EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2019188

EBAZPENA, 2019ko irailaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita honen ingurumen-txosten estrategikoa: Sestaoko udal-mugartean dagoen Txikito Bidea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia.

Xedapenaren data: 2019-09-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201904495
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Sestaoko Udalak, 2019ko martxoaren 26an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Sestaoko Txikito Bidea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki ikusten zituzten oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; Bizkaiko Ekologistak Martxan elkartea, eta Eguzkizaleak elkartea. Era berean, Sestaoko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.
Espedientean jasotzen den dokumentazioa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean ere eskuragarri egon zen, egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Sestaoko Txikito Bidea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da Plana; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Sestaoko Txikito Bidea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sestaoko Txikito Bidea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Sestaoko Txikito Bidea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburua da Sestaoko HAPOren lehen aldaketan Txikito Bidean eta inguruan ezarri zen antolamendu xehatua (2010ean onetsia) aldatzea. Horretarako, kontuan hartuko da, halaber, eremu honetarako HAPOren bigarren aldaketan (2019ko urtarrilaren 29an behin betiko onetsia) ezarritako egitura-antolamendua.
Oro har, honetan datza proposatutako aldaketa: aurreikusitako eraikuntzen forma berrantolatzea, bai bizitegi-erabilera dutenena, bai komunitate-ekipamendurako erabiltzen direnena. Horrez gain, gune libreetako tokiko sistemak barne hartuko dituzten lekuak gehitu eta hobetu nahi dira. Beraz, egokitu egiten da Planaren eremuaren barnean dauden lursailen antolamendu xehatua, eta kudeaketa ezartzeko alderdi zehatzak xedatzen ditu lursailen urbanizazioa gauzatu ahal izateko, eta behar bada, eraikuntza bukatzeko.
Bere horretan uzten ditu xedatutako erabilera berezia eta erabilera bateragarriak eta erabilera bakoitzari egozten zaion sestra gaineko eraikigarritasun osoa, bai eta gune libreetarako eta beste zuzkidura-erabilera batzuetarako azalerak ere; beraz, ez da aldatuko Sestaoko plan orokorraren egitura-antolamendua.
Zehazki, jarduketa hauek proposatzen dira:
– 5. eraikinean lerrokadurak aldatzea lurzatiko barne-patioen beharra ekiditeko.
– 1. eta 2. eraikinetako sakonera eraikia 24,5 m-ra aldatzea, eta forjatuen altuera 2,95 m-tik 3,05 m-ra aldatzea, Eraikuntzako Kode Teknikoaren isolamendu akustikoari buruzko baldintzak betetzeko.
– Eraikin guztietan sestra gaineko solairu kopuruari eutsi edo solairuak gehitzea.
– Bizitegi-erabilerako 1. eraikineko 0 eta 2. mailako solairuei ekipamendu publikoa gehitzea, erdigunea hustu eta horrela eremua gune libreen tokiko sistema handiagoaz hornitzeko, bertan irisgarritasun-soluzio egokia moldatze aldera.
– 1. eraikineko 0 eta 2. maila horientzako proposatutako merkataritza-erabilera lekuz aldatzea. Erabilera hori metroko sarrera dagoen plaza berrira aldatu eta denden tamaina egungo eskaeretara egokitu nahi da.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: Planak eremuko antolamendu xehatua aldatzen du Planeko eremua berritu eta egun duen degradazioa konpontzeko, Sestaoko udalerriari hirigunearen barruan etxebizitza eta ekipamenduak gehituz. Plana onetsi ostean, honako hauek gauzatu beharko dira: Txikito Bidea eremuko jarduketa integratuaren hirigintzako jarduketa-programa, kargak eta irabaziak banatzeko proiektua, eta beharrezkoa bada, desjabetze-proiektua eta Txikito Bidea eremuaren geroko urbanizazio-proiektua.
Aurkeztutako dokumentuak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: Planaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bereziki: Plana gauzatzeak hiri-eremuko bizi-kalitatea hobetuko du, izan ere, egun degradazio handiko eremua baita. Horrez gain, gune libreen tokiko sistema handituko da eta antropizatu edo hondatutako lurzoruen berrerabilera lehenetsiko da, lurzoru naturalak artifizial bilakatu ordez. Gainera, Planak honako hauek bultzatzen ditu: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabilera eta kudeaketan eta oinezkoen irisgarritasun-baldintzen sustapena eta hobekuntza. Hori dela eta, plana egokia dela ondoriozta daiteke ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.
d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: hauteman den ingurumen-arazo nagusia da Plana ezartzeak eragingo dituen jarduketa batzuk kutsatuta egon daitekeen lurzoru gisa inbentariatuta dagoen eremu batean egin nahi direla (48084-00090 kodea). Nolanahi ere, ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eraginpeko eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, betetzen bada indarrean dagoen araudia, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez. Hala dagokionean, kontuan izan behar da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluko laugarren apartatua:
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.
2) Nolako ingurumen-efektuak sor daitezkeen eta zer ezaugarri dituen eragina jasan lezakeen eremuak:
Txikito Bidea da Planaren xede-eremua. Lurzoruak 13.661,17 m
Erabat eraldatutako hiri-lurzoru hau Sestaoko hirigunean dago, eta erabilera desberdin eta desordenatuak hartzen ditu hirigintzari dagokionez. Desnibel handia du, goiko aldean, Fleming Doktorea eta Zumalakarregi kaleen bidegurutzean, Bilboko metropoli-trenerako oinezkoen sarbidea eta aparkaleku bi daude, bat La Iberia kale alboko azaleran, eta bestea Zumalakarregi kalearen alboan; beheko aldea ezponda bidez eratuta dago eta hiri-ortu batzuk daude bertan. Beheko zelaigunea, berriz, urbanizatu gabe dago, eta aparkalekutzat erabiltzen da. Halaber, hiltegi zaharreko pabiloiak eraitsi ondoren geratu diren zolarriak eta eraikin huts zaharren hondakinak ere badaude.
Ingurumen-irizpideak kontuan hartzen baditugu, gunea utzita eta oso antropizatuta dago. Plan Bereziaren eremua bat etorri arren toki-mailan interes arkitektonikoa duten eraikinen atzealdearekin (San Diego 10. zenbakiko etxea, Zumalakarregi 2. zenbakiko etxea, Txabarri 87-89. zenbakiko etxea, La Iberia 1. zenbakiko etxea, La Iberia 5. zenbakiko etxea, La Iberia 21. zenbakiko etxea), oro har, esan daiteke Planaren eremuan ez dagoela ingurumen-balio nabarmena duen elementurik. Eremuko behealdeko lursailak «lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoru» gisa kalifikatuta daude (48084-00090 kodea). Ez da hauteman Planak eragin dezakeen beste ingurumen-arrisku nabarmenik. Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren datuen arabera, egun aplikatzekoak diren Kalitate Akustikoari buruzko Helburuak betetzen ditu, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.
Planari lotutako eragin nagusiei buruz, kontuan hartu behar da Sestaoko HAPOren aldaketatik sortutako Plana denez, aldaketa horren eraginen ingurumen-ebaluazioa dagoeneko eginda dagoela. Beraz, Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, baiezta daiteke Plana aplikatzean aurreikus daitezkeen ingurumen-eraginak aurrez ebaluatu ziren berberak edo oso antzekoak izango direla, hau da, urbanizazio- eta eraikingintza-lanei lotutakoak (lurren mugimenduak, kutsatuak egon daitezkeen lurzoruen gaineko eragina, hondakinak sortzea, etab.) eta atseden publikoan eduki dezakeen eragina (biztanleriaren osasunean eragina kutsatzaile eta zaraten immisioagatik). Bestalde, ez dirudi Planetik ondorioztatzen diren jarduketek aurrez aipatutako interes arkitektonikodun eraikinetan eragingo dutenik. Kutsadura akustikoari dagokionez, eragin akustikoaren azterlanaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kanporako kalitate akustikoko helburuak beteko direla aurreikusten da.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.
Planak barne hartu beharreko zehaztapen nabarmenena da Planetik ondorioztatzen diren jarduketak lurzoruaren kalitate-adierazpenaren araberakoak izan behar direla. Adierazpen-prozedura lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago jasota. Ekainaren 25eko 4/2015 Lege horren 31.4 artikuluan adierazitakoaren arabera, honako hauek egin baino lehen eman beharko du lurzoruaren kalitatearen deklarazioa ingurumen-organoak: lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lursailaren edo lursailen antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan. Hala ere, leku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten egoerak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.
Antolamenduaren ondorioz obra-proiekturen batek toki-mailan interes arkitektonikoa duten eraikinetan eragingo balu, babestu eta zaintzeko behar diren neurriak hartuko dira.
Bestalde, aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin (bereziki inbentarioan kutsatutako lurzoru gisa sartutako partzelatik datozenak), hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikusi Planaren proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasotzen diren eranskina). Planaren ondorioz jarduketaren batek lehenago aipatutako interes arkitektonikodun elementuetan eragingo balu, babestu eta zaintzeko behar diren neurriak hartuko dira.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida
– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Sestaoko Txikito Bidea eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Sestaoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du, eta berezko dituen eraginak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Sestaoko Txikito Bidea eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.