EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2019207

1333/2019 EBAZPENA, urriaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ikerketa judizialean dauden 2016-2017ko EPE-ko deialdiaren prozesuak kautelaz eteten dituena.

Xedapenaren zenbakia: 201901333
Xedapenaren data: 2019-10-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201905006
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/02/19an argitaratutako 2018/02/07ko 201800111 EBAZPENA
  • Ikus 2018/03/05ean argitaratutako 2018/02/14ko 201800117 EBAZPENA
  • Ikus 2018/03/05ean argitaratutako 2018/02/14ko 201800121 EBAZPENA
  • Ikus 2018/03/05ean argitaratutako 2018/02/14ko 201800171 EBAZPENA

Lehenengoa.– 2016ko apirilaren 25eko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren (EHAA 92. zk., 2016ko maiatzaren 17koaren) bidez; hots, ondoren 2016ko irailaren 12ko Erabakiak (EHAA 190. zk., 2016ko urriaren 5ekoak) aldatu zuenaren bidez, 2016. urterako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen.
2017ko uztailaren 3ko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren (EHAA, 145. zk., 2017ko abuztuaren 1ekoaren) bidez; hots, ondoren 2017ko azaroaren 9ko Erabakiak (EHAA 232. zk., 2017ko abenduaren 5ekoak) aldatu zuenaren bidez, 2017. urterako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen.
Halaber, aipatutako Erabakietan jasotzen zen hautaketa-prozesuen kudeaketan ekonomia, eraginkortasun eta efizientziako arrazoiak zirela medio, 2016ko eta 2017ko EPEk prozesu global batean egin behar zirela; hau da, bi eskaintzak aldi berean egin behar zirela.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren Administrazio Kontseiluen Erabaki horiek betetzeko, otsailaren 5eko 103/2018 Ebazpenaren bitartez onetsi ziren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa eskuratzeko 2016. eta 2017. urteetan deitutako hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.
Era berean, aipatutako Erabakiak betetze aldera, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak Ebazpen hauek eman zituen deialdien Oinarri Espezifikoak onartzeko:
– 111/2018 Ebazpena, otsailaren 7koa, Anestesiologiako eta Bizkorketako, Digestio-aparatuko, Kardiologiako, Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako, Kirurgia Plastiko Estetikoko eta Konpontzaileko, Urologiako, Medikuntza Intentsiboko eta Kirurgia Kardiobaskularreko mediku fakultatibo espezialistak.
– 121/2018 Ebazpena, otsailaren 14koa, Mikrobiologiako eta Parasitologiako fakultatibo espezialista mediko-teknikoa.
– 171/2018 Ebazpena, otsailaren 14koa, Angiologiako eta Kirurgia Baskularreko mediku fakultatibo espezialista.
– 117/2018 Ebazpena, otsailaren 14koa, Ospitaleko Larrialdietako mediku fakultatibo espezialista.
Bigarrena.– Vitoria-Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak, 2019ko martxoaren 6ko Autoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzak dagoeneko aipatutako 2016-2017ko EPEren 11 deialdiekin lotuta (Anestesiologia eta Bizkorketa, Digestio-aparatua, Kardiologia, Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologia, Kirurgia Plastiko Estetikoa eta Konpontzailea, Urologia, Medikuntza Intentsiboa, Ospitaleko Larrialdiak, Mikrobiologia eta Parasitologia eta Kirurgia Kardiobaskularra), 301/2019 Aurretiazko Eginbideak hasi zituen.
Administrazioak ez du administrazio-prozedurarekin jarraitu behar. Izan ere, prozedura hori etenda geratuko da agintaritza judizialak iritzia eman arte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 10.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko. Lege horrek prozedura zibila edo administraziokoa etetera behartzen du, zigor-arloko gairen bat sortzen denean, oro har, zigor-arloko prozeduraren prebalentzia dela eta.
Herri Administrazioa guztion ongia eta interes orokorra defendatzeaz arduratzen da. EKren 103. artikuluak honakoa xedatzen du: «Herri Administrazioak objektibotasunez betetzen ditu interes orokorrak, eta eragingarritasun-, hierarkia-, deszentralizazio- eta koordinazio-printzipioen arabera dihardu, legeari eta zuzenbideari bete-betean men eginez». Horren ondorioz, prozesuen garrantzi berezia eta inplikaturiko pertsona-kopurua kontuan izanik, eta zigor-arloko prozeduraren prebalentzia, interes orokorraren defentsa eta segurtasun juridikoaren printzipioak betetzeko, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak Erabaki hau hartu du 2019ko urriaren 23an:
«Lehenengoa.– Zuzendaritza Nagusiari agintzea 2016-2017ko EPEn dauden hautaketa-prozesu batzuk; zehazki, zigor-arloko jurisdikzioaren aurretiazko eginbideak hasita dituztenak, kautelaz eteteko ebazpena emateko, zigor-arloko prozedura ebazten den bitartean etenda egon daitezen.
Bigarrena.– Zuzendaritza Nagusiari agintzea kautelazko etete hori bertan behera utziko duten ebazpenak emateko, horiekin lotuta zigor-arloko jurisdikzioak hartutako erabakiek hala justifikatzen dutenean, horien artean, largespena edo jarduketak artxibatzea.
Hirugarrena.– Zuzendaritza Nagusiak erabaki hau betetzeko emango dituen Ebazpenak EHAAn argitaratuko dira eta dagozkion Eginbideak izapidetzen ari dituen zigor-arloko jurisdikzioari jakinaraziko zaizkio.
Laugarrena.– Zuzendaritza Nagusiari agintzea, modu zabalenean eta generikoenean, beharrezko ebazpen guztiak emateko, horien adierazpen-zerrenda bat egin eta berariaz horietako baten bat baztertu behar izan gabe, 2016-2017ko EPEri dagozkion hautaketa-prozesuen kudeaketa integrala eta osoa modu eraginkorrean guztiz betetzeko».
Hori guztia dela eta, Zuzendaritza Nagusi honek
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– 2016-2017ko EPEko 11 hautaketa-prozesu, ikerketa judizialean dauden horiek, kautelaz eteteko agintzea.
Etete horrek eragindako hautaketa-prozesuak Fakultatibo Mediko eta Teknikoen lanbide-taldeko Mediku kategorian estatutupeko lotura finkoa eskuratzeko deitutakoak dira. Horien oinarri espezifikoak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpen hauen bidez onartu ziren:
– 111/2018 Ebazpena, otsailaren 7koa (EHAA 35. zk., 2018ko otsailaren 19koa), Anestesiologiako eta Bizkorketako, Digestio-aparatuko, Kardiologiako, Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako, Kirurgia Plastiko Estetikoko eta Konpontzaileko, Urologiako, Medikuntza Intentsiboko eta Kirurgia Kardiobaskularreko kategorietarako.
– 121/2018 Ebazpena, otsailaren 14koa (EHAA 45. zk., 2018ko martxoaren 5ekoa), Mikrobiologiako eta Parasitologiako kategoriarako.
– 171/2018 Ebazpena, otsailaren 14koa (EHAA 45. zk., 2018ko martxoaren 5ekoa), Angiologiako eta Kirurgia Baskularreko kategoriarako.
– 117/2018 Ebazpena, otsailaren 14koa (EHAA 45. zk., 2018ko martxoaren 5ekoa), Ospitaleko Larrialdietako kategoriarako.
Bigarrena.– Kautelazko etete hori indarrean egongo da zigor-arloko prozedura ebazten den bitartean, nahiz eta Epaitegiak deialdi horiekin lotuta hartu ahal dituen erabakiek –horien artean largespena edo jarduketa artxibatzea– etetea bertan behera uztea eragin dezakete.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Vitoria-Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiko 301/2019 Aurretiazko Eginbideei jakinaraztea.
Bosgarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezartzen dutenaren arabera, Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 24a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN LUIS DIEGO CASALS.