(ebaluazioan)
Herritarren eskaerak (jatorrizko testuak) Osasuna
Eu

Denon onerako

Urko(e)k
2018.eko azaroak 20
0 boto

Iñigo Urkullu lehendakariari

Ospitale publiko batean egon naiz gaur. Lehen aldiz gauez ikusi dut aspaldikoz. Hamar pausotan sabaiko bost argi izorratuta zenbatu ditut. Bost, gutxi gora bera telebistan azken bi egunetan Teleberriren bueltan osasun pribatuaren iragarki beste. Bonbilak bakarrik ez, zulo pare bat, eta aspalditik konpondu gabeko sabaia. Konponketa xumeak, merkeak, arinak, egin gabe. Itxura tristea, dekadentea.

Zerga nahikoa ordaintzen dugu osasun zerbitzu pribatuaren negozioa elikatu behar ez izateko. Baina hori ez da larriena. Gutariko askok ondo argiztatu eta margotutako ospitale pribatuak ordaindu ditzakegu jakina. Ez dugu nahi ordea. Gure ongizatearen aurka doa. Lehen mailako osasun zerbitzuak publikoa behar du izan. Denena, jendea mailakatzen ez duena. Munduko txoko asko bisitatu ditugunok argi daukagu gizarte baten ongizatearen oinarria kohesio soziala, berdintasuna eta horrek dakarren bakea direla. Aberastasun eta aukeren polarizazioa ematen bada, gizartea gaixotu egingo da. Gutxi batzuen negozio egarriak, epe luzera, elkarbizitza urratzen badu, gure ondorengoek sufrituko dute kalean lasai ezin ibiltzea. Mila adibide munduan zehar. Agintarien ardura da hori ekiditea, izan ere inork ez du etorkizuneko herritarroi oinarrizko eskubide hori galarazteko eskubiderik.
Ez dezagun ahaztu zer den garrantzitsuena: elkarbizitza, berdintasuna eta bakea. Ongizatea.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu eskaera hau
  • Osasuna
    2018.eko abenduak 11

    Urko, agurgarria:

    Lehenik eta behin asko eskertzen ditugu euskal osasun publikoaren inguruko zure hitzak eta iritzia Irekiaren bitartez guri helaraztea.

    Era berean, harrotasunez esan dezakegu Eusko Jaurlaritzako Osasun saila eta baita Osakidetza ere osasun sistema publikoaren aldeko apustua egiten ari garela egunez egun eta horren adibide garbia dela esaterako 2019rako prestatu digun Aurrekontu Proiektua.

    Beste urte batez, Eusko Jaurlaritzaren partida handiena da gure sailari dagokiona, gobernuaren aurrekontu osoaren ia heren bat. Hori horrela, aurrekontu-zuzkidura horrek oraindik gehiago indartzen du Eusko Jaurlaritzak osasun-sistema publikoaren eta pertsonen alde egiten duen apustua. Esate baterako, 1.730 euroko per capita gastua egingo da, iaz 1.673 eurokoa izan zen bitartean. Horri esker, Estatu osoko gastu publikoa kontuan hartuz, Euskadi lehen postuetan dago.

    Pertsonak ekintzaren ardatz nagusi gisa kokatzen dituen aurrekontu honi esker, osasun-sistema unibertsala eta kalitatezkoa sendotzen, profesionalei eurek duten garrantzia ematen, enplegu egonkorrarekiko eta hizkuntza-normalkuntzarekiko konpromisoa sustatzen, eta osasunaren esparruan ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitu ahal izango dugu.

    Halaber, 2019. urtean inbertsioetara bideratutako kopurua, aurreko urtearekin alderatuta, 10 milioi eurotan handituko dugu, ia 70 milioi eurotara iritsi arte. Lurralde bakoitzetik azpimarragarrienak: Araban, 27 milioi euro Araba Unibertsitate Ospitaleko obra eta ekipamenduarekin jarraitzeko izango dira, Giza Ugalketa Unitatea berriarentzat eta beste partida bat Murgiako osasun-zentro berrirako. Bizkaian, 10,4 milioi euro inbertituko dira, datorren urteko lehen hiruhilabetekoan zabalduko diren Bilboko Irala eta Barakaldoko Retuerto osasun-zentro berrietan, eta Enkarterrin Zallako Espezialitateen Zentroan; horrez gain, egonaldi ertain nahiz luzeko ospitaletan (Santa Marina, Gorliz), Gurutzetan eta Basurtun. Gipuzkoan, inbertsio gehienak, 11,8 milioi euro, Lehen Mailako Arretan egingo dira: Alde Zaharra eta Aiete osasun-zentroetan, Donostian, eta Ordiziako eta Aretxabaletako zentroetan; eta beste batzuk, berriz, hainbat ospitaletan: urrian inauguratutako Eibarko Ospitalea, Mendaro, Arrasate, Bidasoa eta Zumarraga, kasu. Osakidetzako Erakunde Nagusiak kudeatuko du inbertsioen herena (20,6 milioi €) Osakidetza osoaren mesederako proiektu korporatiboak gauzatzeko (erradiologia, ekografia, monitorizazioa, kalitatea, ingurumena, lan arriskuen prebentzioa…). Aldi berean, Euskadiko osasun-zentroen irisgarritasuna hobetzeko politikari eutsiko zaio. Osotara, 2013tik 2019ra bitartean, inbertsioak osasun sistema publikoan 400 milioi eurokoak izan dira.

    Horiek horrela, uste dut argi esan dezakegula bai Osasun saila eta baita Osakidetza ere euskal osasun sistema publikoaren aldeko apustu garbia egiten ari garela.

    Bukatzeko, komenigarria ikusten dugu zuk deskribatutako gabeziak zein ospitale publikotan dauden jakitea, konponketa horiek egin ahal izateko.

    Adeitasunez