(ebaluazioan)
Herritarren eskaerak (jatorrizko testuak) Hezkuntza
Eu

NOIZKO AGINDUTAKOA?

Irakasle(e)k
2018.eko irailak 30
100 %alde
Boto 1 (1/0)

Iazko ikasturte bukaeran, Cristina Uriarte andreak, esan zuen hasi berri dugun ikasturte honetarako, plan berri bat jarriko zutela martxan ikasle etorkinak euskara ikas dezaten. Ez dut gogoratzen zehazki zenbat hilabetetan zehar euskara besterik ez zutela ikasiko. Nire galdera da: Noizko hori?
Dagoeneko ikasle etorkinak geletan ditugu. Egia esan, urteak daramatzagu ikasle hauek gure geletan izaten. Batzuk irailean etortzen dira. Beste batzuk urtean zehar. Zer dela eta horrenbeste etorrera?
Eta zer egiten du Hezkuntza sailak? Ikastetxeetara bidali eta " hor konpon Mari Anton". Inolako baliabiderik gabe, ez gobernukoak ezta ikastetxekoak ere, hasten gara ahal duguna egiten. Euskara ikasgaian eszedentzia eskatu eta euskaraz irakasten diren gainontzeko ikasgaiak, gaztelaniaz egiten. Eta zer ikasten dute gure ikasle etorri berriak honekin? Euskarak ez duela ezertarako balio. Euskara ez dela garrantzitsua eta beraz, ez duela merezi ikasteak. LHko 5. eta 6. mailetan eta DBHn eskolaratzen diren ikasle etorkinak ezin dira euskaldundu ikasgaiak, euskaraz, aurrera ateratzeko moduan.
Uste dut arazo larria bihurtzen ari dela eta Hezkuntza Saila ez dabilela erantzun bat ematen. Nire aburuz, hilabete batzuk ez dira nahikoak euskara ikasteko. Gutxienez urte oso bat eman beharko lukete ikasten eta gero, ikasteetxetara bidali. Haiei eta haien senitartekoei era erantzukizuna eskatu beharko litzaieke. Nahikoa da esfortzu guztia irakasleok egin behar izatea eta ikasleek eta gurasoek batere ez.

Cristina Uriarte andrea. Noizko agindutakoa?

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu eskaera hau
  • Hezkuntza
    2018.eko urriak 11

    Irakasle agurgarria,

    Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkizugu Irekian parte hartu eta zure eskaerak leiho honen bidez helarazteagatik.

    Hezkuntza Sailean jakitun gara gizartea aldatzen ari den heinean ikasleen profila ere aldatuz doala. Gure ikasgeletan hartzen dugun ikasleria gero eta anitzagoa da, askotarikoa, eta profil soziolinguistiko desberdinetakoa. Horrek estrategia eta metodo berriak eskatzen ditu ikasle horien inklusioa eta hezkuntza-arrakasta lortuko bada.

    Zure kezka geurea ere bada, eta baita atzerriko jatorria duten hainbat ikasleren hezkuntza-premiei erantzun egokia emateko ahaleginez eta inplikazioz diharduten irakasle askorena ere, are eta gehiago ikasle horiek urte batzuk beteta iristen direnean, gure hizkuntza ofizialak ezagutzen ez dituztela, eta curriculum-atzerapen nabarmenarekin. Horregatik, aurrez abian jarritako neurri eta programez gain (Hizkuntza Indartzeko Proiektuaren Irakasleak edo Hamaika Esku programa, kasu), gure sistemara berandu eskolatzen diren ikasleen harrera eta hizkuntza-murgiltzea erraztuko duten neurri berriak ikasturte honetan martxan jartzea aztertzen ari gara.

    Egoeraren konplexutasunaz jakitun gara, eta dagoeneko joan zen ikasturtean abian jarri genuen aditu-batzorde bat Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, ikasleen emaitzak hobeto interpretatzen lagunduko diguna, emaitza horietan eragiten duten elementu edo arrazoietan sakontzen lagunduko diguna, eta jarraitu beharreko estrategia nahiz ezarri beharreko ekintza zuzentzaileak edo neurri osagarriak egoki marrazten lagunduko diguna.

    Gobernu honek kulturarteko eskola inklusiboarekin duen konpromisotik, eta hezkuntza-komunitate guztiaren beharrezko erantzunkidetasunetik, espero dugu konpromiso berri hauek eragina izango dutela atzerriko jatorria duten ikasleei ematen diegun hezkuntza-erantzuna hobetzeko.

    Mila esker, berriz ere, zure kezka eta iritziak gurekin partekatzeagatik.