EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2019195

ERABAKIA, 2019ko uztailaren 23koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena. Horren bidez arautzen dira kudeaketa klinikoko unitateen eraketa, egitura eta funtzionamendua, kudeaketa klinikoko kontratuak, erreferentziako unitateak eta kudeaketa klinikoko erabakiak.

Xedapenaren data: 2019-07-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201904705
Maila: Akordioa
Administrazio Kontseiluak kudeaketa klinikoko unitateen arautzearen inguruan 2012ko maiatzaren 23an hartutako Erabakiak aukera eman zuen pazienteen premietara orientatuago leudekeen asistentzia-zerbitzuen antolaketa modu berriak sartzeko, asistentzia-integrazioaren testuinguruan.
Erabakia hartu zenetik bildutako esperientzia dela eta, zenbait aldagai sartzea komeni da, batez ere, bi erakunde edo gehiagoaren baliabideak batzen dituzten kudeaketa-unitateak direnean. Horrelakoetan, egin beharreko antolaketa-aldaketa hain da handia, administrazio-kontseiluak hartu behar baitu eraketa-erabakia, erakunde sanitario integratuak (aurrerantzean, ESI) sortzearen edo aldatzearen ardura duen erakundea den aldetik. Beraz, administrazio-kontseilua arduratuko da erakunde bateginen izenak eta zuzendaritza- nahiz kudeaketa-organoen funtzioak egokitzeaz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenari jarraikiz.
Halaber, erakunde baten edo gehiagoren unitateak eta/edo zerbitzuak batzen dituzten kudeaketa klinikoko unitateak sortuta, komeni da koordinazio-batzorde bat sortzea, kudeaketa-zuzendaritzek, erakunde sanitarioen asistentzia-zuzendaritzek eta unitateburuak osatua, bere barnean koordinazioa eraginkorragoa izan dadin.
Bi lehen mailako arretako unitate eta/edo etengabeko arretako gune edo gehiagoz osatutako kudeaketa klinikoko unitateak eratzeko aukerak handitu dira.
Azkenik, erabakiaren aplikazio-eremuan, zentro lotuak aipatzen dira orain.
Maiatzaren 23ko erabakian egindako aldaketak puntualak badira ere, segurtasun juridikoaren printzipioa aplikatuta, erabaki berri bat onartu behar da, aurrekoa ordezkatu eta mahaigaineratutako aldaketak barne hartuko dituena.
Hori dela eta, eta zuzendari nagusiaren proposamenez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Administrazio Kontseiluak honako hau
ERABAKITZEN DU:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Erabaki honen xedea kudeaketa klinikoko unitateen eraketa arautzea da, baita unitate horien egitura eta funtzionamendua arautzea ere.
2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren zerbitzu-erakunde guztietan aplikatuko da, baita horiei lotuta dauden zentroetan ere.
2. artikulua.– Kudeaketa klinikoko unitatearen definizioa.
1.– Kudeaketa klinikoko unitatea kudeaketa klinikoa gauzatzen duen egitura da eta, nortasun juridikorik izan gabe, hari esleitutako giza baliabideak eta baliabide materialak hartzen ditu barnean, praktika kliniko integratuaren ereduaren araberako arreta sanitarioa emateko.
2.– Kudeaketa klinikoko unitateak zerbitzu-erakundeetako ezaugarriak aintzat hartuz eta zerbitzuaren autonomia-, eraginkortasun-, efizientzia- eta kalitate-irizpideen arabera antolatzen dira.
3.– Kudeaketa klinikoko unitateek haien edo beste zerbitzu-erakunde batzuen zerbitzu edo unitate osoak har ditzakete barnean. Unitate edo zerbitzu jakin bati atxikitako baliabideak ere barne har ditzakete, unitate edo zerbitzu osoa barne hartu gabe.
4.– Ezaugarrien arabera, bi lehen mailako arretako unitate eta/edo etengabeko arretako gune edo gehiagoz osatutako kudeaketa klinikoko unitateak eratu ahal izango dira.
3. artikulua.– Kudeaketa klinikoko unitatearen eraketa.
1.– Zerbitzu-erakunde bakar bati eragingo dioten kudeaketa klinikoko unitateak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eratuko dira.
Zerbitzu-erakunde bati baino gehiagori lotutako kudeaketa klinikoko unitateak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez eratuko dira, eragindako zerbitzu-erakundeetako zuzendari-kudeatzailearen hala proposatu, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak bideratuta.
2.– Eratzeko ekimena profesional interesdunengandik edo zerbitzu-erakunde interesduneko zuzendari-kudeatzailearengandik sortu ahal izango da.
3.– Kudeaketa klinikoko unitateak eratzeko proposamenak honako hau hartu beharko du barne nahitaez:
– Proposatzen den zerbitzu-zorroa.
– Barne hartutako asistentzia-prozesuen zerrenda.
– Unitatean aurreikusitako paziente/jarduera bolumena.
– Pazienteentzako abantailak eta desabantailak.
– Eragindako zerbitzu-erakundearentzako abantailak eta desabantailak.
– Proposatzen den unitate-antolaketa.
– Martxan jartzearen ondoriozko kostuak.
– Jarraipena egiteko eta ebaluatzeko aukera emango duen informazio-sistema.
4.– Kudeaketa Klinikoko Unitateak dagokion zerbitzu-erakundearen zuzendari-kudeatzailearen mendekoak izango dira, maila organikoari eta funtzionalari dagokienez. Unitateak zerbitzu-erakunde bateko baino gehiagoko baliabideak hartzen baditu, unitatea eratzeko erabakiak xedatuko du haren mendetasuna zein izango den organikoki eta funtzionalki.
5.– Kudeaketa klinikoko unitateak formalki eratuta egongo dira kudeaketa klinikoaren lehen erabakia formalizatzen denean.
4. artikulua.– Kudeaketa klinikoaren erabakia.
1.– Kudeaketa klinikoaren erabakia, kudeaketa klinikoko unitatearen izenean, unitate horren arduradunak eta kasuan kasuko zerbitzu-erakundeko zuzendari-kudeatzaileak sinatutako agiria da eta bi alderdiek hartutako konpromisoak jasotzen ditu. Kudeaketa Klinikoko Unitateek (KKU) erakunde bati baino gehiagori eragiten dienean, eragindako erakundeetako kudeaketako zuzendaritzek sinatuko dute erabakia, eta mendetasun funtzionala zein Kudeaketako Zuzendaritzari esleitzen zaion zehaztuko da. Mendetasuna, unitatea eratzeko inguruabarren arabera, partekatua izan ahalko da.
2.– Kudeaketa klinikoaren erabakiak herritarrei arreta sanitario integrala eta kalitatezkoa bermatzea izango du xede, esleitutako baliabideen kudeaketa efizientearen esparruan.
3.– Kudeaketa klinikoaren erabakiak honakoa ezarriko du urteko ekitaldi bakoitzean:
a) Osasun-, asistentzia-, prestakuntza-, irakaskuntza-, ikerketa- eta berrikuntza-helburuak, eta bestelakoak, zerbitzu-erakundearen erabaki-programarekin bat etorriz.
b) Indarraldirako esleitutako giza baliabideak, baliabide materialak eta teknologikoak.
c) Unitateko diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.
d) Kudeaketa klinikoaren erabakia ebaluatzeko adierazleak, baliabideak, irizpideak eta metodologia.
e) Kasuan-kasuan aurreikusitako pizgarriak banatzeko irizpideak eta mekanismoak.
f) Erabakia indargabetzeko arrazoiak.
4.– Erabakiak ESIko zuzendaritzak emandako deszentralizazio- eta autonomia-gradua esplizituki zehaztuko du.
5.– Kudeaketa klinikoaren erabakiak unitatea osatzen duten pertsonei pizgarriak emateko metodologia jasoko du, betiere lortutako banakako eta taldeko helburuen arabera.
6.– Kudeaketa klinikoaren erabakia urtero ebaluatuko da, hurrengo urteko lehen seihilekoan, adierazitako helburuen betetze-maila zehazteko. Nork egingo du ebaluazioa:
– Zerbitzu-erakundeko kudeaketa-zuzendaritzak, ESI bakarreko kudeaketa klinikoko unitatea denean.
– Erabaki honen 8. artikuluak aipatzen duen koordinazio-batzordeak, kudeaketa klinikoko unitateak barnean hartzen baditu ESI bat baino gehiagoko unitateak eta/edo zerbitzuak.
Lehenengo kasuan, Osakidetzako zuzendari nagusiari jakinaraziko zaio ebaluazioaren emaitza. Bigarren kasuan, berriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari.
5. artikulua.– Kudeaketa Klinikoko Unitateak kudeatzeko organoak.
Honako hauek dira Kudeaketa Klinikoko Unitateak kudeatzeko organoak:
– Kudeaketa Unitateko arduraduna.
– Unitateko Zuzendaritza Batzordea.
6. artikulua.– Kudeaketa Unitateko arduraduna.
1.– Kudeaketa Unitateko arduraduna izendatuko da:
a) Kudeaketa klinikoko unitateetarako, unitate horren eremua zerbitzu-erakunde bat denean. Zerbitzu-erakundeko zuzendari-kudeatzaileak izendatuko du arduraduna izendapen askeko prozeduraren bidez, lanpostuaren profila eta dagokion unitatearen arabera bete beharko diren konpetentziak eta trebetasunak zehaztuko dituen deialdi publikoa egin ostean.
b) Zerbitzu-erakunde bati baino gehiagori lotutako kudeaketa klinikoko unitateetarako. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ente Publikoko zuzendari nagusiak izendatuko du arduraduna izendapen askeko prozeduraren bidez, lanpostuaren profila eta dagokion unitatearen arabera bete beharko diren konpetentziak eta trebetasunak zehaztuko dituen deialdi publikoa egin ostean.
Deialdiak berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu eta izangaiak baloratzerakoan aurkeztutako kudeaketa-proiektua eta alegatutako merezimenduak aztertu eta ebaluatu beharko dira.
2.– Unitateko arduradunak, dagokion asistentzia-jardueraz gain, eginkizun hauek izango ditu:
a) Unitateak gauzatuko duen jarduera antolatzea eta kudeatzea, asistentziari, ekonomiari eta administrazioari dagokienez. Hura izango da solaskidea dagokion ESIko kudeaketa-zuzendaritzaren aurrean.
b) Kudeaketa klinikoaren erabakiaren proposamena egitea, inplikatuta dauden profesional asistentzialen lankidetzarekin, eta zerbitzu-erakundeak sinatutako erabaki-programarekiko koherentea izanik.
c) Kudeaketa klinikoaren erabakia sinatzea dagokion ESIko kudeaketa-zuzendaritzarekin.
d) Hierarkian goian dagoen pertsona gisa, unitateko pertsonal guztiaren buruzagi izatea, beste organo batzuei esleitu gabeko eginkizunak betez.
e) Unitateko Zuzendaritza Batzordeko buru izatea.
f) Informazio-sistema eraginkorra ezartzea eta kudeatzea.
g) Lortutako emaitzak neurtu ahal izateko ebaluazio-sistema bat ezartzea eta kudeatzea.
h) Funtzionamendu-arauak ezartzea, edo, bestela, artatzeko estandarrak hobetzea xede duten beste edozein neurri.
i) Erabakiak hartzen parte hartzea, betiere unitateko jarduketa-esparrutik kanpo pazienteak bideratzea ekartzen badute, kudeaketa erabakian hitzartutako helburuak lortzeko asmoz.
j) Unitateak irakaskuntza- eta ikerketa-arloan gauzatu beharreko jarduerak kudeatzea. Jarduera horiek Zuzendaritza Batzordeak onartuko ditu.
k) Unitateko profesionalen ekimenak sustatzea, betiere kudeaketa klinikoaren erabakia hobetzen badute.
l) Unitatean hutsik dauden lanpostuak betetzeko profil eta baldintza egokienak proposatzea kudeaketa-zuzendaritzari, txosten arrazoituaren bidez.
m) ESIko kudeaketa-zuzendaritzari kudeaketa klinikoaren erabakian aurreikusitako jarduera gauzatzeko behar den pertsonal-esleipena proposatzea, arrazoiak emanez.
n) Unitateko ordutegiak eta txandak antolatzea, erakundearen irizpideekin bat, kudeaketa klinikoaren erabakian aurreikusitako jarduera garatzeko helburuarekin.
ñ) Unitateko kideen baimenak eta lizentziak onartzea, erakundearen irizpideen arabera.
o) Unitateko pertsona guztien jarduera koordinatzea.
p) Kudeaketa-zuzendaritzari proposatzea unitaterako ondasunak eta zerbitzuak kontrata ditzala, indarrean dagoen araudiarekin eta aurrekontu erabilgarriarekin bat etorriz.
q) Beste unitate edo zerbitzu batzuekin lankidetzarako harremanak ezartzea, unitateen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko eta erabiltzaileak asebetetzeko.
3.– Kudeaketa klinikoko unitateko arduraduna lankidetza estuan arituko da funtzionalki mende dagoen zentroetako asistentzia-zuzendaritzekin, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuak xedatzen dizkien funtzioak garatzen laguntzeko.
7. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea.
1.– Kudeaketa klinikoko unitate bakoitzak Zuzendaritza Batzorde bat izango du, unitateko jarduera/helburuen aholkularitza-, plangintza- eta jarraipen-funtzioak egingo dituena.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kideak honako hauek izango dira:
a) Unitateko arduraduna, zeina presidentea izango baita.
b) Batzordekide bat edo bi, unitatean egingo diren prozesu nagusien koordinatzaileen artean izendatuko dira.
c) Batzordekide bat edo bi, unitateko profesionalen artean izendatuko dituzte profesionalek beraiek.
d) Erizain profila duen batzordekide bat izendatuko da. Unitateko profesionaletako bat izango da eta, egonez gero, unitateko erizaintzako hierarkian goian dagoena izango da.
3.– Idazkari lanak egingo ditu ESIko kudeaketa-zuzendaritzak izendatutako batzordekide batek, Giza Baliabideen arlotik edo Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzako arlotik etorriko da.
4.– Erakundeko zuzendari-kudeatzaileak bi urterako izendatuko ditu batzordekideak eta berriz hautatu ahal izango dira.
5.– Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen egitekoak:
a) Batzordearen funtzionamendu-araudia onartzea.
b) Unitateko funtzionamendu-prozedurak onartzea.
c) Irakaskuntza- eta ikerketa-arloan proposatutako ekintzak onartzea.
d) Kudeaketa klinikoaren erabakia onartu, jarraitu eta ebaluatzea.
e) Unitateko arduradunari mahaigaineratzen zaizkion alderdi guztien inguruan aholku ematea.
8. artikulua.– Koordinazio-batzordea.
1.– ESI bat baino gehiagoko unitateak eta/edo zerbitzuak barne hartzen dituzten kudeaketa klinikoko unitateen kasuan, koordinazio-batzorde bat formalizatuko da, kasuan kasuko kudeaketa-zuzendaritzek, asistentzia-zuzendaritzek (ESIetako medikoa, arreta integratukoa eta erizaintzakoa) eta kudeaketa klinikoko unitateburuak osatua.
2.– Batzordea hilero bilduko da eta honako zeregin hauek izango ditu:
a) Asistentzia-ibilbide eta -protokoloen jarraipena egitea, betiere horien izaera transbertsala dela-eta eragindako ESIetako profesionalen lankidetza behar denean.
b) Eragindako ESIetako profesionalen partaidetza eta/edo koordinazioa behar duten batzorde kliniko-asistentzialak bermatzea.
c) Kudeaketa klinikoaren erabakia ebaluatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 23a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.