Baldintzak egiaztatzeko modua:
2.1.– Dirulaguntzaren eskatzaileak egunean izan behar ditu indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamenduz zehaztutako moduan. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan edo eskatzailearen helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, eskatzailearen helbide fiskala Nafarroan baldin badago, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, interesdunak zerga-betebeharrak beteta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Kasu horietan guztietan ziurtagiriak, gehienez ere, 6 hilabete lehenago egindakoak izango dira.
2.2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluei jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituela adierazi beharko du eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez dela gehiena publikoa eta, horrez gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez dela nagusiki publikoa.
– Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere. Era berean, ez duela inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
– Eskatzaileak ez duela Europar Batasunak ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratutako dirulaguntzarik onartu.
– Eskatzailea ez dela, Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera, krisialdian dagoen enpresa.
– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez dela.
– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea dela.
3.– Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon ezean, edo bertan dauden bankuaren datuak aldatu nahi izanez gero, nahiz bide presentziala, nahiz elektronikoa erabili, honako gune honetan aurkitu daiteke informazioa: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/
4.– Artikulu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko da.
9. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek, pertsona fisikoen taldeek edo pertsona juridikoek, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:
1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.
1.1.– Pertsona juridiko pribatuak:
Kasu guztietan entitatea legalki eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:
– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.
– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).
– Eskatzailearen IFZ.
Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango du hori adieraztea, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.
1.2.– Pertsona fisikoak:
– Nortasunaren egiaztapena (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Autonomoen Erregimenean alta emanda egon behar du. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo-kudeatzaileari dagokio.
– Dagokion jarduera ekonomikoaren epigrafean alta emanda izatea.
1.3.– Nortasun juridikorik gabeko pertsonak:
– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria, akordioa, akta...).
1.4.– Guztiek aurkeztu beharrekoak:
– Eskabidea: eskatzailearen datuak, adierazitako gastu-aurrekontua eta erantzukizunpeko adierazpenak.
– Egitasmoaren deskribapen teknikoa. Hiru urteetako egitasmoa azaldu behar da.
– Dirulaguntzaren eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar ditu eskabidea egiterakoan. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan edo eskatzailearen helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, eskatzailearen helbide fiskala Nafarroan baldin badago, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, interesdunak zerga-betebeharrak beteta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Kasu horietan guztietan ziurtagiriak, gehienez ere, 6 hilabete lehenago egindakoak izango dira.
– Elkarlanean egiten diren egitasmoen kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu bakar batek egingo duenez, ordezkaritza hori ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.
Eskatzaileak 1.1.,1.2. edo 1.3. ataletan aipatutako agiriak aldez aurretik Administrazio honetan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz konprobatuko du. Horretarako nahikoa izango da eskabidean adieraztea zein Sailetan edo Zuzendaritzatan aurkeztu ziren.
Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du. Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, eskatzaileari buruzko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskaera guztientzat.
2.– Diruz lagun daitekeen egitasmoari dagokion dokumentazioa.
2.1.– Nazio mailako argitalpenak:
– Ordainketa bidezko argitalpenen kasuan, hedabideak 2019an izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak (OJD erakundeak) egindakoa. Agiri horrek ordainketa bidezko zabalkunde arrunta ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiriak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da.
– Doaneko argitalpenen kasuan, hedabideak 2019an izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak (OJD erakundeak) egindakoa. Agiri horrek banatzekoak diren aleei dagokien zabalkundea ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiriak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da.
– Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat.
– Urtarrilaren 1etik Agindua argitaratzen den egunera arte argitaratutako albisteen zerrenda.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
2.2.– Uhin bidezko tokiko irratiak:
– Irrati-zerbitzua emateko lizentzia.
– Tokiko eremuan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko soinuaren irrati-difusioaren zerbitzua eman ahal izateko, jabari publiko erradioelektrikoa era pribatiboan erabiltzeko jabari publikoko emakida ematen duen Ebazpena.
– Proiektu teknikoa aurkeztua izan dela dioen egiaztagiria.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
2.3.– Uhin bidezko tokiko telebistak.
– Telebista-zerbitzua emateko lizentzia (ezinbestean aurkeztu beharko da eskabidearekin batera).
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
2.4.– Hedabide digitalak.
– Google Analytics neurgailurako sarbidea.
– Domeinuaren erresgistro ziurtagiria, hedabide digitala editatzen duen eskatzailearen izenean egon behar du.
– Urtarrilaren 1etik eskabidea egiten den egunera arte argitaratutako albisteen zerrenda.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
10. artikulua.– Dirulaguntza honetan parte hartu ahal izateko diruz lagun daitezkeen hedabideen baldintzak.
1.– Deialdiaren epe-barrutia kontuan izanik, 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean, laguntza mota honetara aurkezten den hedabideak epealdi horretan kalean izan behar du, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.
Uhin bidezko tokiko irratien kasuan, ez zaie emititzen egoteko baldintza 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eskatuko, baizik eta deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, gehienez ere, hilabeteko epean.
2.– Bete beharreko baldintzak:
2.1.– Nazio mailako argitalpenei dagozkien baldintzak:
2.1.1.– Baldintza orokorrak:
– Hedabideak originala izan behar du eta euskara hutsean ekoitzia. Hots, laguntzagai den beste hedabide edo aldizkako argitalpen baten aldaerarik ez da onartuko.
– Kazetaritzako idazkerako edukia % 40koa izatea gutxienez. Argitalpen jakin baten idatziaren edukia zehazteko asmoz, espedientearekin batera aurkezten diren argitalpenaren aleen eta laginketa bidez aukeratutakoen arteko batez bestekoa egin behar da. Ale bakoitzean idatziaren edukiaren ehunekoetan aldeak egonez gero eta ezin bada egiaztatu modu erabakigarrian betebehar hori betetzen dela, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak argitalpen beraren ale gehiago aurkezteko eska diezaioke eskaera egin duen pertsona edo erakundeari.
– Publizitatearen edukia ez da izango argitalpenaren erdia baino gehiago eta erabilitako hizkuntza euskara izango da. Elebitako iragarkiak (orekatuak) ere onartuko dira. Baldintza hau deialdia argitaratu eta handik aurrera betetzea eskatuko da.
– Jabetza intelektualari buruzko araudia betetzea.
– Hizkera ez sexista erabiltzea eta pertsonek kazetaritza eta giza subjektu gisa duten duintasuna errespetatzeko moduan tratatzea edukiak.
– Legezko gordailuaren edota ISSN delako zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.
– Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea.
– Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean. Dohainik zabaltzen diren hedabideen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango.
2.1.2.– Baldintza bereziak:
– Gutxieneko maiztasuna izatea: urtean 44 zenbaki informazio orokorreko aldizkarien kasuan, eta 4 zenbaki aldizkari espezializatuenean.
– Formatua eta orrialde-kopurua: DIN-A4 formatuko 20 orrialde edo gehiago informazio orokorreko aldizkarien kasuan, eta 32 orrialde edo gehiago aldizkari espezializatuenean. Zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak proportzionalki kalkulatuko du orrialde-kopurua, orriaren neurriaren arabera.
– Jarraian eta etengabe izen berberarekin argitaratzea.
– Aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.
2.2.– Uhin bidezko tokiko irratiei dagozkien baldintzak:
– Emisioa zuzenekoa izatea.
– Urte osoan zehar emititu behar dituzte irrati-programak.
– Emisio-orduak: astean, gutxienez, 25 ordu. Aipaturiko emisio-orduen zenbaketa egiterako orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.
– Jabetza intelektualari buruzko araudia betetzea.
– Hizkera ez sexista erabiltzea eta pertsonek kazetaritza eta giza subjektu gisa duten duintasuna errespetatzeko moduan tratatzea edukiak.
2.3.– Uhin bidezko tokiko telebistei dagozkien baldintzak:
– Emisioa zuzenekoa izatea.
– Urte osoan zehar emititu behar dituzte euskarazko telebista-programak.
– Emisio-orduak: astean, gutxienez, 10 ordu. Aipaturiko emisio-orduen zenbaketa egiterako orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.
– Jabetza intelektualari buruzko araudia betetzea.
– Hizkera ez sexista erabiltzea eta pertsonek kazetaritza eta giza subjektu gisa duten duintasuna errespetatzeko moduan tratatzea edukiak.
2.4.– Hedabide digital hutsei dagozkien baldintzak:
2.4.1.– Baldintza orokorrak:
– Kazetaritza idazkerako informazio edukiek gaurkotasunarekin lotuta egon beharko dute, eta argitalpen data eduki.
– Edukiek funtsean idatzizkoak eta/edo ikus-entzunezkoak eta norberak eginak izan beharko dute. Artikuluak sinatzearen bitartez egiaztatu beharko da hori.
– Orri nagusiak nahiz bitarteko digital osoak kazetaritza idazkerako edukia izan beharko du gehienbat.
– Edukiak eguneratu beharko dira, maiztasun jakin batekin hedabidearen izaeraren arabera.
– Google Analytics neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea; hau ez da aplikagarria aldizkari digitalen kasuan.
– Jabetza intelektualari buruzko araudia betetzea.
– Hizkera ez sexista erabiltzea eta pertsonek kazetaritza eta giza subjektu gisa duten duintasuna errespetatzeko moduan tratatzea edukiak.
2.4.2.– Baldintza bereziak:
a) Aldizkari digitalen kasuan:
– Edukiak hilabetean behin gutxienik eguneratuko dira eta orri nagusian eta ataletan adierazi beharko da hori.
– DIN A4 paper tamainako 6 orrialderen eduki baliokidea izan beharko dute gutxienez, hilean.
– Gailu mugikorretarako propio sorturiko argitalpenak izan beharko dute (tabletak eta smartphoneak).
– Data finkoa eta aldizkakoa izan beharko dituzte ixteko eta argitaratzeko.
– Deskarga edo harpidetza kopurua neurtzeko tresna izan behar dute eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dizkio neurgailurako sarbidea edo hortik ateratako datuak.
b) Irrati digitalak:
– Emisioa zuzenekoa izango da.
– Emisio-orduak: astero-astero, gutxienez ere, 25 orduz emititzea. Aipaturiko orduon zenbaketa egiteko orduan ez da aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.
c) Telebista digitalak:
– Emisioa zuzenekoa izango da.
– Emisio orduak: astero-astero, gutxienez ere, 10 orduz emititzea. Aipaturiko orduon zenbaketa egiteko orduan ez da aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.
d) Bestelako hedabide digital hutsen kasuan:
– Edukiak astean behin gutxienik eguneratuko dira.
– Batez besteko eduki berrien kopurua: astean, gutxienik, 1.500 karaktereko 5 berri eta ikus-entzunezko bat, edo bi eduki moten arteko konbinazioa.
2.5.– Hedabide orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari egindako diru-eskabidea aintzat hartuta. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen hedabidea kanpo utziko da.
2.6.– Hedabide orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den hedabidea kanpo utziko da. Finantzaketa-maila hori honako hauetakoren bat izango da:
a) Agindu honen babeseko laguntza-deialdira eskaerak aurkezteko azken egunean urtebeteko bizitza baino laburragoa duten hedabideen kasuan, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 25 izango da.
b) Lehenagotik ari diren hedabideen kasuan, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 30 izango da.
11. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.
1.– Ondorengoak joko dira Agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastuak: eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura zuzena badute. Beraz, laguntza-deialdiak honako gastu hauek baino ez ditu gogoan hartuko: sorkuntza-, funtzionamendu-, inprenta- eta zabalkunde-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.
2.– Dirulaguntza honen bitartez aurreko atalean zehaztutako gastuak soilik lagunduko dira. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:
a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.
b) Sareko hedabideen kasuan, aldaketa edota hobekuntza teknologikoak, hau da, aplikazio berriak egitea edo lehendik daudenak egokitzea.
c) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.
d) Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusia ez dutelako) agertzen badira, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, Balorazio-batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
3.– Agindu honen 10.7 atalean aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:
a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.
b) Zerbitzuen salmentatik eskuratutakoak.
c) Produktuen salmentatik eskuratutakoak.
d) Publizitatetik eskuratutakoak.
e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.
4.– Defizitarioak diren hedabideei bakarrik eman ahal izango zaie dirulaguntza. Hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako dirulaguntza publikoekin berdindu ezin dituzten hedabideei. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen ez den hedabidea kanpo utziko da.
5.– Hedabide bakoitzari esleitutako dirulaguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da, eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen den hedabidea ez da diruz lagunduko.
6.– Dirulaguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzaketenekin, betiere, gainfinantzaketarik ez bada. Salbuespen dira Agindu honen 6.3.b) eta 6.3.c) ataletan aipatzen direnak.
7.– Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 21. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 19. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.
8.– Dirulaguntzaren zenbatekoa irizipide hauen arabera kalkulatuko da.
8.1.– Nazio mailako argitalpenei dagokienez:
2019ko dirulaguntzak kalkulatzeko deialdia argitaratu arteko datuak kontuan hartuko dira. Horretarako lagin bat aukeratuko da.
Hiru atal hauetako kopuruak batu egingo dira:
a) Sorkuntza eta funtzionamendua:
Oinarrizko dirulaguntza:
Atari digitalean gutxieneko aktibitate bat duten argitalpenak, hau da, atari digitalean astean gutxienez 5 albiste argitara ematen dituztenak:
– Aldizkariak: urtean sortutako orrialde bakoitzeko, 109,50 euro.
– Komikiak: urtean sortutako orrialde bakoitzeko, 193,21 euro.
Atari digitalean gutxieneko aktibitaterik ez duten argitalpenak:
– Aldizkariak: urtean sortutako orrialde bakoitzeko, 92,00 euro.
– Komikiak: urtean sortutako orrialde bakoitzeko, 162,30 euro.
Laguntza gehigarria:
Atari digitalean, astean gutxienez 15 albiste eta ikusentzunezko bat argitaratzen dituzten hedabideen kasuan, formatu digitalean argitaratzen diren eduki berrien kopuruaren arabera igoko da, modu proportzionalean, sorkuntzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa. Formatu digitalean argitaratzen diren eduki berriak, formatu digitalean bakarrik argitaratu diren albiste edo ikusentzunezkoak kontsideratuko dira.
b) Banaketa:
– Masiboa bada, banatutako ale bakoitzeko: 0,04018 euro.
– Beste argitalpen batekin batera banatutako ale bakoitzeko: 0,020 euro.
– Posta edo harpidetza bidezkoa bada, banatutako ale bakoitzeko: 0,1995 euro.
c) Inprenta:
Botaldiak: formatu eta kopuruaren araberako kostuak
Koloreen tratamenduaren arabera, indize hauek aplikatuko zaizkie inprentako kostuei:
Goian aipaturiko kosteak honela egiaztatuko dira:
– Inprenta: inpresio-fakturen bidez.
– Banaketa: OJDk (Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak) emandako ziurtagiriaren bidez edo banaketa-enpresak egindako fakturaren bidez.
8.2.– Uhin bidezko tokiko irratiei dagokienez:
Oinarrizko dirulaguntzaren zenbatekoa irizipide hauen arabera kalkulatuko da (bi ataletako kopuruak batu egingo dira):
– 30,45 euro urtean norberak ekoitzitako ordu bakoitzeko.
– 15,22 euro urtean lankidetzan ekoitzitako ordu bakoitzeko. Hedabide bakarrarentzat esklusibitatean eta enkargu bidez ekoitzitako edukiak norberaren eduki kontsideratuko dira.
Laguntza gehigarriak: emititzeko duten potentziari dagokionez, kontuan hartuko da ministerioak ontzat emandako txosten teknikoan azaldutako erradiatutako itxurazko gehienezko potentzia (PRA delakoa).
– 1. tartea: 5 KW artekoa (x 1,2)
– 2. tartea: 5 KW eta 10 KW artekoa (x 1,30)
– 3. tartea: 10 KWetik gorakoa (x 1,50)
Hedabidea kokatzen den tramoan parentesi artean zehazten den zenbakia biderkatuko da aurreko atalean (oinarrizko dirulaguntza) ateratako zenbatekoarekin.
8.3.– Uhin bidezko tokiko telebistei dagokienez:
Dirulaguntzaren zenbatekoa irizipide hauen arabera kalkulatuko da (bi ataletako kopuruak batu egingo dira):
– Urtean norberak zein lankidetzan ekoitzitako ordu kopurua 1.500 ordu baino gutxiago denean, 183,75 euro ordu bakoitzeko. Lankidetzan ekoitzitako ordu bakoitza, norberak ekoitzitakoaren erdia bezala kalkulatuko da. Hedabide bakarrarentzat esklusibitatean eta enkargu bidez ekoitzitako edukia norberaren eduki bezala kontsideratuko da.
– Urtean norberak zein lankidetzan ekoitzitako ordu kopurua 1.500 ordutik gorakoa denean, 91,7 euro ordu bakoitzeko. Lankidetzan ekoitzitako ordu bakoitza, norberak ekoitzitakoaren erdia bezala kalkulatuko da.
8.4.– Hedabide digital hutsei dagokienez:
Dirulaguntzaren zenbatekoa irizipide hauen arabera kalkulatuko da (ataletako kopuruak batu egingo dira):
Oinarrizko laguntza:
– Aldizkari digitalei dagokienez, urtean sortutako DIN A4 orrialde bakoitzeko edo horren baliokidea den eduki bakoitzeko: 109,50 euro.
– Irrati digitalak: 14.557,00 euro lanaldi oso bakoitzeko. Lanaldi osoa ontzat emateko, baldintza hau bete behar da: asteko produkzioa, gutxienik, 30 ordukoa eta ikus-entzunezko eduki bat edo bien arteko konbinazioa. Hortik gorakoak zein beherakoak era proportzionalean ezarriko dira. Gehienez ere, hedabide bakoitzeko 7 lanaldi oso onartuko dira.
– Telebista digitalak: 14.557,00 euro lanaldi oso bakoitzeko. Lanaldi osoa ontzat emateko, baldintza hau bete behar da: asteko produkzioa, gutxienik, 15 ordukoa izatea Hortik gorakoak zein beherakoak era proportzionalean ezarriko dira. Gehienez ere, hedabide bakoitzeko 7 lanaldi oso onartuko dira.
– Bestelako hedabide digitalak: 14.557,00 euro lanaldi oso bakoitzeko. Lanaldi osoa ontzat emateko, baldintza hau bete behar da: asteko produkzioa, gutxienik, 1.500 karaktereko 10 berri eta hiru ikus-entzunezko edo bi eduki moten arteko konbinazioa.
Hortik gorakoak zein beherakoak era proportzionalean ezarriko dira. Gehienez ere, hedabide bakoitzeko 7 lanaldi oso onartuko dira.
Laguntza gehigarriak: deialdia argitaratu aurreko hamabi hilabeteetako datuak kontuan hartuko dira.
– Aldizkari digitalei dagokienez, deskargak/harpidetzak: 0,20 euro deskarga bakoitzeko. Gehienez ere, 40.000 deskarga hartuko dira kontuan.
– Bestelako hedabide digitalei (web informatiboei, irratiei eta telebistei) dagokienez, erabiltzaile bakoitzeko: 0,05 euro. Gehienez ere, 400.000 erabiltzaile hartuko dira kontuan.
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Pertsona juridikoren batek edo deialdiko 6.2 artikuluan aipatzen direnetako batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzen dezala jakinaraziko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.
14. artikulua.– Esleipen-prozedura.
1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak lehiarik gabeko konkurrentziaren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz.
2.– Eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatu ahal izateko, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordea osatuko da.
3.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egin aurretik, dirulaguntzaren zuzendaritza kudeatzaileak aurkeztu diren eskabideak onartzekoak diren aztertu behar du, deialdian ezarritako irizpideen arabera.
4.– Eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatu ahal izateko, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:
a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.
b) 12. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako hedabidearen gauzatzeari, ez besterik, zuzenean egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan.
c) Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horiek izango dira, hain zuzen ere, onartutako gastu-aurrekontua eta onartutako laguntza-eskabidea. Horrelakoetan, beraz, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat.
d) Balorazio-batzordeak, 12. artikuluan adierazitako irizpideak aplikaturik, eskatzaileari dagokion dirulaguntza-proposamena egingo du.
e) Dirulaguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da. Ebazpen-proposamena lantzerakoan, balorazio-batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean diru soberakina izan eta besteren batean diru-falta balego, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du.
f) Birbanaketa hori egiterakoan telebisten multzoak izango du lehentasuna eta, multzo horren premiak bete ondoren, gainontzeko multzoenak beteko dira. Bigarren birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Horrela jasoko da balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan.
5.– Balorazio-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:
a) Estibaliz Alkorta Barragán, Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
b) Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuendaria, batzordearen buruordea izango dena. Ordezkoa, Josune Zabala Alberdi, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
c) Nekane Zeberio, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen zuzendaria. Ordezkoa, Ander Goyoaga, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko komunikazio aholkularia.
d) Edurne Ramon Olano, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Araceli Díaz de Lezana, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuaren arduraduna.
Balorazio-batzordeak idazkaria izango du: Jose Miguel Odriozola Mujika, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa, Pablo Mendizabal Arnaez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.
6.– Balorazio-batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabiltzeko aukera izango dute, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.
7.– Aurkeztutako hedabideak baloratzeko, balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.
8.– Balorazio-batzordeak, deialdi honetan finkatutako irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, honek, zuzen eta bidezko joz gero, behin betiko ebazpena eman dezan. Aipaturiko proposamenak, honako atal hauek izango ditu gutxienez:
a) Deialdian finkaturiko baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan daitezkeen eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.
b) Diruz lagundutako hedabideen zerrenda; onartutako gastu-aurrekontua, onartutako dirulaguntza eskaera eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik sei hilabeteko epean, interesdunei jakinaraziko die.
2.– Ebazpenak baztertutako egitasmoen, diruz lagundutakoen eta diruz lagunduko ez diren egitasmoen berri emango du. Aurrekoari kalterik egin gabe, dirulaguntzak esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar orok jakin dezan eta ebazpenak jakinarazpen ondorioak izan ditzan. Hala ere, argitalpena ez da oztopoa izango beste mota bateko jakinarazpena egiteko. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat, 39/2015 Legearen 41.7 artikuluak ezarritakoari jarraituz.
3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.
1.– Dirulaguntzaren onuradunak esleitutako dirulaguntza onartu egin behar du. Ondorioz, dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean, dirulaguntza onartu egin duela adieraziko dio idatziz aipatu Zuzendaritzari.
2.– Dirulaguntzaren onuradunak onarpen-agiria epe horretan aurkezten ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.
17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Dirulaguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.
b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.
c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.
e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
f) Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik, ezta beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik ere.
g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 23. artikuluan esandakoaren arabera.
j) Dirulaguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dauzkatela ziurtatzea.
k) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozedura bukatuta izatea eta halaber, baldin eta arduradunaren erantzukizuna iraungita ez badago, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra beteta izatea eta zigortzeko prozeduratik sortutako isunak ordainduta izatea.
2.– Aipatutako betebehar horiek ez betetzeak esleitutako dirulaguntza galtzea ekarriko du ondorio bezala.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
Agindu honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketak 4 zatitan egingo dira:
a) 2019. urteari dagokion % 55, ebazpena jakinarazitakoan (dirulaguntza onartu eta bi hilabeteko epean).
b) 2019. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 45) eta 2020. urteari dagokion lehenengoa (% 55), 2019. urtean dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 22. artikuluko 1. 2. eta 3. puntuetan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2020ko martxoaren 31 izango da.
c) 2020. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 45) eta 2021. urteari dagokion lehenengoa (% 55), 2020. urtean dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 22. artikuluko 1. 2. eta 3. puntuetan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2021eko martxoaren 31 izango da.
d) 2021. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 45), 2021. urteko dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 22. artikuluko 4. puntuan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2022ko uztailaren 30a izango da.
19. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokituko da.
20. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.
1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:
a) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzen bada.
b) Agindu honen 17. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira.
c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua itzultzen ez bada horretarako emandako epean.
d) Dirulaguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
2.– Agindu honen pentzutan emandako dirulaguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari honako kasu hauetan: aurreko pasarteetan jasotakoak gertatuz gero eta, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da.
3.– Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatzen ez baldin bada, dirulaguntza itzultzeko prozedurak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5.1 artikuluak ezarritakoari jarraituko dio eta interesdunak 15 egun balioduneko epea izango du alegazioak egiteko.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoa urtero gauzatu dela justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean.
2.– Dirulaguntza zuritzeko, urte bakoitzeko datuak urte horretako urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartekoak izango dira. Urtealdi bakoitzaren justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
3.– Pertsona juridikoen kasuan zein nortasun juridikorik gabeko pertsonen kasuan, justifikazioa bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko da, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Pertsona fisikoen kasuan, justifikazioa elektronikoki zein modu presentzialean aurkeztu daiteke, 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraituz.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Dirulaguntzaren justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da, antolamendu juridikoak horretarako aukera ematen duenean, hau da, dirulaguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen ez duenean. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko aitorpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu:
– Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena.
– Diruz lagundutako hedabideari dagokion aurrekontu likidatua.
– Beste dirulaguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.
– Diruz lagundutako hedabideari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua.
– Diruz lagundutako hedabideari dagozkion sarreren zerrenda sailkatua.
– Agindu honetako 17. eta 23. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.
2.– Dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko, honako hauek igorriko dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzara:
a) Nazio mailako aldizkarien kasuan:
– Argitaratutako zenbaki guztien ale bana (paperean edo euskarri elektronikoan).
– Zabalkundearen zinpeko aitorpena. Harpidetzak eta salmenta-puntuetan saldutako edo banatutako ale-kopurua ematen duena.
– Inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalen fotokopiak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale- eta orrialde-kopurua zehaztu beharko da.
b) Tokiko uhin bidezko irratien eta toki telebisten kasuan:
– Programazioaren lagin zehatz bat.
c) Hedabide digitalen kasuan:
– Urtean zehar argitaratutako albisteen zerrenda, argitaratze-dataren arabera antolatua.
– Kontratatutako langileen eta kolaboratzaileen zerrenda (langilearen kategoria, hasiera, bukaera eta dedikazioa).
Urteroko justifikazioarekin batera euskarri elektronikoan jasotako testuak, idatzizkoak zein ahozkoak, hizkuntza-ikerketen euskarri izango diren corpusak elikatzeko erabili ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzak. Nolanahi ere, urte amaierako justifikazioaren zain egon beharrean argitaratu edo emititu ahala bidali nahi izanez gero, jokamolde horri ekin ahal izango zaio. Bide hori aukeratuz gero, onuradunak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzarekin finkatuko du prozedura.
Dirulaguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri egiaztatuko du, dirulaguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, unitate moneta laginketa teknikak erabiliz. Horretarako berak hautatutako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak bidaltzeko eskatuko zaio onuradunari. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.
3.– Jasotako dirulaguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen duenean, justifikazioak honako hauek jasoko ditu: aurreko ataletan aipatutako dokumentazioaz gain, aipaturiko zerrendako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.
4.– Agindu honen 18. artikuluaren d) atalean aipatzen den dirulaguntzaren ordainketa egiteko, artikulu honen 1., 2. eta 3. ataletan jasotakoaz gain, honako hauek ere osatuko dute dirulaguntzaren justifikazioa:
a) Dirulaguntzaren onuraduna enpresa, fundazioa edo onura publikoko elkartea bada, eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoak edota egitasmoek, 2019-2021 epealdiko edozein urtetan, onuradunaren urte horretako % 50etik gorako jarduera osatzen badute, onuradunaren urte horretako edo horietako kontuak. Halaber, aipatu onuradunari legez auditoria egitea badagokio, 2019ko, 2020ko eta 2021eko auditoriak ere aurkeztuko ditu. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoaren edo egitasmoen urte jakin bateko gastu-aurrekontuak 500.000 euro gainditzen duenean, urte horri dagokion auditoriak egindako onuradunaren gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.
b) Dirulaguntzaren onuraduna elkartea bada eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoak edota egitasmoek, 2019-2021 epealdiko edozein urtetan, elkartearen urte horretako % 50etik gorako jarduera osatzen badute, elkartearen urte horretako edo horietako kontabilitatea. Kontabilitate horrek elkartearen finantza-egoeraren, emaitzaren eta ondarearen irudi leiala lortzeko aukera emango du. Aipatu elkarteari legez auditoria egitea badagokio, 2019ko, 2020ko eta 2021eko auditoriak ere aurkeztuko ditu. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoaren edo egitasmoen urte jakin bateko gastu-aurrekontuak 500.000 euro gainditzen duenean, urte horri dagokion auditoriak egindako onuradunaren gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.
5.– Agindu honen 18 artikuluaren b), c) eta d) ataletan aipatzen den dirulaguntzaren ordainketak egiteko, hala badagokio, dirulaguntzaren onuradunak, indarrean dauden xedapenei jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta izan behar ditu. Horien egiaztapena 8. artikuluan finkatutakoari jarraituz egingo da.
6.– Dirulaguntzaren erabilera zuzena egin dela ziurtatzeko, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen beste edozein informazio osagarri eskatzeko aukera izango du.
7.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute jarraipen-batzordea:
a) Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena: Estibaliz Alkorta Barragán.
b) Sustapen Zerbitzuaren arduraduna: Edurne Ramón Olano.
c) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria: Joseba Lozano Santos.
Jarraipen batzordeak idazkaria izango du. Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da: Joxe Miguel Odriozola Mujika. Ordezkoa, Pablo Mendizabal Arnaez. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.
8.– Anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 19. eta 20. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio automatikoki.
23. artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren aipamena.
1.– Agindu honen 17. artikuluan finkatutako betebeharraren arabera, laguntza-mota honetara jotzen duen hedabide orok Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du. Hori dela eta,
a) Nazio mailako aldizkarien eta hedabide digitalen kasuan:
– Diruz lagundutako hedabide orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia.
– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua, esleitutako dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 36 hilabetez agerian egongo da.
– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerkariaren kreditu-ezaugarriak (argitaratzailea, zuzendaritza, erredakzioa, tirada, etab.) adierazten diren toki berean jarriko da eta, hori guztiz ezinezkoa bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostuko du onuradunak garrantzi eta ikusgarritasun bera duen tokirik egokiena.
– Oro har, publizitate-ohar horrek, gutxienik ere, 45 cm
b) Uhin bidezko tokiko irratien kasuan:
– Diruz lagundutako irrati orok honako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: «Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura jarriko du publizitate-ohar hori.
– Publizitate-ohar hori, gutxienez 4 aldiz txertatuko da egunean zehar: 2 aldiz entzule gehien dauden orduetan (06:00-10:00), hirugarrena arratsaldean zehar eta laugarrena, gauean.
– Publizitate-ohar hori esleitutako dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 36 hilabetez agerian egongo da.
c) Uhin bidezko toki telebisten kasuan:
– Diruz lagundutako telebista orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Kultura eta Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura jarriko du publizitate-ohar hori.
– Publizitate-ohar hori, gutxienez 4 aldiz txertatuko da egunean zehar: 2 aldiz ikus-entzule gehien dauden orduetan (21:00-24:00), hirugarrena goizean zehar eta laugarrena, eguerdian.
– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua esleitutako dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 36 hilabetez agerian egongo da.
2.– Aurreko puntuan aipaturiko zehaztasun horiek artez eta moldez betetze aldera, onuradunak beharrezko argibideak eman eta eskatuko dizkio Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko informazio-klausula.
– Tratamenduaren arduraduna eta harremanetarako datuak:
Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.
Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel.: 945 01 88 00
Eusko Jaurlaritzako Datuen Babeserako ordezkaria:
Tel.: 945 01 85 11
Helbide elektronikoa: dpd-dbo@euskadi.eus
– Tratamenduaren xedea: euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzak kudeatzea.
– Datuak zenbat urtez gorde: EONALTBaren 44. artikuluan ezarritako preskripzio-epean gordeko dira, edo, prozedura judizialik izanez gero, hura amaitu artean.
– Legitimazioa: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolamenduei buruzko Legearen Testu Bategina (azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintza Dekretuak onartua).
– Hartzaileak: datu pertsonalak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari eta organo judizialei komunikatuko zaizkie.
– Eskubideak: interesa duen pertsona orok eskubidea du bere datuetara sartzeko, datu horiek zuzentzeko eta ezabatzeko eskatzeko edo tratamendua mugatu edo horren aurka egiteko.
– Informazio gehigarria: datu-babesari buruzko informazio gehiago aurkitu daiteke honako helbide hauetan:
Argitalpenak: https://www.euskadi.eus/dbao/0245110
Tokiko irratiak: https://www.euskadi.eus/dbao/0245310
Tokiko telebistak: https://www.euskadi.eus/dbao/0245410
Hedabide digitalak: https://www.euskadi.eus/dbao/0245510
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan araututako laguntzetan ez dira betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako betekizun guztiak; beraz, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen, eta, ondorioz, ez zaio Europar Batasunari jakinarazi behar. Hain zuzen, laguntza hauek ez diote Europar Batasunaren barneko merkataritzari eragiten, merkatu lokal batera xedatzen diren produktuak direnez. Horrenbestez, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunak 108.3 artikuluan xedatzen duen jakinarazpen prozeduratik salbuetsita daude laguntza hauek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 12a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.