EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-11-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2019219

AGINDUA, 2019ko azaroaren 12koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena, «Quizz 41 – Zenbat dakizu Ekonomia Itunaz?» lehiaketaren deialdia egitekoa.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-11-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201905310
Maila: Agindua
Ekonomia Ituna da EAEko lurralde historikoen eta estatuaren arteko harreman ekonomikoa egituratu den oinarria 1978az geroztik, eta 1981etik aurrera, EAEren eta estatuaren arteko zerga- eta finantza-harreman bereziak arautzen ditu. Tresna gakoa da gure garapen ekonomikorako, EAEko gizarteari egonkortasuna, oreka, kontrola eta erantzukizuna eskaintzen baitizkio.
Legegintzaldi honetako gobernu-programaren barnean dago Ogasun eta Ekonomia Sailak hartutako konpromiso hau: «Ekonomia Ituna eguneratu eta defendatzea».
Ogasun eta Ekonomia Sailaren iritzian, onuragarria da finantza-tresna horren gaineko ezagutza areagotzea euskal gizartean, tresnaren erabilgarritasunaz ohar dadin. Hala, EAEko biztanleei aukera eman zaie finantza-tresna horren gaineko ezagutzak eskuratzeko eta sakontzeko, hainbat kolektiborentzako jarduerak antolatuta legegintzaldiko hiru urte hauetan.
Bestalde, Hezkuntza Sailak egoki irizten dio aipatu hedapen- eta ezagutarazpen-neurrietan parte hartzeari, hezkuntza-arloan esleitzen zaizkion eskumenak gauzatuta.
Horiek horrela, bi sailen ekimenez antolatzen da unibertsitate-esparruko «Quizz 41 – Zenbat dakizu Ekonomia Itunaz?» lehiaketa, erkidegoko finantza-tresna hori unibertsitate-ikasleei ezagutarazteko.
Unibertsitate-esparruko lehiaketa bat antolatzea erabaki da, EAEko Ekonomia Itunaz gehien dakien EAEko unibertsitate-sistemako unibertsitateren bateko ikasle taldeak irabaziko duena. Talde irabazleko kide bakoitzak ikasketa-beka bat jasoko dugu (2020.2021 ikasturteko matrikularen kostua, aukerako EAEko unibertsitatean gradu, graduondoko edo master ikasketak egiteko; gehienez, 2.500 euro ikasleko.
Lehiaketa hautatu da –atsegina eta bizia izatea da asmoa– egokia delako dibulgazio-ekintzaren xedeko ikasleen interesa eta inplikazioa sustatzeko.
Zeharkako sustapen-ekintza pedagogiko bat izango da, eta horren antolakuntza, eskumen-esparruak kontuan hartuta, Ogasun eta Ekonomia Sailari ez ezik, Hezkuntza Sailari ere badagokio, unibertsitateko goi-ikasketen arloan dituen eskumenak direla eta.
Ezagutza handitzeko eta ikasleek parte hartzea sustatzeko egitasmo honen xedeekin bat datozenez, EAEko hiru unibertsitateak (Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) doan arituko dira elkarlanean, eta lehiaketaren lehen fasea egiteko behar diren aretoak, baliabide materialak eta giza baliabideak eskainiko dituzte, eta, azken batean, ikasketa-beken ordainketa jasoko dute trukean, lehiaketan irabazle ateratzen den taldeko kideek aukeratzen dutenaren arabera.
Horrenbestez, Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuak eta Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak esleitutako eskumenak direla medio, honakoa
EBAZTEN DUGU:
Artikulu bakarra.– «Quizz 41 – Zenbat dakizu Ekonomia Itunaz?» unibertsitate-esparruko lehiaketaren deialdia egitea, agindu honen eranskinean onartu eta zehazten diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko ordezko araubidea.
Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 12a.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
ERANSKINA
LEHIAKETAREN OINARRIAK
QUIZZ 41 – ZENBAT DAKIZU EKONOMIA ITUNAZ?
Lehenengoa.– Helburua.
Ogasun eta Ekonomia Sailak eta Hezkuntza Sailak unibertsitate-esparruko «Quizz 41 – Zenbat dakizu Ekonomia Itunaz?» lehiaketa antolatu dute, erkidegoko finantza-tresna hori unibertsitate-ikasleei ezagutarazteko. Lehiaketa Ogasun eta Ekonomia Saileko Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzak kudeatuko du.
EAEko Ekonomia Itunaz gehien dakien EAEko unibertsitate-sistemako unibertsitateetako bateko ikasle taldeak irabaziko du lehiaketa.
Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Izena emateko epea hasteko egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte parte-hartzaileek:
a) EAEko unibertsitate-sistemako edozein unibertsitatetako ikasle izatea.
b) Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen edo debeku horrekin zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.
2.– 18 urtetik beherako parte-hartzaileek, halaber, amaren, aitaren edo tutorearen aurretiko baimena izan beharko dute lehiaketan parte hartzeko.
3.– Parte-hartzaileek, Oinarri hauetako I. eranskinarekin («Izena emateko inprimakia») batera, II. eranskina («Bigarren oinarriko baldintzak betetzeko erantzukizunpeko adierazpena») ere bete beharko dute.
Zuzendaritza kudeatzailea egiaztatuko du a) letrako betekizuna bete den, datu hori dagokion unibertsitateari eskatuta.
Hirugarrena.– Izen-ematea.
1.– Parte hartzeko interesa dutenek, www.quizz41.eus webgunera jo beharko dute. Izena emateko inprimakia dago bertan, datu hauekin betetzeko:
– Izen-abizenak.
– Jaioteguna.
– Sexua.
– Zer unibertsitatetan ari den ikasten.
– NAN/AIZ/Pasaportea.
– Helbide elektronikoa.
– Harremanetarako telefonoa.
2.– Inprimakiari atxiki beharko zaio «parte-hartzaile izateko hautagaiak izenpetutako erantzukizunpeko adierazpena, bigarren oinarriko betekizunak bete eta lehiaketaren oinarri guztiak ezagutu eta onartzen dituela adierazita» (II. eranskina).
3.– Izena emateko inprimakiak aukera emango die interesdunei banaka edo bi eta lau kide arteko taldetan izena emateko. Taldean izena ematea aukeratzen ez duenari talde bat esleituko dio antolakuntzak, zozketa bidez. Talde-esleipena webgunean jakinaraziko da.
4.– Lehiakide izateko hautagaiek inprimakia bete ostean, inskripzioa berresteko mezua jasoko dute.
5.– Parte-hartzaileek aipatu webgunean izango dituzte eskura lehiaketari buruzko informazioa eta lehiaketa-faseak egingo diren lekuei eta datei buruzkoa. Probako test txiki bat ere egongo da, interesdunek Ekonomia Itunaz dakitena egiazta dezaten lehiaketan parte hartu aurretik.
Laugarrena.– Izena emateko epea.
Izena emateko epea azaroaren 14tik 29ra bitartekoa izango da.
Bosgarrena.– Lehiaketaren nondik norakoak.
Qiuzz erako lehiaketa bat da, bi eta lau ikasle arteko taldeak nor gehiago arituko direna bi kanporaketa-fasetan:
1.– Lehen fasean, hiru unibertsitatetan saio bana egingo da, unibertsitate bakoitzeko talde finalistak hautatzeko.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea elkarlanean ariko dira kanporaketa-fasean, zein bere eremuan:
a) aurretiazko sustapen-kanpaina, nork bere kanalen (sare sozialak, webgunea) eta giza baliabideen (irakasleak, ikasturteko delegatuak) bitartez; lehiaketa ezagutzera emango dute eta administrazio antolatzailearen solaskideak izango dira.
b) campuseko leku egokiak baliatzea (eremu komunak, sarbideak, iragarki-taulak...) aurretiazko kanpainaren material grafikoa eta lehiaketaren garapenari buruzko informazioa ipintzeko.
c) unibertsitatean kanporaketa-fasea gauzatzeko, areto eta gune, altzari eta ikus-entzunezko baliabideak eskaintzea; unibertsitateek erabakiko dute beren campusetako zeinetan egingo den lehiaketa.
d) kanporaketa-fasea egiteko behar diren giza baliabideak eskaintzea (aretoko laguntzaileak, probaren zuzendariak, galdetzaileak).
e) Lehiaketaren eta emaitzen berri ematea.
Talde kopurua eta taldekideak zehazteko, unibertsitate bakoitzean izena eman duen pertsona kopurua hartuko da kontuan. Antolakuntzak esleituko die taldea inongo taldetan sartuta egon gabe izena eman dutenei.
Hautatutako taldeak batera lehiatuko dira aurrez aurre, unibertsitate bakoitzak prestatutako gunean edo aretoan. Hogei galderako testari egin beharko diote aurre, eta aukerako hiru erantzunen artetik, zuzena hautatu.
Ahoz egingo zaizkie galderak lehiakideei, eta, aldi berean, euskaraz eta gaztelaniaz proiektatutako dira pantaila batean.
Talde bakoitzak 30 segundo izango ditu erantzuna aukeratu eta emango zaien arbelean idazteko. Denbora amaitzean, taldeek arbela erakutsiko dute, erantzuna adierazita. Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat igoko da markagailura.
Berdinketarik badago, lau galderako txandak egingo dira, harik eta berdinduta dauden taldeetatik bat kanporatu, eta unibertsitate bakoitzaren ordezkaritzan lehiatuko diren lau talde irabazleak geratzen diren arte.
2.– Finalean, lehen kanporaketa-fasean finalista geratu direnak lehiatuko dira, eta modu berean lehiatuko dira, harik eta talde bakar bat geratu arte.
Seigarrena.– Lehiaketa non eta noiz egingo den.
1.– Lehen kanporaketa-fasea unibertsitate bakoitzak adierazi eta jakinarazitako lekuan egingo da, abenduaren 4ko 15:00etan.
2.– Azken kanporaketa-fasea Euskadiko Artxibo Historikoan egingo da 2019ko abenduaren 5ean, 10:00etan.
Lehiakideak bertan egon beharko dira gutxienez ordubete lehenagotik.
Zazpigarrena.– Talde irabazleak hautatzea.
Areto bakoitzean lehiaketaren gidari eta moderatzaile lanak egingo dituen pertsona arduratu beharko da, halaber, puntuazioak zenbatzeaz, kanporaketen emaitza aktan jasota uzteaz eta finalean lehiatzeko sailkatutako taldeak identifikatzeaz. Akta horren edukia zuzendaritza kudeatzaileari jakinaraziko zaio.
Lehiaketaren azken emaitza, talde irabazlea adierazita, ahoz emango du jakitera probaren aurkezleak finalean bertan. Pertsona hori bera arduratuko da emaitza aktan jasota uzteaz. Akta hori helaraziko zaio zuzendaritza kudeatzaileari, ebazpen-proposamen gisa.
Zortzigarrena.– Bekak.
1.– Talde irabazleko kide bakoitzak ikasketa-beka bat jasoko du; 2020-2021 ikasturtean aukerako unibertsitatean gradu, graduondoko edo masterreko ikasketak egiteko matrikularen kostua (gehienez ere 2.500 euro ikasleko). Irabazleari beka ordainduko bazaio, lehendabizi aukeratu duen Unibertsitateko matrikularen ordainketa-agiria aurkeztu beharko du.
2.– Gainerako lehiakideek doan hartuko du parte.
Bederatzigarrena.– Saria onartzea edo errefusatzea eta ebazpen-proposamena.
1.– Irabazleek saria onartzen duten edo ez duten onartzen adierazi beharko dute lehiaketaren emaitza finalean bertan jakinarazi ondotik, zazpigarren oinarriarekin bat. Aktan jasota geratuko da saria onartu den edo onartu ez den, zazpigarren oinarriarekin bat.
2.– Sariak emateko erabakia, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren ebazpen bidez jakinaraziko da, behin lehiaketaren emaitzak ikusita eta pertsona hautatuek oinarriotan ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatuta.
Era berean, irabazleek gehienez sei hileko epean adierazi beharko dute onarpena idatziz, aukeratu dituzten ikasketak eta unibertsitatea adierazita oinarrion III. eranskineko inprimakian. Epea igaro eta hala egin ezean, sariari uko egin diotela ulertuko da.
3.– Sariak emateko ebazpena www.quizz41.eus webgunearen bidez jakinaraziko da, eta unibertsitateei ere jakinaraziko zaie, baita irabazleei ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
4.– Saria jasotzeari uko eginez gero, arrazoia edozein dela ere, saridunak ez du bestelako ordainik jasotzeko eskubiderik izango.
Hamargarrena.– Irabazleen betebeharrak.
1.– Saridunek hitzematen dute aukeratzen duten gradua, graduondokoa edo masterra hasi eta buka egingo dutela, probetxuzko eran.
2.– Bestalde, baimena ematen diote administrazio antolatzaileari lehiaketa honekin erlazionatutako jarduera-publiko edo hedapen-jardueretan bere izen-abizenak erabiltzeko, sariaz aparteko bestelako eskubiderik, ordainketarik edo onurarik jasotzeko eskubiderik izan gabe.
Hamaikagarrena.– Sariak errebokatzea eta itzultzea.
1.– Emandako sariak errebokatu egingo dira aurreko oinarrietan jasotako betebehar edo baldintzak betetzen ez badira; halako kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan edo hori ordezkatuko duen arauan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitakoari jarraikiz jokatuko da:
2.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren ebazpen bidez errebokatuko da saria, zergatiak eta ondoreak adierazita.