EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2019184

AGINDUA, 2019ko irailaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egiten duena 2019-2020 ikasturterako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-09-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201904413
Maila: Agindua
Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».
Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta botere publikoen zeregina da dauden mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.
Horregatik, aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak –2019ko ekitaldirako luzatuak– onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea
Agindu honen xedea da honako beka eta laguntza hauen oinarriak iragartzea eta onartzea:
1.– Maila hauetako ikasleak eskolatzeko ikasketa-bekak eta -laguntzak, agindu honen I. kapituluan jasotako oinarrien arabera: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzak 2019-2020 ikasturterako.
2.– Maila hauetako ikasleak eskolatzeko ikasketa-bekak eta -laguntzak, agindu honen II. kapituluan jasotako oinarrien arabera: derrigorrezko hezkuntzaren ondoren egiten diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak, 2019-2020 ikasturterako.
3.– Agindu honen xede diren beka eta laguntzei aplikatu beharreko prozedura erkideari buruzko artikuluak III. kapituluan jasota daude.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Xede horretarako, 55.000.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura; horietatik, 43.500.000 euro 2019ko ekitaldiko ordainketa-kredituarekin ordainduko dira, eta, 11.500.000 euro, 2020ko ekitaldiko konpromiso-kredituarekin.
Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoak handitu ahal izango dira, kontuan harturik ebazteko dauden eta ebazpen-proposamena duten eskabideen zenbatekoa, eta horiek ebatzi baino lehenago. Horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 24a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-MAILA HAUETARAKO IKASKETA-BEKAK ETA -LAGUNTZAK: HAUR HEZKUNTZA, LEHEN HEZKUNTZA, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA ETA MUSIKAKO ETA DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZAK
1. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen ikasketak.
Kapitulu honetako ikasketa-bekak eta -laguntzak unibertsitateaz kanpoko ikasketa hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:
a) Haur Hezkuntza;
b) Lehen Hezkuntza;
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza;
d) Musikako eta dantzako oinarrizko ikasketak.
2. artikulua.– Bekaren edo laguntzaren osagaiak.
Deialdi honetan araututako ikasketa-beka edo -laguntzek osagai hauetakoren bat edo gehiago eduki ahal izango dute:
a) Kuota-osagaia, 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak.
b) Irakaskuntza-osagaia.
c) Joan-etorrien osagaia.
d) Eskola-materialen osagaia.
e) Jantoki-osagaia.
3. artikulua.– Kuota-osagaia, 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak.
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 0 eta 1 urte bitarteko ikasleek ordaindu behar duten kuota murrizteko da osagai hau.
Gehieneko zenbatekoak hilean 90 eurokoak izango dira.
4. artikulua.– Irakaskuntza-osagaia.
1.– Osagai honek ezin izango du inoiz gainditu 2019-2020 ikasturtean matrikulatuta dadoen ikastetxean ikasleak gehienez ere ordaindu behar duen kuota.
2.– Kasu hauetan ez da laguntzarik emango:
a) Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak.
b) Hezkuntza-itun osoko ikastetxe edo mailak.
c) Kontzeptu honengatik kuotarik ordaintzen ez duten ikastetxeak.
d) 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak.
e) Toki-korporazioen ikastetxeetako 2 urteko ikasleak.
3.– Hauek izango dira gehieneko zenbatekoak:
a) Haur Hezkuntzako 2 urteko ikasleak: 200 euro.
b) Musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzetako ikasleak: 295 euro.
5. artikulua.– Joan-etorrietako osagaia.
1.– Musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzetako ikasleentzat eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat, joan-etorrietarako diruz lagundu gabeko garraioa erabiltzen denean eta joan-etorriok 5 km edo gehiagokoak direnean.
2.– Osagai hau emateko, ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia hartuko da kontuan kalkulua egiteko, eta eskala honen eta zenbateko hauen arabera banatuko da:
a) 5 eta 10 km bitarteko distantzia, 192 euro.
b) 10 km baino gehiago eta 30 km bitarteko distantzia, 385 euro.
c) 30 km baino gehiago eta 50 km bitarteko distantzia, 762 euro.
d) 50 km-tik gorako distantzia, 993 euro.
3.– Osagai honen zenbatekoa zein den jakiteko, kontuan hartuko da astean zenbat egunetan bertaratu behar duen.
6. artikulua.– Eskola-materialen osagaia:
1.– Osagai hau maila guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari izan ezik.
2.– Ezingo dute osagai hau eskuratu baldin eta Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan ari diren ikasleek uko egiten badiote «Curriculuma garatzeko material didaktikoaren eta bitartekoen programari».
3.– Hauek izango dira zenbatekoak:
a) Haur Hezkuntza (2. zikloa), 78 euro.
b) Lehen Hezkuntza, 117 euro.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, 159 euro.
d) Gainerako mailak: 202 euro.
4.– Egoera hauetan ez dira zenbateko horiek emango:
a) Lehen Hezkuntzako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute; halakoetan, 38 euro emango dira lehen eta bigarren mailetarako, eta 50 euro hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetarako.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute; halakoetan, 60 euro emango dira.
7. artikulua.– Jantoki-osagaia.
1.– Osagai hau emango zaie Haur Hezkuntzako lehen zikloko 2 urteko haurrei, Haur Hezkuntzako 2. ziklokoei, Lehen Hezkuntzako ikasleei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoei eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei, baldin eta jantokia erabiltzen badute.
2.– Osagai hau baliatzeko eskubidea izateko, ikasturtean jantokira 20 egun baino gehiagotan joan izana justifikatu beharko du ikasleak. Kasu guztietan, betekizun hauek egiaztatu beharko dira:
a) Ikasleak jantoki-zerbitzua baliatzen duela eguerdietan.
b) Administrazioari ez zaiola kostua bikoizten.
3.– Osagai honen zenbatekoa honela kalkulatuko da: jantokira doan egun-kopurua –gehienez ere 178 egun– bider ordaindutako prezioa, betiere egunean 4 eurotik beherakoa bada. Hortik gorakoa izanez gero, azken kopuru hori hartuko da erreferentziatzat osagai honen zenbatekoa kalkulatzeko.
4.– Edonola ere, osagai honegatik eman beharreko gehieneko kopurua 712 euro-koa da.
8. artikulua.– Errenta-mugak.
Honako errenta-muga hauek aplikatuko dira kapitulu honetako hezkuntza-mailak ikasteko beka eta laguntzen osagaiak emateko:
– Haur Hezkuntzako mailan (1. zikloan), familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.
– Haur Hezkuntzako mailan (2. zikloan), familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
– Gainerako mailetan:
* Eskola-materialen osagairako, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.
* Gainerako osagaietarako, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
– 8tik gorako kide konputagarri bakoitzeko, errenta-mugetan (+1) gisa ezarri diren kopuruak gehituko dira.
9. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren kalkulua.
1.– 2018ko ekitaldian PFEZaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza 0 izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kontuan hartzen ez diren diru-sarrerak eta zerga horretatik salbuetsita daudenak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.
2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko obligaziorik izan ez, eta halakorik aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta honela kalkulatuko da:
a) 2018ko ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak, salbuetsitako errentak...), baita ohiko etxebizitza ez diren hiri-ondasunen etekina ere –PFEZaren ondorioetarako konputagarria–, betiere 2018ko ekitaldian aplikatzekoa den zerga-araudiaren arabera.
b) Batura horretatik kendu beharko da aplikatzeko diren gastu kengarriek (Gizarte Segurantza, etab.) eta konturako atxikipenek sortutako zenbatekoa.
3.– Ez da diru-sarreratzat hartuko administrazio publikoek emandako ikasketa-beken edo laguntzen zenbatekoa.
4.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldundiak emandako laguntzak. Kasu horietan, harrerari buruzko agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.
10. artikulua.– Kenkariak.
Bizikidetza-unitatearen errenta zehaztu ondoren, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kontzeptuengatik dagozkion zenbatekoak kenduko dira:
1.– Bizikidetza-unitatearen kide konputagarriaren errentaren % 10, eskatzailea guraso bakarreko familia bateko kide bada eta familia-unitateak diru-iturri bakarra badu: aitak edo amak besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa (ezintasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa). Eskatzaileak edo neba-arrebaren batek diru-sarrerak izanez gero, kenkari hau aplikatuko da, betiere diru-sarrerak dituzten kide horietako bakoitzak urtean lortutako guztizko zenbatekoa 2.000 eurotik beherakoa bada.
2.– Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren sostengatzaile nagusiaren eta haren ezkontidearen diru-sarrerak ez dira horretan sartzen.
3.– Familia ugarikoa izateagatik aplikatuko den kenkaria
Kide konputagarria den neba-arreba bakoitzarengatik 525 euroko kenkaria egingo da bizikidetza/familia unitatearen errentaren gainean, familia-egoitzan bizi bada, eskatzailea barnean dela, baldin eta kategoria orokorreko familia ugariak badira; kopuru hori 800 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, aipatutako kopuruak familia osatzen duen seme-alaba bakoitzarengatik kenduko dira.
4.– Desgaitasunen bat duen kide konputagarri bakoitzarengatik aplikatuko den kenkaria:
Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentari kenkari bat aplikatuko zaio desgaitasuna legez aitortua izan eta lan-errentarik edo antzekorik ez duen kide konputagarri bakoitzarengatik. Kenkari hori 1.811 eurokoa izango da legez kalifikatutako % 33ko edo gehiagoko eta % 65etik beherako desgaitasunen bat duen bizikidetza-unitateko kide konputagarri bakoitzarengatik, eskatzailea barnean dela. Kenkaria 2.881 eurokoa izango da desgaitasuna % 65ekoa edo handiagoa denean. Ikasleak berak badu % 33 eta % 65 arteko desgaitasuna eta mugikortasuna mugatuta badu, edo % 65eko edo goragoko desgaitasuna badu, kenkaria 4.000 eurokoa izango da.
5.– 1.176 euro, unibertsitateko ikasketak egiten ari den eta ikasketak direla-eta familiaren egoitzatik kanpo bizi den 25 urte baino gutxiagoko neba-arreba bakoitzeko.
II. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-MAILA HAUETARAKO IKASKETA-BEKAK ETA -LAGUNTZAK: BATXILERGOA, LANBIDE HEZIKETARAKO SARBIDE ETA PRESTAKUNTZA IKASTAROAK, OINARRIZKO LANBIDE-HEZIKETA, ERDI-MAILAKO ETA GOI-MAILAKO LANBIDE HEZIKETA, MUSIKA ETA DANTZAKO IRAKASKUNTZA PROFESIONALAK, ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO HEZIKETA-ZIKLOAK, KIROL-IRAKASKUNTZAK ETA HIZKUNTZA-IRAKASKUNTZAK
11. artikulua.– Beka edo laguntza jaso dezaketen ikasketak.
Kapitulu honetako ikasketa-bekak eta -laguntzak unibertsitateaz kanpoko ikasketa hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:
a) Batxilergoa.
b) Lanbide Heziketako zikloak, erdi-mailakoak eta goi-mailakoak.
c) Arte plastikoak eta diseinua. Heziketa-zikloak.
d) Musikako eta dantzako irakaskuntza profesionalak.
e) Kirol-irakaskuntzak.
f) Hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan egiten diren hizkuntza-irakaskuntzak.
g) Lanbide Heziketara sartzeko probetarako prestakuntza-ikastaroak eta sarbide-ikastaroak, eta erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko prestakuntza-ikastaro espezifikoak, Lanbide Heziketako irakaskuntzak emateko baimena duten ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan emanak.
h) Oinarrizko Lanbide Heziketa.
12. artikulua.– Bekaren edo laguntzaren osagaiak.
Deialdi honetan araututako ikasketa-beka edo -laguntzek osagai hauetakoren bat edo gehiago eduki ahal izango dute:
a) Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
b) Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
c) Oinarrizko bekaren osagaia.
d) Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
e) Zenbateko aldakorreko osagaia.
13. artikulua.– Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 11. artikuluaren a) letratik e) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 1.600 eurokoa izango da.
14. artikulua.– Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 11. artikuluaren a) letratik e) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 1.500 eurokoa izango da. Halere, zenbateko hori ez da inoiz izango prestazioaren benetako kostua baino handiagoa.
3.– Osagai hau emateko orduan, asteko eskola-orduak ez dira 20 baino gutxiago izango, eta kontuan izango da ikaslea bizi den udalerrian edo bizilekutik distantzia txikiagora ba ote den ikasleak egin nahi duen maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik, eta ikastetxe horrek ba ote duen plaza librerik. Era berean, ikasleak egiaztatu beharko du etxetik kanpo bizi beharra duela, dela familiaren etxetik ikastetxera dagoen distantziagatik, dela diren garraiobideengatik.
15. artikulua.– Oinarrizko bekaren osagaia.
1.– Kapitulu honen 11. artikuluan zerrendatutako ikasketetako edozeinetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 200 eurokoa izango da.
3.– Osagai hau bateraezina izango da errentari lotutako zenbateko finkoko osagaiarekin.
16. artikulua.– Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 11. artikuluaren a) letratik e) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 50 eta 125 euro bitartekoa izango da, aurreko ikasturtean lortutako batez besteko notaren araberakoa, honela banatuta:
Ikaslearen batez besteko nota Zbko (€)
8,00 eta 8,49 puntu bitartean 50 euro
8,50 eta 8,99 puntu bitartean 75 euro
9,00 eta 9,49 puntu bitartean 100 euro
9,50 puntu edo gehiago 125 euro
3.– Osagai hau emateko, aurreko ikasturteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Bitartean urte akademikoren bat igaro bada ikasketarik egin gabe, eginiko azken ikasturteko batez besteko nota hartuko da kontuan.
17. artikulua.– Zenbateko aldakorreko osagaia.
1.– Kapitulu honen 11. artikuluan zerrendatutako ikasketetako edozeinetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Gutxieneko zenbatekoa 60 eurokoa izango da.
18. artikulua.– Errenta-mugak.
1.– Honako errenta-muga hauek aplikatuko dira kapitulu honetako hezkuntza-mailak ikasteko beka eta laguntzen osagaiak emateko:
– 8tik gorako kide konputagarri bakoitzeko, errenta-mugetan (+1) gisa ezarri diren kopuruak gehituko dira.
2.– Bekaren edo laguntzaren zenbatekoak emateko, muga hauek aplikatuko dira:
a) 1. muga, errentari lotutako zenbateko finkoa emateko.
b) 2. muga, bizilekuari lotutako zenbateko finkoa eta zenbateko aldakorra emateko.
c) 3. muga, oinarrizko bekaren zenbatekoa eta errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoa emateko.
19. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren kalkulua.
1.– 2018ko ekitaldian PFEZaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza 0 izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio.
2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko obligaziorik izan ez, eta halakorik aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta honela kalkulatuko da:
a) 2018ko ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak...), baita ohiko etxebizitza ez diren hiri-ondasunen etekina ere –PFEZaren ondorioetarako konputagarria–, betiere 2018ko ekitaldian aplikatzekoa den zerga-araudiaren arabera.
b) Batura horretatik kendu beharko da aplikatzeko diren gastu kengarriek (Gizarte Segurantza, etab.) eta konturako atxikipenek sortutako zenbatekoa.
3.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldundiak emandako laguntzak. Kasu horietan, harrerari buruzko agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.
20. artikulua.– Kenkariak.
Bizikidetza-unitatearen errenta zehaztu ondoren, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kontzeptuengatik dagozkion zenbatekoak kenduko dira:
1.– Familiaren errentaren % 20, eskatzailea umezurtz absolutua eta 25 urtetik beherakoa bada.
2.– Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren sostengatzaile nagusiaren eta haren ezkontidearen diru-sarrerak ez dira horretan sartzen.
3.– Familia ugarikoa izateagatik aplikatuko den kenkaria
Kide konputagarria den neba-arreba bakoitzarengatik 525 euroko kenkaria egingo da bizikidetza/familia unitatearen errentaren gainean, familia-egoitzan bizi bada, eskatzailea barnean dela, baldin eta kategoria orokorreko familia ugariak badira; kopuru hori 800 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, aipatutako kopuruak familia osatzen duen seme-alaba bakoitzarengatik kenduko dira.
4.– Desgaitasunen bat duen kide konputagarri bakoitzarengatik aplikatuko den kenkaria:
Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentari kenkari bat aplikatuko zaio desgaitasuna legez kalifikatua duen eskatzailearengatik edo eskatzailearen neba-arreba edo seme-alaba bakoitzarengatik. Kenkari hori 1.811 eurokoa izango da legez kalifikatutako % 33ko edo gehiagoko eta % 65etik beherako desgaitasunen bat duen bizikidetza-unitateko kide konputagarri bakoitzarengatik, eskatzailea barnean dela. Kenkaria 2.881 eurokoa izango da desgaitasuna % 65ekoa edo handiagoa denean. Eskatzailea bera denean % 65eko edo hortik gorako desgaitasun-maila duena, kenkaria 4.000 eurokoa izango da.
5.– 1.176 euro, unibertsitateko ikasketak egiten ari den eta ikasketak direla-eta familiaren egoitzatik kanpo bizi den 25 urte baino gutxiagoko neba-arreba bakoitzeko.
III. KAPITULUA
UNIBERTSITATEAZ KANPOKO MAILETAKO IKASLEAK ESKOLATZEKO IKASKETA-BEKA ETA -LAGUNTZEN PROZEDURA ERKIDEAK
21. artikulua.– Betekizun orokorrak.
1.– Deialdi honetan jasotzen diren ikasketek onarpen ofiziala izan behar dute, eta hezkuntza-administrazioak onartutako ikasketa-planekin bat etorri.
2.– Agindu honetan ezarritako ikasketaren bat egin beharko dute ikasleek, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduetan.
3.– Ikasleak profesional gisa aritzeko gaitzen duen titulu akademikoren bat baldin badu, laguntza jaso ahal izateko ezinbestekoa izango da egin nahi dituen ikasketak duen tituluaren jarraipena izatea.
22. artikulua.– Ukapenak.
Egoera hauetan, beka edo laguntza ukatu egingo da:
a) Baimendu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleek ez dute ikasketa-laguntzarik jasotzerik izango, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera. Hala ere, ikasketa horietako irakasgai guztietako azterketak ikastetxe ofizialetan egiten badituzte, onartu egingo dira.
b) Baimendu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko ikastetxeen erroldan inskribatu gabeko haur-eskoletako ikasleak.
c) Haurreskolak Partzuergoko neska-mutilak.
d) Dirulaguntzen onuradun izateko ezgaitzen duen legezko edozein arrazoi izatea edo deialdi honetan eskatzen diren betekizunak ez betetzea.
23. artikulua.– Beken eta laguntzen zenbatekoa.
1.– Ikasleak jaso ditzakeen osagai guztien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbatekoa, betiere agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.
2.– Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin.
24. artikulua.– Hezkuntza-laguntzaren behar espezifikoa duten ikasleentzako laguntzak.
1.– Desgaitasunen baten edo jokabidearen nahasmendu larriaren ondorioz edo adimen-gaitasun handiarekin lotuta hezkuntza-laguntzaren behar espezifikoa duten ikasleei zuzenduko zaizkie ikasketa-laguntzak eta sorospenak, maila hauetako ikasketak egiten ari badira: Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak, Oinarrizko Lanbide Heziketa, eta hezkuntza-behar espezifikoak dituzten ikasleentzako lanbide-heziketako beste heziketa-programa batzuk.
2.– Sorospenak eskolako jantokiaren gastuetarako eta eskola-garraioaren gastuetarako izango dira, eta familia ugarikoak diren eta hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleei emango zaizkie. Sorospenak emateko, ez dira kontuan hartuko familiaren errenta eta ondarea.
3.– Desgaitasunen baten edo jokabidearen nahasmendu larriaren ondorioz hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleentzako laguntza eta sorospenen zenbatekoak eta osagaiak hauek izango dira:
Garraiorako laguntza edo sorospenetarako aurreko taulan ezarritako zenbatekoak % 50eraino handituko dira ikasleek % 65etik gorako mugitzeko desgaitasun aitortua badute.
Zerbitzu edo funts publikoek edo, hala badagokio, ikastetxeei zerbitzu hori finantzatzeko emandako laguntzek behar bezala estaltzen badituzte gastuak, ez da laguntza edo sorospenik emango. Haur Hezkuntzan ez da emango eskola-materialerako laguntzarik.
4.– Adimen-gaitasun handiko ikasleek 913 euroko laguntza –gehienez– jaso ahal izango dute talde horrentzako programa espezifikoetan izena eman eta horietara joateko gastuak ordaintzeko. Programa horiek doakoak badira, ezin izango da laguntza hori eman. Osagai hori emateko, gaitasun handi hori egiaztatu beharko dute behar bezalako kualifikazioa duten langileek, eta hezkuntza-administrazioak ezarritako baldintzetan.
5.– Errenta-muga hauek aplikatuko dira hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleentzako ikasketa-laguntzen osagaiak emateko:
Zortzigarren kidetik aurrera, 3.672 euro gehituko dira familiako kide konputagarri berri bakoitzeko.
25. artikulua.– Bizikidetza-unitateko kide konputagarriak zehaztea.
1.– Bekaren ondorioetarako, hauek dira kide konputagarriak:
a) Eskatzailea.
b) Aita, ama, tutorea edo adin txikikoa jagon eta babesten duena.
c) 2018ko abenduaren 31n hogeita bost urte baino gutxiago dituzten neba-arreba ezkongabeak (neba-arrebek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke), ohiko bizilekuan bizi direnak.
d) Gurasoen aurreko ahaideak, baldin eta bizileku berean bizi badira.
e) Aplikatu beharreko araudian onartuta dauden harrera-egoeretako batean dauden pertsonak; inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.
f) Eskatzailearen aitaren edo amaren ezkontide berria edo izatezko bikotekide edo antzeko bikotekide berria, ohiko bizilekuan bizi dena.
g) Aparteko zirkunstantziengatik eskatzaileari harrera ematen dioten beste senide edo familia-loturarik gabeko beste pertsona batzuk.
Beraz, kasu horietan guztietan, horien errentak eta ondarea zenbatuko dira.
Salbuespen gisa, kide konputagarritzat jo ahal izango dira eskatzailearekin bizi diren beste senide batzuk, eskatzailea zurtza baldin bada, eta, betiere, eskatzaileak behar bezala egiaztatzen badu ekonomikoki haien mende dagoela eta 2018. urtean ez zuela beste sostengatzailerik izan.
2.– Gurasoak legez dibortziatuta edo bananduta badaude, bekaren eskatzailearekin bizi ez dena ez da kide konputagarritzat joko; halere, mantenu-pentsio eta/edo konpentsazio-pentsio gisa ordaintzen diren kopuruak bizikidetza-unitatearen diru-sarreratzat zenbatuko dira, judizialki onartutako neurrien arabera.
3.– Seme-alaben zaintza-araubidea zaintza partekatua denean, hauek hartuko dira kide konputagarritzat: bekaren eskatzailearen gurasoak, horien seme-alaba komunak eta baita aipatutakoen bizileku berean bizi diren gurasoen aurreko ahaideak ere, betiere udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute.
4.– Eskatzailea jatorrizko familiatik independizatu bada, eta bere bizikidetza- edo familia-unitatea osatu baldin badu, eta unitate berri horretan bere ohiko bizilekua baldin badauka, honako hauek izango dira kide konputagarriak, bekaren ondorioetarako:
a) Eskatzailea.
b) Bere ezkontidea edo izatezko bikotekidea, erregistratua zein ez.
c) Hogeita bost urtetik beherako seme-alabak (seme-alabek desgaitasun funtzional fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke, gurasoen mende bizi badira).
d) Foru-araudian onartutako harrera-egoera batean dauden pertsonak; eta inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da;
e) Eskatzailearen ahaideak, edo beraren ezkontide edo izatezko bikotekidearenak, ohiko bizilekuan bizi badira.
f) Kide konputagarritzat joko da 2018ko abenduaren 31n eskatzailearekin etxe berean bizi den pertsona –diru-sarrera propioak dituena–, nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik eta ezin justifikatu alokairuzko etxebizitza partekatzen dutela.
5.– Eskatzailea jatorrizko familiatik independizatu bada edo zurtza baldin bada, eta pertsona bateko bizikidetza-unitate bat osatzen badu, independentetzat jo ahal izateko, honela ziurtatu beharko du ekonomikoki independentea dela eta gurasoen etxetik irten dela:
a) Gurasoen etxetik irten dela egiaztatzeko, eskatzaileak bere bizilekuan, eta ez gurasoen etxean, erroldatua egon beharko du (erositako edo alokatutako etxebizitza batean, bakarrik edo pisu partekatu batean; eta bizilekua ezin da senide batena izan, 4. mailara arteko ahaidetasuna odol bidez edo 2. mailara arteko ahaidetasuna ezkontza bidez). Halere, alokairuaren zerga-aitorpena egiaztatzen bada, odol bidezko eta ezkontza bidezko ahaidetasun-maila horiek ere onartuko dira.
Edo, hala badagokio, zurztasun-egiaztagiria.
b) Ekonomikoki independente dela egiaztatu beharko du, gastuak (janaria, arropa, etxebizitza, garraioa) ordaintzeko behar beste ekonomia-baliabide dituela ziurtatuz. Ondorio horietarako, eskatzailearen baliabide ekonomikoak kalkulatzeko, haren diru-sarrerak batuko dira eta ez dira kontuan hartuko ohiko bizilekuan bizi den beste pertsona batenak. Diru-sarrerak 1. mugaren parekoak edo txikiagoak baldin badira, pertsona horrek Lanbidek kudeatutako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako dirulaguntza osagarria eskatu ahalko ditu, bai eta beste laguntza batzuk ere. Hortaz, dirulaguntza horiek eskatu dituela eta zer egoeratan dauden egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Diru gastuak ordaintzeko beste diru-sarrera dagoela egiaztatzeko xedez, honako hauek aztertuko dira:
– Eskatzaileak aurkeztu dituen diru-sarreren eta gastuen arteko balantzea, hori ziurtatzeko agiriekin batera. Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal ditu.
– Zerga-egiaztagiria, gurasoek berarengatik ez dutela zerga-kenkaririk egiten berresteko.
Eskatzaile bat ekonomikoki independentea dela jo ahal izateko, gurasoek edo legezko tutoreek ezin dute eskatzaileari lotutako zerga-kenkaririk egin PFEZaren aitorpen-likidazioan.
Eskatzaileak emantzipazio-programa baten laguntza jasotzen badu, eta horretan janaria eta ostatua sartuta baldin badaude, independentzia familiarraren betekizuna betetzetik salbuetsita egongo da, baina independentzia ekonomikoari lotutako agiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Ikasle independenteen kasuan, familiaren egoitzatzat joko da ikaslea ikasturtean bizi dena; beraz, ez da egoitza-osagaia emango.
26. artikulua.– Ondare-mugak.
Kide konputagarrien errenta edozein delarik ere, eskatutako beka edo laguntza ukatu egingo da honako kasu honetan: 2018ko abenduaren 31n, kide konputagarri guztien ondarea adierazten duten elementuen balioak muga hauetakoren bat gainditzen badu:
1.– Hiri-finkak.
a) Kide konputagarrien hiri-finken katastro-balioen batura, gehienez ere, 42.900 eurokoa izango da.
Gehienezko katastro-balioaren ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko sostengatzaile ekonomiko nagusien diru-sarreren iturria den norberaren konturako jarduera ekonomikoa egiteko erabiltzen diren eraikinak. Salbuespen hau aplikatu ahal izateko, jarduera ekonomikoa 2018ko zerga-ekitaldian higiezin horretan helbideratuta dagoela egiaztatu beharko da.
b) Konputu hori egiterakoan ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitza den hiri-finkaren katastro-balioa.
c) Eskatutako laguntza ukatu egingo da kide konputagarriek, ohiko etxebizitzaz aparte, beste bi etxebizitzaren edo gehiagoren jabetza erabatekoa badute. Zifra hori zenbatesteko, kide konputagarrien jabetzakoak izan daitezkeen etxebizitzetako titulartasun-ehunekoak batuko dira.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastro-balioa kalkulatzeko, katastro-balioa bider 0,36 egingo da.
e) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastro-balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:
Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastro-balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira katastro-balioak biderkatzeko:
0,43 koefizientea, 2003an berrikusi direnetarako;
0,37 koefizientea, 2004an berrikusi direnetarako;
0,30 koefizientea, 2005ean berrikusi direnetarako;
0,26 koefizientea, 2006an berrikusi direnetarako;
0,25 koefizientea, 2007an berrikusi direnetarako;
0,25 koefizientea, 2008an berrikusi direnetarako;
0,26 koefizientea, 2009an berrikusi direnetarako;
0,28 koefizientea, 2010ean berrikusi direnetarako;
0,30 koefizientea, 2011n berrikusi direnetarako;
0,32 koefizientea, 2012an berrikusi direnetarako;
0,34 koefizientea, 2013an berrikusi direnetarako;
0,36 koefizientea, 2014an berrikusi direnetarako;
0,36 koefizientea, 2015ean berrikusi direnetarako;
0,36 koefizientea, 2016an berrikusi direnetarako.
0,36 koefizientea, 2017an berrikusi direnetarako;
0,36 koefizientea, 2018an berrikusi direnetarako;
Nafarroako Foru Komunitateko higiezinen katastro-balioa 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.
2.– Landa-finkak.
a) Landa-finketan dauden eraikinen katastro-balioen batura –kanpoan utzita familiaren ohiko etxebizitza den eraikinaren katastro-balioa– ezin izango da 42.900 eurotik gorakoa izan. Eraikin horiei aurreko apartatuan ezartzen diren koefiziente biderkatzaileak aplikatuko zaizkie, eginiko azken katastro-berrikusketaren urtearen arabera.
b) Landa-finken katastro-balioen batura, kanpoan utzita familiako kide konputagarrienak diren eraikinen katastro-balioak, ezin izango da 13.130 eurotik gorakoa izan kide konputagarri bakoitzeko.
3.– Balio higigarriak.
Eskatutako laguntza ukatu egingo da, baldin eta bizikidetza-unitatearen aurrezkien zerga-oinarria 1.700 eurotik gorakoa bada, edo kantitate horretakoa bada higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen batura, kasu honetan izan ezik: bizikidetza-unitatearen errenta garbiak ez gainditzea irakaskuntza-maila bakoitzerako ezarritako 1. muga.
Hortik kanpo geratuko dira ohiko etxebizitza erosi edo konpontzeko jasotzen diren dirulaguntzak.
4.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian xedatutakoaren arabera zehaztuko da ondarea adierazteko elementuen balioa.
Familiako kide konputagarriek aurreko apartatuetan deskribatutako ondarea adierazteko elementu bat baino gehiago dutenean, elementu bakoitzaren balioaren ehunekoa kalkulatuko da dagokion mugarekiko.
Aipatutako ehunekoen batuketak ehun gainditzen duenean, ukatu egingo da beka.
5.– Merkataritza-, industria- edo lanbide-jarduerak.
Ikasteko eskatutako beka edo laguntza ukatu egingo da, baita ere, egiaztatzen bada familiako kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak –jarraian adierazitakoak– 155.500 eurotik gorakoak badira.
a) Ekonomia-jardueretatik datozen diru-sarrerak, zuzeneko zenbatespenean edo zenbatespen objektiboan.
b) Nortasun juridikorik gabeko erakundeen edo bestelako erakunde juridikoen bidez garatutako ekonomia-jardueretan kide konputagarriek duten ehuneko berrogeita hamarreko edo hortik gorako partaidetzatik datozen diru-sarrerak, jardueren guztizko diru-sarrerei erakunde horietako partaidetza-ehunekoa aplikatu ostean.
Kide konputagarriek dituzten ondare-elementuen balioari % 50eko murrizketa aplikatuko zaio; kasu horretan ez dira sartzen sostengatzaile nagusiak.
27. artikulua.– Datuak egiaztatzea.
1.– Eskatzaile guztien datuak automatikoki ekarri ahal izateko interkomunikazio-sistema elektronikoak erabilgarri ez dauden bitartean, eskatzaileek, eskabidearekin batera, kasu bakoitzean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hori horrela izanda ere, sailak zuzenean egiaztatu ahal izango du administrazio eskudunarekin, beharrezkotzat jotzen badu.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.c) eta e) artikuluaren arabera –datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da erregelamendu hori–, Hezkuntza Sailak datu hauek egiaztatuko ditu administrazio eskudunarekin:
Nortasun-datuak (Polizia Zuzendaritza Nagusia).
Zerga-egoitzari buruzko datuak (foru-aldundiak).
Errolda-datuak (udalak).
Errenta-mailari buruzko datuak (foru-aldundiak).
Katastro-datuak (Katastroko Zuzendaritza Nagusia).
Unibertsitateaz kanpoko eta unibertsitateko tituluei buruzko datuak (Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa).
Prestazio sozial publikoei buruzko datuak (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala).
Langabezia-egoerari buruzko datuak (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa).
Etxebideko datuak (Eusko Jaurlaritza).
Familia ugarien tituluei buruzko datuak (Eusko Jaurlaritza).
Izatezko Bikoteen Erregistroko inskripzio-datuak (Eusko Jaurlaritza).
Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko datuak (Eusko Jaurlaritza).
2.– Ikusten bada beka edo laguntza emateko beharrezkoak diren betekizunak faltsutu direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu direla, ukatu egingo da eskatutako beka edo laguntza.
3.– Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako laguntza ukatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza, abeltzaintza, industria edo merkataritza ustiapenak, kapital higigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.
4.– Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga mota erabili ahal izango du eta, bereziki, Foru Aldundietako Ogasun Departamentuetan eta Ogasun Ministerioan dauden datuak.
5.– Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman egin beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.
6.– Matrikula ezeztatzen badu edo ikasketak uzten baditu, ukatu egingo dira eskatutako beka edo laguntzak.
7.– Beka edo laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza-unitateek justifikatzen badituzte objetiboki gastu-maila horretatik beherago dauden diru-sarrerak baina ez badute egiaztatzen zer baliabide duten bizitzeko.
8.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte, kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira, kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada, eta, aldi berean, sozietate horietan langile bada.
28. artikulua.– Betekizun akademikoak.
1.– Lehenengo kapituluan jasotako irakaskuntza-mailetan, soilik egiaztatu beharko da ikaslea 2019-2020 ikasturterako matrikulatuta dagoela.
2.– Bigarren kapituluan jasotako irakaskuntza-mailetan, 2019-2020 ikasturtean matrikulatuta egoteaz gain, betekizun hauek ere eskatuko dira:
a) Mailarik errepikatu ez izana.
b) Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturteari dagokionez eskatuko dira adierazi diren betekizunak.
c) Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da bekarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko bakarrik baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela. Autonomia-erkidego honetatik kanpo bekadun izan diren ikasleek bekadun-izaera egiaztatu beharko dute. Gainerako ikasleen kasuan, automatikoki egiaztatuko da hori.
d) Oso-osoan bekarik gabe egindako ikasketak aldatzen badira, ikasketa berrietan beka lortzeko, eskatzaileak utzitako ikasketetako azken ikasturtean lortu beharreko errendimendu akademikoa hartuko da betekizuntzat.
e) Lanbide Heziketako goi-mailako graduko ikasketetako, Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketetako eta Kirol-ikasketetako bigarren mailarako, eskatzaileak 2018-2019 ikasturtean egindako ikasketen ehuneko laurogei eduki beharko du gaindituta, gutxienez.
f) Aurreko ikasturtean lortutako batez besteko nota 8 edo handiagoa izatea agindu honen 11. artikuluaren a) letratik e) letrara bitartean jasotako mailen artean, errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia lortzeko.
g) Urruneko batxilergoko ikasleen kasuan, ikasketa-planean ezarritakoak baino ikasturte bat gehiagorako lortu ahal izango da beka.
h) Hizkuntza-ikasketetan, beka lortu ahal izango da dagokion ikasketa-planean ezarritako urte-kopuruan eta gehienez ere 2 hizkuntzatarako, betiere aldi berean egiten ez badira.
3.– Musika-ikasketetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa jarraitzeko, ikasleak landutako musika-tresna edo emandako jakintzagaia hartuko da kontuan, maila goragokoa denean.
4.– Ikasleak genero-indarkeria jasan duten bizikidetza-unitatekoak badira, eta aipatutako egoera justifikatzeko urruntzeko agindu judiziala, kondena-epai judiziala edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostena aurkezten bada, betekizun akademikoak bete barik ere eman egingo dira laguntzak.
29. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskaera adin nagusiko ikasleak edo adingabe emantzipatuak egingo du; adingabe emantzipatu gabeen kasuan, berriz, aitak, amak edo legezko ordezkariak.
2.– Eskaera egiteko, eskaera-formulario telematikoa bete beharko da Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoan, helbide elektroniko honetan: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-educacion / www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/
Deialdiaren II. eranskinean dago eskabidearen eredua.
Formularioan «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak betetzeko aukera ageri da. Bete ostean, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari agindu honetako I. eranskineko 34. artikuluan aurreikusitako ohar osagarriak helarazteko.
3.– 2018-2019 ikasturtean beka eskatu zuten eta matrikula kudeatzeko aplikazioan jasota dauden mailetan ikasketak egiten ari diren ikasleei beteta emango zaie eskaera-formularioa. Formulario hori:
– Ikastetxean jaso ahal izango da paper-formatuan, edo bide telematikotik eskuratu ahal izango da helbide elektroniko honetan: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-educacion / www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/
Horretarako, eskatzaileek aurreko ikasturteko pasahitzak baliatu ahal izango dituzte, hurrengo 4. puntuan zehaztutako prozedurari jarraikiz erregistratu beharko dute edota ikastetxean jasotzeko eskaera-formularioan ageri den URL helbidearen bidez.
Formularioan ageri diren datuak zuzenak direla egiaztatu ostean, edota egin beharreko aldaketak egin ondoren, eskabidea aurkeztuko da.
– Bide telematikoz, aplikazioan eskaera-formularioa elektronikoki sinatuta edota ikastetxean jasotako formularioan ageri den pasahitzaren bidez.
– Formularioa paperean sinatuta, eta honako toki hauetakoren batean aurkeztuta:
● Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egiteko ikastetxeetan.
● Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Dekretuan (apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua) adierazitakoetan.
4.– Gainerako ikasleak:
a) Eskaera modu elektronikoan egiteko, www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-educacion / www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ helbidera sartu behar da, eta honela jardun:
– Ziurtagiri digitala baliatuta sartu (NAN, Izenpe txartela...) edota itsasontzien jokoa erabilita (B@kq); edo, halakorik izan ezean,
– Sisteman erregistratuta, helbide elektroniko baten bidez eta honako bide hauetako bati jarraituta:
● HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria) eta ikaslearen jaioteguna.
● Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Kasu batean eta bestean, eskatzailearen nortasuna egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Eskatzaileak ez baldin badauka eskabide telematikoa egiteko bitartekorik, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxean bertan egin ahal izango du.
b) Eskabide elektronikoa erabat beteta dagoenean, izapidetze telematikoa egiten jarraitu edo paperean aurkeztu aukeratu beharko du.
c) Aurkezpen telematikoa egitea aukeratuz gero, ezinbestekoa izango da sinadura elektronikoa izatea indarrean den ziurtagiri digitalarekin (NAN; Izenpe txartela...) edota itsasontzien jokoa (B@kq), eta Agindu honetako I. eranskineko 31. artikuluan zerrendatutako dokumentuak aurkeztu beharko dira eskaneatuta, baita eskaera elektronikoki sinatu ere. Orduantxe geratuko da eskabidea erregistratuta.
d) Paperean aurkeztea erabakiz gero, aplikazioak sortuko duen eskabide-formularioa inprimatu beharko da; ondoren, sinatu eta honako toki hauetakoren batean aurkeztu beharko da, Agindu honetako I. eranskineko 31. artikuluan zerrendatutako dokumentuekin batera:
– Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egiteko ikastetxeetan.
– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Dekretuan (apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua) adierazitakoetan.
30. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea 2019ko irailaren 30ean hasiko da, eta urte bereko urriaren 29an amaituko.
2.– Beka- edo laguntza-eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:
a) Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero aurkeztutako matrikulak badira, betiere matrikula-eskabidearen kopiarekin batera egiten bada eskabidea, matrikula egin eta gehienez ere hilabeteko epean.
b) Aipatutako epeak igaro ostean familiaren sostengatzaile nagusia hiltzen bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.
c) justifikatutako arrazoi larriren bat dela eta, ikaslearen familiaren egoera ekonomikoak kalte larriak izan baditu.
Nolanahi ere, eskaera berriak 2020ko apirilaren 30era arte soilik onartuko dira.
31. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Beka-eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Dibortzioa, banantzea, erregistratutako izatezko bikotearen desegitea edo antzeko egoerak egonez gero, hitzarmen arautzailearen fotokopia, baldin eta lehenago aurkeztu ez bada. Konpentsazio-pentsioaren egiaztagiri eguneratua, beharrezkoa bada, eta seme-alabentzako mantenu-pentsioarena. (Diru-sarreraren fotokopia.) Familiaren egoitzan bizi diren kideen errolda-agiria eta, hala badagokio, aitaren edo amaren ezkontidearen edo bikotearen diru-sarreren ziurtagiria.
b) Laguntza sozialen jasotzaileen kasuan, dagokion erakundeak emandako ziurtagiria.
c) Salbuetsitako diru-sarreren kasuan: ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiko pentsioaren ziurtagiria, zurztasun-pentsioarena, kaleratzearengatiko kalte-ordainena eta abar.
d) Agindu honen 10. eta 20. artikuluetan aurreikusitako kenkariak sorraraz ditzaketen kasuak egiaztatzeko agiriak.
e) Deialdi honen II. kapituluak aipatzen dituen irakaskuntzen kasuan, 2018-2019 ikasturtean lortutako batez besteko notaren ziurtagiria.
f) Honako hauek izan ezean, ikaslearen eta eskaera egiten duenaren nortasuna egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko da: sailaren identifikazio-zenbakia, nortasun-agiri nazionala, atzerritarren identifikazio-zenbakia edo atzerritarren identifikazio-txartela.
g) Gurasoen etxetik irten dela eta ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, eskatzaileak egiaztatu beharko du bere bizileku propioan –ez gurasoen etxean– erroldatuta dagoela –erositako zein alokatutako etxebizitza batean, bakarrik zein partekatua–; edota zurztasun-egiaztagiria eta bizitzeko zer baliabide dituen egiaztatu beharko du.
h) Familia-harreran diren ikasleen kasuan, harrerari buruzko aginduaren eta dagokion aldundiak erabakitako harrera-baldintzen fotokopia, aldez aurretik aurkeztu ez bada.
i) Bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrerak eta ekonomia-egoera adierazteko, eskatzaileak garrantzitsutzat jotzen dituen edozein agiri: kaleratze-kitapenak, enplegu-erregulazioko espedienteak, behar bezala erregistratutako dohaintzak eta abar.
j) Eskatzailea izango da eskabidean ematen duen informazio ekonomikoaren erantzule; hala, legez behartuta egongo da bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera eta ondare guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztera. Eskatu den laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen bizi-baliabide guztiak egiaztatzeko agiriak aztertuta, Administrazioak uste badu egiaztatu diren diru-sarrerak bizikidetza- edo familia-unitatearen gastuak baino txikiagoak direla, aurkeztu den informazioaren edo kanpoko datu batzuen arabera.
2.– Errenta-aitorpena beste autonomia-erkidegoren batean aurkeztu duten bizikidetza-unitateek edota aurkeztutako aitorpenak diru-sarrera guztiak ez baditu, esandakoaz gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Sostengatzaile nagusiaren 2018ko ekitaldiko errenta-aitorpenen (PFEZ) fotokopia guztiak eta, hala badagokio, zerga horren aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarrienak. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko aitorpenaren orria ere aurkeztu beharko da.
b) Kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion erakundeak egindako ziurtagiria; diru-sarrera salbuetsiak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...
c) Profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.
3.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) aurkezteko obligaziorik izan ezean, kide konputagarri guztiek eskuratutako diru-sarreren egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dira (gizarte-laguntzak jasotzeko dagokion erakundeak emandako ziurtagiria, salbuetsitako diru-sarrerak, zenbatekoa dela-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balio higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu korronteko interesak...); era berean, profesionalek eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuengatiko aitorpenen fotokopiak ere aurkeztu beharko dira, baita artikulu honetako lehen zenbakian jasotako informazioa ere.
32. artikulua.– Eskatzaileen betebeharrak.
1.– Ikasleak eskabide-eredua sinatuta aurkezteak, edo hura adinez txikia izanez gero haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak, esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean hau aitortzen duela:
a) Beka edo laguntzaren deialdiaren oinarriak onartzen dituela.
b) Eskabidean jarritako datu guztiak egiazkoak direla.
c) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen partetik bestelako beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko diola.
d) Beka edo laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatuko duela, eta adierazten duela ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten duen inolako lege-auzitan sartuta.
e) Beka ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogatze-jarduerei men egingo diela, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dirulaguntzen nondik norakoak fiskalizatzean, eskatuko dioten informazio guztia emango duela.
f) Adieraztea, berariaz ikasketak edo ikastetxea aldatu baditu, aurreko urteetan bekadun izan dela.
g) Laguntza eman duen erakundeari jakinaraztea matrikula ezeztatu dela edo laguntza emateko kontuan hartutako beste edozein baldintza aldatu dela.
h) Beka zertarako eman den, hartarako erabiliko duela. Egoera hauetakoren bat gertatzen bada, ulertuko da beka ez dela erabili jatorrian zuen xederako:
a) Ikastetxean baja ematea 2019-2020 ikasturtea amaitu baino lehen.
b) Eskola-orduen % 80ra edo gehiagora joan ez izana, horretarako baimen edo lekapenik izan ez badu.
c) Matrikulatutako ordu edo irakasgaien % 50 gainditu ez izana, ohiko edo ezohiko deialdian.
2.– Eskatzaileen datu pertsonalak Unibertsitateaz Kanpoko Bekak eta Laguntzak fitxategian sartu eta tratatuko dira.
Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
33. artikulua.– Eskaerak kudeatzea.
1.– Bekaren edo laguntzaren xede den ikasketa eskaintzen duen ikastetxeak honako funtzio hauek egingo ditu:
a) Ikastetxeko ikasleei eta familiakoei deialdiaren berri ematea; ikasketetarako laguntza edo beka bat eskuratu nahi badute, jarraitu beharreko prozeduraz eta aurkeztu beharrezko dokumentazioaz informatzea.
b) Prozesuaren segimendua egitea, eskatzaileei behar beste informazio emanez.
c) Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, ikastetxeko zuzendariak edota, hala badagokio, idazkariak egiaztatuko du datuak egiazkoak direla; hain zuzen ere, laguntza edo beka eskatzeko aplikazioko konfigurazio-tauletan bete dituztenak.
d) Ikastetxeek eskabideak eta horiei erantsitako dokumentazioa bideratu eta prestatuko dituzte; hain zuzen, alfabetikoki antolatutako zerrendetan prestatuko dituzte, eta, ondoren, lurralde-ordezkaritzari dagokion Zuzenean zerbitzuan aurkeztuko dituzte, edo mezulariz bidali Hezkuntza Sailera.
2.– Lurralde-ordezkaritzak eskabide guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa jasoko ditu, eta espedienteak aztertuko ditu. Horrela, baloratuko du bekaduntzat hartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten edo ez, eta zer osagaitarako eskubidea izango luketen, betiere Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta; izan ere, azken organo horrek bere gain hartzen du agindu honetan araututako bekak eta laguntzak kudeatzeko ardura.
Lurralde-ordezkaritzak, hala badagokio, aurkeztu ez duen dokumentazioa eskatuko dio eskatzaileari, gehienez ere 10 egun naturaleko epean.
34. artikulua.– Ebazpen-prozedura.
1.– Lurralde-ordezkaritzetan eskabideak jaso eta gero, horiek bekaren edo laguntzaren behin-behineko ebazpen-proposamenak egingo dituzte.
Lurralde-ordezkaritzek eginiko proposamenen arabera, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak emango ditu bekari edo laguntzari buruzko behin-behineko ebazpen partzialak eta ondoz ondokoak.
2.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak onartu dituen behin-behineko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako webgune honetan: https://euskadi.eus. Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
Emandako dirulaguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala badagokio, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.
Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da, jakinarazpenaren datatik aurrera.
3.– Alegazioak aztertu ondoren eta epea igarotakoan, aurretik egin beharreko egiaztapenak eta izapideak eginda, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin betiko ebazpena emango du.
Emandako dirulaguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala badagokio, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.
Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak onartu dituen behin betiko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako webgune honetan: https://euskadi.eus. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
4.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntza guztiak, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatuta. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 24. artikuluan (urriaren 1eko 39/2015 Legea), hargatik eragotzi gabe gerora espresuki ebaztea.
5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.
6.– Beken behin betiko ebazpenean, jantoki-osagaiari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, data horretan dauden datuak erabiliko dira. Ondoren, maiatzaren azken astean, aldatu egin badira jantokira bertaratutako egunak edo beka hori emateko kontuan hartu ziren baldintzak, beka berriz kalkulatuko da, deialdi honen 38. artikuluaren arabera.
35. artikulua.– Gerora sortutako egoera berriak.
1.– Eskatzaileak alegatzen duenean kide konputagarrien ekonomia-egoera nabarmen aldatu dela 2018. urtetik aurrera (erreferentzia-urtea), kasu horiek kontuan izango dira.
a) Familiaren ekonomia-egoera berria kontuan hartzeko, ezinbestekoa izango da egoera sorrarazi duten gertakariak eta horien nondik norakoak adieraztea eta agiri bidez egiaztatzea.
b) Bide beretik, beka edo laguntza ematerakoan edo ukatzerakoan, familiaren ondarea osatzen duten ondasunen izaera haztatuko da, bai eta errenta osatzen duten diru-sarrerena ere, batez ere kaleratzeengatiko kalte-ordainen edo kide konputagarrien ekonomia-egoeran kalte larriak eragiten dituzten bestelako gorabeheren kasuan.
c) Bizikidetza-unitatearen sostengatzailea hiltzen edo ezinbestean erretiratzen bada, edota ikaslearen familiaren egoera ekonomikoak kalte handiak izaten baditu –betiere justifikatutako arrazoiren bat dela eta–, aintzat hartu ahal izango dira inguruabar horiek, baita unitatearen ekonomian duten eragina ere, sortutako egoera berria kontuan hartuta.
2.– Gerora sortutako egoera berri horiek, artikulu honen aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera justifikatuak, kontuan hartuko dira ikasteko beka eta laguntzen behin betiko ebazpena ematen den arte.
36. artikulua.– Beste erakunde batzuekin elkarlana.
Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuekin lankidetza kudeatuko du, baita administrazio publikoetako beste edozer erakunderekin ere, honako xede hauek lortzeko:
1.– Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.
2.– Kasu jakin batzuetan egiaztatze eta kontrol lanetarako laguntza teknikoa jasotzea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.
37. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntza dena batera ordainduko da, hilabeteko epean, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.
Organo kudeatzaileak ordainketak egin direla jakinarazteko abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara.
2.– Eskatzaileak eskaera-formularioan jartzen duen kontu korrontean sartuko da laguntzaren zenbatekoa. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntzak; izan ere, laguntza horiek zuzenean sartuko dira ikastetxe horien kontuan.
3.– Jarritako gora jotzeko errekurtsoen ondorioz gorantz aldatu beharko balitz emandako laguntzen zenbatekoa, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aipatutako errekurtsoak osorik edo zati batean onesten dituen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.
38. artikulua.– Aldatzea, errebokatzea eta itzultzea.
1.– Aldaketa gauzatzea adostu daiteke baldin eta beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo dirulaguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), bekak emateko ebazpena aldatzeko, beka edo laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak babestu behar dira.
Beka eman izana aldatzeko ebazpenak espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea izan behar du aldez aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 82. artikuluan aurreikusten duen moduan.
2.– Errebokatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da beka edo laguntza emandako helburu espezifikorako erabiltzen ez denean, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Errebokatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da ordainketa eskatu, eta, ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.
Itzultzeko prozedura, berriz, aipatutako Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.
Itzulketa agintzen duen ebazpenean, beharrezko informazioa jasoko da, itzulketa egiteko betebeharra bete dezan, legezko diruz edo txekez edo Ogasun eta Ekonomiako sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.
Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen bizikidetza-unitatearen kaudimen ekonomikoaren arabera, Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak hala eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.
Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.
3.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, errebokatzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.
39. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko laguntzak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuetatik helburu bererako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, betiere horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.
2.– Deialdi honen I. eranskinean araututako gainerako ikasketa-laguntzak bateraezinak izango dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso daitezkeenekin.
40. artikulua.– Ikuskatzea.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak datuak benetakoak direla egiaztatzeko egintzak abiarazteko eta abiaraztea eskatzeko ahala izango du, bai eta agindu honen I. eranskinean araututakoa betearazteko ere.