(ebaluazioan)
Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak ez du parte hartuko Kanboko ekitaldian (Gobernu Kontseilua))

2018.eko apirilak 24

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak

prentsaurreko batean esan du

Eusko Jaurlaritzak ez duela parte hartuko

datorren maiatzaren 4an Kanbon (Frantzia) egingo den ekitaldian.

Ekitaldi horretan, ETAk desagertzera doala iragarriko du.

 

Bozeramailearen esanetan,

Eusko Jaurlaritza ez dator bat ekitaldia antolatzeko moduarekin,

kontsultatu gabe antolatu baita.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak ez daki

zein izango den Kanboko ekitaldian irakurriko den adierazpenaren testua.

Nolanahi ere, Josu Erkoreka bozeramaileak

aditzera eman du ekitaldia errespetatzen dutela.

 

Eusko Jaurlaritzarentzat, oso garrantzitsua da ETAk argi hitz egitea,

desagertzera doala esatea

eta biktima guztiekiko errespetua erakustea.

 

Eusko Jaurlaritzak

Kanboko ekitaldiaren ostean egingo du

ETAk esaten duenari buruzko azterketa.

 

Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua betetzeko eskatu du

 

Espainiako Gobernuaren Enpleguko ministro Fátima Báñezek

pentsioen gainean hitz egin du.

Josu Erkoreka bozeramaileak,

Fátima Báñez ministroari entzun ostean,

Espainiako Gobernuari eskatu dio

esan dezala Gernikako Estatutua beteko duen ala ez.

 

Gernikako Estatutua 1979. urtean onartutako arau bat da,

adierazten duena Euskadik, Euskal Autonomia Erkidegoak,

autogobernu-eskumenak dituela.

Besteak beste, pentsioekin lotutako gaiak gestionatu ditzake,

baina Euskadik ez dauzka oraindik eskumen guztiak.

 

Bozeramaileak esan du

eskumen batzuk ez direla oraindik eskualdatu gobernu batetik bestera.

 

Baita ere esan du eskumenen gai honek

ez daukala zerikusirik aurrekontuen negoziazioarekin.

 

Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko Elkarrizketa Sozialerako Mahaia

 

Sindikatuek ez dute parte hartuko

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.

 

Eusko Jaurlaritzarentzat ez da albiste ona,

eta berriz adierazi du

elkarrizketan jardun nahi duela.

 

Aditzera eman du, baita ere,

zer gertatu den aztertuko dutela eta,

ondoren, plan bat egingo dutela.

 

Enplegatu publikoen baja-osagarriak

 

Josu Erkoreka bozeramaileak esan du mahai orokorrean adostu direla

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren, Ertzaintzaren, baja-osagarriak.

 

Baja-osagarriak lotuta daude langile publikoek

–gaixotasunagatik edo beste arrazoi batzuengatik–

lanean jardun ezin dutenean kobratzen dutenarekin.

 

Bozeramaileak azaldutakoaren arabera,

Espainiako Gobernuak sindikatuekin lortutako akordioa ez dago oraindik martxan,

Estatuaren 2018ko aurrekontuetarako.

 

Gobernuak baja-osagarrietarako egindako proposamena

aurreko legeetan oinarritzen da.

 

Eusko Jaurlaritzak eta Kolonbiako Gobernuak Asmo Gutun bat sinatuko dute,

lankidetzan aritzeko bake eta bizikidetzarako hezkuntzaren alde.

 

Eusko Jaurlaritzak Asmo Gutun bat sinatuko du Kolonbiako Gobernuarekin,

lankidetzan aritzeko bake eta bizikidetzarako hezkuntzaren alde.

 

Iñigo Urkullu lehendakaria Kolonbian izan zen 2017an.

Bisita horretan, akordio bat izenpetu zuten esperientziak partekatzeko

eta herrialde bakoitzaren hezkuntza-planetatik ikasteko.

 

Josu Erkoreka bozeramaileak esan du

Eusko Jaurlaritzari interesatzen zaiola

Kolonbiako Gobernuaren Gatazka Ondorenerako Hezkuntza Plana.

 

Planaren helburua da pertsona guztien hezkuntza bermatzea,

gizarteratzeal hobetzea

eta gerrak gehien kaltetu dituen eremuetan hezkuntzaren alde egitea.

 

Bozeramaileak esan du Eusko Jaurlaritzak

eta Kolonbiako Gobernuak

hau guztia adostu dutela giza eskubideen

eta bizikidetzaren aldeko hezkuntzaren arloan:

  • Esperientziak eta profesionalak trukatzea.
  • Topaketak antolatzea.

  • Hizkuntzen irakaskuntza malgu bat sustatzea.

  • Nazioarteko laguntza ekonomikoak bilatzea,
    giza eskubideen eta kooperazioaren aldeko hezkuntzaren bidez bakea eraikitzeko proiektuetarako.

 

Josu Erkorekak azaldu duenez,

Kolonbiak parte hartuko du Euskadi Basque Country Nazioartekotzeko 2020 Esparru Estrategian.

 

Estrategia horretan,

lankidetzan jarduten dute Kolonbiako Hezkuntza Ministerioak,

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak

eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak.

 

Hezkuntza Bereziko 50 lanpostu berri, Euskal Hezkuntza Sisteman

 

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du

50 lanpostu berri sortu behar dituztela Euskal Hezkuntza Sisteman.

Lanpostu berri horiek

irakasle ez diren langileentzat

eta premia bereziak dituzten ikasleei laguntzen dieten langileentzat izango dira.

 

Bozeramaileak gogoratu du, gainera, 2017. urtearen amaieran

122 lanpostu sortu zirela Hezkuntza Berezian.

 

Eusko Jaurlaritzak Genero Indarkeria Prebenitzeko Programaren beste edizio bati ekingo dio

 

Eusko Jaurlaritzak

Genero Indarkeria Prebenitzeko Programaren beste edizio bati ekingo dio Euskadiko 50 ikastetxetan.

 

Parte hartu nahi duten ikastetxeek

proiektu bat aurkeztu beharko dute.

Ziklo guztietako ikastetxeek parte hartu ahal izango dute,

hots, Haur Hezkuntzakoek, Lehen Hezkuntzakoek zein Bigarren Hezkuntzakoek.

 

Programa honen bidez,

lortu nahi da diskriminazio eta indarkeria sexista oro baztertzen irakastea

Euskadiko ikastetxeetan.

 

Eta, halaber, eskain dezatela irakaskuntza akademiko

eta profesional bat, gizona edo emakumea izateagatik

desberdintasunik egiten ez duena.

 

Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez,

programa hau Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Planaren barruan dago,

zeinari 2013an ekin baitzitzaion.


2013az geroztik, 250 ikastetxe ari dira beren proiektu propioak lantzen,

gizon edo emakume izateagatiko rolik

eta estereotiporik gabeko hezkuntza bat eskaintzeko.

 

Hizkuntzak, ikastetxeetan

 

Eusko Jaurlaritzak milioi bat eta erdi euro inbertituko ditu

hizkuntzetan oinarritutako 2 hezkuntza-programatan.

Diru horrekin, 150 langile kontratatuko dira mintzapraktikarako laguntzaile gisa,

ikastetxe eta hizkuntza-eskoletan.

 

Mintzapraktikarako laguntzaile horiek

ikasleei lagunduko diete ingelesez,

frantsesez eta alemanez hitz egiteko erraztasuna lor dezaten.

 

Eusko Jaurlaritzak, halaber, 500.000 euro inbertituko ditu

Lanbide Heziketan hizkuntzen irakaskuntza antolatzeko eta garatzeko,

Erasmus Plus programaren bidez.

Programa horretan parte hartzen dutenak

beste herrialde batera joango dira ikastera.

 

Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan,

urtero-urtero, erdi-mailako eta goi-mailako ia 1.000 ikasle eta irakaslek

parte hartuko dute Erasmus Plus programan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau